Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2022-23 | Izar Mendiguren Cosgaya, Asier Iturralde Sarasola, Alex Aginagalde, Urtzi Odriozola (Aiaraldea komunikabidea, Argia, Pantailak Euskaraz eta CodeSyntax)

Teknologia eta sare sozial berrien erabilera horren garrantzitsua den garaiotan, zein arrisku edo zulo ditu sareak? Pentsaezina litzaiguke kasik, egun, Internetik gabeko bizitza. Komunikabideentzat ez ezik, komunikaziorako ezinbesteko tresna bilakatu dira, baita bizitzako beste esparruetarako ere: kultura bertatik hedatu eta kontsumitzen dugu (espazio eta baliabide fisikoetan ere bai), erosketa edo bidaiak bertatik arakatzen ditugu, lana bilatzeko plataformak baliatzen ditugu, ordainketa edo transferentziak ere bertatik bideratzen ditugu askok... Abiadura bizian doa teknologia berrien garapena, eta, komunikabideak ezin gara atzean geratu. Zeren truke, ordea?


AIARALDEA

Aiaraldea Komunikabideari egindako zibereraso nagusia 2022ko irailean izan zen: Youtubeko kontua blokeatu ziguten kriptotxanponen publizitatea sartu zelako. Horren atzetik etorri ziren Facebookeko kontua blokeatzea, edota Twitchekoa etetea. Irailaren 28an ez ziguten, ordea, Youtubeko kontu soila blokeatu: Aiaraldearen kasuan 11 urtetako ikus-entzunezko artxibo publiko guztia geratu zen etenda. Webgunean no disponible akatsa ikustea baino larriagoa zen guretzat hori.

Teknologia burujabetza ezak kinkan jartzen zaitu hedabide gisa, une batetik bestera zure edukiak nazioarteko auskalo zein hodeietan bahituta daude, eta arazoa konpontzeko giltza ez dago zure esku. Gure kasuan, halako erasoak jasan dituzten Euskal Herriko proiektu ezberdinekin jarri ginen harremanetan: euskarazko komunikabideen babesa jaso genuen, baita beste zenbait proiekturena ere, baina ez zen aski izan. Bi helegite aurkeztu behar izan genizkion Youtuberi gure kasua lehenbailehen aintzat hartzeko: euskarazko komunikabidea izanik, oso argi zegoen kriptotxanponen publizitatea ez zela Aiaraldea Komunikabideak egindakoa (logorik gabe, euskara ez den hizkuntza batean...). Ondorioa argia da: teknologia burujabetzarik gabe, enpresa multinazionalen menpe gaude. Badira alternatibak, ordea: Peertube ikus-entzunezkoetarako (hodeia edo biltokia Euskal Herrian du), Matomo (Google Analytics ekiditeko programa librea)... Baina jendarteak korronte horien arabera informazioa eta bizitza kontsumitzen jarraitzen duen bitartean, zaila zaigu bide horiek alboratzea (telebista zein mugikorretan Youtube erabiltzen da batik bat, eta audientzia edo irismena murriztea ekarri lezake horrek, ziurrenik). Hortaz, arriskuetan zentratu baino, aukeretan eta aliantzetan dago gakoa: zibererasoek ez dute gure munduetatik alde egingo. Balia ditzagun halako egoerak helburu eta tresna berak dituzten komunikazio edo komunikabide proiektuak elkartu, lagundu, babestu, eta alternatiba berriak zirriborratzeko. Esperientzia eta aukera ugari ditugu gure inguruan ere amu berriei heldu eta mamuak uxatzeko.

https://aiaraldea.eus/aiaraldea/1668777821974-aiaraldea-komunikabideak-youtube-kontua-berreskuratu-du-zibererasoaren-ondorioz-desaktibatu-zioten-eta

Izar Mendiguren Cosgaya

Aiaraldea Komunikabidea


ARGIA

Argia.eus webguneak DDoS edo Zerbitzu Ukapenaren Eraso banatu motako zibereraso anonimoa jasan zuen, 2022ko uztailaren 17an hasita, hiru egunez. Mota horretako eraso informatikoetan, Interneteko helbide ugaritatik bot-ak erabiliz, informazio eskaerekin zerbitzaria erabiltezin uztea bilatzen da. Erasoa helbide bakarretik datorrenean oso erraza da geratzea, nahikoa baita dagokion IP helbidea blokeatzea, baina DDoS motako erasoetan zaila da trafiko normala eta erasoaren parte dena bereiztea, erantzuna ematea zailduz.

