Behategiak audientzia aztertzeko kontsultoria lanak egin ditu Innovation Media Consulting enpresa gidatzen ari den egitasmo piloturako. Aiurri eta Gaztezulo komunikabideak dira pilotaje horretan parte hartzen ari diren biak eta egindako diagnositik, azterketa kritikotik eta ondorioetatik eratorriko diren aholkuak sektore osoari luzatuko dizkio IMC-k, EAEko administrazioaren eta sektorearen artean osatutako Hedabideen mahaiak enkargaturiko lanean (ikus Hekimenen albistea).
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta IMC-k egindako eskaerari erantzunez, hedabideen 2023ko web trafikoaren azterketa egin du Behategiak, BEHA paneletan oinarritutako urte osoko analisia eta bilakaera txosten batean jasoz eta batzorde osoaren aurrean aurkeztuz. Ondoren, hedabideen aldetik iritsi da sare sozialen audientzia azterketa egiteko eskaera eta Aiurriren zein Gaztezuloren azken hiru hilabeteetako (azaroa-otsaila) analisia aurkeztu dugu foro berean. Aztertutako sareak lau izan dira (Facebook, Instagram, X, TikTok) eta hedabideak datu kulturan ahalduntzeko ekarpena egin nahi izan dugu lan horrekin.