Galdera horri erantzuteko abiatutako ikerketaren emaitzak aurkeztu ditugu euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta hedabideak ardatz izan dituzten Sormenean hezi, kulturan bizi III. jardunaldietan. Ikerketarako lehengaia Euskal Herriko 11 hedabideren (Berria, Naiz, Goiena, Alea, Anboto, Argia, Kazeta, EITB, Diario Vasco, Noticias de Navarra eta El Correo) bertsio digitaletako kultura atalean 2023. urtean zehar agertutako kulturgileak izan dira; hauek erauzi, zerrendatu, sailkatu eta aztertu ditugu. Datu-base erraldoi hau osatzeko hasierako bilketa eta prozesamendua Orai adimen artifizialeko zentroarekin elkarlanean egin dugu, 24.246 kultur eduki bilduz; eta azken faseko sailkapen eta garbiketa eskuz egin dugu, 5.637 kulturgilez osatutako datu-base honen gainean egin dugularik azterketa.
Datu-basearen analisiak emaitza interesgarri ugari utzi dizkigu, hona hemen haietako batzuk:
Edukien % 35,1 euskaraz izan dira, eta % 64,9 gaztelaniaz.
Sortzaileen % 91,7 diziplina bakarrean aritzen da eta musika da diziplina jendetsuena eta agerpen gehien dituena.
Hedabidearen hizkuntzak eragina dauka diziplinen eta kulturgileen presentzian. Bertsolaritzari, adibidez, pisu handiagoa ematen diote euskara hutsezko hedabideek eta elebidunetan, aldiz, erlatiboki oso txikia da kopurua. Euskarazko hedabideetan euskara hutsean aritzen diren kulturgile gehiago ageri dira (% 60) hedabide elebidunetan baino (% 40). Kontrara, gaztelaniazkoetan gehiago agertzen dira erdaretako kulturgileak. Gehien agertu dena Estibaliz Urresola izan da (329 aldiz) eta euskara hutsean aritzen direnen artean Harkaitz Cano (181 aldiz). Hauek emaitza batzuk baino ez dira, laster argitaratuko dugu emaitza guztiak biltzen dituen txosten osoa.
Amaitzeko, analisi sakon honetatik ateratako lau ondorio azpimarratuko ditugu:
1- Euskarazko hedabideek eta elebidunek kultur paisaia ezberdinak irudikatzen dituzte; batzuk trakzionatzaile(ago) eta beste batzuk galga (edo, gutxienez, neutralizatzaile).
2-Paisaia osatugabean argi geratu da absentzia: gure komunikabideak, batez ere elebidunak, kanpoko kulturaren zabaltzaile dira.
3- Transmititzen ez den kultura bat ezin da hautatau. Bada publiko potentzial handi bat ez dena jasotzen ari (ez zaiolako ematen) euskal kultura.
4-Errealitatea aldatu da, baina gu kartografia zaharrekin ari gara. Komunikabideek ez dituzte haien gaur egungo audientziak ezagutzen, duela 40 urte zegoen errealitate soziolinguistikoarentzako ari dira oraindik.