Marijo Deogracias Horrillo — NOR Ikerketa Taldea, EHU
Audientzien jokoan jarduteari utzi eta gizarteari zerbitzua eskaintzeko saiogintzari ekin dio telebista publikoak. Audientzien lehia galduta, baliteke egindako apustu horrek bestelako onurak ekartzea euskarazko kateari. Euskarazko kanal biak (ETB1 eta ETB3) ari dira etxealdian zehar saio berriak eskaintzen, eta beste hainbat egoerak eskatzen duen konfinamendu neurrietara egokitu dira. ETB2k ez bezala, euskarazko kanal nagusiak zazpi telebista saio berri estreinatu ditu etxealdiak iraun bitarteko denboraldian; zortzigarrena, ETB3n. Gainera, beste hiru saio egokitu dira; ez dira bertan behera laga eta etxetik aritzeak dakarren limitazioetatik harago, ETB1eko ohiko hiru saio hauek eutsi egin diote asterokoari: Ur Handitan, Herri Txiki, Infernu Handi eta Gure Kasa. Euskarazko telebistari, zerbitzu publikoa den aldetik, herritarren onurarako zerbitzua izatea dagokio eta sortze proiektuan jaso zenez, hezkuntza-sistema osatzea eta euskara eta euskal kultura sustatzea eta zabaltzea dira horietako xede bi; herritarrei informaziorako eta parte-hartze politikorako baliabide bat eskaintzea, ahaztu barik (5/1982 Euskal-Irrati telebistaren legea). Artikulu honen helburua da, beraz, konfinamenduan zehar euskarazko kateak egin duen apustuaz hausnartzea, batez ere euskarazko telebista kanalaren eskaintza faltak eta gehiegizko errepikak audientziaren kaltetan izaten ari diren honetan. Eta agerikoa denean, aspaldi hasitako telebista publikoarekiko atxikimendu soziala gero eta txikiagoa dela (Zallo, 2010).
Alarma egoera ezarri zenetik euskarazko telebistaren audientzia are eta gehiago jaitsi dela zioen Josu Amezagak hemengo beste sarreratako batean. Kantar Mediaren audimetriak agerian lagatzen zuen hori: euskal hiztunok ere euskaraz ez diren kateak hautatu ditugula egunotan gehiago. Eta esaten zuen: «Egongo da euskaldunen jarrerari leporatzen dienik; bai eta euskarazko telebista eskaintzaren ahulezia edo pobrezia seinalatuko duenik ere». Bada, alarma egoeratik hona, eta audientziak audientzia, euskarako telebista publikoaren parrilla ez da lehen bezain «pobrea». Bai, desagertu egin dira zuzeneko kirol emankizunak eta berreskuratu dituzte grabatutako txirrindulari frogak, futbol partidak eta bestelakoak, baina batez ere asteburuetan izaten ziren. Beraz, egindako aldaketak ez dira tarte horiek ordezkatzeko izan. Are, esan daiteke inoiz ez duela euskarazko kanalak hainbeste saio sortu hain denbora tarte laburrean; eta nago, zati batean behintzat, audientzia galtzeko arriskurik gabe saio berriekin ausartzeko eta esperimentatzeko garaia dela aldarrikatu izan dutenek ere aitortu beharko dutela hori.
ERA GUZTIETAKO SAIOAK
Adinberri, Eztabaidan egunero, Go!azen Etxean, Etxekoak, Barre Librea, Berbalapiko (maiatzaren 18tik aurrera, arratsaldero, Ilaski Serranok aurkeztuta), Gure Kasa Prime Time (maiatzaren 21etik aurrera, ostegunero) eta Bitartean Etxetik Ikasten telebista saioak berriak dira; alarma egoeran sortuak eta parrillaratuak. Entretenimendua, batetik, eta zerbitzu publikoa, bestetik. Eta targeta ere, anitza: hirugarren adinekoei zuzenduta dago Adinberri saioa eta gaztetxoentzat Go!azen Etxetik; baina gainerakoak, publiko zabalari zuzendutakoak dira. Klaudio Landak berehala ekin zion Gure Kasa-k halabeharrez utzi beharra izan zuen ordutegi tartean Eztabaidan egunero saioari; aktualitateari, koronabirusari, zuzenean lotutako saioa, solasaldiarekin eta baita herritarrek bidalitako «galdera, kezka edo esperientzia» partekatzeko aukera eskainiz, whatsapp bidez.
