Urtekaria 2022-23 | Arantza Gutierrez-Paz, Tania Arriaga-Azkarate, Itxaso Fernandez-Astobiza (UPV/EHUko Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan Ikerketa Taldea)

Podcasten garapena nabaria da azken urteotan. Milurtekoaren hasierarekin batera garaturiko teknologia izan arren, ia lehen hiru bosturtekoak behar izan dira egonkortzeko eta hedatzeko, bereziki sakelako telefono adimentsuen erabilera zein wifiaren kostu jaitsieraren ondorioz. Duela urte batzuetako podcast gehienek irratiraturiko saioen grabaketak nahieran entzuteko aukera ematen bazuten ere, gaur egun gero eta gehiago dira berezko podcast gisa sortuak, hau da, inolako irrati-programaziorekin loturarik ez dutenak. Podcasting delakoaren hedapenak ere entzuketa-ohituren aldaketa dakar, baita hizkuntza eta formatu berriak ere.

Komunikazio-fenomeno berria den neurrian, unibertsitatean ere horren inguruko ikerketak ugaritzen ari dira. Gure ikerketa honetan, Euskal Hedabideen 2021eko Urtekarian argitaratu genuen euskal hedabide feministen unibertsoaren atal bat garatzea dugu helburu; kontuan hartu ditugu azken urteotan sortu diren produktu berriak eta baita ere —aipamenek eta sariek agerian uzten duten bezala— hauek gizartean izan duten harrera. Beraz, honako artikulu honetan, euskaraz ekoizten diren podcast feministak zerrendatu eta aztertu ditugu. Hala ere, aurrekoan esan bezala, jakin badakigu formatuak berak eskaintzen dituen aukerak direla-eta, egon daitezkeela hemen jaso ez ditugun egitasmoak. Beraz, esan dezakegu hemen jasota daudenak badirela, eta ez daudenak eta direnak guri helaraztea eskertuko genukeela, euskal podcast feministen mapa ahalik eta osatuena egin dezagun.

Marko teorikoa

Podcast hitza iPod + broadcast hitzek osaturiko akronimoa da. Izan ere, teknologia honen helburua irratsaioak iPod erreproduzigailuan entzun ahal izatea zen. Lehenengo urratsa Shotcast izeneko sistema izan zen, Dannie J. Gregoire-k asmatutakoa; aurretik, Dave Winner-ek asmatu zuen atxikitako artxiboa (enclosure) RSS informazioa banatzeko sisteman sartzeko modua. Adam Curry-k iPodder programaren bidez, herritarren artean hedatu zuen podcasting egiteko sistema 2004an. Podcast izena The Guardian egunkari britainiarrak erabili zuen <<Audible revolution: Online radio is booming>>1 izeneko artikuluan.

<<With the benefit of hindsight, it all seems quite obvious. MP3 players, like Apple’s iPod, in many pockets, audio production software cheap or free, and weblogging an established part of the internet; all the ingredients are there for a new boom in amateur radio. But what to call it? Audioblogging? Podcasting? Guerilla Media?>>

Euskarazko lehenengo podcasta Gorka Juliok egindako Teketen I-rratsaioa izan zen, 2005ean2, eta iPodder podcast plataforma ere berak euskaratu zuen3.

Hasiera batean, baina, teknologia honek ez zuen arrakasta handirik lortu, eta irratsaio askoren grabaketak nahieran entzun ahal izateko aukera eskaintzen bazuen ere, formatua ez zen garatu eta saio tradizionalen osagarri moduan eskaintzen ziren horien grabaketak Interneten bidez; horretaz gain, podcast askok amateur izaera zuten. Richard Berryk (2015) eta beste aditu batzuek Podcasten birsortzea 2014an ezartzen dute, Serial4 podcastaren emanaldian, hain zuzen ere. 12 ataletan, bikotea hil izana leporatuta betiko kartzela-zigorra betetzen ari zen Adnad Syed-en kasuaren jarraipena egin zuen Sara Koening kazetariak, eta kontakizunean zehar AEBetako entzuleriaren arreta mantentzea lortu zuen (Berry: 2015, 3). José Gamir-Ríos eta Lorena Cano-Orón ikerlariek diotenaren arabera, espainiar Estatuari dagokionez, podcasten kontsolidazioaren hasiera Prisa komunikazio-taldeak sorturiko Podium Podcast delakoarekin lotuta dago. Évelyne Cohenek (2019), bere aldetik, 2016an kokatzen du Frantziako podcasten hirugarren garaia, zeinetan irrati instituzionalek eskainitako saioez gain, berezko podcastak sortu ziren, haien artean BoxSons, Pascale Clark eta Candice Marchal kazetarien eskutik.

Gaur egun, dudarik gabe, gero eta entzule gehiago bereganatzen ari den fenomenoa dugu podcastgintza delakoa, baita Europan ere. Entzulerien neurketak egiten dituzten Médiamétrie enpresaren arabera, Frantzian 2022ko abenduan 142 milioi podcast entzun edo deskargatu ziren5. Espainiar estatuari dagokionez, iVoox-en behatokiaren 2022ko iraileko txostenaren arabera (Martínez: 2022), podcast-en entzuleen % 57,6 gizonezkoak dira eta % 42,4 emakumeak; 25-64 adin tartekoak dira, % 57k ikasketa unibertsitarioak ditu eta ia % 80k lana dauka. Gehien entzuten diren podcasten gaiak honakoak dira, hurrenez hurren: historia eta giza-zientziak; misterio eta beste errealitateak; politika, ekonomia eta iritzia; umorea eta entretenimendua; eta futbola.

Marta Ruedak (2022) iVoox-en 2021ean argitaratu ziren podcasten % 43, 27.600 orotara, emakumeek egindakoak izan ziren, eta entzuleria parekatuta zegoen gizonekiko. Emakumeen saio faboritoen inguruan honakoak azaltzen ditu, <<gaurkotasuneko elkarrizketak; moda, estilo eta tendentziak; gizarte eta bihotza; zinema, telebista eta ikuskizunak; eta ipuinak eta haurrentzako edukiak. Eta jarraian, umore eta entretenimendua, gastronomia edota finantzak eta legala>>.

Frantziako podcast independenteen Acast plataformak egindako ikerketaren arabera, gizonek (% 64) podcast gehiago ekoizten dituzte emakumeek (% 30) baino. Edukiei dagokienez, emakumeek gizartea eta kultura eta komediarekin loturikoak nahiago dituzte, eta gizonek, ordea, albisteak eta politika, entretenimendua (zinema eta musika), hezkuntza, teknologia eta kirola. Norberak egindako podcast independenteen kasuan, genero-parekotasuna dagoela dio txostenak; emakume sortzaileak, berriz, gehiengoa dira 26-39 adin-tarteko pertsonengan, baina alderantzizko joera ematen da adina igo ahala (Acast: 2022).

Podcast eta mugimendu sozialak

Podcast izena asmatu zuen Ben Hammersley-k berak, 2004an sortzen ari zen formatu berriari nola deitu galdetzen zuenean, <<Guerilla Media>> izendatzea ere proposatzen zuen. Zergatik, bada, hain zuzen ere, teknologia berriak ahalbidetzen zuelako norberak saioa egitea, baita argitaratzea ere, etxetik eta ia inbertsiorik gabe.