Uztailaren 17an, igande gauean, ohartu ginen zerbait ez zihoala ongi. Ulertzen ez genituen arrazoiengatik webgunea ostatatzen duen zerbitzariaren lan karga neurriz gain hazi zen, inoiz ikusi gabeko mailetaraino, eta ondorioz, ezin ziren webeko edukiak ikusi. Astelehen goizean kazetariek ezin izan zuten informaziorik publikatu. Bien bitartean, soluzio bat aurkitu nahian aritu ginen jo eta ke. Arratsaldean, une batez webgunea berrezarri eta prest genituen albisteak argitaratu bagenituen ere, berriro erori zen zerbitzaria.

Asteartean ere arazoak berdin jarraitzen zuen. Webgunea behin-behinean martxan jartzeko erabaki mingarri bat hartu behar izan genuen: Espainiako Estatutik kanpoko IP helbide guztiak blokeatzea, gure irakurle multzo bat, Ipar Euskal Herriko lagunak, sistematikoki kanpo utziz; baita diasporako euskaldunak ere. Hori izan zen webgunea zutik mantentzea lortu zuen lehen neurri eraginkorra. Jarraian, erasoaren jatorria aurkitu eta mugatu nahian, hainbat proba egin genituen, zenbait estatutako trafikoa blokeatuz, baina ez genuen erantzun argirik aurkitu. Hiru eguneko buruhausteen ostean, uztailaren 21ean, ostegunean, blokeoa kendu eta webguneak zutik irauten zuela ikusi genuen. Erasoa amaitu zen.

Horrelako erasoak informazio eskubidearen aurkakoak dira, eta beraz, denon askatasunaren aurkakoak, baina gure komunitatearen babesa dugula sentitzen dugu. Askotan esan dugun bezala, ez gaituzte ez kikilduko, ez isilduko.

https://aiaraldea.eus/aiaraldea/1668777821974-aiaraldea-komunikabideak-youtube-kontua-berreskuratu-du-zibererasoaren-ondorioz-desaktibatu-zioten-eta

Asier Iturralde Sarasola

ARGIA


PANTAILAK EUSKARAZ

Joan den urriaren 11n, Pantailak Euskaraz ekimenaren e-postari, Twitter kontuari eta Youtube kontuari eraso zieten. Gure Youtubeko kanalean eta Twitterreko kontuan kriptotxanponen inguruko mezu eta bideo ugari agertzen hasi ziren, ingelesez. Informatikan adituei galdetu eta scam motako erasoren bat izango zela esan ziguten, pirata informatikoren bat sartu zitzaigula gure kontuetako pasahitzak lortuz lehenik, eta bere mezuak publikatuz ondoren. Abisatu ziguten bezain pronto, mezu horiek guztiak ezabatu genituen, kontu guztiak gailu guztietan itxi, eta pasahitzak berrezarri genituen.

Hau guztia egin ondoren, urriaren 12an, konpondutzat eman genuen arazoa eta gure kontuen funtzionamendua normaltasunera bueltatu zen. Baina ostegun gauean, urriaren 13an, Twitter kontua itxi ziguten. Ez dugu garbi horren arrazoia. Twitterretik jasotako mezuaren arabera, “arau-hauste bategatik” itxi ziguten behin-behinean. Esan zigutenez, baliteke Twitterrek gure kontuan agertu ziren mezu arraro horiek desegokitzat jo izana eta horren ondorioz itxi izana. Orduan, hau berrezartzeko eskaerak bideratu genizkion Twitterri bere laguntza atalaren bitartez, gertatutakoaren azalpen guztiak emanez. Eskaera behin eta berriz luzatu genion hurrengo egunetan, baina erantzuna beti berdina izan zen: “Arau hausteagatik kontua itxia duzuela berresten dizuegu”.

