New York Times hedabideak bere txosten estrategikoa aurkeztu du urte hasierarekin batera. Irmo dio “Journalism that stands apart” izenburupean: hil ala biziko momentua bizi dugu. Horregatik, aipagarria edo nabarmena izango den kazetaritza lanaren balioan jarri dute arreta, hain zuzen, xede hori lortzeko emango dituzten urratsak azalduta.
Zer hausnarketa dakarkigu euskal komunikabideoi New York hirian editatzen den eta Amerikar Estatu Batuetako dama grisa bezala ezaguna den komunikabideak? Hona, jarraian, urte hasieran gora begira jarrita jaso ditugunak.
Hasteko, aipagarria da barne diagnostikoa eta etorkizuneko hausnarketa argitaratu izana bera (ez du bere lehen aldia, 2014an Innovation deituriko txostenean argitaratu baitzuen bere estrategia digitala −nahiz eta orduan filtrazio baten ondoren hartu zuten publikotasunaren aldeko erabakia−). Gurean ere ateak ireki beharko genituzke, batak bestearenetik ikasteko; eta, kazetaritza egiteaz gain, kazetaritzaz ere mintzatzeko. Horren adibide polita da, esaterako, Goienako zuzendari Iban Arantzabalek pasadan urtarrilaren 17an argitaratutako “Kakux” auziaz ikasitakoa kazetaritzatik blogeko sarrera −ildo editorialari dagozkion erabakiak aletzen ditu bertan−.
Horrela, egun, New York Times eroso ageri da bere ideiak zabaltzen, baita ekosistema digitalaren aldeko apustuan. Argitaratu duten bide-orriaren aurkezpena ere bada horren adierazle: erabateko formatu multimedian irakurri dugu txostena. Testu, lotura, irudi, bideo eta grafikoz osatutako erreportaje multimedia baten itxuran argitaratu dute edukia, hau da, bete-betean mintzaira digitalera egokituta.
Zertaz dihardute orriotan? Txostenak indargune zein ahulguneak biltzen ditu, kazetaritza digitalaren erronka nagusiena ere hizpide hartuta: “Oraindik ez dugu asmatu sortzen gure asmoak aurrera eramango dituen erredakzio bat eusteko besteko negozio digitala”.
Bide horretan, harpidedunak dira New York Times-en protagonista, harpidetza-sisteman oinarritzen baita euren negozio eredua. “Ez gabiltza klik kopurua maximizatu eta tipo baxuko publizitatea saldu nahian, ezta ikusitako orri kopuruaren lasterketa irabazteko lehian”. Helburu dute kalitatezko kazetaritza lanak eskaintzea, horrela, edukiengatik ordaintzeko prest dauden herritarrak aurkitzeko eta, azken finean, irabazi digitalak handitzeko.
Kazetaritza aipagarria sortzeko bidean
Grupo 2020 deituriko zazpi kideko aditu taldeak sortu duen txostenak hainbat ikuspunturen inguruko hausnarketa eta erabakiak bildu ditu. Hona gidalerro nagusiak:
- Hizkuntza digitala: egunero argitaratzen dituzten 200 kazetaritza piezetatik askok ez dute inpaktu esanguratsurik edo audientziarik lortzen. Hortarako, informazioa modu bisualago batean landu behar da, beharrezko diren aditu grafikoak kontratatuta. Era berean, elkarrizketa-estiloa hobestea ere izango da gakoa: hartu-emanera jo, ez soilik sare sozialetan, baita kazeta edukietan ere.
- Gai eta atal berriak, zerbitzuak eskaini: audientziaren arreta eskuratzeko egungo garaietara egokitutako edukiak sortu behar dira, gaurko beharrei erantzun. Adibide modura, paperezko edizioaren ataletatik askatu eta zerbitzu digitalerako propio sortutako Watching (telebista zein telesailak gomendatzeko kanala eta horien inguruko newsletter zerbitzua) edo Cooking sukaldaritza atal eguneratu eta erabat osatua dira arrakastaren adibide, baita teknologia produktuak gomendatzeko The Wirecutter zerbitzuaren erosketa edo “Mundua ulertzen eta onena ateratzen lagunduko dizuten istorioak” leloarekin sortutako Smarter Living, aholkuetan oinarritutako formulazio tematikoa.
