Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2022-23 | Eneko Iriondo Azpiri (EHU-EITB Multimedia Komunikazioan Masterra)

 

Ikus-entzunezkoen testuingurua izugarri aldatu da azken urteotan. Internetek, sare sozialek eta streaming plataformek hankaz gora jarri dituzte kontsumo ohitura tradizionalak. Egun, munduko produkzio gehienak ditugu gure eskura eta nahi duguna kontsumitu dezakegu nonahi eta noiznahi. Panorama horretan ez dute ibilbide batere erraza euskara bezalako hizkuntza gutxituek. Argi pixka bat jartzeko asmoz, lan honetan euskarazko ikus-entzunezkoen egungo egoeraren erradiografia egin da, begirada kualitatiboa ardatz izanik.

 

Sarrera

Azterlan pilotu honetan1 euskarazko ikus-entzunezkoen egungo kontsumoa, produkzioa eta sektorea bera aztertu da, betiere, eskuragarri dauden txostenek eskaintzen duten ikuspegia zabalduta. Egun, Hego Euskal Herrian bi lagunetik bat da VOD (Video on Demand) plataforma bateko harpideduna -gazteen kasuan hamarretik ia zortzi[Behategia, 2022]; hori horrela izanik, funtsezkoa da euskararen presentzia hutsala areagotzea eremu digital horietan. Streaming plataformak sozializatzeko tresna bilakatu dira, eta, testuinguru honetan, zinegile, aktore, teknikari, sektoreko aditu, ikerlari eta herri mugimendu askok mintzoa goratu dute, bai euskarazko fikzioaren aldeko apustu sendoa egin dadin eta, baita ere, utzirik dagoen bikoizketa eta azpitituluen eremua berrindartzeko. Ikuspegi kuantitatibotik, datuek diote inoiz baino hobeto gaudela; hala ere, kontuan izanda zerotik gatozela, ez da oso zaila marka hori lortzea. Etengabe ari gara ekoizten euskarazko ikus-entzunezkoak (podcastak, bideo-jokoak, sare sozial desberdinetarako sorturiko edukiak, bideoklipak...), baina modu oso barreiatuan. Horregatik, euskarazko eduki horiek guztiak bilduko dituen plataformaren eskakizuna zabaldu da: euskaratik eta euskaldunontzat sorturiko plataforma. Laster ikusiko da EITB garatzen ari den Primeran plataformak nahi hori asetzen duen.

 

Testuingurua

 

Jarraian aurkeztuko ditugu azken aldian egin diren zenbait ikerketetako datu gutxi batzuk. Horien bitartez hobeto ulertuko da ikus-entzunezkoen egungo egoera.

Espainiar Estatuan komunikabideen irismenari erreparatuz, Internet da garaile: % 87,6koa izan da 2021ean. Jarraian, telebista (% 83,3) eta irratia (% 54,6) daude. Azken urteetako eboluzioari begiratuz, joera argia da: Internet gorantz doa (2003an % 26,9); telebista eta irratia, ordea, beherantz (2003an % 90,7 eta % 51,3, hurrenez hurren). Beherantz egin dute ere zineak (2003an % 9; 2021ean % 1,6), aldizkariek (2003an % 53,1; 2021ean % 22,6) eta egunkariek (2003an % 39,7; 2021ean % 13,07) [AIMC, 2022]. Hori garbi ikus daiteke ondorengo grafiko honetan:

 

Komunikabideen audientzia orokorraren bilakaera, 1995-2021. Irismena (%)

 

 

 

 

 

 

Iturria: AIMCren Marco General de Medios 2022 txostena (11. orrialdea).

 

Aurreko grafikoan argi ikus daiteke nabarmen eragin duela Interneten etorrerak (1995) gainontzeko komunikabideen audientzian. Bere hedapenetik hedabide gehienen erabilerak dezente egin du behera. Egun, Internetekin batera telebista identifikatu dezakegu hedabide nagusitzat. Hala ere, azkenengo horrek ere gogor pairatu du sarearen sorrera: jadanik ez du duela hamarkada bateko indar, influentzia eta audientziarik. Datuak ikusita, Internet da, zalantzarik gabe, etorkizuna. Bere baitan daude, besteak beste, azken urteetan izugarri zabaldu diren streaming plataformak.

 

Streaming plataformetara harpidetutako populazioaren bilakaera Hego Euskal Herrian, 2018-2021.
Iturria: Euskal Hedabideen Behategia. Streaming plataformak Hego Euskal Herrian, audientzia azterketa 2022.

