Pozik gaude EITBren, Tokikomen eta Goienaren arteko elkarlanak eman dituen emaitzekin. Ez dira hamaika adibide oraindik, baina bada oinarri bat hortik eraikitzen hasteko.
Aliantzetara zabalik dago EITB, baita tokiko hedabideak ere. Horrela da posible egiteko molde berri batzuk asmatzea eta probatzea.
Erabakia izan da, hausnarketetan galdu barik, ekintzarekin ikasiz eta igurtziak onurak dakartzala sinistuz jardutea. Helburua, beti eduki hobeak egitea eta egiten dugun horretan sinistea. Indarrak batuz, euskal esparru komunikatiboa garatzea eta trukatzea da ahaleginaren helburua, tokiko eta nazio esparruko komunikabideen arteko elkarlan eredu bat lantzeko.
Artikulu honetan adibide konkretu bi aztertzen dira: bata, ETB1ek eta Goienak batera landutako telebista saioa, Arrasateko San Joan bezperan; bestea, datu kazetaritzan oinarritutako lankidetza, Saretzen deitua. Biak ala biak interesgarriak eta etorkizunean ere errepikatu nahi ditugunak.
Elkarlan errealetik sortutako lankidetza
Ez da gaur goizekoa enpresa hauen jarduna, ezta batera landutako bidea ere. Nahi bati erantzuten dio ekintzara pasa izanak, eta da hizkuntza minorizatu batean jarduteak sortzen dituen beharrei hobeto erantzutea:
- Irratiko programa egiten 2013ko irailak 9a ezkero (9urte): Mezularia-n badute tartea Tokikomeko hedabideek. Astero-astero egiten da bailaraz bailara irratsaioa. Tokiko istorio bat egiten da Euskal Herri osoan irrati liderra den Euskadi Irratian: istorioak, berriak, elkarrizketak…
- Irudi trukea eguneroko albistegietan (22 urte): albistegietako produkzio arduradunen arteko harremana aspaldikoa da. Eguneroko albistegietan ohikoa da irudi eskaera, alde bietatik. Irudi asko ikusten dira bai EITBn eta bai Goienan elkarren artean trukatutakoak.
- Aurrerapen teknologikoak partekatu ditugu (6 urte): EITBk garatutako aplikazio bat erreplikatu zen nahieran txiki bat egiteko. Sortutako kode guztia aprobetxatu zen; enpresari eskatu zitzaion kode hori aprobetxatuz aplikazio bat garatzeko tokiko telebistentzako. Ez zen arazorik egon eta garatu eta bistaratu egin zen aplikazioa, Hiru aplikaziotik abiatuta.
Ekintzaren ostean, hitzarmena:
Lehenengo hitzarmena Maite Iturbe zuzendari zela sinatu zen, 2014ko maiatzaren 15ean. Intentzioak jasotzen zituen dokumentuak, eta ordurako ere adierazten zen zein zen enpreson nahia: arestian aipatu bezala, «euskal esparru komunikatiboa garatzea eta trinkotzea, hain zuzen ere, biztanleen informazio beharrizanak asetzeko unean-unean egokien diren ekimen eta formulak adostuz».Aterki horren azpian egin ziren hainbat truke eta lan. Ekintza izan zen garrantzitsua hitzarmenaren letra txikia baino gehiago. Nahiko aterki handia adostu genuen horren azpian malgu samar jarduteko. Hitzarmenaren aurretik, egunerokoan, loturek funtzionatzen zuten. Baita antzinagotik Arrasate Telebistaren eta Euskal Telebistaren artekoak ere. Gerora, esaterako, Tokikomeko tokiko telebistek hainbat saio jaso izan dituzte ETBtik prezio sinboliko baten truke. Bereziki, marrazki bizidunak eta fikzioa.