Hau salatzeko sinadura kanpaina bat abiatu genuen Avaaz plataforman, horrela Twitter presionatu eta kontua berrabiaraziko zigutenaren itxaropenez. Bi egunetan 500 sinaduratik gora bildu genituen; Twitterri eskaera berriak luzatu, baina ez genuen lortu berriz aktibatzea. Beraz, @pantailakeus kontua galdutzat eman (2.800 jarraitzaileak ere), eta zerotik hasi gara berriz, @pantailakeusk kontua sortuz. Momentuz, jarraitzaileen erdia soilik berreskuratu dugu, eta hau traba handia izan da batez ere sare sozialetan mugitzen den gurea bezalako ekimen batentzat. Gainera, garai bertsuetan gure webgunea ere erori zen, ez dakigu oso ongi zergatik, baina arazo tekniko andana izan genituen hau berreskuratzeko; beste eraso edo birusen bat izan zela esan ziguten. Oztopoz beteriko baldintza horietan eraman behar izan genuen aurrera urteko gure ekimenik garrantzitsuenetakoa izan zen PANTAILALDIA.

hhttps://www.pantailakeuskaraz.eus/

Alex Aginagalde

Pantailak Euskaraz


 

Zibersegurtasunaren oinarriak eta gomendio batzuk norbanako, erakunde eta elkarte txikientzat

Eraso informatiko bat ekidin eta zein gomendio aplikatu behar ditugun erabaki ahal izateko, lehenik eta behin, zibererasoak zer diren jakin beharko genuke. Wikipediaren esanetan, zibereraso edo eraso informatiko bat, sistema informatiko bat (ordenagailu, sare pribatu, etab.) kontrolatzea, ezegonkortzea edo kaltetzea helburu duen nahita egindako eraso bat da. Baina garrantzitsuena eta oinarri oinarrian ulertu beharko genukeena da, honelako eraso batek sistema informatikoetan sarbidea eskuratzea izaten duela lehen helburua. Hau da, ordenagailu eta sareetan kontrola lortzea ahalik eta maila altueneko pribilegioak lortuz, ondoren gailu horiek helburu ezberdinetarako erabiltzeko: informazioa ostu, gailuen funtzionamendua ezegonkortu, fitxategiak ezabatu…

Beraz, erasoak ekiditeko, gailuen kontrola guregain izateko prebentzioak hartzea eta eraso mota hauetaz informatuta egotea da gakoa, engainuak ez irensteko. Erasoak, normalean, engainu eta tranpa izan ohi dira hasieran, eta behin engainu hori gauzatu ostean eta gailuen kontrola lortu ostean jotzen dute benetako helburura.

Gainera, kontutan izan behar dugu mota askotako erasoak daudela eta ez dagoela soluzio magiko bakar bat hauei aurre egiteko. Horrez gain, gaixotasunen moduan, erasoak ere aldatu eta eboluzionatu egiten dituzte erasotzaileek, hauen aurkako konponbideak kaleratzen diren heinean. Horregatik erabiltzen dira askotan gaixotasunen metaforak (birusa, mutazioak, infekzioa, antidotoak…).

Eraso mota batzuk aipatzearren, hona hemen ohikoak izaten direnen zerrenda bat:

Ingeniaritza sozialeko erasoak

Segurtasuna apurtzerako orduan, orokorrean pertsonok izaten gara katebegi ahulenak; eta ingeniaritza sozialeko erasoak gu gaitu helburu. Pertsonon psikologia eta engainua izaten dute joko esparrua eta gailuetara sarbidea eta kontrola lortzeko jo puntua.

Multzo honetan, taktika ezberdinak erabiltzen dira. Benetan gertatu diren adibide batzuk jartzearren:

