Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2022-23 | Hibai Castro Egia (Euskal Hedabideen Behategia)

Zenbait hedabideren arteko elkarlana aspaldikoa den arren, aldaketak handiagoak eta bizkorragoak diren heinean, elkarlanerako beharra handituz doala erakusten dute gure ekosistema mediatiko honetako harremanek, gero eta gehiago. Teknologiaren garapenaren ondorio nabarmenenak diren digitalizazioa eta adimen artifiziala gure alde erabiltzeko eragin behar dugula bistakoa da; ez-eragite soilak kontrako erabilera ekarriko digulako berez, hizkuntza eta kultura ez-hegemonikoa garen heinean. Zentzu berean, geroz eta handiagoa den eremu hegemonikoaren hedapen geroz eta bizkorragoaren aurrean, ezinbestekoa da euskal hedabideon ekosistema osatzen dugun guztion elkarlanerako aldarte eta ekinbidearekin jarraitzea eta hauek sendotzea; aliantza berrietatik proiektu berriak sortuz.

Esku artean edo pantaila aurrean daukazun argitalpen honetan, norabide horretan doazen hainbat esperientzia, hausnarketa eta azterlan bildu nahi izan ditugu, beste zenbait ekarpen eta ikerketa aberasgarrirekin batera.

Guztira hamalau artikulu eta hiru eranskin osagarri bildu ditugu Euskal Hedabideen Urtekaria 2022-2023 honetan. Agerikoa denez, izenari aldaketa txiki bat egin diogu, iazko urteari aurtengoa ere gehituz. Izan ere, argitalpen honen bokazioa, aurreko urteak emandakoak jasotzeaz gain, urte honetan zehar ere esku artean izango ditugun hainbat gai mahaigaineratzea da.

Barnean aurkituko duzuna aletzen hasteko, begi-belarriak beste herrialde batzuetara zuzendu eta «2023ko nazioarteko komunikazio joerak: aldaketarako mandatua» izeneko xehetasunez beteriko kronika dakarkigu Libe Mimenza Castillok, Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaile eta UPV/EHUko NOR Ikerketa Taldeko kideak. Izenburuak argi dioen bezala, aldaketak datoz; eta halakoetan lagungarria izaten da besteen jardunaren berri jakitea, norbere zalantzak argitzeko edo inspirazioari bide egiteko.

Gurera etorriz, «Oztopoak oztopo euskarazko komunikabideek aurrera darraite» du izena bigarren kronikak; HEKIMEN Euskal Hedabideen Elkarteko Igor Astibia zuzendariak sinatu du, eta iazko urteak euskarazko hedabideen sektorean eman duena laburtu eta aurrera begirako zenbait erronka biltzeaz gain, sortutako produktu berrien lagin bat ere zerrendatu du, egiten den lan eskergaren erakusgarri; elkarlanean egindako batzuk tarteko.

Iaz estreinatutako sinadura atalean, Itziar Laka Mugarza Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzalaritza katedradunak zientzia fikziozkoa zirudien garai baten gaurkotasunaz gaztigatzen du irakurlea bere «Euskara arrain elektrikoen itsasoan» gogoetan. Bertan, elebitasunaren gaineko ezagutzaren estrategikotasuna aldarrikatzen du, eta hori garatzeko eta horretan sakontzeko ardura duten eragile guztien arreta pizteko moduko lanketa goraipatzen du. Ez hain modu zuzenean agian, baina elkarlanerako deia sumatzen da hemen ere.

Sektorearen barne ezagutzan sakontzeko berebizikoak diren artikuluen sortara bost ale ekarri ditugu. Goiena, Tokikom eta EITBren arteko elkarlan esperientzia kontatzen da, protagonisten ahotik, «Ekintzatik hitzarmenera; hitzarmenarekin, elkarlanaren garapenera» artikuluan. Goiena Telebistako zuzendari Oihane Agirrek eta ETBko zuzendari Unai Iparragirrek sinatzen dute testua, eta bertan, Saretzen hitzarmenaren eta San Joan bezperako zuzeneko telebista saioan egindako lankidetzaren nondik norakoak kontatzen dituzte. Osagarri gisa, eta 2022ak emandako beste lankidetza aipagarri bat gehituz aurreko artikuluari, Korrikako komunikazio taldeko Iban Iñaki Lantxo eta Helios Del Santok lerro batzuk eskaintzen dizkiote iazko ekitaldi masiboaren hedabideen arteko elkarlanari, «Euskara, Korrika, hedabideetatik lau haizetara!» eranskin laburrean.

