Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2022-23 | Itziar Laka Mugarza (EHUko Hizkuntzalaritza katedraduna)

Mila urte igarota ura bere bidean diosku esaera zaharrak baina ez da egia, urek eurek ere asko aldatzen baitute bidea denboraren ibilian. Etengabeko aldaketan bizi gara, etengabe aldatzen den inguru batean. Euskara bera ere, hizkuntza guztien antzera, etengabe aldatzen zaigu gu ia konturatu gabe. Aldaketa da legerik aldaezinena. Aldaketa handi baten inguruko gogoeta egitera nator hona, digitalizazioak euskarari eta euskaldunoi nola eragiten digun hizpide hartuta. Izan ere, hau idazten nabilela agertu da ChatGPT mundura, denon ahoetan dabilen txatbot harrigarria. Adimen artifizialaren garaian bizi gara dagoeneko. Jauzia gertatu da, hona egia bat ukatu ezinekoa.

Aurkikuntza handi gehienek bezala, izana izan aurretik izena izan zuen adimen artifizialak. Hainbat liburutan imajinaturik agertzen zaigu, iraganetik, gure egungo orain hau. Horien artetik bat aukeratu nahi dut oraingoan, oraindik euskaratu gabe daukagun A Hitchicker’s Gide to the Galaxy zientzia fikziozko liburu dibertigarria. Beti eskertuko dizkiot Arturo Elosegi adiskideari gomendatu izan dizkidan liburu ederrak; liburu hau ezagutu eta gozatu badut Arturori zor diot oso osoan. Liburu horretan animalia berezi bat bizi da, arrain elektrikoa, hizkuntzak aldi berean itzultzeko gai dena. Arrain elektrikoa belarrian sartuz gero, batek galaxiako hizkuntza guztiak ulertzen ditu, istantean, bat ere arazorik gabe. Gure artean zabaltzen ari diren itzultzaile automatikoak ez dira arrain elektrikoak bezain trebeak, baina arrain elektrikoen bidea urratzen dabiltza, pausoz pauso.

Aurreko mendean ikasle ginenoi bete ez diren hamaika kontu iragarri zizkiguten geure irakasleek, ziurtasun osoz. Ziurtasun handienetakoa sortzen zuen baieztapenak hizkuntzarekin eta adimen artifizialarekin zeukan zerikusia: itzultzaile automatikoak ezinezkoak ziren, ezingo genituen ezagutu, ez ziren existituko gure etorkizunean. Haatik, hemen ditugu. Askotan aipatzen diet hau lankideei, etorkizuna ziurtasunez iragartzen sumatzen ditudanean. Giza hizkuntzaren egiazko algoritmo neuralen mapa osoa izan arte, esaten ziguten irakasleek, ezingo da hizkuntza batetik bestera itzultzeko lanabes artifizialik sortu. Erratuta zebiltzan. Izan ere, lanabes berri horiek ez dute giza hizkuntzaren algoritmo biologikoetan sustrai hartu, baizik eta big-data izeneko lur berri bateko algoritmo artifizialetan. Lanabesak dira, guk erabiltzeko daude, ez dira hiztun berriak, ez dute hizkuntza ulertzen, bideo kamerarik aurreratuenak egiazki ikusten ez duen moduan. Ezin honez geroz ukatu, baina, hizkuntzen arteko korrespondentziak egiteko gai direla, perfektuak ez izanagatik erabilgarriak izan daitezkeen itzulpenak eskaintzen dizkigutela, itzulpen lanak nabarmen arinduta. Lanabes hauek berton ditugu, eta euskarak ikasi beharko du arrain hauen artean igeri egiten, iraungo badu. Irudi poetikoa da, noski, euskara arraina bezala igerian imajinatzea, arrain elektrikoen artean. Euskarak nekez egin dezake ezer, euskaldunok egiten ez badugu. Beraz, euskaldunok gara arrain elektrikoen itsasoetan nabigatzen ikasi beharko dugunok, iraungo badugu.