Beste hitzarmen bat 2021eko azaroan sinatu zen, baina horren aurretik jarraitu egin zuen bi enpresen arteko informazio trukeak. EITBk erabaki zuen hainbat txostenetara eta dokumentutara sarrera erraztea, eta horrela jaso izan dira, Tokikomen eta EITBren arteko elkarlanaren parte bezala, Ispiluak (EITBren antzeko komunikazio taldeen inguruko informazioa), Sound (munduko joerak audio esparruan, zentzu zabalenean: irratia, podcastak, musika, sormena…), eta publikoak izan arren (EHUko NOR Ikerketa Taldeak ohitura on hori dauka), Ikusiker, gazteen ikus-entzunezko kontsumoen ikerketa: Applika ekimenaren barruan (EHU, EITB, Kultura Behatokia eta Tabakalerako 2deo laborategiaren artean egindakoa) Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 14-24 urte bitarteko 2.400 gaztek osatzen duten panelaren emaitzak.
Azken honen barnean, aurten bertan aztertu diren TikTok, streaming plataformak, Twitch, Youtube, podcastak, edo informazioa eta Ukraina bezalako galdetegietatik ateratako emaitzetan oinarrituta erabaki du Goienak, esaterako, Hi gazte! gazteen ikus-entzunezko sormenera bideratutako proiektuan TikTok ere erabiltzea. Badago zeregina:
«Tik Token ikusten diren hizkuntzen artean, gaztelania eta ingelesa dira nagusi. % 72,1ek dio ikusten dituen bideoetan gaztelania izaten dela nagusi eta % 25,8k, ingelesa izaten dela. Euskara eta beste hizkuntza batzuk % 1,1ek aipatzen ditu, hurrenez hurren».
Hi gazte! Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektua da, eta Goienak kudeatzen du, lehiaketa publiko bat irabazi ostean. 2022an bigarren urtez gauzatu da dinamika eta urtero 1.000 gaztetik gora izan dira parte hartzen. Gipuzkoako eskualde guztietako eta sare askotariko hamalau ikastetxek parte hartu dute: Orixe BHI, Uzturpe, Jakintza, Elgoibar BHI, La Salle Azitaingo Ama, Eibar BHI, Egiluze Hondarribia, Herri Ametsa, La Salle Berrozpe, Iraurgi, Ikasberri, Azkoitia BHI, Aranzadi eta Oñati BHI. Bideo asko igo dira eta 14,6K atsegite izan ditu, esaterako. Proiektuaren bigarren aldia izan da aurtengoa eta sareetan gazteen atxikimendu handia lortu du Hi gazte! perfilak: Instagramen 865 jarraitzaile eta TikToken 1.801 jarraitzaile. Datuok lortzeko ez da jarraitzailerik erosi, hori gauza ohikoa izaten den arren. Ez zuen zentzurik norbere buruarekin tranpatan aritzeak; izan ere, esperimentazio berria erakargarria zen baita hedabideok ondorioak ateratzeko ere. Esan behar da Etorkizuna Eraikizen barruan kokatzen duela ekintza hori aldundiak eta bigarren aldi honetan EHUk ekintza horren gaineko ikerketa egingo duela, NOR Ikerketa Taldeak hain zuzen ere. Ikerketak emaitzak ekarriko ditu eta horietatik ikasi beharko dugu ikus-entzunezkoetan gabiltzan profesionalok.
Badira EITBk tokikoen eskura jarritako beste hainbat azterketa, eta horien artean erabili dugunetako bat da Digital News Report, Reuters Institutuak egindako azterketa.
Bistan denez, tokikoek mugitzen den horren pista jarraitzeko zailtasunak lituzkete, ikerketok garestiak baitira eta eskatzailea azterketen gainean egotea behar baitute. EITBk hala sentitu du eta nahi izan du diru publikoz ordaindutako azterketok hitzarmena sinatutako erakundeen esku utzi. Horrela da posible zaintza teknologikoa eta proba berriak egitea hedabideetan.
