Twitter osteko lehen urtea. Nondik laburtuko itxi berri dugun 2025 hau, eta kolpe bakarrean hala utzi dut esaldia. T.O. lehen urtea beraz. (Urtea hasterako utzia zuten hainbatek ordurako X izena zuen sare soziala, baina utziko al didazue aitzakia horri heltzen). Elon Muskek plataforma erosi aurretik ere asko genbiltzan erdi-isilik Twitterren, eta Twitterrek Twitter izateari utzi eta X izena hartu zuenean isildu ziren beste batzuk. Giro gero eta itoagoan, erakundeek, enpresek eta komunikabide zenbaitek ere utzi zioten txiokatzeari. X barruan kontuak erabiltzen jarraitu duten komunikabide edo erakunde batzuek gutxiago idazten dute, gutxiagotan. Muskek bere buruari X erosi aurreko garaian bezain maiz argitaratzen dute beste batzuek, hutsari kolpeka ari direla sentituko dute, batzuek eta besteek. Duela urtebete, oraindik eutsiko zion batek baino gehiagok X ireki eta errepasatzeko ohiturari, sarri-samar idazten eta erantzuten zutenak ere ez ziren gutxi. Voyeur-arenak egiten ari ginenok igartzen genuen, mezu matxistak, arrazistak eta eskuin muturreko bot-ak haizatzen zituela plataformak, halakorik jarraitzeko asmorik txikiena ere erakutsi ez arren.
2012an egin nuen Twitter kontua, hala gogoratzen zidan txoritxoak urtero. Abuztuan zabaldu nuen profila, hainbat erabiltzaileren ekimenez Twitter euskaraz jartzeko (eta aurretik, euskaratzeko) aukera izan genuenean (plataformak onartu baitzuen euskaraz bistarazteko aukera, baina esaldiz esaldi euskaratu genuen euskaldunok). Atzera begiratzeak berez dakar nostalgiarako arriskua, baina 2025ean ez bestelako giroa zegoen orduan Twitterren: eztabaidarako eta elkar elikatzeko eta aktualitatea jarraitzeko plazatzat geneukan orduan. Hamabost urte ere bageneuzkan, zer nahi duzue esatea. Gerora egin genituen beste irakurketa batzuk. Enfant terrible-arenak egiteko urteak batzuentzat, adi-adi irakurtzekoak besteentzat… Pandemia garaian hasi ziren aldatzen ordura arteko irudipenak, ostekoaz badakigu zerbait. Goiena eta Ulua izan ziren 2024ko hondarrean X utzi zuten lehen hedabideak, The Guardian moduko handiek ireki zuten atea, eta atzetik atera ziren beste asko. Hala jakinarazi zuen erabakia Goienak: «Ez da erraza audientziak dakartzan erremintari uko egitea. Hala ere, erabaki dugu ezin dugula egun bat ere gehiago jardun munstroa elikatzen. Informazioa zail dago desinformazioaren algoritmoen tresnan». Barkamena eskatu zieten Goiena Komunikazio Taldearen 12 kontuak jarraitzen zituztenei, eta denon bistan jarri zauria: «Kontziente gara izango duela eragina audientzietan». Lehen olatu hartan, bertan gelditzea erabaki zuten guztiek ez zuten erabakia argudiatu, beste batzuek bai. VilaWebek editoriala eskaini zion gaiari: «Espazio publiko bat eskuin muturraren eskuetan uzteak eskuin muturreko jende asko dagoelako ez dirudi oso eraginkorra eskuin muturraren eraginari aurre egiteko».
Unibertsitateek, hedabideek, kazetariek… Askok agurtu zuten X hortik aurrera, vouyer-arenak egiten ari ginen batzuek ere bai, Twitter osteko lehen urte honetan. Hiru Damatxo ekoiztetxeko Lander Arretxeak X sarean idatzi zuen 2025eko irailean: «Sare sozial hau utzi dugu, saldoka, Muskek erosi zuenetik. Eta ez da harritzekoa. Baina orain, Euskal Herrian sareratzen diren edukiak eta bertatik sortutako eztabaidak iruzkintzen dituzten gehientsuenak mezu xenofoboak eta transfoboak darabiltzaten kontu anonimoak dira. Edo ukatzen diegu zilegitasuna hemen ematen diren eztabaidei; edo itzul daitezela Euskal Herriko kazetariak, kulturgileak, iritzi-emaileak (eta oro har, aktualitatean interesa duen edonor) plaza honetara. Kontu anonimo mozorrotuek ez dute iritzi publikoa ordezkatzen. Eta alferrik da haiekin eztabaidatzea, atzean daudenak nor diren, eta zein asmorekin ari diren jakin gabe. Euskal udalekuena adibide bat da, baina ez bakarra. Ezin diegu agenda markatzen utzi». Dozenaka erantzun jaso zituen Arretxearen mezu-kateak. Anonimoak gehienak, «mezu xenobofoak eta transfoboak darabiltzaten kontu anonimoek» idatziak asko. Bakarrak eman dit idazten segitzeko aitzakia: «Zer moduz Bluesky?? Jajajajaja». Anonimoak zimiko egin zigun kokotean.