Manuel Castells komunikazio adituak ere uste zuen norbanakoen Internetek ahalbidetzen zuen masa-komunikazio horren bidez, mugimendu sozialek mainstream media direlakoei aurre egin ziezaieketela, informazioak kontrolatuz, gezurtatuz, eta baita edukiak ekoiztuz ere (Castells: 2006).

Ildo berean, 2007an Arantza Gutierrez Pazek6 aurreikusi zuen audio-blogak orokorrean, eta podcastak zehazki, aukera berriak zabaltzen zizkiela mugimendu sozialei zein komunikazio alternatiboari. Izan ere, teknologiak ahalbidetzen zuen norberak saio bat egin ahal izatea, eta, beraz, nabarmen errazten zen nahi zen entzuleriarengana iristea. Horretaz gainera, kostuak eta azpiegitura beharrak nabarmen merkatzen ziren, emititzeko baimen administratiboaren exijentziarik gabe, gainera.

Mathilde Wattecampsen ustez (2019), berezko podcastak gizartea eta bere arauak kolokan jarri ahal ditu; alde batetik, audioak gaien tratamendua errazten du telebistarekin konparatuta, eta masa komunikazioko euskarria ez denez, ahalbidetzen du kontsentsurik gabeko gaiez aritzea. Beste aldetik, podcastetan lehenengo pertsonan hitz egiten da, hurbileko solasaldi batean; ikuspegi pertsonal horretan, askotan komunikabide handietan aipatzen ez diren historiak azaltzen dira7. Ekoizteko errazak, hedabide handietan agertzen ez diren kontakizun alternatiboak zabaltzeko aukera ematen dute.

Podcastak mugimendu feministaren komunikazio-tresna moduan

Teresa Piñero-Otero eta Xabier Martínez-Rolán ikertzaileek (2020) Internet automediazio feministaren toki gisa aztertzen dute. Izan ere, amarauna oso esparru maskulinizatua ere badela azaldu arren, mugimendu feministak ziberaktibismoaren bidez bere diskurtsoa argitaratzeko bitartekotzat erabili izan du. Teresa Piñeiro-Oterok dionaren arabera, Internetek eskaintzen dituen baliabideek ahalbidetu dute emakumeek beren perspektibak eta interesak agenda publikoan sartzea, mainstream media deiturikoetan nagusitzen den gai-zerrenden gainean. Ildo horretan, ahalbidetu ditu ere <<komunikabideetan agertzen ez diren albisteak jasotzea, tratamenduaren fokua aldatzea, ahots berriak sartzea edo berrikuspen historikoa8 genero ikuspegia duen errealitateen irakurketaz gain, eskaintzen duten ikusgaitasun eta hedapena>> (2021, 234).

Helburuak eta metodologia

Artikulu honetan, azken urteotan euskaraz argitaratu diren podcast feministak jaso, sailkatu eta aztertu ditugu.

Metodologiari dagokionez, ikerketa honetan kontuan hartu dira sarean emititzeko sortu diren berezko saioak, nahiz eta horietako batzuk irrati-parrila batean ere eman diren. Ez dira kontuan hartu, ordea, irratsaioen grabaketak, nahieran eskainitakoak, horien azterketa jaso baikenuen Behategiaren 2021eko Urtekarian9. Saio batzuk maiztasunez emititzen dira; beste batzuk, aldiz, webgunean dauden datarik gabeko atalak dira.

Esan bezala, lanaren helburua da euskaraz ekoizten diren podcast feministen mapa ahalik eta osatuena egitea, baita haien ezaugarri nagusiak azaltzea ere, etorriko diren ikerketei baliagarria izango zaien oinarria finkatzeko asmoz.

Saio bakoitzaren fitxa bat jaso da, honako datuekin: edukia (gaia), argitaratzeko aldizkakotasuna (maiztasuna), atal bakoitzaren iraupena, erabiltzen den irrati-generoa (formatua) eta argitaratzen den euskarri nagusia. Izan ere, podcast gehienak plataforma batetik baino gehiagotik hedatu egiten dira. Guretzat ere garrantzitsua da jakitea ea audio-podcasta den edo ikus-entzunezkoa.

Podcast feministak

Podcast feministak Frantzian, Espainian eta Euskal Herrian

Esan bezala, feminismoak edo, hobeto esanda, talde eta ekintzaile feministek, oso tresna egokitzat jo dute podcasta. Espainiar estatuaren kasuan, podcast feministen ugaritzea dela eta, horien zerrendak topatzen ditugu hainbatetan; kasu batzuetan, aldiz, ikuspegi feminista dutenak eta emakumeek egindakoak nahasten dira; beraz, ez da erraza sailkatzea.

Frantziar podcast feministen artean, aipatzekoak dira honako hauek: Quoi de Meuf ? (Nouvelles Ecoutes) 10, Yesss11 , Un podcast à soi (ARTE Radio)12, La Poudre13, Les Couilles sur la Table14 ,Vénus s’épilait-elle la chatte15, La Menstruelle16, Conquérantes17, Cher Corps18, Sorociné podcast19 eta Entre nos lèvres20.

Espainiar podcast feministei dagokionez, aitzindarietako bat dugu Sangre Fucsia21 (Agora), 2013an sortua. Bost urte beranduago sortu zuten Radiojaputa22, urtebeteko isiltasun baten ondoren berriz martxan dagoena, 6. denboraldia abian jarri duena. Polemikoa izan da Estirando el Chicle23 (Podium) komedia lantzen duena. El Patio24 saioak futbol femeninoa du ardatz, eta Fan Grrrl25 saioak entretenimendua. Horietaz gainera, esan beharra dago kate konbentzionalek ere feminismoa ardatz duten saioak eskaini dituztela: Radio 3-ko Ellas Bailan26 Radio 5-eko Ellas Pueden27, SER kateko Tramas maestras28 eta Las Chicas29 edota Sevillako Radiópolis irratiko Feminópolis30.

Euskal Herrian, genero ikuspegia lantzen duten gaztelaniaz ekoizturiko podcasten artean, Bilboko Herri Irratiak webgunean eskaintzen duen Gafas violeta para cerca y para lejos31 izenburuko saioa aipatu beharra dago; Cáritas Bizkaia eta Emakundek bultzaturiko proiektua da eta Vanesa Galego Carrillo Pedagogian doktoreak eta gizarte hezitzaileak indarkeria matxistaren inguruko gogoeta egiten du. Bestalde, Antxetamedia (Antxeta irratia) dugu ikuspegi feminista duten edukien sortzaile garrantzitsua. Kasu batzuetan administrazioaren diru-laguntzaren bidez garaturiko proiektuak dira; beste batzuk, aldiz, elkarte edo egitasmo feministekin batera garatuak. Aipatzekoa da gaztelaniaz ekoizturiko 2022 urteko Hitz Arnas Bide egitasmoaren barruan, Gorputz Zurien Dekolonizazioaz32 izenburua duena, izenburuak dioen bezala, arrazan oinarrituriko intersektorialitatearen inguruko hausnarketa du hizpide eta Laura Alfarok gidatzen du. Galdakaoko Mozoilo irratian Sorginkeria33 eskaintzen da, podcast honek Twitterren soslai aktiboa du. Bere aldetik, Inurri elkarteak minbiziaren inguruko Dragón Cáncer34 podcasta du gaztelaniaz. Ikusiko dugunez, beste bat ekoizten du euskaraz, (Min)bizi, hurrengo puntuan jasoko duguna.

Hurrengo atalean euskarazko saioen azterketa egingo dugu.