Aipatu dugu ekintza izan dela lehenengo eta ondoren hitzarmena. Hitzarmena berritzeko bilerak eginda daude artikulu hau idazterako. Azaroaren 28an sinatu zuten dokumentua EITBk etaTokikomek. Ahalbidetzen digu elkarrekin datu kazetaritza jorratu eta datuok modu bateratuan kudeatu eta ustiatzea. Egitasmoaren helburua da datu kazetaritza elkarrekin eta elkarlanean lantzea, BBCren eta Erresuma Batuko dozenaka tokiko hedabideren Local News Partnership ereduari jarraituz.
Argitaratu zen lehen emaitza EITBren eta Tokikomen medioetan; datu esanguratsuak jaso ahal izan zituzten hedabide sinatzaileak kontsumitzen dituzten milaka eta milaka ikus-entzule eta irakurlek. Euskal Herriko demografia izan zuen gaitzat, nork bere esparruari, ezaugarriei eta eremuari egokituta.
Zehazki, 2001 eta 2021 urteen arteko Hego Euskal Herriko demografia datuak landu ziren, Eustat eta Nastat iturri hartuta, besteak beste. Azken 20 urteotako populazioaren bilakaera aztertzeaz gain, gizartearen erradiografia egin zen, biztanle kopuruari, zaharkitzen doan gizarteari eta jaiotza-tasari erreparatuta. Eskualdez eskualde emandako fenomenoetan jarri zen arreta eta udalerriak ere aztergai izan ziren, datuak eskualde, hiri zein herrietako errealitateetatik aztertuta. Hain justu ere, hori izango da Saretzen proiektuaren ezaugarri nagusia: datuak modu bateratuan bildu ondoren, horien lanketa zehatza hedabide bakoitzaren esparrura egokituko da.
Azpimarratzekoa da datu bilketa erraldoia dela, eta gehitu behar zaio hedabideen artean banatzen dena ez dela datuen irakurketa bakarra. Kontua ez da hedabide guztiok emaitza berberak ateratzea, baizik eta hedabide bakoitzak dakien moduan bere bezeroari gehien interesatzen zaizkion datuak eta istorioak argitaratzea.
Bi lantalde lanean, bat balitz bezala
Gauza bat da elkarren edukiak trukatzea edota hedabide batek emandako informazio bat hartu eta norberaren egiteko moldera egokitzea; eta beste gauza bat da bi lantalde, bi enpresa, bi kultura mahaiaren bueltan jarri eta saioak adostea. Horixe izan da 2022ko sanjoanetan egindakoa: bi lantalde bakarra balitz bezala jartzea lanean.
Emaitza ona izan da. Balio izan du eskualdeko –kasu honetan, Arrasateko– jaiaren gaineko jakintza eta teknika batzeko. Ikus-entzunezko edukiak egiten eskarmentua, materiala eta zabalkundea ditu EITBk; jaiaren gaineko zirrikitu guztiak ezagutzen ditu Goienak. Bi enpresetako teknikari profesionalak batu dira eta programa eredu bat landu dute.
- Gakoa elkarlanean jarduteko nahia izan da; lantaldeen arteko errespetua egon da oinarrian eta, parez pare lan eginda, emaitzak irabazi du. Bistan denez, emaitza hobea lortuta, ikus-entzulea da produktu hobea jasotzen duena etxean, eskuko telefonoan...
- Bi aldeak irabazten ateratzen diren sentsazioa. Tokiko hedabideak bertakoa ezagutzen du (ekitaldia, protagonistak...) eta ETBk bitarteko hobeak ditu zuzeneko ekitaldi bat grabatzeko (buru-beroa, argiztapena…). Bakoitzak jartzen duenetik irabazten du besteak.
- Ez da ezkutatu bakoitzak dakiena. Jarri dira mahai gainean saio on bat egiteko osagarriak eta horiek kudeatu dira ahalik eta efizienteen.
