Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2022-23 | Igor Astibia Teiletxea (HEKIMEN Euskal Hedabideen Elkarteko zuzendaria)

2022. urtea ere ez da urte erraza izan euskarazko komunika­bideentzat. Pandemiarekin lotutako neurriak edota murrizketak atzean geratzen joan diren arren, ez da gauza bera gertatu pandemiak eragin dituen ondorioekin. Areago, nazioarteko egoera gatazkatsuak eraginda paperaren, argindarraren edota erregaien garestitzeak eta, oro har, bizitzaren garestitzeak eragin zuzena izan du euskarazko komunikabideen egunerokoan.

Bada, testuinguru zail eta berezi horretan eman dira euskarazko komunikabideentzako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde nagusien dirulaguntza deialdiaren inguruko negoziaketak. 2019ko akordioak bazituen hobetu beharrekoak eta hasiera batean horiek erdiesten jarri ditu indarrak Hekimen elkarteak, baina gerora bizitzaren garestitzeak eragindako kalteak leuntzeko neurriak hartu beharraz ohartarazi diegu. Hori gutxi ez eta erakunde publikoei laguntzen poltsak testuinguru berrira egokitzeko elkarrizketetan ari ginela, guda lehertu da Europaren bihotzean, aurrez aipatutako ondorio horiek guztiak nabarmen areagotuz.

2022-2024 aldirako dirulaguntza deialdiak eta ebazpenak

Hasiera batean, esan bezala, 2019ko akordioaren gabeziak gainditu eta akordioa testuinguru berrira egokitu asmoz, kostu estandarrak eguneratu beharra izan da sektorearen eskari nagusietako bat, alegia, deialdira bideratutako diru-poltsa handitzeko beharra, baina erakundeek beren poltsak %5 handitzea baino ez dute onartu.

Urte amaieran gainera, deialdien ebazpena etorri denean, bestelako gabeziak ere agerian geratu dira. Hedabide batzuk beren ekoizpena era esanguratsuan handitu dute eta egitasmo berriak ere aurkeztu dira, baina diru-poltsak ez dira neurri berean handitu eta ondorioz %5eko hazkunde hori ez da hedabide guztietara iritsi eta kasu batzuetan 2019an jasotakoa baino gutxiago jaso dute. Kostu estandarren eguneratzeko beharraz gain, egitasmo berriak deialdira dagozkien baliabideekin ekarri beharko liratekeela ere azpimarratu izan dugu, baina ez da hala egin eta ondorioak gainerako komunikabideek pairatu dituzte.

Hori guztia, esan bezala, pandemiak eta gudak eragindako aspaldiko bizitzaren garestitze handienaren testuinguru zail eta berezi batean gertatu da eta lehenago ere deialdietarako diru-poltsak era esanguratsuan handitzeko arrazoiak agerikoak baziren, are agerikoagoak dira orain. Edozein kasutan, ondorengo hilabeteotan arazo horiei guztiei, koiunturazkoei zein egiturazkoei, irtenbideak bilatzeko lanean jarraitzen dugu.

Bigarren urtez pandemiarekin lotutako laguntzak

Dirulaguntzen gaia ez da hor bukatu, ordea. Aurreko urtean Jaurlaritzak pandemiak eragindako kalteak arintzeko komunikabideei eman zizkien dirulaguntza zuzenak, 2022an ere esleitu dira. Oraingo honetan, aurrekoan ez bezala, deialdi bidez egin da banaketa eta aurrekoan baino euskarazko komunikabide gehiago lagundu diren arren, berriz ere, euskarazko komunikabide gehienak laguntza berezi hauetatik kanpo utzi dira.

2021 urtean 5 milioi banatu zituen Jaurlaritzak eta 2022an milioi bat gehiago, alegia, 6 milioi; bada, poltsa %20 handitu duen arren eta euskarazko komunikabide gehiago lagundu dituen arren (aurrekoan 2 eta oraingoan 9), berriz ere, 10 eurotik 9 baino gehiago (%92,3) gaztelaniaz argitaratzen duten hedabideetara bideratu ditu (aurrekoan %93,4).