  1. Eraso sinpleena engainu zuzena da. Informatikako teknikari baten paperean enpresa batera sartzen den erasotzailearena, adibidez. Biktimak ordenagailu bateko sarbidea eta pasahitzak eskaintzen dizkio mantenu lanak egiteko. Erasotzaileak gailu horren kontrola lortzen du eta hurrengo erasoa etxetik egiten du enpresako datuak konprometituz. Telefonoz ere gertatu izan dira horrelako kasuak eta baita enpresa barneko langileek gauzatuta ere.
  2. Eraso sofistikatuagoen artean, Phising, Smishing… deritzenen eta hauen antzeko deribatuak izan ohi dira ohikoenak. Eraso hauetan, biktimek erabiltzen dituzten zerbitzuen webguneak faltsutzen dituzte (banketxeetako webguneak normalean). Hauen kopia berdinak eraikitzen dituzte, bezero gune eta guzti. Horrela, benetakoak diruditen e-posta edo sms mezuen bitartez, biktimei beraien zerbitzuetan aldaketak egon direla-eta webgunean sartzeko eskatzen zaie. Mezu horretan, faltsuak diren webgune horietara bideratutako estekak egoten dira eta biktimek bertan klik egin eta erabiltzaile eta pasahitzak sartuta, erasotzaileei bidaltzen dizkiete. Bai, hala da: online bankako erabiltzaile eta pasahitzak. Behin online bankarako sarbidea eskuratuta, diru transferentzia bat gauzatu dezakete eta segidan 1. puntuan aipatutako eraso mota bat gauzatzen dute, zeinetan erasotzaileak, benetako bankuko telefonoa dirudien zenbaki batetik biktimari deitu eta benetako bankutik jaso duen sms mezuko kodea eskatzen dion. Biktimak telefonoan jasotako zenbakia ematen badio, transferentzia gauzatu eta dirua galduko du.
  3. Malwarea deritzon beste multzo bat ere badago. Kasu honetan, gure ordenagailuaren kontrola lortzeko prestatutako programa edo fitxategi bat izaten da, baina benetako programa edo fitxategi baten itxura duena. Programa hau gure gailuren batean instalatzen badugu, akabo. Demagun instalatu nahi dugun programa garesti baten (Photoshop, adibidez) instalatzailea dohainik deskargatzeko aukera aurkitzen dugula sarean. Programa hori malwarea baldin bada, eta guk ordenagailuan instalatzen badugu, erasotzaileari gure ordenagailuaren kontrola lortzeko tresnak instalatzeko aukera emango diogu. Adibidez, gure teklatuan zapaltzen dugun tekla bakoitza zein den bidali ahalko dio (keylogger) gure pasahitz ezberdinak lortzeko aukerarekin, edota beste ordenagailu baten aginduak betetzeko diseinatutako programa bat instalatuko zaigu guk ezer jakin gabe. Azken kasu honetan, gure ordenagailu hori zonbi bat dela esan daiteke eta milioika ordenagailuk osatutako ordenagailuen sare edo armada baten parte izan daiteke (botnet), ordenagailuaren jabea ezertaz jabetu gabe. Malware eraso mota Argiaren aurkako erasoa ulertzeko ezinbestekoa da, nire ustez.

Indar gordineko erasoa (Brute force, ingelesez)

Kasu honetan, lehendabizi, biktimaren informazioa pilatzen dute sarean ahal dituzten bide guztiak erabiliz. Google bilatzailea edota sare sozialak informazio iturri ezin hobeak izan ohi dira horretarako. Ondoren, biktimaren profila osatzen dute eta hitz gakoak izan daitezkeen hitzekin pasahitzak eraikitzen dituzte: txakurraren izena+jaioturtea, ezizena+jaioturtea, seme-alaben izenak+jaiotze datak… Eta banan banan probatzen dituzte biktimak erabiltzen dituen zerbitzuen kontra (sare sozialak, e-posta…) hauetakoren baten pasahitza asmatu eta zerbitzuaren kontrola lortu arte. Hortik aurrera, beste eraso bati ekin diezaiokete: spama, informazio lapurreta, estortsioa, identitate lapurreta…

Zerbitzu ukatzearen eraso banatua (DDoS)

Eraso hau, aurrez mendean hartutako hainbat gailu sarean koordinatuta egiten den eraso bat da. Mendean dauden gailuak zonbi egoeran daudela esaten da, eta erasotzaileak kontrolatzen duen gailu baten aginduak betetzen dituzte. Gainera, gailu zonbi horien jabeek ez dakite haien gailua eraso koordinatuak egiteko erabiltzen ari direla eta gailuen armada (ingelesez, botnet) baten parte direla.

Funtsean, sareko zerbitzu bat denbora tarte batean erabilgaitz uztea da helburua eta horretarako, zerbitzu hori eskatzen dute botnet bateko gailu zonbi guztiek aldi berean edo maiztasun ezberdinetako olatu aldietan. Webgune edo zerbitzu horrek espero ez duen eskaera kantitatea jaso eta denak artatu ezin dituenez, gainezka egiten du. Musika talde ezagun baten kontzertu berezi bateko sarrerak erosi nahi dituzunean bezala gertatzen da, tiket zerbitzaria blokeatuta gelditu ohi da, jarraitzaile guztiak batera sarrerak erosi nahian baitabiltza. Baina kasu honetan, eskaerak zilegi dira eta jende uholdearen bisitak espero eta ekidin daitezke; DDoS eraso batean ez, eta efektu bera bilatzen dute.