Fikzioa ere faltan bota izan da euskarazko kanalean denbora luzez. 2016an izan zen ETBren azkeneko seriea: Eskamak Kentzen. 2019ko abenduan, ETBko zuzendariak iragarri zuen hiru serie estreinatuko zituela euskarazko kateak: «fikzio soziala». Ihesaldia izan zen lehenengoa, %2,1eko batez besteko ikusle kuotarekin (Urkizu, 2019) eta besteen zain iritsi da COVID-19a. Bada, fikzioaren basamortu horretan, etxealdia oinarri hartuta pantailara ekarri dute Euskal Herriko edozein etxetan egunotan bizi den errealitatea. Astean behin, asteazkenetan, eskaintzen du ETBk Pausoka ekoiztetxearen seriea. Umorezko telesaila da, baina hain justu «jende arruntaren etxeetan gertatzen diren istorioak kontatzen» dituelako (Manias, 2020) horrek ere badu zerbitzu publikotik.
Baina berritasunez gainera, beste hainbat saiok asmatu dute konfinamendura egokitzen eta moldatu egin dituzte euren asteroko emankizunak. Hala gertatu da Ur Handitan, Herri Txiki, Infernu Handi eta Gure Kasa saioekin. Berrasmatu egin behar izan dira, kalera ateratzeko debekuari eta platoan publikoa izateko ezintasunari alternatibak bilatuz (etxetik aritu dira aurkezleak, bideo-deiez baliatu dira saioak osatzeko, aurreko grabaketekin jolastu dute…). Hiru targeti zuzendutako saioei eutsi diete; hala, Ur Handitan Etxetik, Etxe Txiki, Infernu Handi eta Zuen Kasatik Gure Kasara bihurtu dira saioak, hirurak ere astean behin: martitzen, eguen eta domeketan, hurrenez hurren. Moldatze horrek ekarri du bestelako irudiak ohikotzen joatea telebistan: bideo-deiak. Bai aurkezleak baita elkarrizketatuak ere bakoitza bere etxetik bere ordenagailuaren bitartez aritzen dira elkarrekin, sarritan irudiaren kalitatearen kaltetan, baina teknologiak ahalbidetzen duen heinean, gertutasun horri eutsiz. Hori ere azpimarragarria da; izan ere, telebistaren ohiko jardunean aldaketa handia eta bapatekoa ekarri du. Eta berdin gertatu da audientziak helarazitako bideoen emisioekin. Ugaritu egin den baliabidea da, mugikortasuna mugatu denetik gehiago. Hala, irudiaren kalitatearen gainetik lehentasuna irudiak erakustea da (Masip eta Micó, 2008) Dickinsonek (2008) deitutako «video illustration» delakoa: agerkari digitalen ikus-entzunezkotze prozesuan erabili izan den bideo mota. Alegia, kazetariaren off ahotsik gabe, giro soinuarekin (edo barik) uneko irudiak erakusten dituzten bideo laburrak, ahalik eta esku hartzerik txikienarekin.
Horrez gainera, beste telebista saio berezi bi sortu dira konfinamenduarekin zuzenean lotutakoak: Haurrak: kalea gurea da eta Imajinaezinetik hizketan erreportajeak. Lehenengoan, Izaskun Moyano hainbat guraso eta seme-alabekin jarduten da etxealdi osteko kaleratzearen inguruan eta bigarrenean, berriz, Fermin Etxegoien 20 euskal herritar ezagunekin mintzo da osasun larrialdiak ekarriko duenaren, utziko digunaren, inguruan. Bigarren honetan elkarrizketa guztiak egin dira pantaila bidez, bideo-deiak egiteko aplikazioen bitartez.