Elkarteak Eusko Jaurlaritzako sail desberdinekin hitz egin du laguntza berezi hauek euskarazko komunikabide guztiei ireki eta kopuruak handiagoak izan daitezen, baina emaitzak ez dira esperotakoak izan. Oraingoan laguntza ukatzeko erabilitako argudioak honako hauek izan dira: eguneroko informazioa ez eskaintzea edota beren irismena txikiegia izatea. Argudio horiek baliatuz, dirulaguntza deialdi berezi honetara aurkezteko ezarri dituzten baldintzek aldizkariak edota tematikoak kanpoan utzi dituzte, hala nola, gutxieneko irismen bat ez zutenak, alegia, tokiko gehienak. Deialdian sartzeko ez ezik, laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko CIES etxearen datuak erabili dira eta, ondorioz, enpresa horrek neurtzen ez dituen hedabideak kanpoan uzteaz gain, zenbatekoa kalkulatzerakoan ez da kontuan izan gaztelaniaz argitaratzen duten hedabideek eta euskarazkoek unibertso potentzial desberdinak dituztela, berriro ere euskarazko hedabideak nabarmen kaltetuz. Oso agerikoa da erdarazko komunikabideen erabiltzaile potentzialak herritar guztiak direla baina, euskarazko komunikabideen kasuan euskaldunak bakarrik dira erabiltzaile potentzialak. Justiziazkoa da, beraz, komunikabideen irismena bakoitzak duen unibertsoaren arabera baloratzea, hori ez egiteak nabarmen kaltetzen baititu euskarazko komunikabideak.

Elkarteak ahalegin handia egin du bi deialdi horietan euskarazko komunikabideentzako baliabide gehiago bermatu asmoz. Azken urtean lan handia egin da Euskal Hedabideen Mahaian ohiko deialdia hobetzeko helburuz eta Covid-19arekin lotutako deialdi bereziaren kasuan ere, helburu berarekin HPStik harantzago dauden sailekin hitz egin da, besteak beste, Lehendakaritzarekin. Are gehiago, ahalegin berezia egin da Gasteizko Legebiltzarreko lau talde politiko nagusienekin 2023rako aurrekontuen testuinguruan, EAJ, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemosekin bi bilera erronda eginez.

Laburbilduz, euskarazko komunikabideentzako baldintza hobeak lortu asmoz ohiko foro eta solaskideetatik harantzago joateko ahalegin handia egin da eta aurrerapauso txiki batzuk lortu dira, baina urrun geratu gara sektorearen benetako beharrak asetzetik.

Pauso berriak berrikuntzaren eremuan

Dirulaguntzen eremu honetan egin den hirugarren ahalegina kontuan hartzen badugu ere, emaitzak ez dira esperotakoak izan. Izan ere, aurrez aipatutako foro horietan guztietan aipatutako bi deialdiak hobetzen ez ezik, euskarazko komunikabideetan berrikuntza prozesuak sustatzeko baliabide berriak eskuratzen ere saiatu gara. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuan Hedabideen Mahaian ez ezik, Lehendakaritzako ordezkari desberdinekin eta Legebiltzarreko talde nagusiekin hitz egin dugu gai honetaz, 2023rako aurrekontuetan berrikuntzarako partida berri eta esanguratsu bat lortu asmoz, baina azkenean Jaurlaritzaren aurrekontuetan, HPSren atalean, 100.000 euroko partida bat da erdietsi dena. Nafarroaren kasuan ere talde parlamentarioekin lanketa bat egin da eta kasu honetan emaitza hobea izan da, izan ere, azkenean, 200.000 euroko partida bat lortu da euskarazko komunikabideetan berrikuntza sustatzeko.