Euskarazko podcast feministak

 

 

Ahapetik

Antxeta Irratiaren web atarian jasotzen denaren arabera, <<Ahapetik, euskal emakume sortzaileen ataria da. Hilean behin euskal emakume artista bat elkarrizketatzen dugu, urte anitzez itzalean egon dena, aktualitatearen lehen lerrora eraman nahi dugulako>>. Gaur egunera arte 20 ataletan beste hainbeste emakume artista elkarrizketatu dituzte. Antxetaren webgunean ez ezik, gainerako Euskal Irratietan ere entzungai dago.

  • Gaia: emakume sortzaileak
  • Maiztasuna: hilabetero
  • Iraupena: 50 minutu inguru
  • Formatua: elkarrizketa
  • Euskarria: Antxeta (audioa)

Ama(t) Asunak

Sabeletik mundura elkartearen eskutik, Nahia Alkortak zuzentzen du saio hau, zeinetan amatasunak diren hizpide ikuspegi feminista batetik. Haiek haien burua horrela aurkezten dute: <<Amak. Amatasunak. Gozoak eta garratzak. Amatasunaren asunak>>.

  • Gaia: amatasuna
  • Maiztasuna: ez du maiztasun finkorik
  • Iraupena: 20-25 minutu
  • Formatua: elkarrizketa
  • Euskarria: iVoox (audioa)

Arduraz komunika dezagun

Antxeta mediak ekoizturiko 8 ataleko podcast bat da. Horretan komunikazio eta kontakizun feministaren inguruan hitz egiten da emakume aditu eta arituekin.

  • Gaia: komunikazio feminista
  • Maiztasuna: maiztasunik gabe
  • Iraupena: 15-20 minutu
  • Formatua: elkarrizketa
  • Euskarria: Antxeta (audioa)

Benetan zabiz

Aitziber Grados eta Malen Altunak gidatzen duten <<podcast gazte eta lotsagabea da, umoretik entretenimendurako sortua>>. EITBko Gaztea katean eskaintzen zen sekzio batetik sortu zen, eta podkasta ere Gaztean eskaintzen da. Sare sozialetan, Instagramen, Tik Tok-en ere profila dute.

  • Gaia: entretenimendua
  • Maiztasuna: astero.
  • Iraupena: ordu t’erdi inguru
  • Formatua: magazina
  • Euskarria: EITB podkast (audioa) + sare sozialetan (Instagram, Tik-Tok, besteak beste)

Berria FM

Euskarazko lehen podcast feminista dugu Berria FM, 2019ko azaroan hasi zen emititzen Maider Galardi F. Agirre kazetariak gidatuta. <<BERRIA egunkariaren podcast feminista da Berria FM. Puri-purian dauden gaiei genero ikuspegitik heltzeko espazioa>> Hasieran hamabostero emititzen bazuen ere, ondoren hilean behin eskaintzera pasatu zen. Euskal Kazetarien elkarteak saritu zuen 2022an, Kazetaritza digitala-Narratiba berriak izeneko atalean.35

Berria egunkariaren webgunean ez ezik, hainbat plataformatan ere topa daiteke. 2022ko abenduan azken atala emititu zuen, Galardiren hitzetan: <<Berriak segituko du podcast feminista bat edukitzen, baina eraberritzeko atseden hartzea tokatzen da orain>>36. Lau denboralditan 44 saio argitaratu ditu, eta askotariko gaiak eta gonbidatuak ukitu dira, euskal gatazka, zientzien aurkikuntzak, pandemia, gerra…, beti ere ikuspegi feministatik.

  • Gaia: askotarikoak (politika, gizartea, osasuna, kirola…)
  • Maiztasuna: hilabetero
  • Iraupena: 25-40 minutu
  • Formatua: elkarrizketa
  • Euskarria: Berria (audioa)

Bertikala

Podcast honen bigarren denboraldia hasi zen urrian, aurreko urtean 4 ataleko proba moduko 0 denboraldia egin eta gero. Tabakalera Kultur erakundetik 2022ko udaberrian sorturiko saioa da, Sara del Río Loyarte eta Laura Ré dira saioaren gidariak eta Kattalin Miner ari da kolaboratzaile moduan. Beraiek elkarrizketa batean esandakoaren arabera, Podium Podcast plataformaren Estirando el Chicle37 saioa izan zuten erreferente berea sortzeko.

  • Gaia: entretenimendua
  • Maiztasuna: hamabostero
  • Iraupena: ordubete inguru
  • Formatua: solasaldia
  • Euskarria: Youtube + sare sozialak (Tik Tok, besteak beste)

Borroka, Maitasun eta Traizio istorioak

Argian argitaraturiko podcasta da. Estitxu Eizagirre kazetariak gidatuta, Beatriz Rubiorekin dituen elkarrizketen bidez feminismoaren historia azaltzen da, bederatzi saiotan. Helburua ikastetxeetan erabiltzeko tresna pedagogikoa sortzea izan da. Soinua ez ezik, irudia ere badu podcastak, eta Rubiok prestaturiko material grafikoa ere ikusgai du entzuleak.

Aurkezpenean esandakoaren arabera,

<< Feminismoaren historiara hurbilpen txiki bat egin asmo du ‘Borroka, maitasun eta traizio istorioak’ podkastak. Beatriz Rubio irakaslearen azalpenek feminismoaren historian ezagunak diren hainbat autoreren bizitzei buruz apur bat gehiago jakiten eta egungo feminismoen oinarriak hobeto ulertzen lagunduko digute (…) Motz geratu zaizkigunak nahi genituen emakume guztiak sartzeko, horregatik mugatu gara, bereziki, Europa eta AEBetako mugimenduetara. Jakitun, historia oso baten zati txiki bat besterik ez dela >> 38.

  • Gaia: feminismoaren historia
  • Maiztasuna: maiztasunik gabe
  • Iraupena: 15-25 minutuko saioak daude
  • Formatua: elkarrizketa
  • Euskarria: Argia (ikus-entzunezkoa)

Emakume sindikalistak frankismoaren garaian (Antxeta Irratia)

2020an garaturiko bi ataleko podcast honetan, Pili Moreno, Nati Rufo eta Pili Urkia sindikalistek haien bizipenak kontatzen dituzte, honako hiru galderei erantzunez: Zein errealitaterekin egiten zuten topo egunerokotasunean emakume sindikalistek Frankismo garaian? Nola antolatzen ziren? Nola ekiten zuten? 30 minutuz haien bizipena kontatzen dute.

  • Gaia: feminismoaren historia
  • Maiztasuna: maiztasunik gabe
  • Iraupena: 30 minutu
  • Formatua: elkarrizketa
  • Euskarria: Antxeta (audioa)

Emakume zientzialarien argitan

Donostia Kulturak eta Elhuyarrek emakume zientzialarien hitzaldi-sorta antolatu zuten eta podcast moduan eskaini zituzten bai Elhuyarren webgunean zein Donostia Kultura irratian.

  • Gaia: zientziak
  • Maiztasuna: ez du maiztasunik
  • Iraupena: ordubete inguru
  • Formatua: hitzaldia
  • Euskarria: DK irratia eta Elhuyar-en webgunea (audioa)

Indarkeria matxistaren aurka konpromisoz komunika dezagun (Antxeta Irratia)

Bozak39 elkartearekin batera garaturiko egitasmoa da. Bere webgunean azaltzen duenaren arabera, Bozak emakume gazteek osaturiko elkartea da, komunikazio feminista bultzatzea dute helburu eta horretarako, tresna egokitzat jotzen dute irratia40. 2020 urtean garatu zen egitasmo honetan, emakume kazetariek zein genero-gaietan adituek 14 ataletan azaltzen dute nola informatu behar den indarkeria matxistaren inguruan eta azken honi nola aurre egin komunikazioaren bidez.

