Bea Narbaiza Amillategi — NOR Ikerketa Taldea, EHU
Azken asteotan bizi dugun salbuespen egoera dela eta, Euskal Herriko ikasleen ohiko ikaskuntza erabat astindu du koronabirusak eta etxean geratu behar izan dute COVID-19ak eragindako testuinguru honetan. Gaitzaren hedapena eteteko asmoz, etxean inoiz baino ordu gehiago igarotzen dituzten honetan, gazteen Informazio eta Komunikazio Teknologien (aurrerantzean IKTen) eta ikus-entzunezko edukien kontsumoa nolakoa den jakin nahi izan dugu.
Ondorengo lerroetan, gazteek egiten duten kontsumoaren tamaina, baliatzen dituzten euskarri eta plataformen erabilera, koronabirusaren jarraipenerako egindako hautuak eta hizkuntzari buruz mintzatuko gara.
Gazteak kategorikoak dira itxialdian gaudenetik egiten ari diren IKTen eta ikus-entzunezko edukien kontsumoa handitu egin dela adierazten dutenean. Lehenagotik ere handia zen kontsumoa are handiagoa dela konproba daiteke, berrogeialdiaren hasieran egindako galdetegian gazteen % 91 baino gehiagok beren kontsumoa «apur bat» edo «asko» igo zela adierazten bazuten, hiru aste geroago joera hori handitu egin da, bi puntu igo da: gazteen % 93 baino gehiagokoa da kontsumoa handitu duela adierazten dutenen kopurua. Datuok, Euskal Herriko gazteak egiten ari diren kontsumo digitalaren tamainaren erakusle dira.
1. grafikoa: Itxialdian zaudenetik gehiago erabiltzen dituzu telebista, webguneak, plataforma digitalak, nahieran zerbitzuak, sare sozialak, irratia, egunkariak, aplikazioak eta horrelakoak?
Iturria: Ikusiker, 2020ko apirila.
Ondorengo grafikoak, gainera, egungo gazteen kontsumoaren inguruko gako asko jartzen ditu agerian. Egunero darabiltzaten plataforma mediatikoen arteko konparaketetan sartu baino, diagnostiko egoki bat egin nahi bada, banan-banan erreparatu beharko genieke horiei guztiei; plataforma eta euskarri aniztasuna baita ikasleen kontsumoaren ezaugarri nagusietako bat. Gazteek eskura dituzten aukerak ezagutzen dituzte, eta bata ala bestea beraien interesen arabera baliatzen dute.
2. grafikoa: Zehaztu mesedez, egunerokoan zenbat denbora dedikatzen diezun halakoei:
Iturria: Ikusiker, 2020ko apirila.
Begi-bistakoa da gazteen artean sare sozialen erabilera erabatekoa dela, % 99,9k aitortzen du sare sozialez baliatzen dela. Plataforma horiei gainera, denbora kontsumo handia eskaintzen diete. Erabiltzen ez dutenen edo egunean ordubete baino gutxiago eskaintzen dietenen kopurua oso baxua da (% 3,9). Ordubete eta lau ordu bitarteko kontsumoa egiten dutenen artean kokatzen da gehiengoa (% 68,8). Hala ere, lau ordutik gorakoen tartea ere oso kontuan hartzekoa da (% 27,2). Plataforma horien erabilera, sarritan, beste edukien kontsumoarekin batera partekatzen da gainera.
Telebista konbentzionalari dagokionez, koronabirusak lortu du gazte asko medio honetara erakartzea. Duela sei hilabete ikasleen % 50 zen ez zuela telebista ikusten esaten zuena, orain kopuru hori erdira pasa jaitsi da (% 23,3). Gauza bera gertatzen da egunkarien webguneei dagokienean, gazteen erdiak inguruk kontsultatzen ez dituen arren, beste erdiak baietz adierazten du (% 47,4).