Hego Euskal Herrian 14 urtetik gorako bi pertsonatik bat da streaming plataformaren bateko harpideduna. Adin tarte zehatz batzuetan batez besteko hori dezente handiagoa da: 35-54 urte bitartean hamarretik sei dira, 25-34 urte bitartean hamarretik zazpi, eta 14-24 urte bitartean hamarretik ia zortzi. Estatuko datuekin bat eginez, gurean ere Netflix da plataforma nagusia: harpidetzaren bat dutenen artean (populazioaren erdia) % 85ek du plataforma horretan kontua. Horren atzetik daude Amazon Prime Video (% 52) eta HBO (% 22) [Behategia, 2022].

Bide beretik, interesgarriak dira Ikusiker Paneletik2 atera diren datuak. Bertan parte hartu duten gazteen erdiak baino gehiagok adierazi du astean 3-5 aldiz edo maizago erabiltzen dituela plataforma horiek (% 29,6k astean 3-5 aldiz, eta, aldiz, % 26,7k egunero). Soilik % 6,7k erantzun du inoiz ez dituela erabili. Audioaren hizkuntzari erreparatuta, plataforma horietako edukiak gaztelaniaz kontsumitu ohi dituzte nagusiki (% 67,7k). Ondoren, laurdena pasak ingelesez kontsumitu ohi ditu (% 26,5). Euskaraz ikusten dutenak % 0,7 dira, eta frantsesez % 0,3. Beste hizkuntzaren bat aipatzen du beste % 4,8k. Lerro beretik, fikzioa ikusteko zein telebista kanal gomendatuko luketen galdetu zaie eta FDF (% 19,8) eta Antena 3 (% 18,0) geratu dira lehen postuetan. Jarraian, Cuatro (% 15,8) eta Tele 5 (% 8,9). ETBko kanalak gutxien gomendatu direnen artean daude3: ETB3 % 3,8k, ETB2 % 3,7k eta ETB1 % 3k. Bestalde, inkestatuen ia laurdenak (% 24k) fikziozko edukiak beste kanal batzuetan ikustea gomendatu du. Azkenik, inkestatuen % 28,6k ez luke telebista tradizionala gomendatuko fikziozko edukiak ikusteko [Ikusiker, 2020-2022].

Datu horiek argi uzten dute ikus-entzunezkoen eta batez ere fikzioaren etorkizuna Interneten eta streaming plataformetan dagoela. Baina, zer leku du horietan euskarak? Eta gainontzeko euskarrietan? Pantailak Euskarazek4 egindako ikerketak honako datu hauek eskaini ditu5:

  • 50 telebista katetatik soilik ETB1, ETB3 eta Hamaika Telebista dira euskaraz. Eskualde batzuetan tokiko telebistak ere.
  • Zinemetan urteko 700 filmetatik Euskal Herriko sortzaileek egindako bost-hamar dira euskaraz eta Zinemak Euskaraz programaren barruan haurrentzat bikoizten dituzten beste hamar edo hamabi.
  • Streaming plataformetan 26.000 eduki artean ehun eta piko dira euskaraz (ez da iristen % 0,1era)
  • Sare sozialetan, eta Interneten orokorrean, euskara bazterturik dago. Asko bilatu behar da euskarazko edukiak kontsumitu ahal izateko.

 

Helburuak, hipotesiak eta metodologia

 

Ikerketa honen helburua da lehen hurbilketa bat egitea euskarazko ikus-entzunezkoen panoramara eta kontsumoa, produkzioa eta sektorearen egungo egoera aztertzea. Labur esanda, euskarazko ikus-entzunezkoen egoeraren erradiografia egitea. Horren bitartez, euskarazko sektorearen ahulguneak zeintzuk diren identifikatu nahi izan da, ondoren, zein neurri hartu behar diren jakin ahal izateko. Modu berean, ikerlan honen bitartez frogatu nahi izan da proposatutako metodologiaren eraginkortasuna. Horietan ez ezik, hurrengo puntu hauetan ere jarri da arreta:

  • Ikus-entzunezkoen kontsumo ohitura berriak.
  • Euskarazko produkzioek streaming plataforma handietan egin dezaketen ibilbidea.
  • Euskal Netflix-ak izan beharko lituzkeen ezaugarriak.
  • Bikoizketa eta azpidatzien sektorea eta horrek eman ditzakeen aukerak.
  • EITBk, euskarazko eta Euskal Herriko ikus-entzunezkoen motorra izanik, bete beharreko papera.
  • Gainontzeko instituzio publikoek bete beharreko papera (sustapena, diru-laguntzak, estrategiak...)
  • Gazteek, herri mugimenduek, sektoreko profesionalek eta komunikazioaren esparruko adituek egiten duten egoeraren deskribapenaren analisia.
  • Sektorearen inguruan dauden eta egon beharko liratekeen legeak, erakundeak eta kontseiluak.
  • Euskal Herriko ikus-entzunezko sektorearen egoerak Kataluniakoarekin eta Galiziakoarekin duen harremana eta dauden ezberdintasunak.

