Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2022-23 | Edorta Arana (UPV/EHUko NOR Ikerketa Taldea, Applika+ ikerketa proiektua)

Internetera lotura daukaten aparailuak oso zabalduta daude jendartean eta horrek gazte eta zaharren portaera berriak ekarri ditu. Izan komunikatzeko, entretenitzeko edo informatzeko egunerokoak bilakatu dira hainbat aplikazio, hornitzaile eta aparailu elektroniko. Digitalizazioak sakonetik astindu du komunikazioaren mundua eta, horren baitan, audioarekin zerikusia daukaten medioak.

Ondoko lerrootan, podcastgintzaren fenomenoaz arituko gara eta datuen bidez azalduko dugu zenbaterainoko lekua lortu duen geure artean, noiz, nola eta zergatik kontsumitzen diren entzunezko produktu hauek.

Digitalizazioaren testuingurua

Komunikazioaren gaurko panorama ondo ulertzeko, badira kontuan hartu behar diren hainbat faktore: IKTen garapena, jendeak bere egunerokoan azkar txertatu dituela zenbait gailuen erabilera eta produku eta, azkenik, komunikabideen eta telekomunikazioen esparruan mugitzen diren enpresak egiten ari diren bidea egoera berrira egokitzeko.

Mundu mailako datuak oso argigarriak dira: populazioaren % 62,5ek interneterako sarbidea dauka eta % 67,1ek mugikorra du bere eskura (We Are Social eta Hootsuite, 2022).

Europako kopuruak are altuagoak dira eta Espainian eta Frantzian, eta baita Euskal Herrian ere, hamarretik bederatzik sarerako sarbidea du eta horretarako hainbat aparailu erabiltzeko modua.

Batez beste, jendearen egunerokoan oso ohikoa bilakatu da online komunikatzea, ikastea, entretenitzea ala erosketak egitea. Lehen ere aipatu dugun Digital 2022 Global Overview Report txostenean ageri denez, interneten aritzen diren 16-64 urte bitartekoek egunean honako denbora-tarte hauek igarotzen dituzte sarean:

  • 6 ordu eta 58 minutu internetera konektatuta
  • 3 ordu eta 20 minutu telebista ikusten (lineala eta streaming bidezko ikus-entzunezko zerbitzuak)
  • 2 ordu eta 27 minutu sare sozialak erabiltzen
  • 2 ordu egunkariak irakurtzen (paperean eta webgunean)
  • Ordu bat eta 33 minutu streaming zerbitzuen bidez musika entzuten
  • Ordu bat eta 12 minutu bideo kontsoletan jokoan
  • Ordu bat eta minutu bat irrati lineala entzuten
  • 55 minutu podcastak entzuten

Goiko zerrendan ikusi daitekeenez, modu batera ala bestera, 3 ordu eta 29 minutu eskaintzen dizkio jendeak egunero audioarekin zerikusia dauzkaten medioei eta edukiei, izan Spotify ala iTunes, ohiko irrati lineala edo azken urteetan ahoz aho dabiltzan podcastak entzuten.

Audio digitala

Gero eta jende gehiagok ikusten ditu kirol erretransmisioak, pelikula eta serieak, musika kontzertuak ala dokumentalak ohiko telebistaz harago dauden zerbitzu eta hornitzaile digitalen bidez, izan Netflix, Movistar, Youtube ala nahierako plataforma ugariak erabiliz. Gauza bera gertatzen ari da audioarekin, eta irrati sekuentziala bere audientziari eusteko ahaleginetan dabilen arren (CIES, 2021), azken garaian dezenteko bultzada izan dute online eskaintzek.