Azken hau baina, 2022 urtean sektoreak berrikuntzaren eremuan egin duen lanketaren alde bat besterik ez da izan. Urte hasieran elkartetik bilera erronda egin zen hala nahi izan zuten komunikabideekin berrikuntzaren eremuan ematen ari ziren pausoak eta beharrak ezagutzeko. Horren ondotik, baliabideak balituzte zer-nolako berrikuntza egitasmoak garatuko lituzketen pentsatzeko eta bakoitza fitxa batean laburbiltzeko eskatu zitzaien. Guztira 32 egitasmo bildu ziren, elkartetik bertatik bi egitasmo landu eta fitxa banatara eraman zirela kontuan hartzen badugu. Fitxa horiek guztiak aztertzeko mintegi bat ere egin zen, besteak beste, elkarlanerako aukerak aztertzeko eta elkartetik bazkide guztientzat garatu beharrekoak bi horiek ala beste batzuk izan behar zuten erabakitzeko. Horrelako egitasmoentzat dirulaguntzak lortzen eta garatzen espezializatutako Zabala aholkularitzakoek ere fitxak aztertu dituzte eta ondorioa argia da: gehienek ez dute tokirik egun erakunde desberdinek berrikuntzarako eskaintzen dituzten deialdietan, hauek teknologiara eta industria bezalako eremuetara oso bideratuak daudelako.

Azkenik, zeharka bada ere, berrikuntzarekin lotutako beste lanketa batzuk ere egin dira 2022 urtean zehar. Elkartetik egungo komunikabide moderno batek landu beharko lituzkeen gai desberdinen inguruko hiru formakuntza saio eskaini dira: datu eta ikerketa kazetaritzari buruzkoa Jaime Gomez-Obregon ingeniari ezagunaren eskutik; marka kudeaketa eraginkorrari buruzkoa Branzai-ko Ivan Diaz-en eskutik; eta arretaren ekonomiari buruzkoa Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Santiago Giraldoren eskutik.

Euskal Hedabideen Behategiaren eskutik, berriz, euskarazko komunikabideen audientziak hobeki neurtzeko pauso garrantzitsuak eman dira. Batetik, BEHA egitasmoaren lehen fasea garatu da, euskarazko 8 hedabidek Google Analytics berria beraien sisteman txertatu eta beraien beharrak hobeki ezagutzeko. Eta, bestetik, Behategia Analytics tresna berria garatzeko ere pausoak eman dira, hedabideen egungo beharrei hobeki erantzungo dien neurgailu edo panel berri bat eskaini asmoz. Helburu horrekin egin zen ere EHUren uda ikastaroen baitan bi egun iraun zuen eta hausnarketarako gako asko eman zituen Euskal hedabideen audientzia digitala: metrika adostuen garaia ikastaroa.

Horiek izan dira, batez ere, sektorearen tresna izan nahi duen Hekimen elkartetik 2022 urtean egin diren lanketa garrantzitsuenak, baina aurrerago ikusiko dugunez, euskarazko komunikabideek, beren aldetik pausoak ematen jarraitu dute.

Araudi berria eta streaming plataformak

Aurreko urtean Espainiako ikus-entzunezkoen legea onartu zen arren eta lege berriak nazioarteko streaming plataformei betebehar batzuk ezartzen zizkien arren, gutxi izan dira 2022 urtean eremu horretan eman diren aurrerapausoak. Nazioarteko streaming plataforma garrantzitsu batzuk hasi dira eduki batzuk euskaraz bikoiztuta eta batez ere azpititulatuta eskaintzen, baina orokorrean eskaintza oso oso urria da oraindik. Urte hasieran Azpitituluak.eus atariak plataformei 1.500 filmeren azpitituluak eskaini zizkien, baina badirudi hauek ez dutela aukera hori baliatu nahi. Lege berriaren eztabaidaren testuinguruan EITBk ere euskarara bikoiztutako edukiak plataformei eskaini beharko lizkiekeela iradoki zen baina kasu horretan ere, badirudi ez dela aurrerapauso nabarmenik eman, izan ere, plataformetan katalanera bikoiztutako edukien kopurua handitzen ari den bitartean, ez da gauza bera gertatzen ari, edo ez behintzat neurri berean, euskarara bikoiztutakoekin. Bestalde, EITB taldeak azken hamarkadan euskarara oso film gutxi bikoiztu dituela kontuan hartzen badugu, katalanekiko atzerapena are nabarmenagoa dela ondorioztatu beharko dugu. Izan ere, datuak etsigarriak dira: 2022an Zinema Euskaraz eta Administrazioan Euskaraz taldeek salatu zuenez, maiatzetik irailera ETB2 kateak 130 film eskaini zituen bitartean, euskarazko ETB1 kateak ez zuen bakar bat ere eskaini.