- Ekipoen optimizazioa. Ekitaldi jendetsua da San Joan bezperakoa Arrasaten. Hori kontuan hartuta, bertaratutakoei trabarik gutxien eragiteko, muntatu beharreko ekipoak bikoiztu beharrean, optimizatu egin ziren.
- Emankizuna bi telebistetan eman zen. Ikus-entzuleen batura dakar horrek eta audientziak beste modu batera zenbatzeko beharra ere erakutsi du.
Badago hobetzekorik ere, zalantzarik ez:
- Marka. Agerikoago egin behar dugu enpresa biak batera dihardutela lanean. Ez zen ezkutatu, eta hainbat aldiz nabarmendu zuten Goienako eta EITBko aurkezleek ere, baina lagunduko luke iruditeriaren lanketa berezituak.
- Molde desberdinetan lan egiten du hedabide bakoitzak. Elkarlanaren diskurtsoa langileen artean zabaltzea komeni da, bereziki elkarlanean jardungo dutenen artean. Goitik behera transmititu behar da, guztiok norabide berean jarduteko eta transmisioa gertatzerakoan elkarlana naturalagoa izan dadin. Hasiera bat da eta badirudi beste saio batzuk egiteko modua izan daitekeela.
Etorkizun hurbilean:
BBCtik ikasi genuen Seu d’Urgellgo (Katalunia) egonaldian. CIMP jardunaldiak egin ziren eta hara gonbidatu gintuzten katalanek. Matthew Barraclough-ek egin zuen hitzaldian entzundakoa (BBC Local News Partnerships: A collaboration supporting local public interest news in the UK ) biziki interesgarria eta inspiratzailea izan zen, Euskal Herrira ekartzeko modukoa. Tokiko aldizkariekin hiru zutabeko aliantza erakutsi ziguten: LDRS, Local Democracy Reporting Service, Sharet Data Unit eta BBC News hub. Zein baino zein interesgarriagoak.
Demokrazia sustatzeko beharrezkoak dira hedabideak. Tokiko demokrazia mantentzeko eta kazetaritzako estandarrak hobetzeko elkarte bat sortu zuten. Helburua ez da ordezkatzea, daudenek eta direnek egiten dutena hobetzen laguntzea baizik. 1.100 tokiko hedabide daude BBCren eragin eremuan eta harreman berria hasi zuen BBCk era askotako tokiko horiekin. Estandar homogeneizatzailea zein izango zen pentsatu zuten eta zenbait printzipio adostu zituzten: justuak izatea, eta ez-baztertzaileak. Hasieran, 800 hedabide batu ziren eta onura batzuk eskaini zizkieten: datu kazetaritza, bideoak partekatzea...
Geuk honako pausu hauek behar izan ditugu gaur egun batera egiten dugun horretara heltzeko:
- Jakintza trukatu genuen Tokikomeko pare bat lagunek BBCko dozena erdiko lantalde horrekin eta horrela ezagutu genuen hobeto Local Democracy Reporting Service.
- Gerora, Tokikomen jardunaldietara gonbidatu genituen, 2021eko azaroaren 12an.
- EITBren egoitzan egun osoko egonaldia egin genuen arduradun eta zuzendariek eta han BBCko partaideek Erresuma Batuko tokiko komunikabideekin lan nola egiten duten azaldu ziguten. Elkarlan hori gurera nola ekar genezakeen ere landu genuen.
- BBCk sarbidea eman zigun hango tokikoei ematen dien ikastarora eta bat gehiago izango bagina bezala ikasi genuen eguneroko dinamika. Zerbitzu publikoa izateko daukaten bokazioaren parte zela esaten ziguten, baina eskertzekoa da gurekin izan zuten borondatea.
- EITBk eta Tokikomek adostu genuen datu kazetaritza izango zela elkarlaneko langai eta bi enpresoi zetorkigula ondo batera jardutea.
- Han ikasitakotik lehen pilotua jarri genuen martxan.