Webgune edo zerbitzua kudeatzen dutenentzat zaila izaten da bereiztea zilegi diren eskaera eta erasorako direnen artean, eta eskaera hauek filtratu, blokeatu edota erasoa amaitu bitartean webgune edo zerbitzuak erabilgaitz egoten dira.

Eraso mota hau Argiak edota hainbat Mastodon instantziek jasan dute duela gutxi.

Ramsomware erasoa

Oso ohiko erasoa bilakatu da azken aldian, batez ere enpresa munduan. Erasotzaileak datu baliotsuak dituen gailu batera malware bidez sarbidea lortzen duenean, datu horiek zifratu egiten ditu. Hau da, pasahitz batez enkriptatu. Ondoren, gailuaren jabeari edo enpresari diru kopuru bat eskatu ohi dio datu horiek berreskuratzearen truke. Normalean, kriptotxanponetan ordaintzeko eskaera egiten dute: Bitcoinetan. Ordainketa kriptotxanponetan eginez gero, ia ezinezkoa da hauek arakatu eta jarraitzea.

Azken aldian, gainera, eraso hauen aldaera berri bat ari da nagusitzen, zeinetan erasotzaileek, datuen zifratzeaz gain, kopia bat ere bereganatzen duten. Horrela, datuak galtzeko arriskuaz gain, datu hauek hirugarrengo batzuekin partekatzeko edo saltzeko mehatxua egiten dute.

Eraso honen aurrean, funtsezkoa da datuen babes kopia on bat izatea eta malwarea ez instalatzeko neurriak hartzea.

Eraso hauei aurre egiteko babes neurri batzuk, zerrendatuta:

  • Gailuetako sistema eragilea eguneratuta eduki, azken segurtasun adabakiekin.
  • Software librean oinarrituta ez dagoen sistema eragile bat baldin baduzu, antibirusa instalatuta eta egunean izan, eta noizean behin ordenagailua eskaneatzeko programatu. Aukeran, erabili software librea, lehenak izaten baitira segurtasun akatsak detektatu eta eguneraketak kaleratzen.
  • Zure sareko puntuak begiratu: wifia pasahitz seguru batez babestuta daukazu? Routerrak bere administrazio gunerako sarbidea pasahitz seguruz dauka babestuta? Zure sarbide puntuko kontrola lortzen badute: etxekoa, enpresakoa… etxean sartu zaizkizu.
  • Ez instalatu webgune ofizialetatik aparteko ezer eta ziurtatuta ez dagoen ezer: ez mini-jokorik, ez demorik, ez doako programarik… Sisteman lekua zaborrez betetzeaz gain, oso arriskutsuak izan ohi dira.
  • Tartean behin, ahal baduzu, datuen kopia bat egin eta formateatu diskoa berriz ere sistema eragilea instalatuz eta garbituz.
  • Ez partekatu zure pasahitzak inoiz inorekin. Ez login egiteko erabiltzen dituzunak, ez eta mugikorrera mezu bidez iristen zaizkizunak.
  • Ez utzi pasahitzak idatzita, ez mahai gainean paper batean, ez post-it batean, eta abar… Are gutxiago ordenagailuan bertan testu fitxategi batean. Fitxategi batean gorde behar badituzu, beti zifratuta gorde.

