Libe Mimenza Castillo — NOR Ikerketa Taldea, EHU
2020ko lehen hiruhilabetekoa historia liburuetara igaroko da COVID-19 gaitzaren nondik norakoekin. Zenbakiak nagusituko dira —hildakoak, kutsatuak, egunak edo kurba logaritmikoak—. Irakurketa estatistiko sarri kontraesankorren dialektikan katramilatuko da errealitatea disekzionatzeko ariketa. Errelato horretan aipatuko dira besteak beste big data, bigilantzia masiboa, askatasunez mugitzeko eskubidearen amaiera, inteligentzia artifiziala, teknologia enpresa handien indartzea… finean, eta berba bakarrean, Internet.
Eta sarean gauza asko gertatu dira, baina denetan nagusi bi fenomeno: IKTen unibertsalizazio eta normalizazio masiboa (alfabetatzeaz eta burujabetzaz beste batean hitz egingo dugu) eta hedabideen kontsumo esponentziala. «Zer arraio ari da gertatzen?» galderak aktibatu zituen webguneetako bisiten gehikuntza historikoak.
Oro har hazi da azken asteotan komunikabideen kontsumoa: denok etxean egon behar dugun arren, paperak eutsi eta kasu batzuetan apur bat gehiago saltzea ere lortu du; irrati eta telebisten kontsumoak ikaragarri hazi dira, sabaiak jota; eta hedabideen online atariek inoizko datu onenak eskuratu dituzte 2020ko martxoan.
Nazioarteko fenomeno hori Euskal Herrian ere gertatu da, baita euskarazko komunikabideen kasuan ere.
HEKIMEN elkartean biltzen dira euskara hutsean argitaratzen diren hedabide gehienak: 50 webgune orotara. Horietako guztiei ez die berdin eragin pandemiak, hortaz, motaren araberako ikuspegia aintzat hartzea komeni da. Taldeko bost hedabide orokorrak dira (% 10), 12 tematikoak (% 24) eta 33 tokikoak (% 66).
1. taula. Hekimen elkarteko komunikabideak motaren arabera.
Iturria: HEKIMEN.
Banan-banan behatuta, azterketako lagina osatzen duten hedabide guztien audientzia digitala hazi da 2020ko lehen hiruhilekoan. Hazkunde nabarmenena martxoan gertatu da eta kasu batzuetan ikaragarria izan da gehikuntza portzentajea. Bada, noski, proiektuaren nolakotasuna dela eta erritmo bizi horretan hazi ez denik ere, baina ertzik gabeko egia hauxe da: denek egin dute gora. Euskal hedabideen sektorea asko hazi da.
HEKIMEN ELKARTEAREN AUDIENTZIA DIGITALA
Martxoaren erdira iritsi aurretik egin zuen eztanda COVID-19aren krisiak Euskal Herrian, eta udaberrira salto egin orduko itxialdian guztiz murgilduta ginen denok. Egoera horrek xaxatu zuen informazio gosea eta, apetitu horri erantzunda, euskarazko hedabide digitalen web trafikoak bere orain arteko goi historikoa jo zuen martxoan: 1.411.229 erabiltzaile bildu dituzte, horiek 4.308.737 saio egin dituzte eta 9.470.951 orrialde ikusi orotara. Hau da, otsailean baino 400.000 bat erabiltzaile gehiago, 1,5 milioi saio gehiago eta 3 milioi orrialde ikusi gehiago. Beste era batera esanda, hilabete bakarrean % 40 hazi dira HEKIMEN euskal hedabideen elkarteko webguneetako erabiltzaileak, eta trafiko hazkundea ere ikaragarria izan da: % 53 saio gehiago eta % 46 orrialde ikusi gehiago.
Halaber, datuok iazko denbora-tarte berarekin alderatuz gero, 2020ko martxoan 2019ko martxoan baino 500.000 erabiltzaile gehiagorengana iritsi dira euskal hedabideak (+ % 59), 1,9 milioi saio gehiago batu dituzte (+ % 80) eta 3,6 milioi orrialde gehiago (+ % 63). Jauzia itzela da.
Behatutako hiru adierazle horiek batez ere azken hilabetean egin dute gora, eta erritmo ezberdinetan hedabideen motaren arabera. Erabiltzaileen bilakaera erreparatuta (1. grafikoa), nabarmena da martxoaren bigarren asteko igoera —hilabete osoan, apalago bada ere, gorantz joan dena— eta bada beste joera bat ere: hedabide orokorrek egin zuten gora indartsuen bazetorrenaren inguruko informazioz bete zen bigarren aste hartan. Tokikoetara iritsitako erabiltzaileek astebete beranduago jo zuten goia eta tematikoen hazkundea izan da berantiarrena.
1. grafikoa: Web erabiltzaileak astez aste, 2020ko lehen hiruhilekoa.
Iturria: Hekimen Analytics.