Testuinguru honetan, EITB taldeak berak streaming plataforma berri bat abian jarriko duela iragarri du, Primeran izenekoa, eta arduradunek euskara ardatz izango duela adierazi duten arren, ikusteko dago zein hizkuntzatan emango dituzten edukiak. Argi dagoen bakarra zera da, ez dela euskara hutsean izango, izan ere, jada argitu dute gaztelaniazko edukiak ere emango dituztela. Kataluniako TV3 kate publikoak ere bere streaming plataforma propioa abian jarriko duela iragarri du, baina kasu honetan arduradunek argi adierazi dute eduki guztiak katalanezkoak izango direla.

Bide batez, azpimarratzekoa izan da 2022 urtean ere Pantailak Euskaraz ekimenak euskarazko edukiak hedatzearen alde egin duen lana. Hekimen Elkartea beraiekin elkarlanean aritu zen Kontseiluarekin batera Espainiako ikus-entzunezkoen legea hobetu nahian eta ondorengo hilabeteotan ere harremanetan darraigu legearen jarraipena egiten.

Euskarazko komunikabideen testuingurua

Testuingurua zaila izanik ere, eta erakundeen laguntza ez nahikoa eta berandu iritsitakoa izan arren, euskarazko komunikabideek, ahal izan duten neurrian, beren eskaintza hobetu eta eguneratzeko pausoak ematen jarraitu dute.

Komunikazioaren munduan ez dago egonkortasuna bermatuko dizun negozio eredu jakin bat. Mundu guztia ari da sarrerak eta irteerak orekatu nahian eta, noski, baita euskarazko komunikabideak ere. Telefono mugikorra bilakatu da edukiak kontsumitzeko pantaila nagusi eta ikus-entzunezkoek gero eta garrantzia handiagoa dute. Ohiko hartzaileak mantendu eta berriengana iristeko ezinbestekoa bilakatu da, kalitatezko edukiak eskaintzeaz gain, eduki horiek euskarri desberdinetan eta, areago, euskarri edota plataforma desberdin horietara egokiturik eskaintzea, bakoitzaren ezaugarri edota kodeak erabiliz. Ez da nahikoa paperean, irratian edota telebistan eskaintzen zen hori webgunean eskaintzea. Euskarri edota plataforma berriak ere baliatu behar dira eta edukiak tresna berri horietarako sortu edota egokitu. Horretan ere ari dira euskarazko hedabideak.

7 haizetara bidaia aldizkaria zena eta orain Bidaiari izena duena, astero bere edukia paperean eskaintzeaz gain, astean behin Naiz irratian irratsaio bat uhineratzen hasi da. Jakin aldizkaria gazteentzako filosofiari buruzko ikus-entzunezko laburrak editatzen hasi da. UEUk ere pausoak eman ditu norabide horretan eta Bekaduna izeneko umorezko websail bat eskaini du. Era berean, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak Ikusgela bideo pedagogikoen ataria jarri du abian. Eta Iametza komunikazio eta teknologia enpresak Memeka.eus proiektua sortu du sarean hain bizkor hedatzen diren memeak euskaraz emateko amoz. Berriak webgunean nabigatzeko tresna berri bat prestatu du irakurleentzat. Arabako Aleak egoitza berria eta irudi korporatiboa estreinatu ditu. Antxeta irratiak, Berriak, Hamaika Telebistak eta Kanaldudek adimen artifizialean oinarritutako itzulpen sistema lantzen jarraitzen dute... Hauek adibideak baino ez dira, izan ere, euskarazko hedabide guztiak ari dira era batera edo bestera beren eskaintza hobetzeko lanean.