Atera diren emaitzen azalpena
Sanjoanetakoa (Goiena-ETB1)
Goiena telebistak programazio berezia eskaini zuen 2022ko San Joan bezperan. 18:00etan, Hemen Debagoiena saioa Herriko Plazatik zuzenean eskaini zen; tartean, makalaren igoera. Ondoren, 22:15ean, ETBrekin elkarlanean, San Joan gauari eskainitako saio berezia izan zen, Goiatz Aranak –Goienako esataria– eta Imanol Artolak –ETBko esataria– aurkeztuta.
Bi komunikazio taldeen arteko elkarlanaren emaitza izan zen; ordu berean ikusi ahal izango zen zuzeneko emankizuna Goiena telebistan eta ETB1en.
Bistakoa da sanjoanetako lanaren balorazioa ona dela. Aurretik ere, ETB eta Tokikomeko telebistak Korrikako zuzeneko emanaldietan elkarlanean aritu dira, eta indarrak batzea beti izan da aberasgarria, lehen aipatu bezala, zenbait alderdi hobetzeko badaude ere. Gertu agertzeko xedea bete da. Tokikomeko eta EITBko lantaldeak elkarrekin lanean jartzea aberasgarria da eta ikus-entzuleak kontatzen zaion horren emozioa hurbilago sentitzen du, bertakoagoa, eta ekimenaren nortasuna ere txertatzen da. EITBren helburua da herri honetan jazotzen diren gertaera garrantzitsuak zabaltzea. Eta tokiko emozio berezi horiek guztiak partekatzeko beharrezkoa da Tokikomekin urratutako bidea jarraitzea.
Goiena aldizkariak horrela jaso zituen bi hedabideetako zuzendarien adierazpenak:
Unai Iparragirre, ETBko zuzendaria:
«Elkarlanean jardungo dugu ETBk eta Goienak San Joan bezperan Arrasatetik. Elkarlanak edukia asko aberasten du eta, gainera, ikus-entzulea ateratzen da irabazten. Euskal Herriari zor diogu hau»
Iban Arantzabal Arrieta, Goienako zuzendaria:
«Goienak urteetan sinatu du kolaborazio hitzarmena EITBrekin, Maite Iturbe zuzendari zenetik. Andoni Aldekoak ere aliantzen premia azaleratu du plan estrategikoan. Orain, hitzei edukia jartzeko momentuan gaude, eta emankizun bateratu hau horren adibide da. Hasiera ona, jarraipena izatea nahi genukeena. Erraztu du emanaldi hau egiteko Oihane Agirrek eta Unai Iparragirrek egindako lanak. Arrasateko San Joan bezpera inoiz baino jende gehiagok ikusiko du»
Datu kazetaritza (Tokikom-EITB)
EITBk eta Tokikom tokiko komunikabideen sareak Saretzenen emaitzak argitaratu zituzten azaroaren 29an; elkarrekin datu kazetaritza jorratu eta datuok modu bateratuan kudeatu eta ustiatzea izan zen asmoa. Egitasmoaren helburua da, halaber, datu kazetaritza elkarrekin eta elkarlanean lantzea, BBCren eta Erresuma Batuko dozenaka tokiko hedabideren Local News Partnership ereduari jarraituz.
Lehen emaitza hori EITBren eta Tokikomen medioetan argitaratu zen. Hego Euskal Herriko demografia aztertu zuten eta gai zehatz hori landu zuten bai EITBko eta bai Tokikomeko medioek, nork bere esparruari, ezaugarriei eta eremuari egokituta. Emaitzak argitara eman aurretik, dokumentazio-lan handia egin zuen Tokikomeko eta EITBko bizpahiru kazetarik osatutako taldeak, datu eta zifra guztiak antolatzeko eta guztientzat istorioak lantzeko oso interesgarria izan zen txostena osatzeko.