Astez asteko saioak (2. grafikoa) eta ikusitako orrialdeak (3. grafikoa) biltzen dituzten irudiek ere aldagaien antzerako bilakaera adierazten dute. Bakoitzaren berezko gorabeherak eta zenbaki absolutuak albo batera utzita, joera bertsua da.
2. grafikoa: Web saioak astez aste, 2020ko lehen hiruhilekoa.
Iturria: Hekimen Analytics.
3. grafikoa: Ikusitako web orrialdeak astez aste, 2020ko lehen hiruhilekoa.
Iturria: Hekimen Analytics.
EUSKARAZKO HEDABIDE DIGITALAK ETA BESTEAK
Euskarazko hedabide digitalen hazkundea azpimarragarria zen COVID-19 iritsi aurretik ere: hazkunde tasa apalarekin, baina etengabeko hazkundean zegoen sektorea [1]. Testuinguru horretan egin zuen eztanda pandemiaren bat-bateko informazio gose larriak eta, aurreko grafikoetan argi geratu den bezala, martxoan erabat azeleratu zen fenomenoa.
Halere, euskarazko komunikabideek gora egin ahala, erdaretakoek ere halatsu egin dute. Europako bost herrialdetako adibideak jarraian (Comscore, 2020): urtea hasiz geroztik, albiste orokorren kontsumoak % 68 egin du gora Frantzian, % 57 Alemanian, % 125 Italian, % 87 Espainian eta % 51 Erresuma Batuan.
Hortaz, jakin badakigu Euskal Herriko prentsa elebidun edo erdaldunak ere gora egin duela, baina ez dugu komunikabide horien inguruko datu zehatzik eskura [2]. COVID-19 pandemiak komunikazioaren esparruan eragindako gorakada dela eta, datuak argitaratzen ari dira zenbait audientzia agentzia (analisi honetan bildu den OJD interactiva kasu) eta horixe da euskal ekosistema mediatikoaren joko zelaian ari diren gainontzekoekin alderatzeko bide bakarra [3]. Zenbakiak landuta, argazkia argia da: saioen hazkundea handiagoa izan da komunikabide erdaldunetan euskarazkoetan baino.
4. grafikoa: Saioen hazkundearen bilakaera martxoan (%).
Iturria: Hekimen Analytics eta OJD interactiva.
Kontsumo mediatikoa gehien hazi den hilabetean, martxoan, HEKIMEN elkarteko hedabideen trafikoaren hazkundea % 60 izan da. OJD interactivaren Hego Euskal Herriko datuak behatuta, aldiz, saioen hazkunde hori % 97 handiagoa izan da oro har. Halaber, martxoko lehen lau asteen bilakaera behatuta, hedabide mota bakoitzaren kontsumo hazkundea ezberdina izan da: sektorearen batez bestekoaren gainetik komunikabide orokorren bisitak hazi dira gehien (% 73) eta, gainera, OJD interactivak monitorizatutako trafikoaren parekoa izan zen haien gehikuntza martxoko bigarren astean. Tematikoek, aldiz, beherantz hasi zuten hilabetea, baina asteak aurrera joan ahala bihurtu dira gehien hazitako (% 58) bigarren multzo; hain zuzen ere, lau astetan % 80 – 107 bitarteko hazkundea izan dute gazte-, hezkuntza- eta zientzia-gaietako proiektuek. Tokikoen kasuan, azkenik, etengabeko goranzko joera antzematen da: egonkor eta momentuz geraezin doa goa gorantz gertuko informazioaren kontsumoa, apirilaren hasierarekin batera hazkundeak egonkortze zantzuak adieraztean ere eutsi diote. Joerak horiek, orain ikusteke geratzen da 2020ko bigarren hiruhilekoak zer ekarriko duen.
PANDEMIA DIGITALAZ PARE BAT SUSMO
Susmoa dut orain arte ulertu nahi ez zuenak ere irentsi beharko duela arau berria: aro digitala da bizi duguna. Horixe da COVID-19 osasun krisiak dakarren lehen kolpea. Transformazio digitala ez da gehiago aukera bat izango. Mandatua da. Eta ez soilik bitartekoena, audientziena, edukiena edo negozio ereduena, batez ere ikuspegiena da mandatu urgenteena. Digital first.
Digitalizazio horrek zerbait badakar eskutik datuak dira. Inoiz baino datu gehiago eskuratu daitezke komunikabideen audientziak ezagutzeko. Baina esparru honetan ere lehengo lepotik burua eta euskarazko hedabideak dira horiek argitaratzen dituzten bakarrak herri honetan. Ia edozer hackeatu daitekeen egunotan oraindik ere batzuek beraien audientziak etxe barruan soilik aipatzen dituzte. Ez dago diru publikorik jasotzen ez duen hedabiderik herri honetan, hortaz, datuak ere publiko beharko lukete. Are, transparentzia demokratikoaz gain, herri gisa komunikabideen adierazleak sistematikoki jasotzea ezinbestekoa da errealitate honek sektorera dakartzan erronkak zehazteko eta horiei erantzuteko, baita hizkuntza-politika eta neurri digitalak ere ezagutza nahikoa bilduta diseinatu ahal izateko.