 

Helburuak finkaturik, honako hauek izan dira abiapuntu modura erabili diren hipotesiak:

1.H.: Euskarazko ikus-entzunezkoen egungo eskaintza eta produkzio urria urteetan jarraitu den estrategia eta politika desegokien ondorioa da.

2.H.: Streaming plataformen agerpenak, lagundu baino gehiago zaildu egin du euskarazko ikusentzunezkoen etorkizuna: eskaintza hain zabalaren aurrean zaila da gure produkzioak nabarmentzea. Aurrekontuak alderatzen baditugu, liga desberdinetan jokatzen ari gara. Aldi berean, estrategia egokiak aurrera ateratzen badira, aukera izan daiteke euskara eta Euskal Herria munduan kokatzeko.

3.H.: Ikus-entzunezkoetan euskarak duen presentzia urriak zuzenean eragiten du euskara beraren erabileran eta sozializazioan.

Hipotesi horiek egiaztatu edo ezeztatzeko metodologia kualitatibo eta kuantitatiboak uztartu dira. Lehenago aipatu moduan, teknika kualitatiboak izan du lehentasuna, izan ere, euskarazko ikus-entzunezkoen merkatuaren beharretan sakondu nahi izan da. Metodologia horrek, datuez harago, erabiltzaile eta profesionalen kezkak, nahiak, eta beharrak zeintzuk diren jakitea ahalbidetu du. Horretarako, lehenik, aurretik burututako zenbait ikerketa lan, txosten eta analisi aztertu eta landu dira. Bigarrenik, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleen artean inkesta zabaldu da horien ikus-entzunezkoen kontsumo interes, nahi eta beharrak ezagutzeko. Hirugarrenik, eztabaida-taldea egin da sektorean lan egiten duten profesional nahiz ikerlarien ikuspegi eta iritzi ezberdinak kontrastatzeko. Laugarrenik, hainbat elkarrizketa egin zaizkie sektoreko aditu eta profesionalei modu sakonagoan euren iritzia jasotzeko (Azkenengo bi teknika horietan parte hartu duten informatzaileen identitateak kodetuak izan dira konfidentzialtasuna eta anonimotasuna bermatzeko). Azkenik, ikerketa lana sektorearen inguruan maila politikoan erabakiak hartu dituen profesional batek aztertu du lanetik aipagarriak diren eta etorkizunera begira landu behar diren alorrak azpimarratzeko.

 

METODOLOGIA KUANTITATIBOA

TEKNIKA

DATA

PARTE-HARTZAILEAK

PR0FILA

INKESTA

2022/06/01

EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko 67 ikasle

18 eta 23 urte bitartekoak (% 80,4)

Gehiengoa emakumeak (% 70,1)

Ikus-entzunezko Komunikazioko, Kazetaritzako eta Publizitate eta Harreman Publikoetako ikasleak (% 86,6)

Ikerketak eta txostenak

METODOLOGIA KUALITATIBOA

TEKNIKA

DATA

PARTE-HARTZAILEA/K (KODETUAK)

PR0FILA

Eztabaida-taldea

2022/07/04

BA9

Zinema zuzendaria eta gidoigilea. Arrakasta handiko euskarazko hainbat filmen egilea.

BJ14

Pantailak Euskaraz mugimenduko kidea. Enpresen kudeaketan lizentziatua.

BI10

Zinegilea, idazlea eta komunikazio arloko ikerlaria

Sakoneko elkarrizketak

2022/07/06

BM3

Ikus-entzunezko komunikazioan doktorea. Europako hizkuntza minorizatuetako telebista eremuan eta kultur politiketan aditua

2022/07/12

BL2

Komunikazioaren esparruko ikerlaria eta kazetaria. Euskal hedabideen sektorearen ezagutza sakona

2022/07/13

BU15

EITBko zuzendaritzako kidea

Ikerketa lana sektorean aditua den administrazio mailako profesional batek aztertu

2022/09/01-2022/09/04

Miren Azkarate

Euskal Filologian Katedraduna (1988)

Lehenengo emakume euskaltzain osoa (1992)

EITBko Hizkuntza Aholkularia (2000)

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailburua (2001-2009) eta bozeramailea (2004-2009)

EHUko Euskara Institutuko zuzendaria (2019)

Ikerketak eta txostenak

DATUEN ANALISIA

  • Datu metatuen analisi estatistikoa
  • Eztabaida-taldearen eta elkarrizketen transkripzioen analisia
  • Diskurtso elementu adierazgarrienen erauzketa, sailkapena eta azalpena

 

 

Emaitzak

 