ETBren zuzendaritzak euskarazko kanalean egin ditu programazio aldaketa nabarmenenak. Zortzi telebista saio berri, beste hiruren moldaketa emisioari eusteko eta erreportaje berezi bi konfinamenduan zehar ekoitzitakoak. Euskaraz izan da saio berrien eskaintza bakarra —ETB2n aldaketa bakarra egon da: 360º saioa estudioko elkarrizketa saio bihurtzea, kaleko elkarrizketak egiteko zailtasunagatik— eta hori azpimarratzekoa da, ez baita euskarazko kanala izaten ETBren lehenengo apustua: aurrekontu handiena gaztelerazko kateak dauka, albistegirik luzeenak gazteleraz dira eta promo gehienak bigarren kate horretan egiten dira. Sormen gaitasunaren aldetik esperimentu polita izaten ari da, batez ere aurrekontuak bera izaten segitzen duelako, baina behingoagatik zerbitzu publiko izaera «berreskuratu» nahi duela dirudi. Aintzat hartzeko apustua da hori. Izan ere, 2008ko krisiak gogor jo zuen telebista publikoen finantzazioa eta, ondorioz, kalitatea nabarmen jaitsi zen. Gainera, hemen bertan irakur daitezkeen beste hainbat artikulutan nabarmendu bezala, audientziak inoiz baino eskaintza zabalagoa dauka eta «publiko horrek eduki eta interakzio pertsonal gehiago bilatzen du» (Marzal eta Zallo, 2016: 2). Interakzio horren bila ari ote da ETB1en eskaintza berria?
Orain dela 20 urte plazaratutako EiTBren lehenengo plan estrategikoaren laugarren helburua izan zen «Euskarazko informazioa eta entretenimendua gehitzea telebistan, irratian eta Interneten» (Larrinaga, 2019: 274). ETB1en zortzi telebista saio berriak batez ere entretenimendua gehitzera datozen arren euskarazko telebistara, ikusteko dago apustua salbuespena den ala geratzeko etorri den. Batez ere, osasun krisiaren ondorioetako bat izango baita krisi ekonomikoa eta, agintari publikoen tentazioa izan daiteke, beste behin ere, euskarazko telebista kanalaren aurrekontua murriztea, eta sarriegitan ahazten da ikus-entzunezko zerbitzu publikoa beharrezko tresna dela kultura identitatea indartzeko eta berrikuntza eta aldaketa soziala sustatzeko (Marzal Felici eta Zallo Elgezabal, 2016: 5).
Ahalegina egin du euskarazko telebista kateak konfinamenduaren garaian; akaso, eta hasieran aipatu bezala, hain denbora laburrean inoiz egin duen ahaleginik handiena. Aldiz, audientzia datuek ez diote esfortzuari erantzun. Horren aurrean, galdera ireki bi: egindako apustua ausarta izanda ere, ez zaio erakargarri audientziari? Ala beranduegi da jada batzuek amaitutzat ematen duten euskarazko telebista katea biziberritzeko? Oraingoz, apustu berri bati ekin dio euskarazko telebista publikoak. Ez dadila alferrik izan.
ERREFERENTZIAK
- Amezaga, J. (2020): «Euskarazko telebista krisi betean», <https://behategia.eus/euskarazko-telebista-krisi-betean/>.
- BERRIA – Manias, M. (2020): «Etxekoak», <https://www.berria.eus/paperekoa/1879/035/002/2020-05-08/etxekoak.htm>.
- BERRIA – Urkizu, U. (2020): «’Ihesaldia’-k %2,1eko batez besteko ikusle kuota izan du», <https://www.berria.eus/albisteak/175360/ihesaldia-k-21eko-batez-besteko-ikusle-kuota-izan-du.htm>.
- Euskal-Irrati Telebista Herri-Erakundea sortzeko Maiatzaren 20ko 5/1982 Legea, <https://www.legegunea.euskadi.eus/eli/es-pv/l/1982/05/20/5/dof/eus/html/x59-contfich/eu/>.
- Dickinson, A. (2008): «Defining newsaper video: Video Illustration», <http://digidickinson.net/2008/01/04/defining-newsaper-video-video-illustration/>.
- Larrinaga, A. (2019): Euskal Telebistaren sorrera, garapena eta funtzioa euskararen normalizazioaren testuinguruan, Doktore tesia, UPV/EHU, <https://addi.ehu.es/bitstream/handle/10810/33206/TESIS_LARRINAGA_LARRAZABAL_ASIER.pdf?sequence=1&isAllowed=y>.
- Marzal, J. eta Zallo, R. (2016): «Introduction: Regional public television in the face of the digital society», Communication & Society 29 (4), 1-7 or.
- Masip, P. eta Micó, J. (2008): «Recursos multimèdia en los cibermedios españoles. Análisis del uso del vídeo en El País.com, El Mundo.es, La Vanguardia.es y Libertad Digital», Trípodos, <https://revistas.unav.edu/index.php/communication-and-society/article/view/35802/30441>.
- Zallo, R. (2010): «Salvar la televisión pública vasca», <https://sinpermiso.info/textos/salvar-la-televisin-pblica-vasca>.