  • Pasahitzen politika egoki bat erabili: ez errepikatu pasahitzak zerbitzu berdinetan, luzeak eta karaktere nahaspila ezberdinak izan ditzatela, eta abar.
  • Aukeran, pasahitzen kudeatzaile bat erabili. Pasahitzak sortu eta gogorarazteko programa bat, asko daude merkatuan.
  • Erabiltzen dituzun kanpo zerbitzu guztietan (online zerbitzuetan, adibidez Youtube edo Twitter moduko sare sozialetan, Gmail moduko e-posta zerbitzuan...), 2FA edo bi faktoretako autentifikazioa erabili. Pasahitzaz gain, beste segurtasun geruza bat ezarriko diozu zerbitzuari. Gaur egun ezinbesteko minimo bat izaten da hau aktibatzea erakunde eta enpresa askotan. Elkarte edo erakunde bat bazara, minimo bat izan behar luke honek.
  • Ez ireki ezagutzen ez duzun e-posta batek dakarren eduki gehigarririk ez eta loturarik ere, bere jatorria egiaztatu eta ona dela jakin arte. E-posta hori espero ez baduzu, argi ibili beti.
  • Zure bankutik e-posta bat bidaltzen badizute pasahitza aldatu behar duzula esanez, edo dena delako kudeaketa bat egin behar duzula-eta e-posta horretan esteka bat badago, ez egin klik bertan. Deitu bankura, eta egiaztatu benetan hori eskatzen dutela eta hala bada, zuzenean idatzi nabigatzailean edo bilatu Googlen zure bankuko helbidea eta bertatik sartu.
  • Aurreko kasuan bezala sms mezu bat iristen bazaizu pasahitza aldatu behar duzula, edo bestelako kudeaketaren bat egin behar duzula esanez, eta lotura bat baldin badago, ez inoiz klik egin bertan. Begiratu helbidea nola hasten den, helbide faltsua den edo ez ikusteko zantzuak izan ditzaken domeinuak.
  • Phising erasoa den edo ez detektatzeko, gure hizkuntza oso lagungarria da. Banketxean edo beste edozein zerbitzutan euskarazko arreta baldin badaukazu, mezuak euskaraz ere iritsiko zaizkizu gutxienez. Euskaraz badaude, fidatzeko aukera gehiago, baina hala ere ez ireki inoiz eskatu ez duzun horrelako estekarik.
  • Erabili beti HTTPS konexioak (helbide barran ikusten den giltzarrapoa) dituzten web helbideak.

Elkarte egituretan sistema informatikoak dituzuenontzat babes neurri gehigarriak:

  • Sare lokala baduzue, zaindu sarbidea (firewall bidez) eta sarearen toponimia sektore ezberdinak fragmentatuz, backup politika egoki bat eginez eta erredundantzia sortuz bai datu eta baita zerbitzuetan ere.
  • Gogoratu gaur egun gero eta gailu digital gehiago erabiltzen ditugula, ez ordenagailuak bakarrik (wifi routerrak, mugikorrak, telebistak, ahots bidezko bozgorailuak, kotxeak, hozkailuak, entxufeak…). Garrantzitsua da lehenago aipatu moduan, denei software eguneraketak egitea eta mantenua ematea. Baita konexio puntuak aztertu eta ahal baduzue sarea fragmentatzea arriskutsuak izan daitezkeen gailuak isolatzeko.

Lerro batzuk azkenaldian gure inguruan gertatu diren erasoen inguruan

Aiaraldea Komunikabidearen eta Pantailak Euskarazen kasuak, ziurrenik malware batekin hasitako eraso baten ondorioak izan dira. Izan ere, erasotzaileak, sare sozialetako sarbideak lortu zituen eta gaur egungo sare sozial ezagunenak indar gordina ez erabiltzeko prestatuta egon ohi dira. Beraz, ziurrenik, behar ez zuten programaren bat instalatu eta erasotzaileak eragile hauen ordenagailuren baten kontrola lortuko zuen, ondoren pasahitzak eskuratzeko teknikak erabiliz eta biktimak zelatatuz kasurik txarrenean. Behin pasahitzak lortuta (litekeena da sare sozial ezberdinetan pasahitz bera erabili izana biktimek), bertan kriptotxanponen inguruko publizitatea edo spama egiteko erabili zituen erasotzaileak.

Argia.eus webguneak jasandako DDoS erasoa, berriz, lehen aipatutako malware eraso baten biktima izan diren hainbat ordenagailuk osatutako armada zonbi edo ordenagailu sare baten eskutik gauzatu zen (botnet). Erasotzailearen helburua Argia zerbitzuz kanpo uztea zen eta horretarako bere mendean zituen milaka (miloika izan daitezke) ordenagailuri Argiaren webgunea aldi berean irekitzeko agindu zitzaien. Gailu zonbi hauek eskaerak egin zituzten beraien benetako jabea ezertaz ohartu gabe, eta Argiaren zerbitzariak eskaeraz josi eta ito egin ziren.

Urtzi Odriozola

CodeSyntax