  • Gaia: zientziak
  • Maiztasuna: ez du maiztasunik
  • Iraupena: ordubete inguru
  • Formatua: hitzaldia
  • Euskarria: Antxeta (audioa)

Hazka

Tolosaldeako Ataria agerkarian, Irma Arnaiz, Onintza Lasa, Eider Olazar eta Itzea Urkizuk egiten duten podcasta. Webguneko aurkezpenean honakoa irakur daiteke: <<Gertatzen direnek eta zaizkigunak sortzen digute azkura. Barruko ezinegon horri, kanpotik eta barrutik ertzetik eta zentrotik, goitik eta behetik, HAZKA egitera gatoz>>. Hilaren azken asteartean argitaratzen dute.

  • Gaia: feminismoa
  • Maiztasuna: hilabetero
  • Iraupena: 50 minutu
  • Formatua: magazina; elkarrizketak garrantzia handia du
  • Euskarria: Ataria (audio)

Kirolari Gaittun

Ane Urkiri kazetariak eta Maddi Garmendia teknikariak ekoizten duten podcast bat da, emakumeen kirola duena hizpide. Emakumeen kirolari buruz ari zen El Patio41 izeneko programa erreferente moduan hartuta sortu zuten, euskaraz. Garmendiak Goierriko Hitzari egindako elkarrizketa batean aitortu bezala, teknologia berriek emandako aukerez baliatu ziren egitasmoa abian jartzeko, irrati baten beharra izan barik.

<<Merke egin nahi baduzu eta zuk nahi duzun programa egin nahi baduzu, ezin zara irrati batean hasi. Hor lotuta zaude: ordutegiak, denbora, gaiak… Spotify dohainik da eta aukera bat ematen zigun gure saioa zabaltzeko. Beraz, inbertsio handirik gabe, etxean daukagun materialarekin hasi gara>>42.

Spotifyn ahots bidez emititzetik Youtubera salto egin zuten, irudia ere jarrita. Bigarren denboraldian, aldiz, Naiz Irratiarekin elkarkidetza iragarri zuten 2022ko azaroan43; horretaz gainera, podcast.eus plataforman entzun daiteke.

  • Gaia: emakumeek egindako kirola
  • Maiztasuna: hilabetero
  • Iraupena: ordubete inguru
  • Formatua: elkarrizketa
  • Euskarria: Youtube (ikus-entzunezkoa)

Lokatza (EITB Podkast)

2021eko martxotik ekainera bitartean 8 atalez osaturiko podcast hau EITB podcast plataforman dago eskuragarri. Ainara Lasak, Amagoia Gurrutxagak, Idurre Eskisabelek eta Lorea Agirrek gidatuta, <<Lokatza podcasta egungo mundua feminismoaren begiradatik aztertu eta ulertzeko saiakera da, mundua lokatzetan jartzekoa>>. Elkarrizketek, iritziek eta musikak osaturiko saioak dira. Ondas saria jaso zuen 2022an.

  • Gaia: feminismoa
  • Maiztasuna: maiztasunik gabe
  • Iraupena: 45-50 minutu
  • Formatua: sakoneko erreportajea
  • Euskarria: EITBpodkast (audioa)

(Min)bizi

Argia aldizkariaren webgunean eta Youtuben entzun daitekeen saioa da, Inurri elkarteak egindakoa: <<Inurri Elkartearen podkast saio berria da. Diagnosia jaso zutenean entzun nahiko zuketen informazioa eta bizipenak bildu dituzte bederatzi ataletan. Olatz Mercaderrek gidatzen du saioa, eta adituak zein minbiziaren prozesua gorpuztu dutenak gonbidatu dituzte>> (Argia podcastak)44.

2022ko azaroaren 23an estreinatu zuten eta 9 atal egin dituzte (2023ko urtarrilaren 30ean, horietako 7 daude argitaratuta). Antxeta irratian ere argitaratu zen aurretik45. 2023ko Argia saria jaso du podcastak, entzunezko atalean46.

  • Gaia: minbiziaren inguruko bizipenak
  • Maiztasuna: saio batzuen artean astebeteko tartea dago eta beste batzuen artean, adiz, 15 egunekoa
  • Iraupena: 45-50 minutu
  • Formatua: elkarrizketa
  • Euskarria: Argia media (audioa)

Uhin ultramoreak

2022ko azaroaren 9an estreinatu zen EITB Podkast atalean, Elhuyarrekin lankidetzan. Alaitz Ochoa de Eribe Agirre eta Ana Galarraga Aiestaran zientzialariek gidatzen dute saioa, eta webgunean azaltzen denez <<zientzia eta teknologiaren inguruko gaiez hitz egingo dute, ikusten ez den hori ateratzeko teknikaz baliatuta, eta gaurkotasun zientifikoaren berri emango dute, mito hedatuenak desmuntatzen. Besteak beste, emakume zientifikoen lanaz arituko dira>>.

  • Gaia: zientzia eta teknologia
  • Maiztasuna: saio batzuen artean astebeteko tartea dago eta beste batzuen artean, aldiz, 15 egunekoa
  • Iraupena: 30 minutu inguru
  • Formatua: esatarien arteko solasaldia
  • Euskarria: EITB podkast (audioa)

Zaretelako gara

Antxeta mediak bultzaturiko podcast honetan, menpekoak diren pertsonen zaintzaz arduratzen diren emakumeen bizipenak jasotzen dira hogei minutuko sei ataletan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso zuen egitasmoak.

  • Gaia: zaintza
  • Maiztasuna: maiztasunik gabe
  • Iraupena: 20 minutu inguru
  • Formatua: elkarrizketa
  • Euskarria: Antxeta (audioa)

Orotara, euskaraz ekoiztutako 17 podcast feminista jaso ditugu gure ikerketan, baina soilik horietako zazpi argitaratzen dira gaur egun. 2022ko abenduan, adibidez, Berria FMren azken atala iragarri zuen Maider Galardi F. Agirrek, geldialdi horren ondoren, beste podcast batek bere tokia hartuko duela aurreratuz. Jarraitzen ez duten gainerakoak, hasiera eta amaiera izan duten egitasmoak izan dira, besteak beste, Argiak egindako Borroka, Maitasun eta Traizio istorioak eta Emakume sindikalistak frankismoaren garaian. Gaur egun, agerkari digitalean eskaintzen du (Min)bizi, Iñurri elkarteak ekoiztutakoa. Elkarte berak gaztelaniaz antzeko podcasta egiten du, Dragón Cáncer izenekoa, Pikara Magazinean eskuragai dagoena. Beste alde batetik, podcast independente moduan jaio zen Kirolari Gaittun, emakumeen kirolari buruzkoa, gaur egun Naiz Irratian ere eskaintzen da. Horretaz gain, Tolosaldeko Ataria agerkarian mugimendu feministaren eskutik Hazka saioa eskaintzen dute. Euskal Irrati Telebista talde publikoak ere baditu ikuspegi feminista duten bi podcast, Gaztea irrati katearekin lotura duen Benetan Zabiz eta Elhuyarrekin batera ekoitzitako Uhin Ultra Moreak. Bi hauek EITBpodkast plataforman ez ezik, beste batzuetan ere entzun daitezke (Spotify da hauek entzuteko bide nagusia). Aurretik, eta aipaturiko plataforma estreinatzeko, Lokatza izeneko feminismoari buruzko saioa aurkeztu zuen hedabide publikoak,

Antxeta Mediak indarkeria matxista, komunikazio feminista edota zaintzari buruzko maiztasunik gabeko podcastak eskaintzen ditu; normalean beste proiektu zabalen barruan, eta Berdintasun erakundeek (Emakundek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Sailak, besteak beste) diru-publikoz babestuak. Nabarmentzekoa da irratsaio horien artean Gorputz Zurien Dekolonizazioa, baina hau gaztelaniaz eskaintzen dute.