Artikulu honen luzera mugatua denez, jatorrizko lanean parte hartu duten profesionalek euren ezagutza esparruaren inguruan egin duten analisiaren gako batzuk ekarriko ditugu euren aipuen bitartez. Era berean, inkestako daturen bat ere komentatuko dugu. Ondoren, horietatik eta gainontzeko tekniketatik jasotakoarekin atera diren ideiak eta proposamenak aurkeztuko ditugu. Ikerlan osoa eskuragarri dago EHUren Irakaskuntza eta Ikerketarako Artxibo Digitalean (ADDI). Hementxe pildoratxo batzuk:

BA9: Zinemari lotuta esango nuke harritzeko bezalako momentu berezi batean gaudela, batez ere, daudelako zinegile pilo bat euskaraz naturalki lan egiten dutenak. Jende gaztea ere oso fuerte dator, kriston kalitatezko laburmetraiak edo lehen pelikula oso interesgarriak planteatzen dituzte eta oso anitzak dira planteamendu aldetik. Egokitzen ari da egileen jarduna egungo tendentziei. Ez da garai batean bezala, euskaraz egiten ziren pelikula asko dudarekin ateratzen ziren merkatura egin behar zirelako egiten zirelako.

BJ14: Uste dut lehen aldiz beharbada orain dagoela edo sortzen ari dela euskal zinema bat. Nolabait, beste edozein herrialdetan zinematografia bat deitzen den hori: autore ezberdinak, genero ezberdinak, gauza diferenteak publiko diferenteei ikutu ditzaketenak… hori orain hasten gara ikusten. Zer pasatzen da? Hori sortzen hasten garenerako egoera aldatu egin dela; orduan, nolabaiteko, esaten zan beti “bueno kalitateak ekarriko du publikoa ez? Kalitateak ekarriko du”, eta egia da hori. Zenbat eta pelikula hobeak egin orduan hasiko gara aurrera eginez, baina ordurako munduan pauso bat edo pantaila bat pasatu da; gu heldu garenerako benetan gutxi gorabehera besteen modukoak izatera, orduan orain guk bi pantaila pasatu behar ditugu aldi berean.

BL2: Nik esango nuke ikus-entzunezkoen egoera dela gaur egun aurretik zena baino zailagoa, eszenan dagoelako lehen baino eskaintza gehiago eta hiper produkzio eta hiper eskaintza horren aurrean zaila delako norberaren produktu hori alde batetik jendeak ezagutzea eta bestetik jendeak kontsumitzea (…) Hizkuntzari dagokionez, euskara ikasteko bideak hainbat dira, izan etxeko transmisioa, izan komunitate baten transmisioa edo batez ere eskola. Gertatzen dena da gero eta herritar gehiago direla sozializatuak soilik eskolan, eta orduan, behin eskola amaitzen denean salto egiten dugu lan mundura -lan mundua euskalduntzeko oso urrun gaude oraindik-, eta beraz, horrek ez du laguntzen euskara sozializatzen eta euskara erabiltzen. Gero beste parte garrantzitsu bat denarekin lotuta da aisialdiarena. Aisialdiaren unean geroz eta pisu handiagoa daukate streaming plataformek, eta ez soilik horiek, batez ere ingurune digitalak dauka pisua. Ingurune digitalaren barruan streaming plataformak dira zati handi bat. Orduan eragina dauka, azkenean nik euskal hiztun bezala eta euskaraz bizi nahi duen pertsona bezala ezin dut euskaraz bizi plataforma horietan daukadan eskaintzan nahita ere ezin dudalako euskara aukeratu. Horrek eragiten du nahi aktibo bat daukan herritarrarengan, ba imajinatu nahi aktibo bat ez daukan herritarrarengan… eragina askoz handiagoa da. Erabileran eragiten du, ezagutza handitzen da baina erabilera nolabait geratuta dago. Erabiltzeko aukerak eman behar dira eta erabiltzeko plazetako bat dira streaming plataformak.

Aurrekoari eutsiz, EHUko GKZ Fakultateko gazteen artean zabaldutako inkestatik ateratako datu bat aztertuko dugu. Hurrengo eduki hauek kontsumitu ohi dituzten galdetu zaie lehenik, eta horietako zeintzuk euskaraz ondoren. Euskarazko edukien kontsumoaren kasuan beherakada nabarmena izan da informazioan izan ezik. Beraz, argi dago zein den euskarazko edukien indargunea (informazioa) eta zeintzuk diren ahulguneak (gainontzeko generoak).

 

3. Irudia: Kontsumitutako edukiak hizkuntzaren arabera (%)

Iturria: Egileak egindako bilketa.