Tokiko hamazazpi hedabidek landu zituzten, haien ikuspegitik, 2001 eta 2021 urteen arteko Hego Euskal Herriko demografia-datuak. Egon zen monografikoa egin zuenik ere; esaterako, Goienaren Puntua aldizkariak 48 orri atera zituen eta gaia sakon landu zuen. Hain zuzen ere, hori izango da Saretzen proiektuaren ezaugarri nagusia: datuak modu bateratuan bildu ondoren, horien lanketa zehatza hedabide bakoitzaren esparrura egokitzea.
Etorkizun ertainean
EITBren eta Tokikom sarearen arteko hitzarmen berriak etorkizuneko
ikus-entzunezko ereduaren inguruko hausnarketaren erronka konpartitua jasotzen du, eta dagoeneko zabaldu ditu bide berriak.
- Aisialdia: tokian tokiko jakintza baliatuz programa aukerak sortzea.
- Informazioa: ikusi ea datu-mahai egonkor bat posible den, EITB-Tokikom unitate iraunkorra, datu kazetaritzarekin lotua (aztergai, momentuz).
Hitzarmena garatzeko lanean
Hitzarmena sinatuta dago eta zabalik geratzen da eduki gehiagorekin osatzeko. Bai tokiko enpresek zein EITBk badute horretarako borondatea eta elkarren berri jakiteak ez du etenik. Aliantzak badu etorkizuna eta ikus-entzuleek lehen kolpean igarriko ez dituzten elkarlanak ere errazago gauzatuko dira hitzarmenari esker. Izango dira agerikoagoak ere, eta horietakoak dira hemen aipatutako Saretzen eta sanjuanetako saioa. Etorriko dira lanketa gehiago eta saio gehiago.
Aipatzekoa da Primeran plataforma. Hitzarmenaren garapenean ere badu lekua eta EITBren proposamena bere egingo du Tokikomek. Aurten, EITBk bultzatuta, Primeran euskal eta euskarazko ikus-entzunezko edukien leiho digitala jaioko da. Azterketa guztiek diote leiho digitalek gero eta minutu gehiago hartzen dituztela eta ikus-entzunezkoen kontsumoa plataformetan dagoela. Primeran denetariko euskal gaien edukiontzia izango da: informazioa, kirola, emanaldi bereziak, jaiak, filmak, dokumentalak, sukaldaritza edukiak, abenturazkoak… Herri nortasuna ematen diguten ikus-entzunezko eduki orok izango du lekua. Beraz, Euskal Herrian hainbat eta hainbat erakundek sortutako edukien bilgune indartsua izateko asmoz sortuko da, ikus-entzunezko produkzio plural eta askotarikoaren bidez herri honen kontakizuna lantzeko.
Hartara, aliantzak behar-beharrezkoak dira, eta, nola ez, Tokikomekin EITBk duen elkarlana sustatu eta indartzea beharrezko ikusten dugu sinatzaileek. Primeranek hedabideetan egiten den edukia islatu eta munduan hedatu nahi luke, aurrera begira doan taupada indartsudun, plural eta energia biziko herria garela erakusteko helburuarekin.
'Euskara, Korrika, hedabideetatik lau haizetara!'
Euskal hedabideen elkarlana eta Korrika
Berriki, joan den abenduaren 3an, Euskaraldiaren eta Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara, Iparraldeko euskarazko hedabideak elkarlanean aritu ziren, “Euskara, hedabideetatik karriketara!” programa berezia emateko, zuzenean, Baionako merkatutik. Informazioa zorrotz osatzearren, partaideen berri ere emango dugu: Berria, Iparraldeko Hitza, Herria, Kazeta, Kanaldude, Gure Irratia, Xiberoko Botza, Irulegiko Irratia, Antxeta Irratia eta Amikuzeko irratia.
