Euskal hedabideen kartografia aurkeztu genuen duela astebete, otsailaren 22an, “Euskal hedabideak, itun bila” jardunaldian. Datozen lau asteetan argitaratuko ditugu bertan azaldutako datuak atalez atal: hedapena, enpresen erradiografia, audientziak eta ekoizpena.
Euskal hedabideen kartografia: hedapena
Euskal hedabideen zabalpena da datu esanguratsuenetako bat. Hedabide nazionalez gain —teorian bederen horiek Euskal Herri osoan irakur, entzun eta ikus daitezke—, ia lurraldearen eskualde guztietan dago euskarazko hedabideren bat kontsumitzeko aukera, bai behintzat euskal hiztun kopuru esanguratsua duten eskualde guztietan eta lau hiriburuetan.
Euskarriaren arabera banatzen baldin badugu euskal hedabideei sektorea nabarmena da paperaren hedapena, historikoki euskal komunikabideen artean beti izan duen nagusitasunari eusten dio oraindik gaur egun, hain zuzen, %49,1 dira paperez banatzen diren hedabideak. Dena den, internet bidezko hedabideen indarra ere ukaezina da, sektorearen %35,8. Koska bat beherago daude uhin bidezko irratiak (%16,7) eta telebistak (%5,6).
Orotara, 215 komunikazio produktu batzen ditu euskal hedabideen sektoreak. Horietarik 90 paperezko argitalpenak dira, 78 internet bidezko hedabideak, 36 uhin bidezko irratiak eta 12, telebistak. Horietatik gehienak, 146, tokikoak dira; 49 dira tematikoak, 16 nazionalak eta lau hedabide —Nafarroako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Hitzak— lurraldekoak dira.
Beraz, motaren araberako banaketa eginez gero, aldiz, tokikoak —herri zein eskualdetakoak— dira hiru hedabidetatik bi (%67,9). Jarraian datoz tematikoak (%22,8), nazionalak (%7,4) eta lurraldekoak (%1,9).
Izaera juridikoari dagokionez, elkarteak dira hedabide horiek kaleratzen dituzten ia %40, eta gehienak, hirutik bi, Hekimen Euskal Hedabideen Elkartean daude.
Beti ere hedabide nazionalak kontuan hartu gabe, Datutegiak geografikoki dauden hutsuneak bistaratzeko aukera ematen du.
Gaur egun, euskal hedabideen zabalpena ez da iristen Nafarroako hegoaldera edo Pirinioetara, ezta Bizkaiko lau zonaldetara ere: Mungialdea, Orozko, Alonsotegi eta Enkarterriak. Hain zuzen ere Mungialdea kasu esanguratsua da, euskaldunen kopurua %60tik gorakoa izan arren, oraindik ez baita bertan tokiko euskal hedabide iraunkorrik garatu. Gainerako eskualde guztietan bada euskarazko hedabide idatziaren eskaintzarik.
Araban, duela bi urte arte, bakarrik hiriburura (Hirinet) eta Aiaraldeko herrietara (Aiaraldea.eus) iristen ziren tokiko euskal hedabideak, baina Alea hedabideari esker, gaur egun lurraldeko koadrila guztietako informazioa jaso daiteke euskaraz, baita hiriburukoa ere, sarean zein paperean.
Bizkaian, berriz, sei tokiko aldizkari, sei Internet atari digital eta telebista bat dago euskaraz. Berriaren paperezko edizioarekin batera banatzen den Bizkaiko Hitza astekariaz gain, beste hamahiru hedabide daude udalerri edo eskualde mailakoak; sei tokiko aldizkari; eskualdeetako sei Internet atari eta telebista bat. Denera, 108 udalerritan zabaltzen dira paperezko hedabideak, hau da, Bizkaiko biztanleriaren erdia bizi den eskualdeetara iristen da eskaintza; baita Bizkaiko euskaldunen erdia bizi den herrietara ere.
Gipuzkoa da euskal hedabideak gehien eta sarrien zabaltzen diren eremua. Gipuzkoako herri eta eskualdeetakoak dira tokikoak diren Hekimeneko 82 hedabideetatik 51 (% 62); lurralde osora zabaldutako paperezko hedabideaz gain (Gipuzkoako Hitza), Gipuzkoako ia udalerri guztietara iristen dira paperezko hedabideak. HEKA UPV/EHUko unibertsitate iker-taldearen arabera, hain zuzen ere, Gipuzkoan daukate euskal hedabideek irismen tasarik altuena, alegia hiztun kopurua hedabideekiko. Horrek esan nahi du ez bakarrik kontsumo tasak altuak direla dagoen hiztun kopuruarekiko, baizik eta proportzionalki hedabide asko daudela hartzaile potentzialarekin alderatuz gero.
Hor dute, beraz, euskal hedabideek estaldurarik handiena, prentsa, irratia, telebista eta agerkari digitalen bidez. Horrez gain, nabarmendu behar da tokiko bost telebista daudela lurralde honetan, hirurogeita zazpi udalerritara zabaltzen direnak. Horrek esan nahi du herritarren %95,4k eta Gipuzkoako euskaldunen ia %94 inguruk ikus dezakeela kate hauetakoren bat. Gainera, bi tokiko irrati ere badira, Gipuzkoako biztanleriaren %17,3 eta euskaldunen %17 bizi den lurraldean zabaltzen direnak.
Nafarroa izango da, hain segur, euskal hedabideen tokiko zabalpena urrien daukan eskualdea, geografikoki kontuan hartuta. Berriak argitaratzen duen Nafarroako Hitzaz gain, euskarazko hedabideek Iruñerria —bertan bizi da nafar biztanleriaren erdia— eta hortik gorako ipar mendebalderantz dagoen eremuan zabaltzen dira. Hiru tokiko aldizkari, lau internet atari, hiru tokiko irrati eta telebista bat zegoen 2014an, Behategiko Datutegian kontsultagarri dauden datuak jaso zirenean. Gaur egun, egoera franko aldatu da. EITBren emisioak zuzen jaso daitezke ia lurralde osoan, Nafarroako Gobernuak hartutako ekimenaren ondorioz, eta euskarazko bi telebistaren emisioak ikus daitezke hiriburuan: sortzez Baztangoa den Xaloa Telebista, eta Hamaika Telebista.
Iparraldean, tokiko irratiak dira Hekimeneko partaideak, eta bertako euskarazko komunikazioaren eragile nagusiak, Euskal Irratiak – Ipar Euskal Herriko irratien sarean bilduak: bi Lapurdikoak dira —Antxeta Irratia eta Gure Irratia—; bat Nafarroa Beherekoa —Irulegi Irratia—; beste bat Zuberoakoa —Xiberoko Botza—.