Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2021 | Garazi Goia (hitzaldiaren laburpena) ()

Estrategia bat behar dugu herri gisa; eta berehala behar dugu.

Hori ondorioztatu daiteke Garazi Goiak «Ikus-entzunezkoak, ikuspegi globaletik Euskal Herrira begirada» izenburupean abenduaren 22an Donostian emandako hitzalditik (Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaturiko Gipuzkoa berdinago foroa).

Telekomunikaziotako ingeniari segurarrak ia bizitza erdia darama Erresuma Batuan lanean, BBCn lehen eta SKYn orain. Europa mailako ikus-entzunezko enpresarik handiena da SKY, 23 milioi bazkiderekin. Estrategia eta eraberritze saileko ardura postuetan dihardu Goiak azken urteotan, hortaz, ezagutza handia metatu du esparru horretan.

Ikuspegi globaletik abiatu du bere solasa: mundu mailan ikus-entzunezko edukien sortzaile nagusiak diren korporazioek presio handia eragiten diote elkarri eta ondorioz, bidea bakarrik egitea ezinezkoa zaie. Horren adierazle da azken bospasei urtetan gertatutako kontzentrazioa, elkartze hitzarmen estrategikoen edo elkar irensteen bitartez. Bateratze aipagarrienak merkatu globaleko edukien %90a ekoizten duten hauen artekoak izan dira: AT&T eta Warner Bros 2016ean; Comcast, Universal, NBC eta SKY 2018an; Viacom eta CBS alde batetik, eta Disney eta FOX bestetik 2019an; Discovery, Warner Media eta HBO 2020an; eta Amazon eta Metro-Goldwyn-Mayer 2021ean.

Joera honek Euskal Herriari ere eragiten dio, eduki horiek baitira guregana gero eta indar handiagoz iristen ari direnak. Goiaren ustez, honen alde positiboa da enpresa handi hauen gabezia ekoizpen lokala, europar kutsukoa (“nitxo” kutsukoa nahi bada), garatzeko. Zer esanik ez, are bertokoagoa den ekoizpena garatzeko; mundu mailako egoeraren aurrean konpetentzia konstruktiboa egiteko bide bakarretakoa dugu hau.

 

 

Garazi Goiak hoberen ezagutzen duen eremuan, Erresuma Batuan alegia, nabarmena da plataformen artean nola egiten ari diren gorantza Netflix eta Amazon Prime, eta beherantza BBC eta Channel 4. Etxe bakoitzean hiru edo lau plataforma izateko ohitura bazuten ere, azkenaldian bi hautatzen dituzte; Netflix, Amazon Prime, Disney eta Apple dira aukeratuenak (laugarren hau gutxixeago). Lehia hori oso gogorra izaten ari da eta aurreikusten duenez, joera guzti hauek Euskal Herrira iritsiko dira bi urteko epean.

2022an mugarri bat ezarriko da Erresuma Batuan: lehen aldiz, ikusleek pantaila aurrean igarotzen duten denboraren %50a baino gutxiago izango da telebista tradizionalaren aurrean igarotakoa, bestelako euskarrien mesedetan; hori aldaketa handia da jendearen kontsumo moduetan. BBCko zuzendariak, adibidez, onartu du eraldaketa handi baten beharrean daudela, ezin dutela horren aurrean lehiatu eta, beraz, sormenean arrisku handiagoa hartu behar dutela, aniztasunean konpromiso handiagoa hartuz, diferentziazioa azpimarratuz eta ikuslegoaren markarekiko lotura indartuz; estrategia garbi bat izan ezean, BBCren etorkizuna oso iluna dela adierazi du. CH4 eta iTV bezalako kate publikoak ere horretan ari dira, diferentziazio hori bilatzen. Goiaren esanetan, Euskal Herrian sistema publikoak daukan indarra ikusita, garrantzitsua da Erresuma Batuan gertatzen ari denari so egitea; bertako kultura eta izaera islatzeko plataforma erraldoiek duten zailtasuna dago horren oinarrian. Horretarako, baina, beharrezkoa da erregulazioa, politikak aldatzea, finantziazio eredu berriak bultzatzea eta abar.

Sakonki ezagutzen duen eremu geografiko hartako audientzia ohiturei begiratuz gero, 16 eta 34 urte artekoen tarte horri jartzen dio arreta gehien Goiak, etorkizuneko oinarriak hor finkatzen baitira. 2020ko datuen arabera, egunero bost ordu ematen dute batez beste ikus-entzunezkoak kontsumitzen. Denbora horren % 32a soilik da telebista tradizionala (programazio parrila eta nahieran zerbitzuak); gainontzekoa, goranzko joera esanguratsua duten plataformek, Youtubek, bideo-jokoek eta komunitate berriek (Twitch, TikTok etab.) osatzen dute.