BI10: Nik uste dut euskarazko zinemagintzan kalitate gehien daukana propioa dela, bertatik bertara egindako euskarazko ekoizpen propioak. Klaro, horrek egon daitezke urtean, kasurik onenean, bi-hiru-lau pelikula, egiten badira. Egun, edukietan kantitateak garrantzi handia dauka, orain bereziki streaming plataformekin asko ari gara kontsumitzen eta hori ekoizpen propioekin ezin da ase; ezin da plataforma bat edo telebista bat elikatu. Orduan ni pasatuko naiz beste maila batera, bikoizketara, pelikulen eskubideak jaso, erosi eta bikoiztea, atzerriko pelikulak bikoiztearena. Momentu honetan bikoizten dira ia esklusiboki haurrentzako dauden filmak, Zineuskadik bikoizten dituenak, urtean hamabi. Zuk ez badaukazu erreferente bat, astero eskaintza bat bi edo hiru pelikuletakoa normaltasunez, zaila da ohiturak sortzea, zuk berariaz egin behar duzu zinemara euskarazko pelikula jakin bat ikustera. Erderazko kasuetan joaten zara zinemara eta ikusten duzu zer dagoen, hau da, joaten zara pelikula bat ikustera jakin gabe aurrez zer ikusiko duzun. Euskarazkoetan ezin duzu hori egin; gaur joaten bazara zinema areto batera begiratzen duzu karteleran eta ez dago euskaraz ia ezer. Eta dagoen gutxi hori izango da ziurrenik haurrentzat. Zineuskadik hamabi pelikula bikoiztuta eduki eta kantitate aldetik gutxi da eta Euskal Telebistak urteetan egin duen bidea ez da egokiena izan euskarazko edukiak sortzerako garaian. Koprodukzioak eta abar egin ditu, baina bikoizketan badago arazo handi bat.

Azkenengo horren harira ondorengo hau azpimarratu du Miren Azkaratek:

«Bikoizketa eta azpidatziena funtsezko sektorea da, zalantzarik gabe. Baina EiTBk ez du interes handiegirik izan azken urteetan, sektorearen iritzia zein zen jakin arren (…) sektore sendoa ez izateak bikoizketan trebatutako jendearen falta izatea eragiten du»6

BM3: Diru laguntza publikoei dagokienez egon daiteke gehiago eta egon beharko litzateke diru publiko gehiago; batez ere, sektorean lanean ari diren profesionalak haien produkzioetatik bizi ahal izateko, ze gaur egun oso prekarioa da euskarazko ikus-entzunezko sektorean lan egitea eta jende gehienak lan egin behar du beste zerbaitetan ere aurrera egin ahal izateko. Egon beharko litzateke diru gehiago, baina ez bakarrik diru publikoa, diru pribatu gehiago baita ere. Egon beharko lirateke politika publiko gehiago, hain zuzen ere, diru pribatu hori erakartzeko ikus-entzunezkoen produkziora; adibidez, pizgarri fiskalak. Zabalkundeari dagokionez, minus bat. Ez dago euskarazko ikus-entzunezkoen zabalkunderik. Ez dago etxe barruan estrategia finkorik diseinatuta eta ezta etxetik kanpora begira ere. Dagoena da oso mugatua eta oso murritza. Hori nire ustez dator ez dagoelako halako planifikazio bat edo estrategia sendorik zabalkundea aintzat hartzen duena, sektore moduan edo elementu espezifiko moduan. Produkzioa da gauza bat, finantzaketa da beste gauza bat eta zabalkundea da beste gauza bat. Gaur egun gainera streaming plataformekin zabalkundea ez da pentsatu behar garai batean pentsatzen zen bezala. Beste dimentsio batean gaude eta beste behar batzuei erantzun behar zaie. Orduan iruditzen zait zabalkundea horrela per se ez dela kontenplatzen, dena oso difuso dago egun etxean. Ez da pentsatzen estrategia komun eta zabal batetik.

Inkestan, eztabaida-taldean eta elkarrizketetan euskarazko fikzioaren hutsune nabaria identifikatu da, eta horretan EITBk duen erantzukizunean. Hauxe erantzun du EITBko zuzendaritzako kideak analisi hori helaraztean:

