Josu Amezaga Albizu – NOR Ikerketa Taldea, EHU
Soziolinguistikaren eta hizkuntza plangintzaren ikuspegitik, funtsezkoa da hiztunen jokaerari buruzko ezagutza. Artikuluxka honetan ezagutza horri ekarpentxo bat egiten saiatuko gara. Horretarako euskaldunek telebista ikustean egiten duten hizkuntza hautua erakutsiko dugu. Noiz: COVID-19ak eragindako alarma egoeraren garaian. Zergatik orain: telebistaren kontsumoa inoiz baino handiagoa delako, eta pandemiaren aurkako neurriek euskara nola ukitu duten aztertzea ezinbestekoa delako. Batetik, ondorio kaltegarriei ahal den neurrian aurre egiteko. Bestetik, krisiaren larria iragan ostean berreraiki beharreko eremu sozialen artean, seguruenik euskarazko komunikazioa egongo delako.
Erabiliko ditugun datuak Kantar Mediak egindako neurketak dira, horrek dakartzan muga guztiekin. Alde batetik, neurketa horiek ez dira ezagutza soziolinguistikoa aberasteko eginak, publizitateari lotutako helburuekin eginak baizik. Bestetik, egungo audimetria sisteman Euskal Herria ez da analisi unitate; ez eta Hegoaldeko Euskal Herria ere: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuak dira hona ekarritakoak. Hirugarrenik, neurketatik kanpo geratzen dira tokiko telebistak (Hamaika TB barne). Laugarrenik, «telebista kontsumoa» bera zer den, gaur egun, eztabaidagai dago.
Azken ohar bat, esan dezagun datuok telebista kanal linealen audientziak erakusten dituztela, irekiak zein ordainpekoak. Ikusleak 4 urtetik gorako pertsonak dira, eta hizkuntza soslaiari dagokionez euskaraz hitz egiteko gai direnak hartu dira euskalduntzat. EAEn kokatutako 350 audimetrorekin 811 pertsonen ikustaldiak neurtzen dira [1].
Telebistak euskararen biziberritzeari egiten dion ekarpenaz kezkaturik, ikusle kopuru absolutuak hartu ditugu kontuan: euskaldunek telebista zein hizkuntzatan ikusten duten, alegia. Ez diogu begiratzen pantaila kuotari (telebista ikusten ari direnen artean halako kanala edo halako kanal multzoa ikus-entzuten ari direnen ehunekoa). Azken datu hori zenbaitetan garrantzitsua den arren, ez digu esaten euskarazko edukiak zenbat jenderengana iristen diren. Aitzitik, jendearengana iristen diren telebistako edukietatik euskarazkoak zenbat diren baino ez digu esaten. Hortaz, euskaldunen jokaerari erreparatzen diogu, ez medioen irismenari.
Euskarazko programatzat hartu ditugu ETB1 eta ETB3ko programazio guztia; erdarazko programatzat hartu ditugu ETB2ko eta ETB4ko programazio guztia [2]; bai eta bestelako 28 kanal ireki (Espainia mailako orotarikoak zein gaikakoak) eta 76 ordaineko.
Azkenik, azalpen metodologikoekin amaitzeko, Kantar Mediak batez besteko audientzia gisa ematen duen datua da grafikoan aurkezten dena (AM): hots, egun batean batez beste zenbat ikusle izan duten kanal bakoitzeko programek (programa osoa ikusi dutenak zenbatuta). Datuak 2020ko urtarrilaren 1etik apirilaren 30era bitartekoak dira, egunez egun islatuak.
Hurrengo grafikoan ikus daitezke neurketen emaitzak.
Kanal linealetako ikusle euskaldunak: euskarazko edukien ikusleak eta euskarazko zein erdarazko edukien ikusleak
Iturria: Kantar Media.
Grafikoak errealitate bi erakusten ditu, nabarmen. Lehena, euskaldunek euskarazko telebistaz egiten duten kontsumo urria. Batez beste euskaraz hitz egiteko gai direnek telebistaz egiten duten kontsumo osoaren % 5 egiten dute euskaraz.
Grafikoak erakusten duen bigarren errealitatea honakoa da: COVID-19ak telebista kanal linealen kontsumoan eragindako hazkunde nabarmenak are gehiago murgildu ditu euskaldunak erdarazko edukien kontsumoan. Urtarriletik martxoaren erdira arte euskaldunen kontsumoaren % 5,3 baldin bazen euskaraz, ordutik hona % 4,5 izan da.
Errealitate horien zergatiei dagokienez, zenbat buru hainbat aburu. Egongo da euskaldunen jarrerari leporatzen dienik; bai eta euskarazko telebista eskaintzaren ahulezia edo pobrezia seinalatuko duenik ere. Eztabaida horretan sartu gabe, oraingoan, beste honako galdera hauek egin beharrean gaude.
Epe laburrean:
-
Nola aurre egin ahal zaio, epe laburrean, euskarazko telebistak pairatu duen kolpeari?
-
Nola aurre egin behar dio euskarazko telebistak larrialdi egoeraren ondorengo egoerari?
Epe luzean:
-
Zein ekarpen erreal egiten dio gaur egun telebistagintzak euskararen biziberritzeari?
-
Hizkuntza politika batek bestelako medioak lehenetsi beharko lituzke, eta telebista bigarren edo enegarren mailan utzi lehentasunen zerrendan?
OHARRAK
[1] Gure kalkuluen arabera, % 95eko konfiantzarekin datuek % 3,4ko errore marjina izango lukete beraz.
[2] Esan beharra dago, hala ere, neurtutako aldian ETB4ko emanaldien % 33 euskarazkoa izan dela; baina euskarazko saio horiek bere audientziaren % 7 baino ez dutela aportatu. Beraz, euskarazko produktuen ikusle kopurua izan, grafikoak adierazten duena baino apur bat handiagoa litzateke, baina oso neurri txikian: batez beste % 0,04 gehiago alegia.