Euskalgintzako Berrikuntza Palanken prozesuaren fruitu da Badalab laborategia, hizkuntzaren eta berrikuntzaren intersekzioan kokatzen dena. Bere helburua da etorkizuneko agertoki eta interakzio sistemetan euskara erabilia izatea; horretarako galdera berriak eta ez ohiko lankidetzak probokatuko ditu. Esperimentazioa du oinarri, eta aitzindaria da bere gobernantza eredua: sektore publikoko erakundea izanik, bere erabakigunean parekatuta daude erakunde publikoak eta eragile sozialak.
Zer da Badalab?
Badalab da hizkuntza berrikuntzako laborategia, hizkuntzaren eta berrikuntzaren intersekzioan kokatua. Hizkuntzatik abiatuta, bi eginkizun ditu: euskararen biziberritze prozesuan berrikuntza txertatzea, eta berrikuntza prozesuetan hizkuntzaren aldagaia txertatzea. Esperimentazio gune seguru eta irekia izan nahi du, pertsonen arteko berdintasuna sustatuz.
Badalaben helburua da esperimentatzea, eta berrikuntzatik ekarpena egitea euskara etorkizunean ere erabilia izan dadin; modu horretan sustatzen baitira hiztunen artean berdintasuna, errespetua, justizia soziala eta enpatia. Helburua lortzeko galdera berriak proposatuko ditu, eta hauei erantzuteko bilatuko ditu ez-ohiko lankidetzak eta egiteko/egoteko modu berriak.
Egun, Badalaben abiapuntuko galdera hauxe da:
“Nola garatzen da aniztasunean eragile eta erreferente izan nahi duen hiztun komunitatea** gizarte digitalaren garaian?”
**Euskaratik -eta euskaraz ere- garatu nahi duen komunitatea.
Galderaren elementu nagusiak hiru dira; komunitatearen garapena, erdigunean, bere etorkizun desiragarri(ar)en bila; gizarte digitala/ikus-entzunezkoa, testuingurua jartzen; eta aniztasuna, aberastasun eta eragin-esparru gisa ulertuta. Hauek dira Badalabek artikulatu nahi duen ekosistemaren intentzioa eta lan eremuak.
Guztiaren oinarrian baieztapen bat: euskararen herrian eragile, erakunde, ekimen eta proiektu ugari dago martxan; Badalaben lehentasuna da horiek indartzea (hiru zirkulu handiak), berrikuntzaren balioa erantsiz. Aldi berean, jorratu gabeko esparrurik antzematen bada, horietan ekimen esperimentalak eragingo ditu laborategiak, beti ere aliantzan (zirkulu txiki beteak).
Jarduera horren eskura jarriko ditu Badalabek espazioa, tresnak eta esperientziak: espazio fisikoa Errenteriako egoitzan, eta eraikitzen ari den espazio birtuala; bidelaguntza, metodologia, dinamizazioa, beka eta antzeko tresnak; eta adimen kolektiboa sustatzeko komunitate saioak eta inspirazio- edota ikasketa-iturri izango diren esperientziak, ekosistema eta hiztun komunitatea elikatzeko, propio diseinatuak kasu bakoitzerako.
“Izena badu, bada”
Badalab Hizkuntza Berrikuntzako partzuergoa 2021ean eratu zen, euskararen hainbat erakunde publiko, eragile sozial eta bidelagun barne hartzen zituela. Puntu horretara iristeko beharrezkoa izan zen paraleloan eta igurtzi gutxirekin garatzen ari ziren bi ibilbide elkartzea: alde batetik, Euskalgintzaren Palankak izeneko deliberazio prozesu publiko-soziala eta, bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz (EE) izeneko berrikuntza ekimena.
Lehen prozesuak 2018rako emana zuen ondorio argia: euskara biziberritzeko beharrezkoa zen berrikuntza sistematikoki landuko zuen erreferentzia zentro egonkor bat. Bere aldetik, Etorkizuna Eraikiz esperimentatzeko erreferentzia zentroak sortzen hasia zen, lankidetzazko gobernantza ardatz hartuta.
2019-21 tartean bi dinamikak uztartzeko lan sendoa egin zen, beti ere lankidetza publiko-sozialaren logikan.
Badalab 2021eko uztailean eratu zen partzuergo misto gisa, eta Etorkizuna Eraikiz-en baitako erreferentzia zentroa da, Errenterian (Gipuzkoan) egoitza duena. Partzuergoak badu sortze-marka berezi bat: lankidetza publiko-sozialetik sortu da eta lankidetza hori bere egituran txertatu du, gobernantza partekatua eraikiz.
Badalab sektore publikoko erakundea da, Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikia. Haatik, Badalaben erabakigune nagusia partekatua da: estatutuen arabera, Gobernu Batzordearen hamabost kideetatik Aldundiak lau izendatzeko eskubidea du, eta erakunde publikoei dagokien bosgarrena Errenteriako Udalaren ordezkaria da; beste bost kide eragile sozialek izendatzen dituzte; eta azken bostak bidelagunak dira.
Partzuergoa eratu zuten kideak hauek dira: Gipuzkoako Foru Aldundia, Errenteriako Udala, Soziolinguistika Klusterra, Euskalgintzaren Kontseilua, Langune, ArantzazuLab laborategia, Euskal Herriko Unibertsitatea, EITB eta Euskaltzaindia. Eta Gobernu Batzordeko kide dira, aurrekoez gain, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Emun, Elhuyar eta AEK.
Gobernantza partekatu honek erantzuten dio Badalabek bere egin duen konbentzimendu sendo bati: gizartearen ekimena eta erakundeen ahalmena uztartuta bakarrik izango du euskal komunitateak herri garapenerako aukera.