Itsaso berri hauetan nabigatzeko ezagutza behar dugu, ontziak eraikitzeko, ontziok gobernatzeko, ekaitzak pairatzeko eta haizeak erabiltzeko. Arrain elektrikoak sortzeko gai izan behar dugu, garen moduan, eta esparru digitaleko ezagutza horrezaz gain hizkuntza, euskara eta elebitasunari buruzko ezagutzarekin uztartu behar dugu. Ezagutza hori den dena baliatu behar dugu gure mapak marrazterakoan, bidaia egiteko mapa onak behar baitira. Hona hemen mapa horiek marrazteko behar dugun ezagutza motaren zipriztin batzuk bada, beharko ditugun ekaien artera ekarri nahi nituzkeenak.

Azken hogei urteotan neurozientziaren alorretan aurkikuntza handiak egin dira hizkuntza garunean nola itxuratu eta prozesatzen den ulertzeko bidean. Izan ere, hizkuntzaren ezagutza eta erabilera, oso osoan, gure garunetan gertatzen den uhin elektrikoen arteko surf etengabea da. Mundu birtualen garai hauetan komeni da gogora dezagun hizkuntza ez dela gugandik kanpo bizi, geure haragietan jaio eta bizi dugula betiere. Euskaldun heldu gehien gehienok elebidunak gara, era askotakoak: batzuk euskara dugu nagusi, besteek gaztelania edo frantsesa; gutako batzuk haurtzarotik dakizkigu hizkuntza bi eta ez gara gogoratzen haien ikasketaz baina asko dira euskara, gaztelania edo frantsesa noiz eta nola ikasi zuten gogoratzen dutenak. Patxi Goenaga euskalariak kontatzen zigun, adibidez, sekulako harriduraz ikasi zuela hiztegi batean, umetan, euskarazko ogi hitz bigunaren gaztelaniazko kidea pan eztanda soinu gogorra zela. Badira ama hizkuntza euskara izan arren helduaroan gaztelaniaz edo frantsesez erosoago sentitzen direnak, euskara gutxi erabiltzen dutelako. Askotariko hizkuntza soslaiak bizi dira gurean, eta gutako askok hirugarren edo laugarren hizkuntza bat ere badakigu, dela nazioartean erabiltzen den ingelesa, dela beste bat.

Elebitasun behartu honetan bizi eta biziko gara; mundua geroz eta txikiagoa den garai hauetan elebakarren kopurua gutxitzen doa eta pertsona gehienek hizkuntza bat baino gehiago dakite eta darabilte. Gure gizartea elebiduna da, elebidun askok osatua. Horregatik estrategikoa zaigu elebitasunari buruzko ezagutza oinarritua eta sendoa. Komeni zaigu jakitea elebidun izateak badituela bere lanak, baina baita ere bere sariak. Hasi gaitezen sarietatik, goazen gero nekeetara. Elebitasunari buruzko ikerketa berria da. Aurreko mendearen lehenengo erdian zabaldurik ibili zen gerora uste ustelen zokoan bukatu duen iritzi bat: elebitasuna ez dela egoera natural bat, eta garapen psikologikoan oztopoak sortzen dituela. Baina elebitasuna ganoraz eta modu egoki batean ikertzen hasi zenean laster ikasi genuen elebitasuna guztiz naturala dela gure garunarentzat, eta garapen psikologikoan oztopo ez izateaz gain, badituela abantailak.

Ikerketa askoren argitan, elebidunek milisegundo gutxi batzuk lehenago burutzen dituzte zenbait ataza. Tira, milisegundo gutxi batzuk baino ez? Gure garunek darabilten denbora-neurri nanoetan, milisegundo bat asko da. Gizartean zabaltzen diren aurkikuntza zientifiko asko bezala, elebidunaren abantaila asko aipatu da munduko medioetan. Hainbat lanetan aurkitu dute elebidunen abantaila hau, baina ez elebidun mota guztiengan, oso litekeena da egunean zehar hizkuntza batetik bestera asko aldatu behar duten elebidunek soilik lortzea abantaila hau. Emaitza hau oso garrantzitsua da euskaldunontzat, eta eraginak izan beharko lituzke hizkuntza eta hezkuntza politiketan. Elebitasunari buruzko ikerketak aurretik zetorren uste ustel kaltegarria deuseztatu du, elebitasunak ez digu buruan kalte egiten, uste hori errotik irauli eta ezkutatzen duen onurak erakutsi dizkigu. Abantaila honek, milisegundo batzuk azkarrago egiten gaituena, badu beste ondorio jakingarri bat: neuroendekapenaren ageriko sintomak berandutzen ditu. Alzheimerra pairatzen dutenen artean, elebidunek lauzpabost urte beranduago erakusten dute memoria, hizkuntza eta nortasunaren galera. Dirudienez, egunero buruan hizkuntzak gobernatzen ibili beharrak gure burmuineko ahalmen batzuk trebatzen ditu, bereziki kontrol exekutiboa deritzona, erabakiak hartzeko funtsezkoa den informazioa zein den erabakitzen laguntzen diguna. Honi buruz ikasten hasi baino ez gara egin, ziur naiz aurkikuntza jakingarri asko egingo direla elebitasunari buruz etorkizun hurbilean.

