Euskaldunen ohitura komunikatiboen inguruko tesia defendatu zuen Gorka Salces ikerlariak joan den otsailaren 25ean, EHUko Gizarte Komunikazio Zientzien Fakultatean. “Euskaldunak komunikabideen aurrean: iritzien, ohituren eta jarreren azterketa kualitatibo eta kuantitatiboa” izenburupean eta Josu Amezagak zuzenduta, proiektuari bikain Cum Laude kalifikazioa eman zion Txema Ramirez de la Piscinak, Aitor Zuberogoitiak, Elixabete Perez Gazteluk, Iratxe Aristegik eta Edorta Aranak osatutako epaimahaiak. Tesi proiektu hau enpresen eta unibertsitatearen arteko elkarlana sustatzen duen EHUko Zabalduz programaren baitakoa da, eta, zehazki, Hekimen Elkartearen eta NOR ikerketa taldearen arteko elkarlanak egin du posible.
Ikerketaren planteamenduari dagokionez, euskarazko komunikabideek “erronka bikoitzari” aurre egin behar diotela azaldu du Salcesek. “Alde batetik, mundu mailako krisia bizi dute komunikabideek, bat-batekotasunean oinarritutako ohitura komunikatiboak eta doako edukiak orokortzearen ondorioz. Bestetik, euskal hiztunen tipologia asko ugaritu da azken hamarkadetan, eta, hortaz, identifikatzen errazagoa zen publiko potentzialarentzako produktuak sortzetik ezaugarri jakin batzuei lotzen zailagoa den komunitate bati zuzendutako produktuak ekoiztera igaro dira euskarazko hedabideak”. Hala, euskaldunen iritziek, ohiturek eta jarrerek kontsumoan izan dezaketen eraginaz jabeturik, proiektuak “aldagai horien nolakotasuna eta jatorria identifikatzea” izan du xede, etorkizunera begira sektoreak bere publiko potentziala hobeto ezagutu eta estrategia berriak jorra ahal ditzan.
Proiektua aurrera eramateko “metodologia hirukoitza” erabili du Salcesek: “Lehenik eta behin, kontsumo mediatikoan eta haren baitako hautu linguistikoan eragin dezaketen faktoreak detektatzeko asmoz ikergaia jorratu duen literatura berrikusten du tesiak. Ondoren, adinaren, sexuaren, hizkuntza gaitasunaren eta jatorri geografikoaren arabera hautatutako euskaldunekin egindako sakoneko elkarrizketak kodetu eta aztertu dira. Halaber, audientzia neurketen eta bestelako iturri estatistikoen bilketa, analisia eta kritika barnebiltzen ditu”.
Bost ondorio nagusi
Horrenbestez, zutarri kualitatibotik zein kuantitatibotik ateratako ondorioen sintesia planteatu du bukatzeko, uztarketa metodologikotik euskaldunen eta hedabide kontsumoaren arteko harremanaren ezagutzari ekarpena egiteko asmoz.
Hain zuzen ere, jarraian zerrendatutako ondorio nagusiek osatzen dute tesiaren hondarreko hausnarketa:
1) Euskararen tokian tokiko indar demolinguistikoaz gain, hedabideen eskaintza osotasunak eta kontsumitzaileen identitateak, hizkuntza gaitasunak zein harreman sareak baldintzatzen dute euskarazko hedabideen kontsumo maila.
2) (Euskarazko) hedabideen hedapen esparru geografikoaren eta erreferentzialtasun-eremuen arteko gainjarketa nabarmena da maila diskurtsiboan.
3) Komunikabide mota bakoitzari lotutako irudikapenek lotura argi dute erabilera-motarekin zein erabilera-unearekin.
4) Kontsumoaren aldetik, erdarazko komunikabideek Euskal Herriko panorama mediatikoa menderatzen dutela. Prentsaren esparrua, zehazki, monopolistikoa izatetik gertu dago.
5) Euskarazko kontsumoa propio neurtuko duten ikerketak behar ditugu, horiek diseinatzeko berezko erreferentzia markoak erabiltzea ezinbestekoa izango delarik.
Era berean, etorkizunerako ikerketa ildo posibleak formulatu ditu doktore berriak: “Euskararekin identifikazio praktiko eta sinboliko ezberdinak dituzten taldeak definitzeko erabiltzen diren kontzeptuak argiki finkatu beharko genituzkeela uste dut. Bestalde, euskal hiztun-tipologiak sailkatzeko sistema klasikoak berrikusteko une egokia izan daiteke”. Egindako lana sozializatzeko eta proiektu berriak proposatzeko ikerlarien arteko sareak estutzea ezinbestekotzat jo du Salcesek. “Horretan dihardugu”, adierazi du.