Eremu berriak ere zabaltzen dira gure inguruan, eta horiengandik jasotzen duguna elkarlanerako proposamen zuzena izanki, arreta handiz jarraitu nahi dugu sortu berria den Badalaben bidea. Hasteko eta behin, aurkezpen txartel paregabea daukagu «Badalab: hizkuntza eta berrikuntza gurutzatzen diren lekua» artikulua, Mikel Irizar Intxaustik, Goiatz Oiartzabal Lakarrak eta Leire Palacios Egigurenek sinatua, Badalabeko lehendakaria, zuzendaria eta berrikuntza eragilea, hurrenez hurren.

Sektoreak dituen arriskuen artean, zibererasoena dugu haietariko bat. Gertatutako erasoak eta hauek ekiditeko aholkuak biltzen dira «Zibererasoak, guztion arrisku eta arazo» artikuluan; elkarri laguntzeko premia eta jarrera azaleratzen duen ariketa hau, hurrenez hurren, Aiaraldeako, Argiako, Pantailak Euskarazeko eta CodeSyntaxeko Izar Mendiguren Cosgayaren, Asier Iturralde Sarasolaren, Alex Aginagalderen eta Urtzi Odriozolaren lana da.

Lankidetzari balioa ematen dion beste idazki bat Galder Gonzalez wikilari eta dibulgatzaileak dakarkigun «Bertsolari Txapelketa Nagusitik Nord Streamera: eduki libreen garrantzia hizkuntza ez-hegemoniko batean» izenekoa dugu; gurea bezalako komunitate batean edukiak partekatzeak duen garrantziaz hitz egiten du bertan.

Azkenik, zuzenean sektorearen ahotik jaso ditugun artikuluekin amaitzeko, jaio berria den komunikabide batek bere asmo sendoen berri eman digu «EnpresaBIDEA, ekonomia etxekotuz» lantalde osoak gogotsu borobildutako kontakizunean. Pilar Kaltzada Gonzalez, Niko Cuenca Beristain, Maite Reizabal Arregi, Karolina Sainz de Bikuña Irigoien, Iraia Oteiza Jauregi eta Borja Lopez Cárdenas dira egileak.

Ikerketa eta azterlan luzeagoen atalean, sei artikulu eta bi eranskin dauzkagu aurtengo alean. Saila irekitzeko, «Euskarazko ikus-entzunezkoen egungo produkzioa. Ekoizpenaren, kontsumoaren eta zabalkundearen azterketa, begirada kualitatiboa ardatz» lana daukagu, EHU-EITB Multimedia Komunikazioan Masterra duen Eneko Iriondo Azpiriren eskutik. Egindako azterketa sakonak aukera ematen dio ikus-entzunezkoen esparruan dauden agente ezberdinen arteko premiazko lankidetzaren beharra ondorioztatzeko, erronken zerrenda elikatuz.

Jarraian, Europako bederatzi hizkuntza gutxitutan ekoizten den sareko kazetaritzaren inguruko azterlan konparatibo bat daukagu, online albisteen agenda eta protagonistak ikertzen dituena; izan ere, sarekoak, ekoizpen eta kontsumo tradizionalaren aurrean nagusitzen ari dira. Mapa horretan jakingarri gertatzen zaigu, beste datu batzuen artean, gure hizkuntzaren egoera. «Europa txikiaren sareko albisteak: hizkuntza gutxituen online agenda orekatua, mundu mugatua» izena eman diote autoreek; UPV/EHUko HEKA Ikerketa Taldeko Iñaki Zabaletak, Orreaga Zabaleta Ikatzetak, Tania Arriagak eta Maria Gorosarrik.