IABk (2021) kaleratutako txostenean, audio digitala deritzon eremuan aurkitu daitezken eskaintza mota desberdinak aletzen ditu:

  • Zuzenean/streamingean emititzen duten online irratiak (webgunetik, aplikaziotik…)
  • Diferituan emititzen duten online irratiak
  • Podcastak (deskargatuz ala online entzun daitezkeen edukiak, izan aurretik irratitik emititutakoak ala jatorriz digitalak diren produktuak)
  • Musika nahieran (Spotify, Apple music…)
  • Audio-liburuak
  • -Agregatzaileak (iVoox, TuneIn, 4G…)
  • -Bozgorailu adimentsuetarako berariaz sortutako produktuak (Alexa, Siri, Google Assistant…)

Sailkapenean agertzen diren zazpi tipologia hauen gainetik, garbi dagoena da audioak eremu berriak irabazi dituela interneten eskutik. Ohiko irratigintzak sekuentzialitatea mantentzen du eta horretan da indartsu, baina badira beste aukera asko audioaren unibertsoa zabaltzen dutenak, horien artean podcast deiturikoak. Hitz honen atzetik dauden produktuek zerbait baldin badute komunean da entzuleek erabakitzen dutela zer, noiz, non eta zein aparailu bidez entzungo duten. Podcastek entzulearen autonomia elikatzen dute eta aise kokatu dira jendearen audio kontsumo ohitura berrietan. Horrek ekarri du, gainera, belaunaldi gazteenetara hurbildu izana, eduki, formatu eta narratiba berrietara eta, lehen aipatu bezala, kontsumoetan aldaketa ugari eragin ditu.

Podcasten entzuleak

Prodigioso Volcán (2022) izeneko enpresak audio digitalaren egoera aztertzeko hirugarren urtez argitaratutako txostenean zehazten du noraino dagoen hedatua audioaren kontsumoa Estatu espainiarrean, noiz, nola eta zergatik entzuten duen jendeak.

18 urtetik gorako internautengan arreta jarrita, % 53k dio azken hiru hilabeteetan podcastak entzun dituela eta kopuru horretan behar bada pandemia egoerak eragin bazuen ere (datuen bilketa 2021eko azaroan egin zen), ikerketaren aurreko bi edizioetan ehunekoak 42koa eta 47koa izan ziren. Beraz, zabaldua dago irrati sekuentzialez harago, nahieran audioak entzuteko ohitura.

Podcast kontsumitzaileak nagusiki mugikorraz baliatzen dira zeregin horretarako (% 79,2), ordenagailu eramangarriaren aurretik (% 25,4).

Non entzuten duten edota zertan ari diren podcastak erabiltzen dituzten bitartean? Erantzunetan ohikoa da “etxean” (% 67,5), baina badira “lanerako bidean” (% 27,4), “paseatzen” (% 19,6), “lo egin aurretik” (% 16,6) edota “kirolean” (% 10,8) ala “lanean” (% 9,8) erantzuten dutenak.

Audio sekuentzialetik askatuta, kontsumo hauetarako hiru hornitzaile nagusi dituzte ikerketan parte hartu duten mila pertsona inguru hauek: Spotify (% 56,7), iVoox (% 22) eta Google podcast (% 13,9).

Podcasten aldeko hautua egiterakoan, arrazoi asko izaten dira, baina bat da nagusi: nahi dutenean entzun ahal izateko aukera (% 55,4). Atzerago datoz erosotasuna (% 11,5), edukien aniztasuna (% 8,4), edukien interesa/praktikotasuna (% 7,9) edota entzuten duten bitartean beste zerbait egin ahal izatea (% 5,9).

Podcastetara jotzeko motiboetan, ikerketa honen emaitzak bat datoz Estatu frantziarrean eginiko beste batekin (Harvas Paris, CSA, Podinstall, Paris Podcast eta Gaîté Lyrique, 2021), zeinetan % 82k dio bere buruaz gustura egoteko aukera eskaintzen diotela audiozko produktu hauek eta abantaila handia iruditzen zaiela entzunaz bat beste zerbaitetan ibili ahal izatea (% 85). Agian horregatik, Frantzian ere podcastak entzutearena ohitura bilakatu da populazioaren herenarendako (% 33).