- Irakurle fidel eta konprometituak: konpromisoak bihurtzen ditu irakurleak fidel, hain zuzen, komunitate baten parte direla sentitzeak, hortaz, berebiziko garrantzia dauka fokua audientziarengan jartzeak. Publikoarekin konprometitzeko bidean jarriko dute erredakzioa eta irakurleei parte hartzeko aukera gehiago eskaintzean; elkarrizketetatik abiatuta elkar eragiteko eta elkarrengandik ikasteko.
- Erredakzio taldearen formakuntza: kazetaritza digitala hasieratik eta modu naturalean sortzeko beharrezkoa da langileen ezagutzak eguneratzea, plataforma berriak ezagutzea eta, horrela, kontakizun digitalerako eskura dauden tresna berriak ahalik eta gehien ustiatzea. Beraz, multimedian oinarritutako profilak landu behar dira, gaitasun horiek eskaini eskarmentudun kazetariei: tresnek ez dute ezertarako balio edukia ez bada ona. Informazio biltzaile onak, ondo idatzitako testuak, analistak, langile grafikoak, bideo-sorkuntza… denak bateratu behar dira; zehaztasuna izan dadin kazetaritza zorrotzaren esentzia.
- Erredakzio kulturanitza: “Gure erredakzioaren dibertsitatearen areagotzea −koloredun pertsona gehiago, emakume gehiago, metropoliko pertsona gehiago, kazetari gazte gehiago eta estatubatuarrak ez diren kazetari gehiago− oinarrizkoa da komunikabide erakargarri eta anitza sortzeko”. Horixe da hedabide global izateko helburua duenaren asmoa.
- Paperetik askatu, online gehiago: erredakzio gela ere berrantolatu behar da, paperezko ondarea beharrean, gaurko etorkizun digitala islatzeko; ahalik eta eduki digital onenak sortzeko antolatzea da gakoa, paperaren inprimaketa erritmoak ez daitezen kazetaritza digitalaren galga bihurtu.
- Erredakzio kide guztiak batera: talde osoak izan behar ditu argi lehentasunak eta erredakzioaren helburuak, horrela, aldaketak hobeto ulertuko baitira eta denek elkarrekin landuko baitute etorkizuneko komunikabidea. Gainera, helburuak elkarrekin zehaztea eta bidean garapena neurtzea ere garrantzitsuak dira.
- Arrakasta birdefinitu: analitikak erreferentzia bihurtu behar dira irakurleek zer istoriotara jotzen duten ezagutzeko, baita bat irakurri ondoren zer egiten duten ezagutzeko ere. Baina ez da soilik metrika kontu bat, datu kuantitatibo eta kualitatiboak bateratu behar dira zer eduki sortu eta sustatu erabakitzeko. Klik erraza baino, oihartzun handiko lana argitaratzea da xedea.
- Edizio ikusgarria: ez da soilik edukiaren mamian pentsatu behar, denbora gehiago eskaini behar zaio kontakizunaren formari, itxurari; hots, zer plataformatan eta modutan kontatuko dugu hau? Bide horretan, editoreak gehienetan ez daude plataforma arteko esperientzian pentsatzen, ezta horien garapenean ere. Beste aldean, produktuen arduradunek erredakzioaren kobertura lehentasunak eta beharrak ezagutzea ezinbestekoa da. Ondorioz, emaitza bateratuak ikuspegi estrategikoa izan dezan.
- Aldaketarako gaitasuna: “New York Times erakundearen pasadan mendeko arrakasta bere aldaketarako gaitasunaren isla izan da eta horixe da gaurko erronka ere: irakurleen ohitura eta beharrak aldatzen diren heinean horietara egokituko gara. Gure balioak ez dira aldatu; bai, ordea, horien gure adierazpena”.