Euskal Hedabideen Behategiak hiru urteko ibilbidea egin berri du, hain zuzen, 2016ko urtarrilaren 14an sinatu zuten Behategia abiatzeko hitzarmena Hekimenek, UPV/EHUk, Mondragon unibertsitateak eta Deustuko unibertsitateak. Ordutik hona, Udako Euskal Unibertsitatea ere bildu da hitzarmenera, eta batzen jarraitzeaz gain, urratsez urrats ekimenez aurrera dihardu Behategiak.
Hiru urteko ibilbidean sektorearen diagnostiko eraginkorrak egiteko zedarritutako orubea finkatu da, horixe da datutegia (http://datutegia.behategia.eus/), euskal hedabideen inguruan bildutako datu-base osatuena: aldagai soziodemografikoak, komunikabideen mapa, komunikazio-enpresen jardunaren adierazleak eta audientziak leku berean. Sektoreko profesionalentzako esanguratsua izateaz gain, ikertzaileentzako erreferentziazko datu-base zabala ere bada datutegia. Gainera, errealitatea ahalik eta zehatzen ezagutzea da asmoa, eta helburu horretara bidean, 2019. urtean datutegiaren eguneratzea lantzea da lehen erronka; udaberrirako prest izango dugu tresna —eguneratutako datu berriekin hornituta, eta lehen bilakaerak aztertzeko prest—.
Bestalde, hasi berri dugun urte honetan, proposamen berriak ere egingo ditu Behategiak. Oraindik gai asko daude mahai gainean zabaltzeke. Diru-laguntzen eredu berria dator, publizitatearen banaketaz hitz egiteko garaia da, digitalizazioaren errealitatera eraldatuta ekiteko formulak zein audientzien neurketa tradizionaletan audimetria digitala txertatzeko modu egokiak eta propioak asmatzea dira, besteak beste, erronka. Euskarazko komunikazioaren orubea eraikitzeko aroa da datorrena.
Euskal Hedabideen Behategia: hiru urteko ibilbidea
Hona Euskal Hedabideen Behategiaren ibilbidea laburbiltzen duen ardatz kronologikoa; bertan, sorreratik gaur arteko lanak bildu ditugu: lehen urratsak, bidean abiarazitako proiektuak, argitaratutako lanak, eskainitako hitzaldiak, argitalpenak, trebakuntza saioak eta bestelakoak.