Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2022-23 | Pilar Kaltzada Gonzalez, Niko Cuenca Beristain, Maite Reizabal Arregi, Karolina Sainz de Bikuña Irigoien, Iraia Oteiza Jauregi eta Borja Lopez Cárdenas (EnpresaBIDEA komunikabideko lantaldea)

Ekonomia eta enpresan espezializaturiko euskarazko hedabide digitala da EnpresaBIDEA. 2022ko apirilaren 25ean argitaratu zen lehenengoz, eta bokazio dibulgatiboa du, gaiok modu ulergarrian azaltzekoa. Adituen ikuspuntuaren eta kazetaritzaren elkargunetik sortzen da. Euskarri digitaleko idatzizko hedabidea da, egunkaria, eta egunero-egunero erreportaje edo elkarrizketa nagusiak iritzi eta aktualitatearekin uztartzen ditu. Euskal ekonomiaren eta enpresa-munduaren ekosistema ikusaraztea eta kohesionatzea, eta euskararen hedabide-aukera zabaltzea du helburu.

Haren balioen artean daude: kontrastatutako ahotsa izatea, zintzotasunez lan egitea, kalitatezko edukiak eskaintzea, aniztasuna bermatzea, elkarlana sustatzea, ekonomia eta enpresa-mundua gerturatzea ulergarri eta interesgarri eginez, eta euskararen hedabideen ekosistema osatzen laguntzea.

Egun zazpi bat kide ditu, kazetaritza, komunikazio eta marketin, eta ekonomia profilekoak. Horietatik gutxi gora behera erdia aritzen da buru-belarri proiektuan eta beste erdiak bestelako lanekin uztartzen du. Horrez gain, kolaboratzaile sare zabala du, bai iritzi egile lanetan, bai kazetari edo bestelako aditu lanetan aritzen direnak.

Forma juridiko aldetik, bestalde, erantzukizun mugatuko sozietatea da (S. L.), eta publizitatea da haren finantzazio iturri nagusia, interesa duten eragileekiko aliantzekin batera. Alegia, hedabide tradizionalen finantzazio-sistema bera du une honetan.

Idatzizko egunkari digitala doakoa da irakurlearentzat, eta enpresabidea.eus estekan irakur daiteke. Harpidetza ere doakoa da eta buletinaren bidez gauzatzen da, egunero-egunero nork bere posta elektronikoko sarrera-ontzian jaso dezakeena.

Abiapuntua eta aurrekariak

Informazio ekonomikoa euskaraz topatzeko bi iturri mota nagusi zeuden 2022ko apirilaren aurretik: batetik, hedabide jeneralistak, non ekonomiari loturiko informazioa gainontzeko gaietako albiste eta artikuluekin uztartzen den; bestetik, argitalpen espezializatuak, batez ere adituei zuzenduriko gaiekin. Hutsunea zegoen, ordea, erdibidean, alegia, gai horietan espezializaturiko kazetaritza eta dibulgazio lanean. Hori aldatzeko helburuarekin abiatu zen EnpresaBIDEA.

Hedabide berri horrek, baina, badu aurrekari bat, proiektuaren egiturarako ezinbestekoa izan dena: VIA Empresa. Hedabide digital hori 2013an sortu zen Katalunian, ekonomia eta enpresa gaiak katalanez jorratzeko lehen agerkari digital espezializatua izan zelarik. Tokikotasunetik jaio zen hura ere, TOT Media Sant Cugateko tokiko hedabideen enpresak sustatua, eta dibulgazioa egiteaz gain, sakoneko eta analisiko kazetaritza ekonomikoa egitea du helburu, agenda publikoan gaiak markatuta eta ekonomiaren ikuspegi zabala eskainita.

VIA Empresa da EnpresaBIDEAren bazkideetako bat, eta azpiegitura eta diseinu lanetan ere babesten du. Hain zuzen, haiekin elkarlanean hasi zen urtebete inguruko sukalde lana, proiektuak geroz eta izaera propio gehiago izan eta 2022ko apirilaren 25ean modu publikoan argia ikusi zuen arte. Bi hedabideek, beraz, oinarrizko enpresa-egitura partekatzen dute, baina edizio independenteak dira zentzu guztietan.

Ikuspegia

Herritar oro da eragile ekonomikoa. Nomina jasotzen du, hipoteka edo alokairua eta bestelako gastuak ordaintzen ditu, eta non edo nola erosi erabaki ekonomikoak dira. Hain zuzen, ikuspegi hori da EnpresaBIDEAren oinarrian dagoena. Zentzu horretan, ekonomia hurbildu eta etxekotu egin nahi dio irakurleari, zerbait arrotza edo ulergaitza izan daitekeela ikustetik bere egunerokotasunaren parte dela ulertarazteraino.