Komunikabide horiei eskainitako denbora ordubetetik beherakoa bada askorentzat —% 40,7 eta % 39,6 hurrenez hurren—, atxikitzen dioten fidagarritasunari behatuta, datuak oso bestelakoak dira.
3. grafikoa: Koronabirusari dagokionez, zure ustez zein dira informazio-iturri fidagarrienak?
Iturria: Ikusiker, 2020ko apirila.
Informazio-iturri fidagarrien inguruan galdetu denean, telebista tradizionala izan da era nabarmenean erantzun gehien bildu duena (% 70,5). Kanal zehatzei buruz itaunduta, gertukoak diren kanal publikoak agertzen dira rankingaren goialdean (ETB2 % 43, TVE1 % 27 eta ETB1 % 24). Segidan egunkarietako webguneak ditugu (% 49,6). Interneteko webgune orokorrek eta irratiak antzeko emaitzak eskuratu dituzte gazteek informazio-iturri fidagarritzat jo dituzten horien artean, bi aukerak % 30 inguruan kokatzen dira —% 30,6 eta % 27,3 hain zuzen ere—.
Beste aukerekin alderatuz gero, sare sozialak fidagarritasun gutxieneko informazio-iturriak direla adierazi arren (% 18.9), COVID-19aren inguruko informazio gehiena sare sozialen bidez jasotzen dutela esaten dute. Iristen zaien informazio kopuruarekin zerikusi gehiago du ziurrenik, fidagarritasunarekin baino.
4. grafikoa: Koronabirusarekin zerikusia dauzkaten notiziak, bideoak, artikuluak, txisteak, youtuberren emanaldiak, telebistako programak, sare sozialetako mezuak, irudiak… ikusten zenbat denbora ematen duzu egunean?
Iturria: Ikusiker, 2020ko apirila.
Azkenik, pandemiaren jarraipena egiteko erabilitako hizkuntzei dagokienez, gaztelania nagusi bada ere, ez da bakarra, ingelesak eta euskarak ere presentzia baitaukate. Hala ere, azpimarratzekoa da, ingelesaren pisua euskararena baino handiagoa dela. Egungo ikasleek duten euskara ezagutza kontuan hartuta, kezkatzekoa da jakitea % 77k baino gehiagok koronabirusaren jarraipena egiteko, euskara edo oso gutxitan edo inoiz ez duela erabiltzen. Are gehiago, Internetaren unibertsalizazioaren eta etenik gabe konektatuta egotearen ondorioz, IKTen erabilerak eta ikus-entzunezkoen edukien kontsumoak gure egunerokoan duten pisua zenbateraino hazi den ezagututa. Egungo oparotasunean, zaila da hizkuntza txiki batentzat tokia egitea, hortaz, zeregin horretan eragile desberdinen arteko estrategia komunak eta partekatuak ezinbestekoa dirudi.
Lan honetan jasotzen diren datuak Ikusiker Paneleko kideei berrogeialdia hasi zenetik egin zaizkien bi inkesta desberdinetatik eskuratu dira. Ikusiker Panela (http://ikusiker.eus/) NOR Ikerketa Taldeko kideek sustatutako Applika ikerketa-proiektuaren barruan kokatzen da (US17/40). Applika Ikerketa-proiektuan NOR eta EITB ari dira lanean UPV/EHUko ikasleen Informazio eta Komunikazio Teknologien erabilera eta ikus-entzunezko kontsumoak aztertzen. UPV/EHUko bost jakintza arlotako hiru kanpusetako hogei gradu ezberdinetako ikasleei zuzendu zaizkie galde-sortak hiru astean behin; azken biak, esan moduan, konfinamendu garaian kokatzen dira: 2020ko martxoak 25 eta 30 bitartean lehena, eta 2020ko apirilak 15 eta 22 bitartean bigarrena. Galdetegiak 700 panelkidek baino gehiagok erantzun dituzte.