Sara del Rio Loyartek eta Laura Rek egiten duten Bertikala saioa independentea da, eta ez dago ezein komunikabiderekin lotuta. Donostiako Tabakalera zentroan sortua, Youtuben zein beste plataformatan ere eskaintzen da. Kasu honetan, gazteei zuzendutako Benetan Zabiz bezala, TikTok eta gazteek erabiltzen dituzten beste sare sozialek ere garrantzi handia dute komunitatea osatzeko, eta eduki batzuen hedapena lantzen da horietan, baita feedbacka jaso ere.

Gehienak audio-podcastak diren arren, Kirolari Gaittun, Bertikala eta Borroka, maitasun eta traizio istorioak ikus-entzunezkoak dira, baina irrati-formatua dutenak.

Ez dago egunero eskaintzen den saiorik, eta astero bi saio eskaintzen dira, nahiz eta batzuetan bi asteko tartea dagoen Uhin Ultramoreak saioaren atal batetik hurrengora. Saioen iraupena 15 eta 75 minuturen artekoa da. Ivoox-en behategiak egindako txostenean (2022:12) jasotakoaren arabera, podcasten entzuleek ez dute inolako arazorik saioen iraupenarekin, beti ere gaia beren interesekoa bada, eta 45 minututik gorakoak nahiago dituzte 10 minututik beheragokoak baino.

Gaien artean azaltzen dira: pentsamendu feminista; kirola; osasuna; zaintza; amatasuna; historia; emakumeek historian, gizartean edo kulturan betetzen duten papera; indarkeria matxistak; gaurkotasuna; edota komunikazioa.

Ondorioak

Ikerketan argi geratu denez, euskarazko podcast feministek pisu handia dute podcasten eskaintzan; izan ere, Euskal Herrian ofizialak diren gainerako hizkuntzatan, frantsesa eta gaztelania, dauden podcast gehienak estatu mailan ekoizturikoak dira. Eta gaien aniztasunak ere agerian uzten du euskararen/euskalgintzaren eta feminismoaren artean azken hamarkadan ematen ari diren sinergiak eta feminismoaren intersekzionalitatea.

Formatuari dagokionez, elkarrizketa edo solasaldiak nabarmentzen dira, baita horien barruan bizipenen azalpena ere. Subjektutik egindako komunikazio eta kazetaritzaz ari gara, baina harago joaten da, esperientziak partekatuak baitira, orokorrak. Hitzetan oinarritzen diren saioak dira, erritmo geldokoak batzuk, non badagoen entzuketa pausatua eta gogoeta egiteko aukera. Hori dela eta, podcast euskarriak berak, parrilatik kanpo aditu ahal direnez gero, ahalbidetzen du entzuleen erritmoetara egokitzea. Publiko gazte bati zuzendutako saioetan irudia erabiltzen da, bai bideo-podcasta eskaintzen delako bai beste euskarri batzuetan irudiak agertzen direlako (Instagram, TikTok), solasaldi informala erabiltzen da eta hori nahasten da beste adierazpideekin, whatsapp edo sare sozialak, adibidez. Umoreak ere badu leku garrantzitsua diskurtsoan.

Nabarmendu behar dugu, bestalde, EITB komunikabide publikoak genero ikuspegia duten podcastak eskaintzen dituela. Aipatzekoa, berriz, programazio parrilan ez dagoela halakorik. Beraz, erakunde publiko batek duen gizarte-erantzukizunari erantzuten dion arren, era berean ondoriozta daiteke hori egiten dela une honetan entzuleria orokorrari heltzen ez zaion formatu eta euskarri batean, programazio tradizionaleko prime-time delakoan, gizonezkoen ahotsa, eztabaida politikoa eta kirolak nagusi diren bitartean.

Gaiekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Maider Galardi F. Agirreren Berria FM podcastean ikuspegi feminista batetik edozein gairen inguruko hausnarketa sakona egin daitekeela frogatuta dagoen arren, podcast hauetan mainstream median tratatzen ez diren gaiak agertzen dira, zaintza, osasuna edo emakumeek pairatzen duten bazterketa eta indarkeriaren inguruan. Beste aldetik, podcast askotan emakumeen sormen-lanak, asmakizun eta aurkikuntza zientifikoak, kirol ekintzak edota historian izandako paperaren gaineko informazioa (herstoria deiturikoa) eskaintzen da. Gai horiek “emakumeenak” edo “femeninoak” jo izan dira, eta, ondorioz, baztertuta daude agenda setting delakoan.

Beraz, ondoriozta dezakegu, euskal podcastgintzan feminismoak eta emakumeek hartu dutela tokia, eta horrek ekarri du gizartearen aniztasuna agerian uztea, baita emakumeen ikusgaitasuna handitzea ere; dena dela, ezin ahaztu gaurkoz, entzule kopuruak gora egiten duen arren, oraindik garatzeke dagoen fenomenoa dela podcastena, eta zaila dela bazterretatik programazio konbentzionaletara heltzea.

Bibliografia

Acast Baromètre (2022): Les femmes entre 26-39 ans sont 77% à prendre la parole en podcasts contre seulement 48% des hommes du même âge, https://www.acast.com/fr/blog/barometre-acast-les-femmes-entre-26-39-ans-sont-77-a-prendre-la-parole-en-podcasts-contre-seulement-48-des-hommes-du-meme-age.

Berry, Richard (2015); A Golden Age of Podcasting? Evaluating Serial in the Context of Podcast Histories, Journal of Radio & Audio Media 11(2), 170-178.

Cohen, Évelyne (2019): La baladodiffusion : de la réécoute à la création sonore de podcasts, Sociétés & Représentations 2019/2, 48, 159-167 https://www.cairn.info/revue-societes-et-representations-2019-2-page-159.htm?contenu=article

Filliol Xavier, “Le podcast, le format qui séduit audiences, auteurs et annonceurs”, La Revue des médias, 2016ko apirilaren 7,https://larevuedesmedias.ina.fr/le-podcast-le-format-qui-seduit-audiences-auteurs-et-annonceurs.

Gamir-Ríos José eta Lorena Cano-Orón, Lorena (2022): “Characteristics of the Spanish podcast sphere. Between democratization and commercial logic”. Profesional de la información, v. 31, n. 5, e310505.https://doi.org/10.3145/epi.2022.sep.05.

Gutierrez-Paz, Arantza (2007): “Podcast o audioblogs, una vía alternativa para la radio pendiente de contenidos”; Flores Vivar, Jesús Miguel eta Cebrián Herreros, Mariano (koord): Blogs y periodismo en la red, 452-457 or.

Gutierrez-Paz, Arantza (2008): Las emisoras libres, asociativas y comunitarias del País Vasco en el dial de Internet, I+C Investigar a comunicación, Congreso Internacional Fundacional AE-IC [akta liburua], Santiago de Compostela, 2008ko urtarrilaren 30, 31 eta otsailaren 1.