Petraldutako giroak eraman gintuen erabiltzaile asko Bluesky eta Mastodon sare sozialetara. 2012ko Twitterreko plazaren antza du 2025eko Mastodonekoak: erabiltzaile aktibo gutxi batzuk, eta 2012an Twitterren zebilen jende antzekoa elkarri erantzuten. Bluesky ere ez da plaza jendetsuegia, sumatuko zenuten honezkero hara pasa zinetenek. (Astebetez izan nuen kontua Blueskyn, segituan ezabatu nuen. «Behin Twitterretik deskonektatuko, eta beste zera batean ez naiz sartuko ba!» esango nuen, baina «hemen ez dago mugimendu gehiegi» pentsatu). 24. Korrikaren kanta aurkeztu zuen AEKk, eta hori jakinaraziz idatzi zuten mezuak 7 repost eta 11 like jaso zituen Blueskyn, 1.122 like TikToken (11.500 like Zetak taldearen kontuak, baina beste upel bateko sagardoa da hori) eta 7.652 Instagramen. 869.000 ikustaldi izan zituen bideoak Instagramen, 303.000 Youtuben, ia 10.000 AEKren TikTokeko kontuan, 134.000 pasatxo Zetakenean. Alegia, X utzi genuenok beste batzuetan segitzen dugula, baina ez oro har Mastodonen eta Blueskyn.
Xn bai, Instagram eta TikToken bai, baina Mastodonen eta Blueskyn ezin da neurketarik egin eta ezin da publizitaterik jarri. Erakunde, enpresa, alderdi politiko, politikari eta hedabide askok eusten diote horregatik Xko kontuari. Azken hamarkadan jarraitzaile-multzo handia osatu dutelako ere bai. Ezagutzen ditugu Metaren ilunak, eta badakigu ez direla argiagoak TikTokenak. X uztera eraman gintuen olatuak eraman ditu atzera ere batzuk sare sozial deszentralizatuen bertuteez aritzera. Zilegi da galdera: «X utzi badugu, besteak beste, argudiatuta ezin dugula plataforma erraldoien joan-etorrien zain egon, zergatik jarraitzen dugu Instagramen? Zergatik egon behar gara TikToken?». Tripakominak bitan zatitzen zaizkit halako kontuei bueltaka hasitakoan, arrazoia emango baitiot galdera hala botatzen didanari. Eta hala ere uste baitut egon behar garela hor. Parentesi txiki bat, nire burua azalduko badut. Kultur eta Sormen Industriei buruzko jardunaldi batean entzun nion sektorean eskarmentua duen bati, nola Adimen Artifizialarena den bere ustez euskarak mende honetan irabazi beharreko borroka: «Landuko ditugu gureak, baina handiek ulertu behar dute euskara, funtzionatu behar dute euskaraz». Bikoizketan urte luzez aritua, hizkuntza-eredu handi bat entrenatzen pasa ditu aurten ordu mordoa. Kontatu zigun, nola erabili zuten gero bere ahotsa baimenik gabe enpresa handi baten bideo baterako, berak grabatu gabe eta ordainik gabe. Harriak teilatura ekarri liezazkiokeela egindako lanak, baina «handietan egotea» inportantea dela, horretan enpeinatuta dago. Sare sozialetakoak sortzen dit antzerako zerbait tripetan. Handiei jaten ematen ari garela jakinda ere, estrategikoa iruditzen zait sareetan egotea.
Ezagutzen ditugu, batez ere, euskaldunik gazteenen erabilera-ohiturak («batez ere» diot, hiztun helduagoak ere ez baitabiltza urruti): hor daude, Instagramen, YouTuben eta TikToken. IKUSIKER Ikus-entzunezkoen Behategiaren azken panelen arabera, unibertsitate-sasoian dauden hamar ikasletik ia zortzi, TikToken, eta ikasleen ehuneko laurogeita hamasei pasa, Instagramen. Ehuneko bira ez dira iristen Mastodon erabiltzen dutenak.