Zentzu honetan azpimarra berezia merezi du podcastaren gaiak. Izan ere, 2022 urtean asko izan dira podcastak oinarri dituzten egitasmo berriak. Ulu Media ekoiztetxeak esaterako meditazioari buruzko Urratsa eta migratzaileei buruzko Harresi ikusezina jarri ditu abian. Ekoiztetxe hau indartsu ari da podcastaren munduan eta ezagunak dira, besteak beste, Donostiako kulturari buruz diharduen eta jada 380 saio egin dituen Ispilu beltza saioa edota bigarren denboraldia abian duen eta Euskadi Irratian eskaintzen den Artxipelagoa saio distopikoa. Aipatzekoa ere Euskal Idazleen Elkarteak eta Azkue fundazioak elkarlanean sortu duten literatura feministari buruzko Ahots planeta podcasta. Iruñeko Laba aretoko lagunek Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko podcasta sortu dute. Zuzeu atariak 2022 urtean segida eman dio 2019an abiatutako Euskal gaizkileak podcastari. Hasieran idatzizko edukiak zirenak audioak ere badira orain. Ildo beretik, bi geografok herrien, hirien eta lurraldearen antolaketa lantzen dituen Herritik hirira Twitterreko kontua podcast bilakatu dute. Hausnarketa kritikoa sustatzeko helburuz 2021ean sortu zen Basilika podcast egitasmoan atal berriak sortu eta eskaintzen ari dira (Besaulkia , Koro, Sakoneta, Zeelanda Berria, Berdela, Phoenix Ragazza...). Urtzi Urkizu Berriako kazetariak ere Kroketak izeneko podcast saio pertsonala abiatu du. EITB taldea ere indar handiz ari da podcastaren munduan eta, besteak beste, 6 eta 13 urte bitarteko gaztetxoentzako Sara eta Paulen abenturak audiofikzioa sortu du. Gaztea irratiak umorea eta entretenimendua ardatz dituen Benetan zabiz? podcast berria ere abian jarri du. Aipagarria ere Topaguneak ekoitzi eta EITB Podkast atarian eskaini duen hizkuntza ohiturak aldatzeko Zapla saioa. Bukatzeko ezin aipatu gabe utzi feminismoari buruzko Berria FM podcasta, berriki Euskal Kazetarien Elkarteak Kazetaritza Digitala-Narratiba Berriak atalean saritu duena.

Harantzago joan direnak ere badira, audioa eskaintzearekin nahikoa ez eta irudia ere eskaini nahi izan dutenak. Hori egin du esaterako Bilbo Hiria Irratiak Anabasa elkarrizketa saioarekin. Eta gauza bera egin dute Gaztea irratian surfari buruzko bideopodcast bat sortuz. Bi surflari dira podcastaren aurkezleak eta bideoak Gaztearen atarian eta bere Youtubeko kanalean argitaratzeaz gain, audioak EITB Podkast atarian eskaintzen dituzte. On Time ekoiztetxeak EITB Podkast atariarentzat Kuku! bildumaren izenburupean egindako bost ipuinen bideopodcastak ere ikus-entzunezko berezi hauen eremuan koka litezke. Baita feminismotik minbiziaren tabuak eraistea helburu duen Izan inurri elkartearen (Min)bizi bideopodcasta ere. Areago, bada podcastetik websailera salto egin duenik ere, hain zuzen ere horixe da Polaina podcastaren kasua, podcasteko aktoreek Zertako! websaila sortu dute. Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategiarekin elkarlanean sortutako egitasmoa da eta honek ere umorea du ardatz.