Hurrengo ikerketa lanak zazpi hedabideren Twitter kontuak eta haien komunitateak aztertu ditu. Horietan, zortzi komunitate mota desberdindu eta bakoitzaren ezaugarri batzuk zehaztu dituzte. Haien kohesio maila eta beste zenbait kontzeptu landu dituzte azterketan, eta behaketa hori modu jarraituan egiteak izango lukeen interes handia iradoki dute. «Hedabide euskaldunen audientziari buruzko sareen analisia. Twiterren jarraitzaile gehien dituzten Behategiari lotutako 7 hedabideen komunitateen analisia» du izena Jordi Morales i Gras eta Amaia Perez de Arriluzea Madariaga Eudan.eus-eko analistek egindako lanak. Hurrenkera alfabetikoan, hauek dira behatu dituzten kontuak: @argia, @berria, @fm983irratia, @Gaztezulo, @HamaikaTB, @NAIZirratia eta @zuzeu.

Urteroko lanari segida emanez, Hekimen elkarteko hedabideen webguneetako trafikoa aztertu du CodeSyntax enpresako Josu Azpillaga Labakak, Libe Mimenza Castillo Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzailearen laguntzaz. Aurten, gainera, iazko datuei erreparatzeaz gain, hamarkada oso baten irakurketa ere egin dute, hamar urte bete baitira sareko lehen neurketak egiten hasi zirenetik. Irakurketa horren lehen emaitzak adierazten duena ez da makala, trafikoa hirukoiztu baita hamarraldi honetan. Iazko irakurketara mugatuz gero, 2022. urtean 37 milioi bisita jaso zituzten Hekimen elkarteko webguneek, aurreko urtean baino % 3,3 gehiago. Alor honetan ere presente dago behin eta berriz aipatzen ari garen elkarlana, neurketa digitalerako tresna berria garatzen ari baita Euskal Hedabideen Behategia. Gainera, orain arteko komunikabideei besteren bat gehituko zaie, baina hori datorren urteko argitalpenean xehetuko dugu, lana daukagu-eta aurretik.

Amaitzeko, podcastgintzara zuzendu dugu antena, eta blokea osatu dugu bi artikulu luze eta bi eranskinekin. Sarrera gisa, kontsumoaren inguruko zertzelada batzuk ematen dizkigu Edorta Arana UPV/EHUko irakasle eta NOR Ikerketa Taldeko eta Applika+ proiektuko ikertzaileak «Podcasten kontsumoari begirada bat» atarikoarekin; ematen dituen datuen artean, podcastei egunean 55 minutu eskaintzen dizkiegula zehazten du. Bestalde, «Euskarazko podcasten egoera» ikerketa lanak euskaraz egindako podcastak zerrendatu eta sailkatu egiten ditu motaren, esatariaren generoaren eta hedatzailearen arabera, besteak beste. Mondragon Unibertsitateko Naia Aizpurua Garro, Uxue Morales Elorza, Natalia Arteche Cerrato eta Eneko Bidegainek sinatzen dute. Bigarren azterlan luzeak euskaraz ekoizten diren podcast feministak zerrendatu eta aztertu ditu, UPV/EHUko Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan Ikerketa Taldeko Arantza Gutierrez-Paz, Tania Arriaga-Azkarate eta Itxaso Fernandez-Astobizaren eskutik. «Feminismoa Euskal Herriko euskarazko podcast unibertsoan» izendatu duten lanean agerian utzi dute euskarazko podcast feministek duten pisua podcasten eskaintzan. Blokea ixteko, elkarrizketa forman datorren eranskin bat daukagu. Aurreko autoreak LGTBIQ+ gaia erdigunean duten euskaraz ekoitzitako podcasten bila ere ibili dira, baina bakarra aurkitu dute eta «LGTBIQ+ podcastak euskaraz, animalia mitologiko hori» izeneko eranskinean bildu dute.

Horra aurtengo argitalpenak jasotzen duena. Euskal Hedabideen Urtekaria 2022-2023: izenburuak dioen bezala, iazkoa bildu, aztertu, dekantatu eta aurtengo zimenduak jarri; egiteke eta egiteko dauden atazei elkarlanean ekiteko.