Gobernantza eredu aitzindaria
Badalaben gobernantza bera bihurtu da laborategiaren estreinako esperimentua, partzuergoaren estatutuetan marraztutako gobernantza gauzatu beharra baitzegoen.
Plan estrategikoaren lanketa erabili zen esperimentatzeko. Oinarrizko proposamena landu ondoren, banako elkarrizketa asinkronoetan Gobernu Batzordeko kideekin aberastuz joan zen. Azkenik, proposamen ondua Deliberazio Foroan biltzen diren eragile eta pertsonen ekarpenekin biribildu zen.
Deliberazio Foroa partzuergoaren estatutuetan jasotako organoa da eta 35 pertsonek osatzen dute. Horietatik 15 dira Gobernu Batzordeko kideak, lehen urrats hauetan bermatu nahi delako bi organoen arteko elkarrizketa, eta hartuko diren erabakiak eragile/pertsona gehiagorekin landuko, eztabaidatuko eta kontrastatuko direla. Gainontzeko 20 pertsonek aniztasuna eta aberastasuna ekarriko diote elkarrizketari, sendotasuna.
Gobernantza iragazkorra da Badalabek praktikatzen duena, gurekiko edo guretzat interesa duen edonori irekia. Interes eta ikuspegi desberdinen artean elkarreragina sustatu nahi du adimen kolektiboa aktibatzeko, erabakiak aberasteko eta eraginkortasuna areagotzeko.
Horregatik, eta Deliberazio Foroa mugatzailea izan ez dadin, esparrukako deliberazio batzordeak aurreikusi dira estatutuetan. Batzorde hauek irekiak dira, eta partaideen parte-hartzea maila/intentsitate desberdinekoa izan daiteke, eta denboran aldakorra, proiektuen dinamikaren arabera. Gaur gaurkoz, Badalabek hiru deliberazio batzorde ditu martxan (ingurune digitala, etorkizuna eta aniztasuna) eta Deliberazio Foroa da lan ildo horietan estrategiaren eta jardunaren arteko lotura bermatzen duena.
Hedabideentzako esperimentazio gune?
Galdera honi ertz desberdinetatik so egingo diogu.
Hasi aurretik, azpimarratzeko kontu bat: norabide askotako harremana izan daiteke. Nor da norentzako esperimentazio gune? Badalab euskal hedabideentzat? Euskal hedabideak Badalabentzat? Hiztun komunitatea Badalab eta euskal hedabideentzat?
Borobil ditzagun ertzak.
Lehen ertza: egituraketa eta gobernantza eredua. Gure baitan garatutako esperimentuak ikasketa esanguratsuak utzi dizkigu: elkarrekin gehiago gara, elkarrekin aritu nahi dugu. Elkarrekin hausnartzeko espazioak benetan baloratzen ditugu; guk, eta gurekin orain arteko ibilbidea egin dutenek ere. Gure ikasketa prozesua eta definitu diren sistemak euskal hedabideen zerbitzura ere badaude. Oraindik bizia den ikasketa prozesu hau elkarrekin aberasteko gonbita, hortaz, lehenik.
Bigarren ertza: hibridotasuna. Badalabek, hutsetik abiatzen den erakundea izanik, hutsetik eraiki eta garatu behar du egiten duen oro. Horrek badakar berekin lan mardula; baina, era berean, aukera paregabea da pentsatzeko, problematizatzeko eta erabakitzeko zer egin, zergatik eta zertarako.
Lerro batzuk gorago esan dugu gizarte digitalak jartzen diola hiztun komunitateari testuingurua. Baita Badalabi ere. Nolakoa izan behar da garaiotan hutsetik sortzen den erakunde bat? Nola antolatuko dugu Badalab logika hibridotik? Nola baliatuko dugu plaza birtuala hizkuntzaren biziberritzean jauzia emateko? Zer egin dezakegu desberdin, sareek eta pantailek aktibaziorako duten gaitasuna biderkatzeko? Zer egin behar dugu euskara ondo kokatzeko ingurune digitalean gertatzen ari diren eraldaketa erabateko horietan?
Hirugarren ertza: sozializazioa eta kontakizun berriak. Identifikatu da teknologiaren garapena erabileraren gainetik dagoela. Euskararen antzera. Kalean erabiltzen dena baino altuagoa da hizkuntzaren ezagutza. Teknologia, ezagutzen eta erabiltzen dena baino garatuago dago hainbat ildotan. Zer egin daiteke teknologiaren sozializazioan jauzia emateko hizkuntza gutxituen mesedetan?
Badalaben, hutsetik abiatzen garelako, problematizatu egin dugu gure komunikazio estrategia bera. Nori, nola eta zein helbururekin kontatuko diogu zer? Kontatzetik harago, balia ditzakegu gure kanalak elkarrizketa eta elkarreragin errealak ahalbidetzeko?
Are gehiago. Gure esperimentuek hiztun komunitatearen garapena dute helburu, euskararen komunitatea elikatu nahi dute, euskaratik eta euskaraz ere garatu nahi duen komunitate hori. Gurean bizitakoek, zein ekarpen egin dezakete iruditeria berriaren eraikuntzan? Eta elika ditzakete beste kanal batzuk? Euskal hedabideak, esaterako?
Laugarren ertza, biribila ixte aldera: euskal hedabideek erronkak izango dituzue. Ameskeria irudituko zaizuen ideia zoro mordoa edukiko duzue, ziur. Nolako ekarpena egin dakizueke Badalabek? Erantzunaren zain geratzen gara.