Hekimeneko 57 enpresek 530 zuzeneko lanpostu sortzen dute. Zuzenean kontratatutako langileez gain, kolaboratzaile, freelance eta boluntarioak ere badituzte hedabideok: 600 kolaboratzaile inguru, gehienak aldizkari eta egunkarietan, eta 1.000 boluntariotik gora, gehienak tokiko hedabideetan.
Langileen erdia baino gehiago, ia hamarretik sei, emakumezkoak dira (%58,3). Baina aldeak daude hedabideen izaeraren arabera: hedabide nazionaletan gehiago dira gizonezkoak (%51), eta desoreka nabarmenagoa da tokikoetan, non emakumeak %62 diren. Langileen jarduera arloa aztertuta, hona generoaren araberako euskal hedabideen argazkia:
Halaber, generoaren araberako lan banaketak sektorearen argazki desorekatuagoa dakarkigu: gizonezko gehiago ari dira egun osoko lanaldian eta, aldiz, emakumezkoak dira gehiengoa lanaldi partzialean. Kolaboratzaileak eta freelance-ek gizonezko aurpegia dute eta boluntarioek emakumezkoa.
Bestalde, hiru lanpostutatik bi inguru (%68,1) kazetaritza eta produkzio lanekin zerikusia dutenak dira; gainerako gehienak, kudeaketa eta funtzionamendu orokorrari lotuak (%15,6) edo komertzial lanetan ari dira (%10,9). Hemen ere badira aldaketak, euskarrien arabera. Nazionaletan gehiago dira produkzioan ari direnak, lautik hiru langile, eta tokikoetan, berriz, %63,5.
Euskal hedabideen aurrekontua
Urtean 23,5 milioi euro inguruko aurrekontua dute Hekimeneko hedabideek; gastu horren erdia baino gehiago egunkariek (%35,1, 8,3 milioi euro) dute, eta tokiko aldizkariek kudeatzen dute %21,9: 5,1 milioi euro. Aldizkariei (%14,3, 3,4 milioi euro) eta tokiko telebistei (%12, 2,8 milioi) dagokie aurrekontuaren laurdena.
Gastuaren %61,4 ekoizpen gastuetan joaten da. Kudeaketarako doan aurrekontuaren portzentajea, aldiz, %16,9koa da (hedabide nazionaletan, berriz, %6,5 baino ez da, ohikotik oso behera). Gainerako gastua banaketari (%10,4), sustapenari (%7,7) edota garapenari (%1,9) dagokio.
Diru-iturriak eta finantzaketa
Urtean 22 milioi euro inguruko diru-iturriak dituzte Hekimeneko hedabideek; horietatik %61,2 dira diru-iturri propioak eta %38,8 diru-iturri publikoak.
Diru laguntzen pisua nabarmen altuagoa da irratien sarreretan (%60,3), tokiko internet atarietan (%48,0), internet atari espezializatuetan (%49,5) eta tokiko aldizkari (%45,2) eta bestelako aldizkarietan ere (%44,3).
Beraz, oro har, autofinantzazioa %61,2 da Hekimeneko hedabideetan, eta portzentaje hori %70era iristen da hedabide nazionalen kasuan.
Iturri propioei dagokienez, harpidetzak dira diru iturri nagusia sektorean, %39,1. Publizitate pribatua %27,6 da, eta publizitate publikoa, berriz, ez da %10era iristen. Hemen ere, aldaketa esanguratsuak dira izaera eta euskarriaren arabera. Hedabide tematiko eta nazionaletan, harpidetzetatik jasotzen den diru kopurua handiagoa da beste sektoreetan baino, %61 eta %56 hurrenez hurren, eta tokikoetan publizitate pribatua da diru iturririk garrantzitsuena: %40.
Diru iturri publikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritza da diru laguntzaile handiena, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) bidez laguntzen %52,1 banatzen baitu. Atzetik datoz udalak, ekarpen publikoaren laurdena egiten dutenak (%24,2) eta, ondoren, Foru Aldundiak %15,8. Hedabide nazionalen kasuan, HPSrena da ekarpen ia bakarra, %94, baina tokikoen kasuan, udalak dira finantzatzaile nagusienak, ekarpenen %40 egiten baitute.
Euskal hedabideen kartografia aurkezten ari gara asteotan lau ataletan: hedapena, enpresen erradiografia, audientziak eta ekoizpena.