Hizkuntza bat baino gehiago jakin eta erabiltzen dugunok badugu elebakarrek ez duten areagoko erronka bat: zein hizkuntza erabili nahi dugun kontrolatu behar dugu, dakizkigun beste hizkuntzak mututurik. Elebidunok hizkuntzak nola kontrolatzen ditugun aztertzean, aurkikuntza guztiz jakingarria egin zuten Mikel Santesteban ikerkideak eta orduan tesia zuzentzen zion Albert Costa gazteegi hil zitzaigun adituak. Esperimentu sorta batean, partaide elebidunek irudi batzuk ikusten zituzten ordenagailu pantailetan, eta irudiok izendatzea zen beren lana. Partaide euskaldunen kasuan, txakur baten irudia urdinez marraztua erakusten bazitzaien txakur izendatu behar zuten, eta gorriz agertzen bazen perro. Irudiak modu jakin batean atonduta zeuden: batzuetan, irudi urdin baten ondotik beste irudi urdin bat agertzen zen (aldaketarik ez), baina beste batzuetan, irudi urdin baten atzetik irudi gorri bat zetorren (aldaketa). Partaideek bigarren irudia izendatzeko behar zuten denbora neurtu zuten ikertzaileek, betiere milisegundotan, eta lehenengo egoera (aldaketarik ez) bigarrenarekin (aldaketa) erkatu. Bien arteko aldeak erakusten digu zein den hizkuntza batetik bestera aldatzeko egin behar den ahalegin kognitiboa.

Elebidun desorekatuek, hizkuntza nagusi bat daukatenek, neke handiagoarekin egiten dute hizkuntza ahulagotik hizkuntza nagusirako aldaketa, hizkuntza nagusitik ahulerakoa baino. Efektu honek paradoxikoa ematen du: gehiago nekatzen gaitu hizkuntza nagusira aldatzeak, ahulagoa dugun hizkuntzarako aldaketak baino. Hizkuntza batetik besterako aldaketak sortzen duen nekea asimetrikoa da, denbora gehiago ematen dugu ahuletik nagusirako aldaketan, azkarrago egiten dugu hizkuntza nagusitik ahulerako aldaketa. Hizkuntza nagusia isiltzeko egin behar den ahalegina handiagoa izateak azaltzen du asimetria hau: hizkuntza ahula ekoizteko, hizkuntza nagusia inhibitu egin behar dute elebidun desorekatuek, eta berriro hizkuntza nagusian hitz egiten hasi nahi dutenean, denbora behar dute, betiere milisegundoetan antzematen duguna, inhibitutako hizkuntza berriz aktibatzeko. Hau zuzena bada, elebidunok gure hizkuntzak kontrolatu ahal izateko erabili nahi ez dugun hizkuntzaren hitz eta egiturak inhibitzeko indarra egin behar dugu garunean. Hizkuntza zenbat eta nagusiago gure gogoetan, egin behar dugun indarra handiagoa da, denbora gehiago beharko dugu. Elebidunon buruetan, hizkuntza erabili behar denean hizkuntza denak aktibatzen dira. Bestela, ez legoke ezer inhibitu beharrik, noski. Eragiketa hauek denak gure neurona sareetan gertatzen dira gure oharkabean, baina nekatuta bagaude, edo intoxikatuta, inoiz denoi gertatu zaigu hizkuntza batean hitz egin nahi eta beste bateko hitzak esatea, eta badira afasiak jotako elebidunak hizkuntzak kontrolatzeko gaitasuna galtzen dutenak.