Gutierrez-Paz, Arantza (2022): Mujeres en la radio, apunteak, EHUko Ikasketa Feminista eta Generokoak Masterra, argitaratu gabea.

Gutierrez-Paz, Arantza; Fernandez-Astobiza, Itxaso (2022): Kazetaritza feminista Hego Euskal Herrian, Behategiaren Urtekaria 2021; 161-193.

Martínez, Pedro (2023): [txostena] “Estado del podcast en español, informe 2022”, 2022ko irailaren 6, Ivoox, https://www.ivoox.com/blog/informe-se-duplica-el-tiempo-de-escucha-y-se-consolida-el-apoyo-directo-a-los-creadores/.

Médiamétrie (2023): [txostena] “La mesure des Podcasts en décembre 2022”, 2023ko urtarrilaren 12, Mediametrie, https://www.mediametrie.fr/fr/la-mesure-des-podcasts-en-decembre-2022,.

Piñero-Otero, Teresa (2021): ‘Escúchanos, hermana’. Los podcast como prácticas y canales del activismo feminista Revista Inclusiones: Revista de Humanidades y Ciencias Sociales, Vol. 8, Nº. Extra 8, 2021, 231-254.

Piñero-Otero, Teresa; Martínez-Rolán Xabier (2020): “Automediación como Estrategia de Comunicación para el Ciberactivismo. Una Perspectiva desde el Activismo Feminista”; Lucena Ito Liliane de eta Melani Rocha, Paula, Transformações do Jornalismo na Nova Ecologia dos Meios, Ria argitaletxea, Aveiro, 290-312.

Reungoat, Léna (2022): Les podcasts politiques natifs donnant la parole aux femmes : des espaces médiatiques pour repenser les rôles, Université Paris-Panthéon-Assas Institut Français de Presse (IFP)s de genre en politique,Paris.

Sánchez-Gutiérrez, Blanca; Rebollo-Bueno, Sara; Sánchez-Ramos, María (2021): “El podcast sobre el único feminismo sensato que existe”: representación del feminismo radical en “Radiojaputa”; Feminismo digital: violencia contra las mujeres y brecha sexista en Internet / coord. por Tasia Aránguez Sánchez, Ozana Olariu, 287-319.

Wattecamps, Mathilde (2019) Le podcast natif crée-t-il de l’engagement?, Effeuillage, 2019/1, 8; 37-42, https://www.cairn.info/revue-effeuillage-2019-1-page-37.htm

Mediateka

Agirre, Loinaz (2021): «Aldarrikatzeko modu bat da Kirolari Gaittun, hemen gaudela esateko», Goierriko Hitza, 2021eko abenduaren 9, https://goierri.hitza.eus/2021/12/09/aldarrikatzeko-modu-bat-da-kirolari-gaittun-hemen-gaudela-esateko/.

Alonso, Kike (2021): Kirolari Gaittun, kirolaren arloan zegoen hutsunea betetzen duen podcasta, Los podcast de Kike, Onda Vasca, 2021eko abenduaren 29, https://www.ondavasca.com/kirolari-gaittun-kirolaren-arloan-zegoen-hutsunea-betetzen-duen-podcasta/

Argia: Borroka, maitasun eta traizio istorioak: aurkezpena eta aurrekariak: Aurkezpena eta aurrekaria https://www.argia.eus/multimedia/borroka-maitasun-eta-traizio-istorioak/aurkezpena-eta-aurrekariak-borroka-maitasun-eta-traizio-istorioak.

Argia (2023), Entzunezko Argia Saria: (Min)bizi, Argia, 2023ko urtarrilaren 27, https://www.argia.eus/albistea/entzunezko-argia-saria-minbizi-podkasta.

Bozak elkartea: https://www.bozak.eus/.

B.F. EITB Media (2022): Gazteak ‘Benetan zabiz?’ podcasta estreinatu du,https://www.eitb.eus/eu/gaztea/osoa/8949629/gazteak-benetan-zabiz-podcasta-estreinatuko-du-irailaren-16an/.

Castells, M. (2006) Emergente des «médias de masse individuels». Le Monde diplomatique. Agosto 2006, (pág. 16-17), in www.monde-diplomatique.fr/

Donostia Kultura (2022): Emakume zientzialarien argitan solasaldi-zikloa udazkenean, 2022ko irailaren 26, Donostia Kultura, https://www.donostiakultura.eus/eu/festak/zer-berri/aktualitatea/albisteak/emakumea-zientzia-argitan-albistea.

Elhuyar (2022): “Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloak jarraipena izango du udazkenean, Elhuyar, 2022ko irailaren 26, https://www.elhuyar.eus/eu/prentsa-aretoa/emakume-zientzialarien-argitan-solasaldi-zikloak-jarraipena-izango-du-udazkenean.

Estirando el chicle: https://www.podiumpodcast.com/podcasts/estirando-el-chicle-podium-os/

Fa, Anáis(2022): Féminisme: nos 6 podcast français préférés, https://shoelifer.com/culture/podcasts/feminisme-nos-podcasts-francais-preferes/.

Fournier, Audrey (2019): Aux micros, citoyennes ! Six podcasts féministes engagés et drôles, Le Monde, 2019ko martxoaren 1; https://www.lemonde.fr/culture/article/2019/03/02/aux-micros-citoyennes-six-podcasts-feministes-engages-et-droles_5430416_3246.html.

Galardi F. Agirre, Maider (2022): Oinez segitzeko zapata berria, Berria FM, 2022ko abenduaren 21, https://www.berria.eus/podcast/berria-fm.html

Gutierrez, Arantza (2022): Emakumeak Solaskide, Berria, 2022ko irailaren 18, https://www.berria.eus/paperekoa/1993/041/001/2022-09-18/emakumeak-solaskide.htm.

Gutierrez, Arantza (2023): Ama(t)asunak, Berria, 2023ko urtarrilaren 15, https://www.berria.eus/paperekoa/1999/036/002/2023-01-15/amatasunak.htm.

Hammersley, Ben (2004): Online radio is booming thanks to iPods, cheap audio software and weblogs, The Guardian, https://www.theguardian.com/media/2004/feb/12/broadcasting.digitalmedia, 2004-2-12.

Parra, Beñat (2022): ‘Bertikala’ podcasta, denak ez duelako horizontala izan behar, Hirutzulo Hitza, 2022ko ekainaren 9. https://irutxulo.hitza.eus/2022/06/09/bertikala-podcasta-denak-ez-duelako-horizontala-izan-behar/

Podcastak.eus: https://podcastak.eus/

Podcast.eus: https://podcast.eus/

Podmust: https://podmust.com/podcasts/feminisme/

Rádio France: Feminisme https://www.radiofrance.fr/radiofrance/podcasts/selection-feminisme

Roose Kevin (2014) , What’s Behind the Great Podcast Renaissance?, Everything old is new again, 2014-10-30, Intelligencer, https://nymag.com/intelligencer/2014/10/whats-behind-the-great-podcast-renaissance.html.

Rueda, Marta (2022): Podcast con voz de mujer, iVoox, 2022ko martxoaren 8, https://www.ivoox.com/blog/podcast-con-voz-de-mujer/?utm_source=informepodcast2022&utm_medium=web&utm_content=postblog&utm_campaign=estadopodcast2022.