Mugaren alde batean eta bestean eginiko ikerketatan, agerian gelditzen da badirela eduki batzuk oso ohikoak suertatzen zaizkienak entzuleei (IAB, 2021; Médiamétrie, 2022 eta Prodigioso Volcán, 2022). Adibide gisa, IABren Estudio del audio digital 2021 argitalpenean, honako edukiak aipatzen dira entzundakoenen artean:

 

Aipaturiko Estudio de Audio Digital 2021 ikerketaren arabera, podcasten zaletasuna hedatuago dago 35 eta 54 urte bitartekoen artean (% 41,6), baina aipatzekoa da beste adin-tarte batzuetan ere bere oihartzuna daukala: 16-34 (% 30,5) eta 55etik gorakoak (% 27,8)

Podcastak Hego Euskal Herriko gazteen artean

Audioak nahieran entzuteko zaletasuna gazteen artean noraino zabalduta dagoen jakiteko, Ikusiker ikus-entzunezkoen behategiaren (2022) datuak arakatu ditugu. Panel horretan biltzen dira Hego Euskal Herriko 12-23 urte bitarteko bi mila ikasletik gora. Bigarren Hezkuntzan EDO unibertsitatean ari diren gazte hauei online bidezko inkestak bidaltzen zaizkie beraien komunikazio portaeren berri izateko, horien artean podcasten gainekoak. Galdetegiak jorratzen dituen atalen artean badago zenbaterainoko irismena duen podcastgintzak, zein aparailu duten erabiliena, zeintzuk diren gehien entzuten dituzten gaiak eta, oro har, audiozko produktu hauei buruzko zelako balorazioa egiten duten.

2022ko udaberrian eginiko inkestak erakusten du gazteen erdia pasatxok podcastak entzuten dituela, bereziki unibertsitarioek (%71,9). Bigarren Hezkuntzakoen artean kopurua % 49koa da. Ondoko taulak agerian uzten du entzuteko ohiturak nola gauzatzen diren adin desberdinetako ikasleen artean.

 

 

Telefono mugikorra da entzuteko gehien erabiltzen duten aparailua, bereziki unibertsitarioen artean (% 79,3). Bigarren Hezkuntzakoen, alegia, 12-17 urte arteko ikasleen artean, % 63k telefono adimentsua aukeratzen du, ordenagailua eta tabletaren aurretik.

Gustukoen dituzten edukien edo gaien artean daude elkarrizketak, youtuberren eta gamerren audioak, komedia/umorea eta musika; hori bai, proportzio desberdinetan gaztetxoagoen eta unibertsitatean ikasten dutenen artean.

 

Oro har, podcastgintzari nota jartzeko eskatu diegunean, 12-17 urte artekoek nota apalagoak eman dizkiote (batez beste 5a), baina UPV/EHUko eta NUPeko ikasleen artean % 45ek oso ongi eta % 18,9k bikain ebaluatu du.

Audioa loraldi berria bizitzen ari dela diotenek argi dute podcasta dela, gaur-gaurkoz, gazte zein helduen artean gehien zabaldu den etiketa; eta horren bidez irudikatzen dela sekuentzialitatea hautsi eta nonahi, zernahi eta noiznahi entzunezko produktuak gozatzeko aukera.

Bibliografia

CIES (2021): Estudio de Audiencia de Medios de Comunicación en la C.A. de Euskadi y Navarra. https://cies2.com/documentos/audiencia_medios/Audiencia_General_medios_Euskadi_2021.pdf eta https://cies2.com/documentos/audiencia_medios/Audiencia_General_medios_Navarra_2021.pdf

Harvas Paris, CSA, Podinstall, Paris Podcast eta Gaîté Lyrique (2021): Les françaises et le podcast natif. https://csa.eu/csa-content/uploads/2021/10/lesfrancaisetlepodcastnatif.pdf

IAB (2021): Estudio de Audio Digital 2021. https://iabspain.es/estudio/estudio-anual-de-audio-digital-2020/

Ikusiker behategia (2022): Musika, irratia eta podcastak. 29.txostena. 2022ko otsaila. https://ikusiker.eus/txostenak/musika-irratia-eta-podcast-ak/

Médiamétrie (2022): Global Audio > Focus Podcasts. https://www.mediametrie.fr/en/global-audio-focus-podcasts

Prodigioso Volcán (2022): III Estudio de la voz y el audio en España. https://www.prodigiosovolcan.com/sismogramas/informe-voz-2021/

We Are Social eta Hootsuite (2022): Digital 2022 Global Overview Report. https://datareportal.com/reports/digital-2022-global-overview-report