Errealitate hau kontuan hartuta, Euskal Herrira begira jarri da hizlaria eta gaztigatu digu orain hasi behar dugula definitzen bost urte barru zer nolako ikus-entzunezko ekosistema nahi dugun. Eta proposamenak egin ditu segidan.

Arestian aipatutako plataformen arteko lehia gogorrak bi aterabide uzten dizkie hauei hazten jarraitzeko, ikusleei kuota igotzea edo beste lurraldeetara hedatzea. Hedatze horrek aniztasunari leku gutxi uzten dio eta hori baliatu behar da, legediaren laguntzarekin.

Bestalde, zerbitzu publikoek berdefinitzeko eta eraldatzeko beharra daukate, elkarlanean, ezagutzan eta lan egiteko modu berrietan zentratuz (aurretik aipatutako BBCren hausnarketa jarri du eredu gisa).

Audientzien joerak lehen ikusitakoen berdintsuak dira Euskal Herrian ere eta hauek benetan neurtu eta ulertu behar dira, ikus-entzuleek zer nahi duten jakiteko.

Irizpide hauek guztiak barne bilduko dituen estrategia koherente bat behar da, marko osoa aintzat hartuko duena. Ez dago, Goiak ingelesezko esamoldea erabilita esan duen bezala, zilarrezko balarik; soluzioa ez da bat eta bakarra, osotasuna landu behar da, ikuspegi estrategiko integralarekin.

Hausnarketa horretan eragina duten elementu nagusiak zerrendatu ditu, hala nola, ikuslearen esperientzia pantaila aurrean jartzen denean, pertsonalizazioa edukiak aukeratzeko orduan eta diferentziazioa ikuslearekiko lotura sendotzeko.

Netflixek, adibidez, oso landuta dauka ikuslearen esperientzia, plataformaren aurrean esertzen den unetik ikusi nahi duen hori berehala has dadin: telebista aparailuetako urrutiko agintean “Netflix” botoia jarri du (Amazon Prime ere hasi da hori egiten). Halaber, ikuslearekiko pertsonalizazioa lantzen dabiltzan 8.000 langile ditu plataforma horrek, plantilla osoaren herena.

Plataformen arteko lehia hau, esan bezala, oso azkar doa eta oso bortitza da. Nor aterako da garaile? Bada, “laugarren pareta” zeharkatzea lortzen duena, hots, audientziarekin konexio eta gertutasun handiena lortzen duena. Zentzu horretan, Euskal Herrian badugu aukera komunitatea, hizkuntza, kultura,... zentroan ipiniz gero gertutasun hori erdiesteko. Goiak berriz errepikatu du: enpresa erraldoien artean aniztasunarentzako tartea badago. Galesen edo Zeelanda Berrian, esaterako, dagoeneko erabili dute komunitatearen kontzeptua gertutasun hori bilatzeko. Izan ere, argi geratu ez bada, berriz esan du: denbora aurrera doa eta estrategia koherente bat behar dugu, bestela jan egingo gaituzte.

Bere hitzaldiaren amaieran gomendio batzuk plazaratu ditu. Goiaren aburuz, zein jokotan gauden erabaki behar dugu eta horretara mugatu, ezin dugu kontestu zabal batera joan. Posizionamendu bat egin behar da zer lortu nahi dugun definitzeko. 2030. urtea baldin bada zerumuga, demagun, zeintzuk izango dira euskara erdigunean izango duen ikus-entzunezko ekosistemaren parametroak? Hiru ardatzen gainean garatu behar dugu hau: zer egingo dugun; zergatik egingo dugun; eta nola egingo dugun. Zergatik egin? Geure hizkuntza, identitatea eta kultura babestu behar ditugulako. Nola egin? Eraldaketaren bidez, lan egiteko modu berrien bidez, transformazioa eta elkarlana gakoak dira helburu komunak lortzeko; beti ere euskara erdigunean jarrita. Zer egin? Ikus-entzunezkoen testuinguru optimo bat lortu 2030ean Euskal Herrian. Horretarako zereginetako bat hedabideak audientziarekin daukan lotura neurtzea da. Nola egiten du hori EITBk? SKYn, adibidez, langile berezituak daude egunero 30 parametro neurtzen, eta inbertsioa, ahalegina, norabide horretan egiten dute, eragina daukaten parametro neurtu horien arabera. Har ditzagun, hasteko, bost euskal parametro, adibidez, eta bere osotasunean aztertu, ez indibidualki. Argi izanda neurtu ezin den horrek ez digula balio, eragina neurtzera joan behar gara.

Akaburako, herri gisa daukagun ikuspegi estrategikoaren beharra gogoratu eta abisua eman du Garazi Goiak: geuk egiten ez badugu, geuri egingo digute.

 

 

Ikus-entzunezkoak, ikuspegi globaletik Euskal Herrira begirada. Garazi Goiaren hitzaldia ikusteko:

youtube.com/watch?v=aeIixX0g2z0