Sabeletik mundura, Nor Gara? https://sabeletikmundura.eus/hasiera/nor_gara/

Sarriugarte, Unai (2019): ‘Berria egunkariak’ podcast feminista bat eskainiko du hilean bi aldiz, El Correo, 2019ko azaroaren 21, https://www.elcorreo.com/zurekin/berria-egunkariak-podcast-20191121152152-nt.html.Serial (2014): https://serialpodcast.org/

Uriarte, Alex (2021): Emakume kirolarien plaza. « Kirolari gaittun » sortu dute Ane Urkirik eta Maddi Garmendiak: emakumeei eta kirolari buruzko Youtubeko podcast saioa. Berria, 2021/11/26: https://www.berria.eus/paperekoa/1859/036/001/2021-11-26/emakume-kirolarien-plaza.htm.

Urkizu, Urtzi (2022) ‘Berria FM’ saritu du Euskal Kazetarien Elkarteak, Berria, 2022ko urriaren 15, https://www.berria.eus/albisteak/219443/berria-fm-saritu-du-euskal-kazetarien-elkarteak.htm.

Teketen [blog itxia] https://teketen.com/.

Zaldua, Maddi (2020): “Maider Galardi F. Agirre: “Edozein gai feminismotik lantzea da erronka nagusia “, Txintxarri, 220ko irailaren 25, https://txintxarri.eus/lasarte-oria/1601017373288-maider-galardi-f-agirre-edozein-gai-feminismotik-lantzea-da-erronka-nagusia.

 

LGTBIQ+ podcastak euskaraz, animalia mitologiko hori

Arantza Gutierrez-Paz, Tania Arriaga-Azkarate, Itxaso Fernandez-Astobiza

(UPV/EHUko Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan Ikerketa Taldea)

 

Podcastek eskaintzen duten formatu zein eduki askatasuna batetik, eta, bestetik, partekatzerako orduan, erakunde eta enpresetatik at, ematen duten autonomia dela eta, orain arte soilik tokian-tokiko irrati libreetan entzun zitekeen edukia deslokalizatu da. Horiek horrela, LGTBIQ+ gaia erdigunean duten euskaraz ekoitzitako podcasten bila abiatu gara, egun, gure inguruko hizkuntzetan hamaika proiektu baitago eduki hori lantzen. Bilatu, arakatu eta galdetu dugun arren, bakarra topatu dugu, Iruñe Astitz Larunbe eta Unai Guenaga Urrestillaren “Zenbat meloi, hainbat mazedonia” (ZMHM). Zehatzago esanda, Twitch streaming plataforman, 2021 urtean, bi astetan behin plazaratutako saioa izan da eta zuzenekoa bukatu ondoren, audio artxiboa podcast plataformetara igotzen zuten. Bederatzi saio egin ondoren ZMHM egiteari utzi zioten. Ekimenaren definizioan LGTBIQ+ siglak agertzen ez diren arren, entzundakoan euskaraz gutxitan zabaltzen den ikuspuntutik solasten zirela ohartu gara, betaurreko arrosak jantzita, alegia.

Nortzuk zarete “Zenbat meloi, hainbat mazedonia” proiektuaren eragileak? Nola bururatu zitzaizuen?

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso (I): Duela urte batzuetatik hona edukia sortu eta sare sozialetan partekatzen dut. Espazio fisikoan Iruñe izena dudan bezala, espazio digitalean edo Sarean @arkkuso naiz. Twitter, Youtube, Instagram, Twitch eta TikToken ibiltzen naiz edukia sortzen, bai eta nire blogerako (Udarako gau luzeak) ere. Askotariko edukia egiten dut eta sareak horrelako edukia sortu eta bideratzeko aukera ematen dit. Kazetaria izaki, nire Twitch kanalean elkarrizketa espazio ezberdinak sortu izan ditut. Horietako batek Lasai-lasai izena du eta bertara nire inguruko pertsonak gonbidatzen ditut nire komunitateak ezagutu ditzan eta Unai izan zen haietako bat. Eta horrelako batzuetan, match egin eta ZMHM bezalako ideiak eta proiektuen haziak sortzen dira.

Unai Guenaga Urrestilla (U): Esan bezala, Iruñek Twitch kanala zuen eta ahal nuenetan hura ikusten nuen. Noizean behin, Iruñek bere lagun eta ezagunak gonbidatzen zituen bere kanalean elkarrizketa bat izatera eta ni gonbidatu ninduen. Elkarrizketa horren ondorio izan zen saio hau.

Non plazaratu/grabatu zenuten?

I: Bi astean behin, asteazkenetan, gaueko 21:00etan, nire Twitch kanalean (twitch.tv/arkkuso) egiten genuen saioa. Normalean nire zuzenekoak egiteko ordutegi berdina mantentzen genuen baina tarteka eduki berezia eginez, podcasta, alegia.

U: Twitchek erraztu du guztia, hots, bakoitzak bere etxetik egiten genuen. Ni Madrilen bizi naiz eta Euskal Herrira astero joatea ezinezkoa zitzaidan.

LGTB programa dela esanen zenuke, zergatik? Horrela etiketatu zenuten? LGTB gaia “kapitulu” bakoitzean txertatzen duzue?

U: Iruñeren Twitch47 kanalean egin genuen Zenbat meloi, hainbat mazedonia (ZMHM) eta saioa sortu aurretik Iruñek argi zuen bere kanalean ez dela inolako jarrera homofoborik, sexistarik, matxistarik, edota arrazistarik onartuko. Hau kontuan izanik, ZMHM-ren oinarria guk gizartean ikusten ditugun arazo desberdinei buruz solasaldi informal bat izatea izan zen, gure eta txataren artean. Gizartearen esparru guztiek, onerako edo txarretako, gure identitatea aske eta lasai bizitzeko eskubidean eragiten dute, hortaz, atal guztietan LGTBIQ+ ikuspuntua naturalki zegoen presente; biok euskaldunak izanda, euskarak ZMHM-n presentzia nabarmena izan duen bezala.

I: Zenbat meloi, hainbat mazedonia saioarekin gure inguruan eta jendartean, oro har, oraindik tabu diren gaien inguruan solastea zen asmoa. Normalean gai hauek oso azaletik jorratzen dira eta kanpoko ikuspuntutik. Unaik eta biok argi genuen gure esperientzietatik abiatuta jorratuko genituela. Niretzat oso garrantzitsua da martxan jartzen ditudan proiektuek Donna Harawayk planteatzen duen <<ezagutza kokatuan>> oinarritzea, izan ere, hori baita guk ezagutzen dugun errealitatea eta ezagutza horrek ere balioa dauka.

Gaiak prestatzerakoan zeri ematen zenioten garrantzia?

U: Puntu nagusiena biontzat kezkagarri edo interesgarriak ziren gaiak erdigunean egon behar zutela zen. Gero, noski, ordu bete inguru solasteko pisua izan behar zuen gai honek. Ez ginen arlo edo esparru bati loturik egon: (1) Ligoteoa, (2) Nerabezaroa, (3) Euskalkiak vs euskara batua, (4) Kuadrillismoa, (5) Sexualitatea, (6) Euskal kultura, (7) Sare sozialak, (8) Sexilioa eta (9) Engainatu garete, atal bakoitzak bere gai nagusia zuen.