BU15: Ados nago. Ados nago ikusle bezala. Gertatzen dena da gero ETBko zuzendaritzako kide bezala eta aurrekontua kudeatzea tokatzen denean zaila dela ze fikzioa oso oso oso garestia da. Go!azen-en kapitulu baten kostuarekin Biba Zuek-en hogeita hamazazpi kapitulu grabatu daitezke. Hori da proportzioa. Orduan EITB bezala badakigu bultzatu behar dugula bertako produkzioa, baina egia da, dauzkagun aurrekontuak ikusita, ze kanpotik ikusita asko ematen du baina telebista egitea oso garestia da, ez duela ematen egin nahi dugun guztirako. Orduan pasa den urtearen amaieran hausnarketa bat hasi genuen gure fikzioaren estrategia berrikusteko eta egiten ari garena orain da fikzioko edukiak koprodukzioan egiten saiatu plataformekin. Adibidez, Irabazi arte Disney-en ere egongo da, orduan, horrek errazagoa egiten du gure aurrekontu orokor guztia ez jateko. Orduan, bai egonda lehorte bat hausnarketa guzti hau egiten ari ginen bitartean produkzioa pixka bat gelditu egin dugulako. Ez geneukan dirua egin nahi genuen guztia egin ahal izateko, orduan pentsatu behar genuen gutxiago egingo dugu, eta nik hori ez nuen nahi ze uste dut garrantzitsua dela EITBk bultzatzea fikzioaren ekoizpena, edo nola egingo dugu edo nola mantenduko dugu lehengo erritmoa baina era jasangarri batean ekonomia eta aurrekontuei begiratuta. Orduan erabaki genuen, Netflix eta Amazonekin hitz egin eta gero, badaudela interes eremu batzuk komunean ditugunak eta horietan elkarrekin egingo dugu lan. Bai Amazonekin eta bai Netflixekin fikziozko proiektuak dauzkagu esku artean eta esate baterako orain martxan jarriko den hurrengo grabaketa, orain preprodukzio fasean dagoena, ez da haurrentzat Go!azen eta Irabazi arte diren bezala, helduagoentzat da, Iparraldean eta Hegoaldean grabatuko da eta surf eskola baten ingurukoa da.

 

Hausnar-lerroak

 

Aurreko aipu eta datu horiek lagundu digute euskarazko ikus-entzunezkoen egungo egoerara lehen hurbilketa egiten. Esan bezala, horiek Master Amaierako Lanaren zati txiki bat besterik ez dira. Jarraian, laburtu dira eztabaida-taldean eta elkarrizketetan bildutako zenbait ideia eta proposamen:

  1. Ikus-entzunezkoen kontsumoak izugarri egin du gora streaming plataformak agertu zirenetik. Kontsumo ohiturak erabat aldatu dira, eta Internet bidezko kontsumoa gailendu da euskarri tradizionaleko edukien galeran. Gazteen artean sumatu da aldaketa hau gehien bat, baina adin tarte gehienetan joera bera da.
  2. Ikus-entzunezkoak inoiz baino gehiago kontsumitzen diren testuinguru horretan euskararen egoera kezkagarria da. Euskarazko produkzioek azken hamabost urteetan dezente egin duten arren gora, ez dira nahikoa ikusleen egungo eskaerarentzat. Euskarazko produkzio gehiago sustatzeaz gain azpidatzi eta bikoizketen sektorea asko indartu behar da. Horretarako diru-laguntzak areagotzeaz gain estrategia sendo bat garatu behar da, erabaki politiko bat hartu behar da. Euskarazko edukien estrategia digitala ere sortzea premiazkoa da. Munduko ikus-entzunezko guztiak klik batean eskuragarri dauden garaian euskarazko edukien ikusgarritasun falta arduratzekoa da.
  3. Aurreko puntuari eutsiz, azken urteetan sortu diren euskarazko hainbat filmek arrakasta aipagarria lortu dute Euskal Herriko mugetatik kanpo. Duela 15 urte baino gehiago ekoizten diren arren ez dira nahikoa. Ezinezkoa da euskarazko eskaintzarekin zine aretoetara joateko ohitura sortzea. Era berean, zine aretoek birmoldaketa sakonaren beharra dute. Covid 19aren pandemiak areago larriagotu zuen zinema aretoen egoera kritikoa: jende askok zinea etxean kontsumitzeko ohitura hartu zuen behin betiko. Euskarazko serieen falta larria da. Beharrezkoa da etengabeko ekoizte sistema martxan jartzea eta jarraitutasun bat egotea. Horretan, EITBk funtsezko papera jokatu behar du. Nazioarteko arrakasta duten serieak bikoiztea ere beharrezkoa da.
  4. ETBk 40 urte bete berri dituelarik hainbat puntu nabarmendu daitezke. Lehenik, sortze legeak dioen moduan, euskarazko ikus-entzunezkoen motorra eta euskararen normalizaziorako tresna izan behar da (5/1982 Legea). Azken urteetan gaztelaniazko edukiek lehentasun nabarmena izan dute eta hori argi identifikatu dute sektoreko profesional, aditu eta herri mugimenduek. Zuzendaritza berriak horri buelta eman nahi diola dirudi eta horretarako hainbat proiektu martxan jarri ditu. Epe laburrean ikusiko da ea hori betetzen den. Bigarrenik, baliabideetan eta programazioan euskarazko kateei lehentasuna emateaz gain, ETBko gaztelerazko kanaletan euskararen presentzia areagotzea funtsezkoa da erdaldunak euskarara gerturatzeko eta euskarari prestigio soziala emateko. Hirugarrenik, ETBk eta EITBk orokorrean eremu digitalean duen ahultasuna gainditu behar du. Kontsumo ohitura eta joera berriei eutsi behar die eta moldatzen jakin behar du. Aurten martxan jarriko den Primeran plataforma bada horretarako lehen pausu bat.
  5. Euskararen ezagutza mailak gora egin du azken urteetan, baina erabilerak, ordea, ez. Euskara ikastetxeetatik kaleetara eramatea ezinbestekoa da. Ikus-entzunezkoak gure sozializazioaren gero eta parte garrantzitsuagoa diren garaian ezinbestekoa da areagotzea euskarazko ikus-entzunezkoak hizkuntza beraren osasunerako.
  6. Legeei dagokienean, beharrezkoa da aktore globalen jarduera erregulatzea Estatu eta Euskal Herri mailan. Hizkuntza eskakizunak ezartzeko modu bakarra da; bai streaming plataformei eta baita telebista, zinema eta bestelako aktoreei ere. Horretarako, Estatu mailako lege sendoez gain (harago doan Ikus-entzunezko Lege Orokorra) beharrezkoa da Euskal Ikus-entzunezkoen eta Zinemaren Lege propioa sortzea.
  7. Euskal Ikus-entzunezko Kontseilua sortzearen beharra. Europako Kontseiluak gomendatzen du sortzea eta gure inguruan badira hainbat: nazioartean Belgika edo Frantzia aipa ditzakegu eta Estatuan Katalunia, Andaluzia edo Valentzia. Ezinbesteko tresna da ikus-entzunezko legeak betearazteko eta hizkuntza eskubideak zaintzeko. Gardentasunaren erakusgarri ere bada.
  8. Etengabe aldatzen ari den sektorea da ikus-entzunezkoena. Streaming plataformak bezalako aktore berriak agertzen ari dira eta horien arteko botere harremana (telebista, plataformak, zinea…) aldatzen ari da. Horrelako aldaketek neurri, lege, proiektu eta estrategia berriak eskatzen dituzte, batez ere gurea bezalako hizkuntza eta sektore batean. Horregatik, ezinbestekoa da ikerketa sustatzea.