Horrekin batera, euskal enpresen eta ekintzailetza sistemaren topagune eta kohesiorako tresna izatea du helburu, baita horien aniztasuna ikusaraztea ere. Izan ere, enpresa handiez gain, enpresa ertain, txiki eta mikroenpresei ere ikusgarritasuna eman nahi die hedabideak, baita ekintzaileei ere. Era berean, industriaz harago, bestelako jarduera ekonomikoetan aritzen diren enpresak ekarri nahi ditu lehen lerrora, tartean osasungintza, jasangarritasuna, ekonomia zirkularra, elikadura, kultura, energia, edo kirol esparrukoak.

Ildo beretik, plaza irekia izan nahi du, zerbitzu-bokazioa eta aniztasuna bermatzea helburuak direnez gero. Zentzu horretan, sortzaileeta hartzaile-komunitatea dinamizatu nahi ditu.

Esan gabe doa euskara proiektuaren ardatza dela. Proiektuaren elementu identitario izan eta euskararen normalizaziorako pizgarria izateko nahiaz harago, hizkuntzak eremu sozioekonomikoan duen hedapena islatzea ezinbestekoa da hedabidearentzat, praktika onak ikusaraziz.

Gaiak eta atalak

Enfoke hori eskaintzeko, atal transbertsalak edo zeharkakoak, eta espezializatuak uztartzen ditu hedabideak. Atal transbertsalek nolabait hedabidearen gai eta lan lerro orokorrak finkatzen dituzte: ekonomia, finantzak, enpresak —Enpresak gaur—, ekintzailetza —Ekinez—, berrikuntza, energia, jasangarritasuna eta aisialdiari loturiko jarduera ekonomikoa —Lan eta bizi—. Horietako bakoitzaren barnean, badira beste zenbait azpi atal, esaterako, mugikortasuna, kirola eta pentsioak.

Atal espezializatuak, berriz, zeharkako horien parte dira, baina bestelako ikuspegia eskaintzen dute, maiztasun finko batekin. Une honetan, hauek dira martxan:

  • Iritzia: astelehenetik ostiralera, egunean iritzi bat argitaratzen da. Horretarako haziz doan iritzigile sare zabala du EnpresaBIDEAk, ekonomia, enpresa, berrikuntza edo jasangarritasunari loturiko askotariko hotsak biltzeko asmoz.
  • Ereduak: askotariko jardueretan aritzen diren enpresen adibideak, nolabait ere eredugarriak izan daitezkeenak, esaterako, kudeaketa aldetik, produktu jakin baten garapenagatik edo lurralde jakin baten izan dezaketen inpaktuagatik. Astean behinekoa.
  • Teknologia: berrikuntza teknologikoari eta aplikazioen munduari loturiko erreportajeak jasotzen ditu astean behin.
  • Hitz bitan: sakoneko elkarrizketak biltzen ditu bi astean behin ekosistemaren askotariko eragileekin, izan enpresetako ordezkariak, sindikatuetakoak, instituzioetakoak edo elkarteetakoak.
  • Izan zirelako: enpresek eta enpresa-proiektuekin lotutako pertsonek egindako ekarpena aintzat hartzeko kontakizunak, istorioak, bizipenak, eta abar jorratzen ditu bi astean behin. Horretarako, enpresen sorrerara eta garaian garaiko testuingurura egiten du salto.
  • Sakonean: adituen artikuluak eskaintzen ditu, analisi sakona eskainiz, hilean behineko maiztasunarekin.
  • Inbertsioaren txokoa: burtsa eta merkatuei loturiko analisiak, hilean behineko maiztasunarekin.
  • Ekonomia etxekotuz: norbere egunerokotasunaren parte diren kontzeptu eta elementuak hurbiltzeko tresna eskaini nahi du. Adibidez, nomina nola irakurri edo zerga sistema ulertzea.
  • Bestalde, garaian garaiko zenbait atal ere baditu EnpresaBIDEAk, euskal ekosistemarentzat garrantzitsuak izan daitezkeen zenbait ekitaldiri lotuak; hala nola, Makina-erremintaren Biurtekoa, Euskaraldia edo Bertso Txapelketa Nagusia.