Kontuak honela, berebiziko garrantzia dauka gure egunerokoan zer maiztasunekin aktibatzen dugun euskara, eta zein den begiek edo belarriek jotzen duten lehenengo hizkuntza. Gure paisaian, euskara-gaztelania darabilten mezu elebidunetan hizkuntzak nola aurkezten diren funtsezkoa da. Begiak edo belarriak lehenengo jotzen duen hizkuntza gaztelania bada, gaztelania aukeratu eta euskara inhibituko du burmuinak, milisegundo gutxitan, ezertaz ohartu orduko. Euskara erabili nahi dugun hiritarron garunei euskara indartsu eta nagusi mantentzen laguntzeko biderik eragingarriena euskara lehenengo araua da (ikus www.lehenhitza.eus ekimena interneti dagokionez). Euskara lehenengo ez dakarten mezuetan alferrik da elebitasuna, ez digu diglosia gainditzen laguntzen. Izan ere, kontrakoa egiten du; elebidun guztiok, orekatu zein desorekatu, euskara ez aukeratzera edo inhibitzera eramaten gaituela. Hau dena, ohar gaitezen, hitz egin gabe gertatzen da, isilean, gure gogoetako kiribiletan ezkutaturik.

Gure mende berri hau adimen artifizialaren iraultzarekin dator, hizkuntzak kudeatzeko lanabes digitalen garaia da. Euskaldunok euskara maizago erabil dezagun lortzen badute, diglosia digitaletik gordeko bagaituzte, ongi etorriak izan bitez. Euskaldun batek euskaraz jardun ahalko badu, arrain elektrikoek itzultze lan gehiena egingo badute, horrek euskararen erabilera handituko du. Suaren aurkikuntzak aldatu gintuen, honek ere aldatuko gaitu, asko, batzuen iritzian. Aldaketak bizi gaitu. Euskararen historia ez da inoiz izan asaba zaharren baratze aldagaitz isolatu bat; Irulegiko eskuak erakusten omen du baskoiek idazkera erabiltzen bazekitela, gaurko talaiatik nahi genuke gehiago erabili izan balute. Inprenta sortu zenean, Etxeparek pozarren plazaratu zuen primitiae, eta nahi genuke liburu gehiago izan balira, egile askorenak. Digitalizazioaren garaiak ez gaitu ahulegi harrapatzen, batez ere munduko beste hizkuntza txikietara begiratzen badugu, baina ez dago galtzeko denborarik, euskararako arrain elektrikoak baditugu, baina ezin gaitezke geroko geroetan ibili. Olatu digitalak tsunami batek bezala joko ez bagaitu ezagutzaren puntan egon behar dugu, ezagutza etengabe sortzen, jasotzen eta zabaltzen. Banago lortuko dugula.

 

Gehiago jakiteko:

Adams, Douglas (1979) The Hitch Hiker’s Guide to the Galaxy, Arthur Barker Limited, Londres.

Fernández, Beatriz (2021) Hizkuntza gogoan. Donostia: Erein.

Laka, Itziar; Zawiszewski, Adam; Erdozia, Kepa (2009) Euskal gramatika prozesatzen: Hastapenetako zenbait emaitza, in Etxepare R., Gomez R., Lakarra J.A. (Arg.) Gorazarre Beñat Oihartzabali ASJU XLIII-1/2, Bilbo, 553-564 or.

Laka, Itziar (2008) Hizkuntzaren sustrai biologikoen inguruan, Ekaia, 21, 141-161 or.

Laka, Itziar (2014) Gabriel Arestiren buruan: euskara ikasteaz eta elebitasunaz. Harri eta Herri 50 urte. Forum Hitzaldiak 07, Bilbo Zaharra Liburuak, Bilbo, 26-39 or.

https://zuzeu.eus/tekno/zer-da-chatgpt/

https://eu.wikipedia.org/wiki/ChatGPT