Behategiak UEUrekin elkarlanean antolatutako Uda Ikastaroan egondako 30etik gora hedabideren parte hartzeak berretsi egiten du duela lau urte hasitako ibilbidearen bilakaera oparoa. Lan handia egin dute hedabideek urteotan analitika digitalaren esparruan, 2021ean BEHA proiektuarekin hasi ginenetik hona, 2025ean amaitutzat emango baitugu. Egitasmoaren bilana egiteko ere balio izan dute Eibarreko egun eta erdiko jardunaldiek, bertan ikusi baitugu hasieran datuei bizkarra emanda egoten ziren hedabide asko datuei begira jarri direla. Bidearen hasiera baino ez da eta oraindik erronka ugari daude mahai gainean, baina jabetu gara oinarriak finkatuta daudela. Orain, hari mutur horretatik tira eginda behar zehatzei erantzun dakieke: alde batetik, hedabideetako egituretan formakuntza eta prestaketarekin jarraitu eta horretan sakondu, antolaketa moduak ere finduz eta datuen analisia integratuz, datuei zukua ateratzeko; eta bestetik, erabiltzailea hobeto ezagutzeko bideak esploratu. Datuen ezagutza ezinbestekoa da gogoeta egiteko eta erabakiak hartzeko.
Zentzu horretan, Eibarreko Uda Ikastaroan azpimarratu den bezala, garrantzitsua da datuak (eta haietatik eratorritako azterketa eta ondorioak) lotuta egotea erabiltzaileen interesei eta hedabidearen helburuei, ez daitezen gainjarri, eta irizpide hori hedabideak berak ezarriko du beste inork baino hobe.
Behategiari dagokionez, hemendik aurrera egin beharrekoen gainean gogoeta egiteko ere informazio ona jaso dugu jardunaldietan. Lau urteko ibilbide honen balantzea egindakoan, hurrengo lan ildoak definitzen hasiko gara eta horiek burutzeko beharrezkoak izango zaizkigun baliabideak eta laguntzak bilatzea ere izango da zeregin nagusietako bat. Orain arte lagundu gaituzten erakundeekin, bereziki Euroeskualdearekin eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza eta Politika Sailarekin, elkarlanean segitzea da gure asmoa, beti ere euskarazko komunikazio ekosistema sendoa helburu.