Dozena erdi urte igaro dira 2016ko urtarrilaren 14an Hekimenek, UPV/EHUk, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak (geroxeago batu zitzaien Udako Euskal Unibertsitatea) Behategia sortzeko hitzarmena sinatu zutenetik. Ibilbide honetan euskal hedabideen inguruan bildutako datu-base osatuena den datutegia eraiki da; urtero-urtero euskal hedabideen urtekaria argitaratu da; mintegi eta ikastaro ugari egin dira eta sektorearen, ikertzaileen eta administrazioaren arteko elkarlanerako esparruak eta tresnak landu dira. Hasi berri dugun urte hau ere helburu, erronka eta lanez ondo hornituta hasi dugu. Hortxe ditugu, besteren artean, BEHA ikerlerroa, euskarazko komunikazio espazioaren neurketa digitala eguneratzeko ariketa, edota euskal hedabideen audientzia neurtzeko sistema integral baterako proposamena.
Honatx Behategiaren ibilbidea laburbiltzen duen ardatz kronologikoa; bertan, sei urte hauetako lanak eta nabarmentzea merezi zuten jarduerak sartu ditugu: lehen urratsak, abiarazitako proiektuak, argitalpenak, hitzaldiak, trebakuntza saioak eta bestelakoak.