 

Bibliografia

AIMC (2022). Marco General de los Medios en España, eskuragarri hemen: https://www.aimc.es/a1mc-c0nt3nt/uploads/2022/01/marco2022.pdf

Barlovento Comunicación (2021). 2021 Análisis de la industria televisiva audiovisual, eskuragarri hemen: https://barloventocomunicacion.es/wp-content/uploads/2022/05/2021-ANALISIS-TELEVISIVO-BARLOVENTO-COMUNICACION-1.pdf

Berria (2022). Euskara, pantailetan lauso, eskuragarri hemen: https://www.berria.eus/paperekoa/1913/010/001/2022-12-01/euskara-pantailetan-lauso.htm [Kontsulta eguna: 2023/01/09].

Euskal Hedabideen Behategia (2022). Streaming plataformak Hego Euskal Herrian, audientzia azterketa, eskuragarri hemen: https://behategia.eus/eu/streaming-plataformak-hego-euskal-herrian-audientzia-azterketa/

Larrinaga, Asier (2019). Euskal Telebistaren sorrera, garapena eta funtzioa euskararen normalizazioaren testuinguruan. Doktore tesia. Bilbo: UPV/EHU.

NOR Ikerketa Taldea (2020). “Ikus-entzunezko gomendagarriak gaika eta euskarrika”. Ikusiker Unibertsitatea Panelaren 7. Txostena. 2020ko urtarrila. Applika ikerketa proiektua (US17/40). UPV/EHU. http://ikusiker.eus

NOR Ikerketa Taldea (2022). “2021-2022 Panela: streaming plataformak”. Ikusiker Unibertsitatea Panelaren 31. Txostena. 2022ko apirila. Applika ikerketa proiektua (US17/40). UPV/EHU. http://ikusiker.eus

Ikerlanean erabili diren beste iturri batzuk:

AIMC (2021). 23 Navegantes en la red 2021, eskuragarri hemen: https://www.aimc.es/otros-estudios-trabajos/navegantes-la-red/

Euskal Irrati Telebista (2022). EITB 2030 Estrategia: Batzen gaituen etorkizuna. Bilbo: EITB. Eskuragarri hemen: https://www.eitb.eus/multimedia/corporativo/documentos/EITB_ESTRATEGIA_2030_EUS.pdf