Ikusi eta entzuteko behar da nork sortua. Udaberrian pasa zidan lankide batek albistea: La Llista sortu dute, sare sozialetan nagusiki katalanez ari diren eduki-sortzaileak sailkatzen dituen eta ikusgarritasuna ematen dien plataforma. Eduki-sortzaileek sareetan duten jarduna neurtu, eta hilabetero argitaratzen dituzte datuak, nahiz eta llista.cat webgunean uneoro aztertu daitezkeen joerak. 2025eko azaroko datuak dira aurkitu ditudan berrienak: 158.000.000 ikustaldi, 934 eduki-sortzaile aktibok Instagramen, YouTuben eta TikToken sortutako edukietan. Inbidiatik begiratu (edo euskarara halakorik ekarri) nahi duenarentzat, ez da denbora-pasa txarra. Euskaraz sortzen dutenak ere badira batzuk (batez ere euskaratik eta euskaraz sortzen dutenak, esan nahi baita). Umeak ginenean marrazki bizidunak euskaraz normal-normal ikusten zituen belaunaldi batekoa naiz, nerabezarora arte telebistan fikzioa euskaraz ikustea hain arraroa ez zitzaion kuadrila bat daukat. Eskaintzarik gabeko edo eskaintza apaleko urteetan galdu dugu ohitura. Eduki-sortzaileak euskaraz aritzea ez zaigu hain arrotza, naturala da guretzat. Komunikabideek sareetarako sortutakoak, batzuentzat «naturalagoak» dira erdarazkoak: sareetako hizkuntza ikasten ari gara hartzaileak, eta egileak ere bai. Llista.cat-eko dimentsiorik ez, baina oihartzuntxoa badute euskaraz ari diren batzuek. (Beste kontu bat da influencer marketina egiterakoan ea horiei eskatzen zaizkien gauzak, edo ia erabat erdaraz ari direnei, ordaindutako bideook euskaraz egin ditzaten, eta hurrengoak erdaraz).
Ardura dagokionari ezarri behar zaio baina. Eduki-sortzaile banakoei baino, baliabideak dituztenei dagokie estrategiak diseinatzea sareotan ari diren euskaldunek izan dezaten zer ikusia, nori jarraitua, zer partekatua. Behar dugu TikTok egon dadila euskaraz, eta ulertu dezala algoritmoak euskara hizkuntza moduan. Ulertu behar dute komunikabideek estrategikoa dela, eta diseinatu beharko lituzkete estrategiak gaurtik hasi eta epe luzera begirakoak: berdin tokikoek, nazionalek, handiek eta txikiek. Tabakalerak antolatutako HIRU(H)ARI topaketan esan zuen Maialen Lujanbiok: «Erresistentziarako leku kreatibo bat ez ezik, gure kasuan, Euskal Herrian eta euskaraz, existentziarako leku kreatibo bat ere bada kultura. Existentzia berrasmatzeko eta existentzia azpimarratzeko eta sortzeko espazio bat. Eta nik uste modu metaforikoan, euskal kulturgintzari edo kulturgileoi badagokigu garaiotan ere planktona sortzea: elikadura estetiko, kultural, artistiko, kritiko hori sortzea. Ozeano globalean edo kultura globalen ozeano handien artean, euskarazko itsasoarentzat planktona, izan ahal izateko adina elikagai, eta izatearen poza izateko adina elikagai artistiko, estetiko, kritiko, kultural, ideologiko». Ez diot sare sozialetako euskarazko edukiari eskatzen kulturgileei eskatzen diedana, baina komunikazio globalen ozeano handien artean, nahi nuke ematea euskarazko itsasoari plankton apur bat, izan ahal izateko adina. (Ez nintzen Tabakaleran egon, ez dut tarterik hartu bi orduko hitzaldi osoa entzuteko, baina Lujanbiorena entzun ahal izan dut, besteak beste, Tabakalerak Instagramen jarri zituelako pasartetxo batzuk. Planktona arraintxoarentzat).
Urak ito aurretik, azken kolpetxoa. Hizkuntzaren biziraupenerako beharrezkotzat ditugun hiztunak bertan badaude, behar dugu edukia sortzen dutenek jarri ditzatela edukiak bertan. Behar dugu, besterik ez bada ere, hemendik hamar urtera erabakitzeko ez dugula bertan egon nahi. Baina ez dezagun erabaki ertzeko plazatxoetara joatea, plaza handian egotea garrantzitsua eta estrategikoa ez balitz moduan.