Ikus daitekeenez, euskarazko komunikazioaren eremuan, poliki-poliki, umorearekin lotutako eskaintza ere handitzen ari da, nahiz eta kasu gehienetan, komunikabideetatik at sortzen ari diren egitasmoak izan. 2018 urtean Donostiako Bagera Elkartearen eta Hiru Damatxo ekoiztetxearen laguntzarekin sortutako Atzean Zuloa egitasmoko lagunek bideo esketx berriak eskaini dituzte, Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktoreen bidez. Eta umorezko bakarrizketak eskaintzera ere animatu dira batzuk. Beatriz Egizabal aktore eta umoristak Mama mia bakarrizketa eskaini du Feministaldiaren testuinguruan. Bide beretik, Mirari Martiarenak Kontrazala bakarrizketa eskaini zuen Liburuaren egunaren testuinguruan.

Jokuek ere hedapen garrantzitsua izan dute azken urtean euskarazko komunikazioaren eremuan. Egunean Behin arrakastatsuak denboraldi berriak eskaini ditu 2022an eta finala ETB1en eskaini dute, baina izan dira egitasmo berriak ere. Talaios kooperatibako lagunek esaterako, Wordle joku ezaguna euskaratu dute, baita honen aldaera den WordlEH edota Wikitribia ere. Era berean, informatikari batzuek euskarara ekarri dute ingelesez Spelling Bee dena eta, Berbaxerka izenarekin, Berriaren atarian eskaini dute, azken honekin elkarlanean.

Elkarlanean garatutako egitasmo gehiago ere izan dira. Urte hasieran Hamaika Telebistak eta Kanaldudek elkarrekin eskaini zuten Sarek euskal presoen alde Euskal Herriko hiriburuetan deitutako mobilizazioa. Pandemiak eragindako trabak atzean utzita udaberrian itzuli zen Korrika eta euskararen aldeko lasterketaren jarraipena elkarlanean eskaini zuten ETB, Berria, Hamaika, Kanaldude, Goiena, Erlo, Goierri eta 28 Kanalak. Ekainean jada, Frantziako Asanblearako hauteskundeen berri eman zuten Berriak eta Euskal Irratiek. Udazkenean Tokikom elkarteak bere ohiko sariak banatu zituen baina oraingoan bazkide guztiak saritu zituen, bere 10. urteurrenaren testuinguruan, bazkideen arteko elkarlana eskertu asmoz.

Euskara ardatz duten egitasmo berriak ere sortu dira 2022 urtean. Zehazki, ekonomiari buruzko komunikabide berri bat sortu da, EnpresaBIDEA izenekoa, eremu horretan euskaraz zegoen hutsune garrantzitsua betez. Era berean, pozgarria izan da ere, hainbat komunikazio egitasmok urteurren borobilak bete dituztela ikustea: 40 urte bete dituzte Irulegiko irratiak eta Xiberuko Botzak eta 25 beste irrati batek, Bilbo Hiria irratiak; 20 bete ditu Txorierriko Aikor komunikabideak, 10 Hazi Hezi pedagogiari buruzko aldizkariak eta 5 Amikuzeko irratiak, Ipar Euskal Herriko euskarazko irratien artean gazteenak. Zoritxarrez, izan da jarduna eten behar izan duenik ere. Bermeoko Itsuki irratiak esaterako, 37 urteko ibilbideari amaiera eman dio diru sarreren jaitsierak egoera eutsiezin bihurtu diolako.

Aipatutako hauek guztiak euskarazko komunikabideak beren eskaintza hobetzeko ematen ari diren pausoen adibide batzuk baino ez, lagin txiki bat baino ez. Izan ere, ezinezkoa da horiek guztiak horrelako artikulu batean jasotzea. Edozein kasutan, eta ikus daitekeenez, oztopoak oztopo, euskarazko komunikabideek aurrera darraite. Aurretik zetozen arazoei pandemiaren edota gudaren ondorioak gehitu zaizkie, baina euskarazko hedabideen komunitateari esker, gure langile, harpidedun, kolaboratzaile, laguntzaile eta hartzaileei esker, ahal dugun neurrian aurrerapausoak ematen jarraitzen dugu.