I: Egia da ere Unai eta bioi hitz egitea asko gustatzen zaigula eta horrek asko errazten zuela saioaren dinamika. Horretaz gain, hasieran erran dugun bezala, gure bizipenetan oinarrituta ekiten genion gaiari, aurretik prestatutako gidoi oso eskematiko bat lagun genuela (badaezpada ere). Saioa Twitchen zuzenean egitean, Unai eta bion elkarrizketatik harago joatea nahi genuen, jendearen (txataren) parte hartzea bilatzen genuen, izan ere, azken finean, gauza oso interesgarriak ateratzen ziren, bakoitzaren bizipenak oinarri.

Twitchen egiten zenuten, guk Spotifyn entzun dugu, non gehiago topatzen ahal da? Zuek igo duzue?

U: Horretan Iruñe aritu da buru belarri. Saioa zuzenean Twitchen izan zen baina gero Youtuberako eta podcast plataformetarako egokitzen zuen edukia eta bera arduratzen zen plataforma ezberdinetara igotzeaz. ZMHM Twitch, Youtube, Spotify, Apple podcast, Google podcast eta Ivoox plataformetan dago.

I: Unaik erran duen moduan, podcast formatuan hainbat plataformetan entzungai dago. Horietara Anchor izeneko plataforma batetik igo nituen. Eta, bestela ere, Twitcheko zuzenekoaren zati bat Youtubera igotzen genuen. Zati bat erran dut gauza batzuk audioz sartzen zirelako eta eztabaida asko Twitcheko eduki esklusiboa zelako, modu horretan, zuzenekoetara jende gehiago hurbiltzeko. Azken finean, gure saioaren xarma zuzeneko elkarreragin hori da.

Norbaiten (erakunde, elkarte, komunikabide, lagun…) laguntzarik izan zenuten?

U: Saioan eginiko guztia autoekoiztua izan zen.

I: Unaik aipatu duen moduan, hasieratik bukaerara autoekoiztutako proiektua izan da ZMHM. Unaik diseinu grafikoarekin zerikusia zuen guztia egin zuen eta ni zuzenekoa ekoiztu eta Youtube eta podcast plataformetara igotzeaz arduratu nintzen. Horretaz gain, biok batera gure sare sozialetan podcasta zabaldu izan dugu.

Bederatzi saio egin zenituzten, zenbat gonbidatu izan zenuten?

I: Erran dugun moduan, Zenbait meloi, hainbat mazedonia saioa eztabaida saio bat zen, Unai eta bion esperientzietatik abiatu genuena. Twitchek badu gauza magiko bat: zuzeneko interakzioa. Eurak, parte-hartzaileak, Unai eta biokin batera saioaren parte dira.

U: Txatean zeuden guztiak… broma da. Iruñe eta biok ginen saioaren gidari, ez genuen gonbidaturik izan. Txatean parte-hartzeko aukera zegoen idatziz eta nahi zuenak zuzenean Discord48 bidez parte-hartzeko aukera ere bazegoen.

Jendeak parte hartzen zuen hizketan ari zineten bitartean, nola lortu zenuten lotura hori? Badakizue zenbat lagun elkartu ziren zuen zuzenekora?

U: Txateko jendeak parte-hartze handia izan zuen, eta eskertzekoa izan zen egia esan. Zenbakiei buruz Iruñek daki gehiago.

I: Erran dudan moduan, Twitchetik gehien gustatzen zaidana da hor dagoen zuzeneko interakzioa. Zu kamera aurrean zara baina ez zaude bakarrik. Nire kasuan, just chating kategorian sortzen dut eduki gehien, hitz egitea gustuko dut eta horretan oinarritzen da nire edukia plataforma honetan, hori dela eta beti daukat norekin zuzenean solastu, besteak txatetik erantzuten baitu.

Bideo-jokoetara jokatzeaz harago askotako edukia sortzen dut, horien artean elkarrizketa edo eztabaida espazioak sortzea dago. Gure kanaleko komunitateak ere gustuko ditu espazio ezberdin horiek horregatik asko gerturatu izan dira eta harremanetan jarri dira zuzenean geundenean. Erranen nuke 15-20 ikusleko batezbestekoa genuela Twitchen streaming bidez emititzen genuenean eta gehienek parte hartzen zuten txatean. Hori oso zaila dela diote, baina nik uste dut espazio eroso eta seguru bat sortu dugula denon artean nire zuzenekoetan eta Unairekin egindako saioetan ere horrelako espazioa eratu zen. Horrek asko pozten nau adin ezberdinetako pertsonak batu direlako beren esperientziak partekatzeko.

Zergatik utzi zenioten ekoizteari?

I: Proiektu honi esperimentu bat bezala ekin genion. Ez genekien horrelako eduki batek Twitchen eta euskaraz tokirik izango lukeen ala ez eta gerora podcast plataformetan nolako harrera izango lukeen. Azken finean, streaming bidez zuzenean grabatzeak interakzio hori ere barneratzea dakar, agian, podcast arruntak entzutera ohituak daudenak deskolokatu ahal dituena. Alde horretatik, oso pozik gaude bai saioa egin bitartean eta baita ere gerora jaso ditugun iruzkinengatik. Urte konplikatua izan da Unai eta biontzat eta bakoitzak bere gauzetan zentratzea hobetsi genuen.

Horretaz gain, uste dut aukera handiak daudela bueltatzeko, baina gustatuko litzaiguke modu ez hain prekarioan egitea eta eduki landuagoa sortzea, soilik grabatutakoa plazaratzeaz gain beste sare sozialetan eduki hori ere partekatu ahal izateko. Horretarako, baliabideak eta denbora behar da. Bueltatuko gara, ni ziur nago, noiz, ordea… hori ikusiko dugu!

U: Niri, behintzat, esfortzu dezente eskatzen zidan. Nire lanak eguneko bederatzi ordu kentzen dizkit (ordenagailu aurrean), arratsalde libretan, saiorako pantailak diseinatu eta prestatzen nituen, trantsizioak prestatu, saioa hasi aurretik gai nagusiak prestatuak genituen, baina gero astero bildu beharra genuen gai hauek nola landuko genituen adosteko. Honi guztiari bizitza pertsonala gehituta azken saiorako nekea nabari nuen. Hortaz, ZMHM bederatzi saiotan utzi genuen eta nahiz eta beste denboraldi baterako ateak zabalik egon, momentu honetan, ez nago beste erantzukizun bat gehiago nire gainean hartzeko.

Beste proiekturik buruan?

I: Eduki ezberdina sortu, esperimentatu eta jolastea gustuko dut eta nire lagunek erraten duten moduan, ezin naiz geldirik geratu. Beraz, beti dauzkat proiektuak buruan. 2023 honetan, eduki sorkuntzari tarte handiagoa eskaini nahiko nioke. Ni ez naiz honetaz bizi. Kazetaria naiz eta hainbat hedabideetan kolaborazioak egiteaz gain, egun, irakasle bezala ere lan egiten dut.

Twitcheko zuzenekoez gain, nire Youtubeko kanalera (@arkkuso) jarraikortasun handiagoaz bideoak igotzeko erronka jarri diot neure buruari. Horretaz gain, idaztea gustuko dudanez eta blogen magian sinesten jarraitzen dudanez, Udarako gau luzeak izeneko blogean astero post bat argitaratzen hasi nahiko nuke. Eta nork daki, akaso lan honek bestelako lan batzuen ateak, leihoak eta dena delakoak irekiko dizkidate.

U: Oraingoz, biok batera, ez. Bigarren denboraldi bat zabalik dago, biok indarrez gaudenean nork daki, agian bueltatuko gara.