1,4 milioi erabiltzaile euskarazko hedabideek. 4 milioi saio pasa. 9 milioi orrialde ikusi. Hilabete bakarrean.
Zenbakiak hor daude. Milioi bat erabiltzaileko sabaia hautsi da. Eta, gainera, testuinguru oldakor betean. Kezkagarria da euskara jasaten ari den kolpea. Krisi honetan, «herritarren oinarrizko eskubideen bermeak eta horien uztarketak izan behar dute iparra, hizkuntza eskubideak barne» (Kontseilua, 2020) eta bide hori «une honetatik bertatik jorratu behar da, larrialdi-egoera honetan ere, funtsezkoa delarik herritarren hizkuntz eskubideak babestea eta bermatzea» (Euskaltzaleen Topagunea, 2020). Hain zuzen, hizkuntza eskubide horietako bat da euskarazko hedabideek betetzen dutena: euskaraz informatuak izateko daukagun eskubidea. Halaber, normalizazioan duten rola ere ukaezina da. Hortaz, azken asteotako oztopoak oztopo, martxoko euskarazko hedabide digitalen hazkundeak are balio kualitatibo handiagoa dauka. Sektorea ez da oro har erdaretako komunikabideen kontsumoa beste hazi, ez; baina ekosistema erasokor baten baitan hazi da ikaragarri. Horrenbestez, euskaraz ari garenak —edo bestelako edozein hizkuntza gutxituetan antzera— ez gara irla isolatu bat; konexioaren aroaren nazioarteko joerekin bat goaz geu ere.
Amaitzeko, azken susmo bat. Ebidentzia zientifiko gabeko hipotesia da, halere, hor doa: susmoa dut euskara izan daitekeela informazioaren kalitate zigilu. Fake news arteko nabigazioa toxikoagoa da ziurrenik erdaretan euskarazko prentsan baino. Eta beharko dugu informazio fidagarria bizi dugun ziurgabetasun honetatik ateratzeko.
OHARRAK
[1] HEKIMEN elkarteko webguneen urtez urteko web audientzien inguruko datu zehatzak Euskal Hedabideen 2017ko, 2018ko eta 2019ko Urtekarietan daude irakurgai (Azpillaga eta Lizarralde, 2017, 2018 eta 2019).
[2] Telebistako edo irratiko audientzien neurketarekin bezala, metrika digitalen neurketan ere ez dago euskal komunikabideen datuak sistematikoki eta modu bateratuan jasotzeko modurik. Euskara hutsezkoen jarraipena egiteko hainbat urrats egin dira Euskal Hedabideen Behategitik, baina komunikabide elebidunen eta erdarazkoen datuen argazki osatua falta da.
[3] Publiko dauden datuetan euskal hedabideen ekosisteman pisu handia duten komunikabideak falta dira, hala ere, joerak antzemateko baliagarriak dira zenbakiak.
ERREFERENTZIAK
- Azpillaga, J. eta Lizarralde, M. (2017). «Hekimeneko webguneen trafikoaren analisia Hekimen Analytics tresna oinarri», Euskal Hedabideen Urtekaria 2017, 81-96 or. <https://behategia.eus/txostenak/urtekariak/>.
- Azpillaga, J. eta Lizarralde, M. (2019). «Hekimen elkarteko webguneen audientzia digitalen analisia 2018», Euskal Hedabideen Urtekaria 2018, 123-140 or. <https://behategia.eus/txostenak/urtekariak/>.
- Azpillaga, J. eta Lizarralde, M. (2020). «Hekimen elkarteko webguneen audientzia digitalen analisia 2019», Euskal Hedabideen Urtekaria 2019, argitaratzeke. <https://behategia.eus/txostenak/urtekariak/>.
- Comscore. (2020). Coronavirus pandemic and online behavioural shifts. <https://www.comscore.com/esl/Insights/Blog/Coronavirus-pandemic-and-online-behavioural-shifts-March-30-update>.
- EUSKALTZALEON TOPAGUNEA – Amonarriz, K. eta Mendizabal, J. (2020). Krisiari aurre eginez euskaratik. <https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2020-04-15/krisiari-aurre-eginez-euskaratik.htm>.
- KONTSEILUA – Bilbao, P. (2020). Etorkizuna gaurdanik eraikitzen. <https://www.berria.eus/paperekoa/1896/021/001/2020-04-09/etorkizuna-gaurdanik-eraikitzen.htm>.
- OJD interactiva. (2020). Evolución diaria de la difusión de los sitios web durante la crisis. <https://www.ojdinteractiva.es/coronavirus/>.
CC-BY-SA