Kike Amonarriz (2018). EiTB-ren etorkizunaz soziolinguistikaren talaiatik, eskuragarri hemen: https://www.legebiltzarra.eus/ic2/restAPI/pvgune_descargar/default/b00303a6-173b-4852-ab43-dc4036b8276c

NOR Ikerketa Taldea (2021). “2021-2022 Panela: ikus-entzunezko kontsumoa”. Ikusiker Unibertsitatea Panelaren 26. Txostena. 2021eko azaroa. Applika ikerketa proiektua (US17/40). UPV/EHU. http://ikusiker.eus

NOR Ikerketa Taldea (2021). “Serieen kontsumoa”. Ikusiker Unibertsitatea Panelaren 18. Txostena. 2021eko otsaila. Applika ikerketa proiektua (US17/40). UPV/EHU. http://ikusiker.eus

Pantailak Euskaraz (2021). Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestua, eskuragarri hemen: https://www.pantailakeuskaraz.eus/euskarazko-ikus-entzunezkoen-aldeko-manifestua/

Soziolinguistika Klusterra (2021). Hizkuntzen erabileraren kale neurketa, eskuragarri hemen: https://soziolinguistika.eus/wp-content/uploads/2022/05/hekn21_emaitzen_laburpen_txostena.pdf


1 Multimedia Komunikazioa Masterrean (EHU-EITB) Joseba Ezeizaren zuzendaritzapean egindako Master Amaierako Lanaren laburpena da artikulu hau.

2 Applika ikerketa-proiektuaren barruan kokatzen da Panel hori eta EHUko eta EITBko ikertzaileez osatua dago. 2019ko udaberritik, EHUko eta NUPeko 1000 ikaslek, 18-25 urte bitartekoak, ikusten dituzten edukien, komunikaziorako erabiltzen dituzten aparailuen eta gustuko dituzten ikus-entzunezkoen berri eman dute.

3 ETBko kanalak dezente gehiago gomendatu dituzte entretenimendu eta informazio edukien inguruan galdetzean. Entretenimendua: ETB1 % 10,6, ETB2 % 15,3 eta ETB3 % 1,1. Informazioa: ETB1 % 28,4 eta ETB2 % 32,4. Hori bat dator Barlovento Comunicación enpresak 2021ean argitaratu zuen Análisis de la industria televisiva-audiovisual txostenean aipatzen denarekin. Bertan azaltzen da Estatuko telebista autonomikoetan informazioa dela genero nagusia (edukien % 28,0). Horren atzetik doaz entretenimendua (% 21,4), fikzioa (% 18,0), kultura (% 18,0), lehiaketak (% 5,3), kirola (% 5,0) eta musika (% 2,9).

4 Pantailak Euskaraz mugimendua osatzen dute Disney Euskaraz, Netflix Euskaraz, Zinemak Euskaraz eta Game Erauntsia ekimen herritarrek, eta, Tinko Euskaraz eta Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkarteek. Ekimenaren helburua da euskarazko ikus-entzunezkoen presentzia areagotzea euskarri eta plataforma desberdinetan.

5 BERRIA egunkarian argitaratutako albiste honetatik atera dira datuak: https://www.berria.eus/paperekoa/1913/010/001/2022-12-01/euskara-pantailetan-lauso.htm

6 Bide beretik, interesgarriak dira Asier Larrinagak, EITBko Euskara Zerbitzuko arduradunak, euskarazko bikoizketen inguruan bere doktore tesian emandako datuak [Larrinaga, 2019]: «Euskarazko bikoizketa, ordea, gainbehera etorri da. Batetik, Euskal Telebistak enkargatutako bikoizketa-orduetan, murrizketa zorrotza gertatu da (M. Aranburu, 2013). 1980ko hamarkadan, ETBk 1.800 ordu bikoizten zituen euskarara urtean. 1990eko hamarkadaren erdialdean, urteko 1.000 ordura jaitsi zen bolumena. 2009-2012 artean, 450 ordu bikoiztu ziren urtean, eta 2013an, 100 ordu baino ez. Bestetik, ETBtik kanpo, murrizketa hein berekoa izan da. Bikoizketaren hasierako urteetan, Euskal Telebista zen bezero bakarra baina, geroago, beste batzuk agertu ziren (Larrinaga, 2007b): Eusko Jaurlaritza, zinema-banatzaileak, elkarte pribatuak eta Donostiako Zinemaldia. Horietatik guztietatik, egun, Jaurlaritzaren Zinema Euskaraz programak baino ez dirau: 2014an, 4 filmen eta 8 marrazki-film luzeren bikoizketa lagundu zuen diruz, alegia, 20 ordu baino gutxiago (Zineuskadi, 2014a, 2014b, 2014c)».