Rikardo Arregi Saria (eta beste zenbait lorpen)

2022ko azaroaren 30ean, argitara atera eta zazpi hilabetera, EnpresaBIDEAk Rikardo Arregi Komunikazio Saria jaso zuen, Bastero Kulturgunean eginiko ekitaldian. Sari horren helburua da euskarazko komunikazioan «urrats berritzaileak» eman dituzten edo eman ditzaketen proiektu komunikatiboak saritzea. Epaimahaiak nabarmendu zuen «enpresaren eta ekonomiaren mundua euskaraz eta euskaratik plazaratzeko [...] egiten ari den ekarpena, arlo horretan aski begi bistakoa den hutsunea betez». Horrekin batera, egunkarian «iritzi emaileen aniztasuna» eta «emakumeen presentzia» ere azpimarratu zituen.

Saria, aitortza ez ezik, hauspoa ere izan da proiektuarentzat. Batetik, ikusgarritasuna eman diolako eta ahalbidetu duelako irakurle eta sareetan zuen jarraitzaile kopurua handitzea. Bestetik, bide beretik eta hobetzen jarraitzeko motibazioa ematen dio lan-taldeari, proiektuaren beraren egokitasuna azpimarratzeaz gain.

Horrekin batera, hedabideak beste hainbat lorpen izan ditu. 950 artikulu inguru argitaratu ditu, eta apiriletik abendura, biak barne, egunero 400 eta 550 arteko guztizko irakurle finko izatea lortu du. Irakurle gehienek astelehenetik ostiralera begiratzen dute EnpresaBIDEA, ordenagailutik eta lan-orduetan, eta asteburuetan guztizko 250-350 bitarte irakurle finko izaten ditu. 1.000 jarraitzailetik gora eskuratu ditu Twitterren eta 500 jarraitzaile baino gehiago LinkedInen.

Eta orain, zer?

Proiektuak epe motzeko helburu eta erronkak epe ertain eta luzekoekin uztartu nahi ditu. Une honetan, egonkortze fasea bukatu eta hazkunde fasera igarotzeko prozesuan dago murgilduta EnpresaBIDEA. Hartzaile-komunitatea zabaldu nahi du, difusio-lana indartuz. Horrez gain, datozen hilabeteetako gakoetako bat izango da atal berriak martxan jartzea, hala nola ekonomiaren terminologiari buruzkoa edo itun ekonomikoei loturikoa. Ekonomiaren ikuspegi zabala eskaintzeko eta euskaratik ekarpena egiteko bokazio horren parte da hori, hain zuzen.

Era berean, euskararen lurraldeko enpresa-ehunarekin eta ekonomia-ekosistemarengana hurbiltzen jarraitzea du beste erronka nagusietako bat, haien ahotsak proiektura gehitzeko eta elkarlanerako bide berriak esploratzeko. Hor oso garrantzitsua izango da Araba, Nafarroa eta Iparraldeko enpresa eta askotariko eragileen ikuspuntuekin lanketa berezia egitea, eta Bizkaia eta Gipuzkoakoak areagotzen jarraitzea.

Gainera, bestelako aniztasunak bermatzeko lanean jarraituko du. Bereziki, emakumeen presentzia indartzen segitzea izango da beste helburuetako bat, iritzi atalean duten indarra hedabideen gainontzeko atal guztietan ere islatu dadin.

Horrekin batera, VIA Empresako erredakzioarekin elkarlana estutzea izango da beste gakoetako bat, partekatutako gaiak lantzeko eta lurraldeen arteko harremanetan eragiteko. Elkarlan hori ezinbestekoa izango da proiektuak hazten jarraitu dezan. Are gehiago, bere bereizgarri ere bilakatu daiteke.

Epe motzean, gainera, bestelako sare sozialetara salto egin nahi du hedabideak. Hasiera-hasieratik Twitterren eta LinkedInen dago, eta azaro erdialdetik Facebooken, baina Instagram eta Telegram dira haren hurrengo helburuak. Era berean, epe ertainera, komunikazio forma berriak esploratzeko helburua du, ahal den heinean ikus-entzunezkoekin uztartzeko.

Etorkizunean, euskararen lurraldean erreferentziazko komunikabide digitala izatea bilatzen du EnpresaBIDEAk, ekonomia eta enpresaren munduan. Hori izan da hasiera-hasieratik enpresaren bisioa, eta bide beretik jarraitzea du helburu. Gainera, arestian aipatu bezala, esparru sozioekonomikoan euskararen normalizaziorako pizgarri izateko bokazioarekin arituko da lanean.