2015eko urtarrila eta uztaila bitartean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egindako inkestaren arabera, 891.000 pertsonako audientzia dute euskal hedabideek egunero edo astean 3 edo 4 aldiz. Noizean behineko kontsumoa egiten omen du, aldiz, 530.000 lagunek.
Aurreko eguneko euskal hedabideen kontsumoaz galdetuta, berriz, 773.000 lagunek adierazi zuten euskarazko hedabideak kontsumitu izana, eta horietatik 467.000 lagunek 10 minutu baino gehiagoz.
Oro har, audientziaren %51 emakumezkoa da eta %49 gizonezkoa. Datu orokorrekin jarraituta, 16 eta 34 urte bitartekoa da euskal hedabideen kontsumitzaileen %30, 35 eta 49 urte bitartekoa beste %30 eta %40a, berriz, 50 urte edo gehiagokoa.
Lehen mailako ikasketak ditu audientziaren %23k, bigarren mailakoak %42k eta goi mailakoak %34k.
Datu soziolinguistikoekin bat, gipuzkoarra da euskal hedabideen audientziaren erdia baino zertxobait gehiago, %52; bizkaitarra %30, nafarra %15 eta arabarra %3.
Gero eta zailagoa da gaur egungo ekoizpen zein kontsumo tradizionala eta digitala bereiztea eta, ikusi eta neurtu egin beharko da zein portzentajetan ordezkatzen ari den edo osatzen ari ote den internet bidezko kontsumoa irakurketa tradizionala. Dena den, datuek garbi erakusten dute euskal hartzaileak ontzat jo duela sarean egindako ahalegina. Hainbat kasutan, Interneten egiten den lana muina izatera pasa da, eta ez dira gutxi nagusiki sarekoak izatera pasa direnak, edo horri begira bizi direnak.
2015ean Hekimen elkarteak martxan jarri zuen Hekimen Analytics tresnari esker, gaur egun badakigu Hekimeneko webguneen garapena garbia dela: goranzkoa. 2013. urtean 12 milioi sesio edo bisita izan ziren Hekimeneko webguneetan. 2014. urtean, 13,9 milioi sesio edo bisita; 2015ean 18,1 milioi eta iaz 20 milioi bisita. Batez beste, hileko 1,6 milioi pasatxo beraz. Gora etengabe: aurreko urtean baino %10 bisita gehiago izan zituzten 2016an.
Erabiltzaile edo gailuak kontabilizatuz gero, aldiz, 2013an 4,9 milioi erabiltzaile/gailu izatetik 2016an 8,3 milioi biltzera pasa da sektorea.
Arloz arlo, esan behar da webgune kopurua asko hazi dela azken urteetan baina, batez ere, tokiko webguneak gehitu direla. 11 ziren 2011n, eta 23 ziren 2015ean. Bisita kopuruaren gorakada bi baldintza horien erantzuna da: martxan zeuden webguneak indarra hartzen doaz, eta gainera webgune berriak agertu dira. Tokiko hedabideak kopuruz eta bisitaz handitu dira. 2011n bisiten %25 inguru ekartzen zuten sektorera; 2015eko lehen seihilekoan, berriz, %42; eta, 2016ko irailean, lehen aldiz, gainditu egin dute hedabide nazionalen kontsumoa.
Gailuen araberako kontsumoa ere neurtu du Hekimen elkarteak, Hekimen Analytics tresnaren bitartez. Gailu guztietako kontsumoak igo badira ere, proportzioan nabarmena da mugikorren bidez egindako irakurketak edo kontsumoak eman duten igoera.
Hain zuzen, trafikoaren hazkundea mugikorretatik hazi dela nabarmentzen dute datuek; ordenagailu bidezko kontsumoak, aldiz, gero eta proportzio txikiagoa dauka kontsumo orokorrean. Gailu mugikorretatik (tabletak zein sakelako telefonoak) iristen diren bisiten kopurua ordenagailutik datozenak baino gehiago dira: %55 eta %45, hurrenez hurren. 2011. urtean, bisiten %3 inguru egiten zen telefono mugikorraren bidez; iaz, aldiz, %44ra iritsi zen. Ordenagailuen joera bestelakoa da: kopuru absulutuetan eutsi dio 10 milioi inguruko bisitari, baina kontsumo hori pisu erlatiboa galtzen ari da urtez urte. Webguneak banan-banan aztertuz gero, desberdintasunak daude: hazi diren webguneak batik bat mugikorrei esker hazi direla esan daiteke.
Azpimarratzeko beste datu bat da tokiko hedabideak hazi direla gehien azken urtean: ia bi milioi bisita irabazi dituzte, eta bisitak ia bikoiztu egin dira azken bi urteotan. Gorakadaren arrazoien atzean, bi nagusi: webgune berriak sortu izana eta hedabide bakoitzak trafikoa irabazi izana. Hekimeneko webguneen trafiko osoaren erdia da tokiko hedabideei dagokiena (%49 pasatxo). Kontuan izan behar da kopuruz ere nagusi direla tokiko hedabideak: 31 webgune, aztertu diren 48 webguneen %65.
Hedabide orokorrek ere trafikoa irabazi dute 2016. urtean (%2 hazi dira). Batez ere trafiko mugikorra izan da igoera eragin duena, 1,2 milioi bisita gehiago etorri baita bide horretatik. Bost webgune desberdin sartu dira multzo honetan, Hekimen elkarteak aztertzen dituenen %10.
Hedabide tematikoek %15 inguruko hazkundea izan dute azken urtean. Hekimeneko webguneetan batez beste gertatutakoa baino handiagoa, beraz. Hedabide tematikoetara iristen diren bisitak hedabide guztien bisiten %4 inguru dira. Kasu honetan, ordenagailua da oraindik gailurik erabiliena, alde handiz: mugikorretatik iristen direnak halako bi iristen dira ordenagailutik. 12 webgune aztertu dira multzo honetan.
Bestalde, sare sozialak dira, gaur egun, baita euskal hedabideentzat ere, zabalpenerako bide. Hekimeneko lau hedabidetatik hiruk adierazten du egunero zabaltzen dituztela berriak sare sozialen bidez, eta horretarako bide erabilienak Twitter (%24), Facebook (%23) eta Youtube (%16) dira. Esanguratsua da Twitterren nagusitasuna, adituak behin eta berriro nabarmentzen ari direlako Facebooken dagoela sareko kontsumorik handiena eta Hekimen Analyticsen datuek ere hala adierazten dutelako: trafiko soziala aipatzean, Facebookeko trafikoa da nagusi. Klik arrantza arrakastatsuagoa da Facebooken Twitterren baino, dena den, klikaz gain, irismenerako beste hainbat bide ere zabaltzen dituzte sare sozialek eta horiek aintzat hartzea ere izango da erronka.
Euskal hedabideen kartografia aurkezten ari gara asteotan lau ataletan: hedapena, enpresen erradiografia, audientziak eta ekoizpena.