Libe Mimenzak eta Josu Amezagak Legebiltzarreko Kultura eta Hizkuntza Batzordean egindako agerraldian esandakoen lagin bat da honakoa . (Bideo honetan daukazu agerraldia labur-labur)
Azken hamarkadan digitalizazioak euskal komunikazio espazioa ahuldu duela ikusi dugu; tartean baita euskarazko komunikazio espazioa ere.
Urte askotan zehar populazioaren % 95ak kontsumitu izan du egunero telebista, irratia edo prentsa; eta ez zegoen alderik adin taldeen artean.
Azken hamarkadan ordea, digitalizazioarekin batera, gazteak ohiko komunikabideetatik ihes egiten hasi dira, eta joera hori da. Sareko komunikazioa kontsumitzen dute bereziki.
Komunikabide tradizionalen eta sareko komunikazioa deitzen dugun horren artean alde nabarmenak daude. Lehenak lurraldeari lotuta egon ohi dira, nazionalak dira zentzu horretan. Estatuak posiblea du Komunikazio Politika eraginkorrak egitea eta nazio mailakoak izaten dira, edo nazioaren barruan aritzen dira. Sarean, ordea, Politikatik eragitea oso zaila da, sareko Komunikazio Politika ezartzea ia ezinezkoa delarik.
Honek ondorio sakonak izango ditu ezagutzen ditugun gizarte ereduetan. Europako Batzordea bera ohartu da honetaz, eta duela urte t’erdi Politika sendo bat abiatu du informazio sistema nazionalak indartzeko.
Azken hamarkadan, komunikabide tradizionalen ahultzeari bigarren fenomeno bat gehitu zaio, hau ere digitalizazioari lotua: Euskal Herrian egoitza duten komunikabideen kontsumoa (beren lerro editoriala, beren jabetza eta beren hizkuntza edozein delarik ere) geldi dago, estankatuta, estatu mailako komunikabideen kontsumoak gora egiten duen bitartean. Fenomeno hau bereziki nabarmena da prentsaren eremuan, hor izan baita historikoki indartsuen euskal komunikazio espazioa: duela bi hamarkada bertan kontsumitzen genuen prentsaren % 82 Euskal Herriko egunkariak ziren; gaur egun % 64 dira. Eta bereziki digitalean dago aldaketa. Gazteenen ia % 70ak, jadanik, ez du Euskal Herrian ekoitzitako komunikabiderik kontsumitzen. Esan dezakegu, beraz, euskal komunikazio espazioa Estatuko espazioan urtzen ari dela.
Datu hauek kontzientzia hartzeko modukoak direla uste dugu, izan ere, demokraziarako bezala, komunikabideak ezinbestekoak dira komunitatea eraikitzeko eta, beraz, honek bete-betean kokatzen gaitu Komunikazio Politika bat diseinatzeko beharraren aurrean.
Edonola ere, Behategian lanean jarraituko dugu esku artean ditugun proiektuak aurrera ateratzen eta digitalizazioak berarekin dakartzan erronkak aukera bihurtzen. Hala nola, eraldaketa digitalean sakontzeko azterketak, formakuntza eta baliabideak garatzen segituko dugu, euskal hedabideekin, unibertsitateekin eta erakundeekin elkarlanean.