Esan dezakegu ekimen horrek aurrekari dezente dituela, antzekoak burutu baitituzte azken urte luzeetan, hainbat ekitaldiren berri emateko. Beraz, 2015ean, 19. Korrika Urepeletik abiatu zenerako, zegoeneko elkarlan hura ezaguna genuen. Testuinguru horretan, Korrikak Iparraldean hasi behar zuela aintzat hartuta, hasiera bera telebistaz nahiz Internetez zuzenean emititzeko asmoa ere mahai gainean zegoela, elkarlan horretan oinarritutako ekimen zabalagoa jaio zen Korrikarako.
Gaur egun, zazpi urte geroago, Korrikari begirako ekinbide honek bizirik segitzen du, xedea sendotzen, baita ate berriak zabaltzen ere. Pandemiaren aro beltzaren ondoren izan zen 22. Korrika arrakastatsua horren lekuko izan zen; izan ere, Amurrioko hasieran nahiz Donostiako bukaeran zuzeneko saioak burutu ziren elkarlanean; batetik, telebista/Internet bidez, eta, bestetik, irratien emankizunaren bidez. Halaber, Korrikaren jarraipena segundoz segundo egin zuen zuzeneko seinale arrakastatsua ere izugarri biderkatu zen aliantza honi esker sortutako elkarlanarekin.
Hedabideen arteko elkarlan honek sustatzen ditu Korrikarekin ere maiz lotzen ditugun hiru kontzeptu: elkarlana, auzolana eta arazoak gainditzeko grina. Hori dela eta, bai Korrikari nahiz hedabideei beraiei egiten dien ekarpenagatik, propio aipatu dugu askotan Korrika bakoitzeko balorazioan; mugarri garrantzitsutzat jo izan dugu hau AEK/KORRIKAtik. Hurrengoaren bila, noski!
Azken edizioari so eginez, zilegi iruditzen zaigu elkarlan bakoitzeko oinarrian ibilitakoak aipatzea. Telebista/Interneteko zabalpenari dagokionez, hauxe izan zen talde operatiboa, gero emisioa beste hedabide askori zabaltzeaz gain: ETB, Berria, Hamaika, Kanaldude, Goiena, Erlo, Goierri TB eta 28 Kanala. Irratiei dagokienez, aipatuko ditugu kontakizunean aritu ziren ahots nagusiak: Euskadi irratia, Aiaraldea, Euskal Irratiak, Arrosa Sarea, Irutxuluko Hitza, Antxeta irratia eta Bilbo Hiria irratia; hemen ere partaidetza zabalagoa, zerrenda luzea, horrelako izenburu baten pean ere jaso zena: “euskaraz aritzen garen irratiok elkarlanean”.
Bestalde, karrerarako sortutako lan-taldeak aparteko aipamena merezi du. Ez dauka loturarik aurreko lerroetan aipatu dugun egitasmo horrekin, Korrikak berak aspaldidanik daukan ekinbidea da, baina beharrezkotzat dugu hemen islatzea. Korrikaren beraren barruan, lekukoaren aurretik nahiz atzetik, AEKren prentsa taldeko lau kideez gain, Berriak (bi kide), Hamaikak (beste bi), Argiak (bat) eta Arrosa Sareak (bat) ere parte hartu zuten Korrikaren prentsa taldean; eta ekimenak iraun zuen hamaika egun eta hamar gau horietan hedabideen arteko elkarlana erabatekoa izan zen. Erabilgarri genituen baliabide mugatuak partekatzen genituen (kotxeak, ekipoa, eta abar), ateratako argazki eta bideoak elkarbanatzen ibili ginen, elkarri babesa eta zaintza eman genion, zailtasunei irtenbide bateratuak ematen saiatu ginen... eta emaitza begi-bistakoa izan da. Inoizko KORRIKArik jarraituena izan da, oso kalitate handiko piezak sortu ziren, eta, zalantzarik gabe, esan genezake aipatutako elkarlanak herri honen onena ateratzen jakin zuela.
Iban Iñaki Lantxo eta Helios Del Santo
Korrikaren komunikazio taldea