Hekimeneko partaide diren elkarteek, guztira, 50 egunkari edota aldizkari ezberdin argitaratzen dituzte paperean, eta astean 2.200 orritik gorako ekoizpena kaleratzen dute; 50.000 bat orrialde urtero.
Orotara, urtean ekoitzitako orrialde kopuruaren %40 tokiko aldizkariei dagokie, eta %28 Berria egunkariari. %13 tokiko egunkariei, zertxobait gutxiago aldizkari espezializatuei (%12) eta %7 aldizkari orokorrei.
Hartara, 31 milioi orrialde baino gehiago banatzen ditu hilero eguneroko prentsak; horietatik %79 eguneroko prentsak eta %21 tokiko prentsak —noski, datu horiei eguneroko maiztasuna baino asterokoa, bi asterokoa zein hilabeteko dutenen ekoizpena ere gehitu behar zaie—.
Honek esan nahi du 17,3 milioi ale inguru zabaltzen direla euskaraz urte bakar batean, Euskal Herri osoan, eta horietarik 7,6 milioi inguru harpidetza ordaindu egiten duten irakurleek jasotzen dituztela, hau da, ordaindutako harpidetza bidez banatzen dira euskal hedabideen sektoreak ekoizten dituen aleen %44,1. Salmenten bidez banatzen den kopurua askoz txikiagoa da, bi milioi ale inguru (%3,2), eta doan banatzen direnak, izan doako harpidetzak, sustapenerakoak edo bestelakoak, 7,7 milioi ale dira, hots, aleen %48,4.
Nabarmendu beharrekoa da harpidetza bidezko kopuru hori, gure inguruko beste hedabide esparruetan parekorik gabeko kopurua ematen baitu: ordaindutako harpidetzen bidez zabaltzen dena paperezko hedabideen ekoizpenaren %44,1 da. Horrek diru sarreren kontrola ziurtatzen die hedabideei, urte osoko plangintza errazago aurreikusteko aukera alegia. Ordainean, ikusgarritasuna eskasten du, nabarmen, produktua desagertu egiten delako kioskoetatik eta gune publikoetatik. Nolanahi ere, harpidetzaren aldeko apustua estrategikoa izan den ustea nahiko zabalduta dago sektorean.
Doaneko harpidetzek are kopuru altuagoa osatzen dute, %48,4. Banaketa mota horrek irisgarritasuna ziurtatzen du, etxe askotan euskal produktuak egoteko aukera. Oso datu esanguratsua da era berean, halako ahultasuna erakuts dezakeelako, merkatuaren gora beheren menpe egoteko arriskua. Doaneko prentsaren beherakadak eta ia desagerpenak horixe erakutsi du.
Ekoizpenari dagokionez, paperezko hedabide gehienen produkzioa mantendu egin da azken urteotan, baina lau hedabidetatik batek aitortzen du jaitsi egin behar izan dutela produkzioa. Tokiko hedabideen artean, Goiena aldizkaria da orri gehien ekoizten duena urtero, 1.968 orri. Tolosaldeko Atariak 1.896 orri ekoizten ditu, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak 1.768 eta Anbotok, 1.616.
Hedabide tematikoen artean, berriz, Gaztezulo aldizkaria da ekoizpen handiena daukan produktua: 894 orri kaleratzen ditu urteko. Jakin pentsamendu aldizkariak 870 orri ekoizten ditu, eta Bertsolari aldizkariak, berriz, 850. Denen artean, Hekimen barruko aldizkari tematikoek 5.492 orri ekoizten dituzte urtero, eta publizitateak orrien %6 baino ez du betetzen. Gehienek aitortzen dute ekoizpena mantendu egin dela azken urteotan.
Aipatu behar da lurraldeko argitalpenen artean, Gipuzkoako Hitzak 912 orri ekoizten dituela urte osoan zehar.
Irrati eta telebista ekoizpena
Irrati eta telebistako ekoizpena aztertuz gero, denera, irrati eta telebisten artean, 2.184 ordu emititzen dute Hekimeneko hedabideek, astero. Hedabideek beraiek egindako emisio orduak, berriz, 558 ordu dira epe berean eta irrati eta telebista desberdinek elkarlanean egindako saioen orduak, berriz, 98 astero.
Irratien artean, Ipar Euskal Herriko irratiek sortzen dute ekoizpen tasarik altuena, 80 bat ordu astero, eta telebisten arloan, Hamaika Telebistak 68 emisio ordu sortzen ditu astero, produkzio propioari dagokionez.
Ekoizpen osoa aintzat hartuta, nabarmendu beharrekoa da azken urteotako joera. Ekonomikoki urte zailak izan direla aitortu arren, hedabide gehienek, erdiak baino gehiagok, adierazi dute azken bost urteotan ekoizpena handitu dutela, eta herenak, eutsi egin diola. Hamarretik batek erantzun du ekoizpena jaitsi behar izan dutela. Horietatik gehienak idatzizkoak dira eta, haien artean nagusi dira aldizkari orokor edo espezializatuak, tematikoak. Galdetu zitzaienean ea zein ziren horretarako arrazoiak, gehienek aipatu zuten krisi ekonomikoa, paperezko prentsa idatziaren krisia, kostuen garestitzea, diru laguntzen eta publizitatearen beherakada eta harpidetzek behera egin izana.
Ekoizpen bolumenaren murrizketa horiek, esan bezala, batez ere aldizkari eta egunkarietan gertatu dira. Irrati gehienek ekoizpen-mailari eusten diote, baita telebistek ere, eta azken hauen kasuan, hein batean behinik behin, elkarren arteko sinergia eta elkarlanari esker lortu omen da.
Euskal hedabideen kartografia aurkezten ari gara asteotan lau ataletan: hedapena, enpresen erradiografia, audientziak eta ekoizpena.