Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2023-24 | Hibai Castro Egia (Euskal Hedabideen Behategia)

Aurten iaz baino aurrerago eta datorren urtean baino atzerago. Hori izan liteke euskarazko komunikabideen jiran dabiltzan zenbait gertakari eta kontzeptu modu labur-laburrean deskribatzeko sintesiaren muina. Lehenik, hori adierazten dute webguneetako trafikoaren datuek, gailurra jo zuteneko pandemiaren garaira hurbiltzen doazenek. Bigarrenik, jite berekoa da euskarri eta formatu berrien erronkaren aurrean eguneratzeko eta eraldatzeko apustua, digitalizazio prozesu globalak bultzatua. Eta hirugarrenik, horrelakoa da ere hedabideek analitika digitalari jartzen dioten arreta eta egiten ari diren lanketa, 2023an gertatutako neurketa sistemen ordezkapena tarteko, Behategiaren laguntzarekin begirada fokuratuz. Izan ere, digitalizazioari arreta gehiago jartzen diogun heinean, datu forman itzultzen digu hark begirada eta, ondorioz, hori irakurri eta interpretatzeko gailu, tresna eta gaitasunak zorroztu behar ditugu, mezua ondo ulertuko badugu. Baditugun tresnak alboratu eta baztertzeko ez, baizik eta berriak geureganatzeko. Argitalpen honek ere norabide horretan egin nahi du bere ekarpena, baina horretara mugatu barik.

Euskarazko komunikabideen eremuan urteak emandakoak azpimarratu, horietan sakondu eta haien zabalpen eta gordailu lana egiteaz gain, aurrerapausoak ematen segitzeko beharrezkoak diren azterlanak eta gogoetak biltzen ditu bere hamalau artikuluotan Euskal Hedabideen Urtekaria 2023-2024 aurtengo aleak.

Hasierako blokean iazko urteari errepasoa egin eta aurtengoak dakarrena laburtzen duten bi kronika ditugu, nazioartekoa bata eta Euskal Herrikoa bestea. «Begirada globala ekosistema mediatiko digitalari» izenekoan, lerrook idazten dituen Euskal Hedabideen Behategiko Hibai Castro Egiak mundu mailako oihartzunen berri dakarkigu. Igor Astibia Teiletxea HEKIMEN Elkarteko zuzendariak, «Euskarazko komunikabideak eraldaketa bidean» izeneko artikuluan, besteak beste, elkarteak emandako urratsak aletzen ditu. Digitalizazioaren hedapenaren abiadura eta horretara egokitzeko ahalegina da bietan nabarmentzen den gai nagusietako bat.

Iritziari irekitako Sinadura atalera Lander Arretxea Bereziartua gidoilari, kazetari eta komunikazioan aditua ekarri dugu. «Distopiari baikortasunez begiratzeko auto-laguntza ariketa» bere artikuluan, letorkeenari begira jarri da horri antsietate gutxiagorekin aurre egiteko helduleku batzuk eskaini guran. Zertzelada praktikoak ematen ditu han-hemen eta sumatzen zaio barnetik darion ezinegon grinatsua, ekinean jarraitzeko prestutasunak elikatua.

Zuzenean sektorearen eskutik jasotzen ditugun artikuluen blokea 35 urte bete berri dituen Euskalerria irratiaren bilakaera oparoaren berri ematen digun «Erresilientziatik jauzi digitalera, komunitatea lagun» artikuluak irekitzen du. Bertan, Miren Mindegiak eta Juan Kruz Lakastak irratiaren ibilbide malkartsu bezain suharra deskribatzen dute kontakizun zinez motibagarrian. Beste urteurren bat probestuz, kasu honetan hogeigarrena, eraldaketa handia egin du Berriak, integrala: paperezkoaren edizio sistema eta antolaketa osoa aldatzetik, edizio digitalari lehentasuna eman eta lan fluxu zein kudeaketa osoa eguneratzera, diseinuak ere berrituz euskarri guztietan. Amagoia Mujika Tolaretxipi zuzendariak idatzitako «Kalitatezko kazetaritza, aldatzen ez den erronka bat» artikuluan azaltzen ditu eraldaketaren nondik norakoak. Eraldaketa digitalaren lorratzetik doakigu ere segidan doan artikulua, Unai Iparragirre Torres ETBko zuzendariak idatzitako «EITB: audiovisual is digital» . Bertan, EITBk digitalizazio prozesuari begira egindako hausnarketa estrategikoaren zertzeladak eman eta helburu horiei ekiteko martxan jarri dituzten euskarri berriak aletzen ditu; Primeran, Makusi eta Guau plataformak, edota oraindik birdiseinatzeko dauden Eitb.eus eta Gaztea krosmedia marka. Atal hau ixteko Ipar Euskal Herriko ingurune mediatikoan arrakasta handia izan duen ekimen baten berri ematen digun «Belaunaldi berri bat Ipar Euskal Herriko hedabideetan» artikulua dakargu, kazetaritza diploma unibertsitarioa hizpide duena. EEPko Ibai Aguirrebarrena Mendibourek sinatzen du eta hiru hedabidetako partaidek borobiltzen dute, irrati, telebista eta idatzizko medioetan ekimen horren lehen fruituak aurkeztuz.

Ikerketaren alorreko artikulu luzeagoen saileko lehenak jakinmin handia sortzen duen gaia dauka aztergai: «Euskarazko komunikabideen balio soziala: Argiaren eta Alearen kasu azterketak» izeneko artikulua ekarri dute Mondragon Unibertsitateko Eneko Bidegain, Aitor Zuberogoitia eta Txema Egañak. Haien testua irakurrita nabarmen geratzen da euskarazko komunikabide batek gizarteari egiten dion ekarpena soilik zifra ekonomikoetara murriztea aldrebeskeria galanta dela eta, aldiz, munta handikoa honek sortzen duen aberastasun sozial eta kulturala.

Sail bereko hurrengo artikulua, errenkadan bederatzigarrena dena, EHUko NOR Ikerketa Taldeko ikertzaile diren Garazi Sánchez Murciano, Edorta Arana Arrieta, Bea Narbaiza Amillategi eta Libe Mimenza Castillok sinatu dute eta gazteek informazioarekin duten harremana izan dute aztergai. «Gazteak eta Informazioa» izenburudun lanean, gazteen albiste-kontsumo ohiturak eta joerak aztertzearekin batera, albisteak sortzeko moduetan sareek daukaten eragina ere jaso dute, belaunaldi berrien interes eta beharretara egokitutako ereduak ari baitira hedatzen.

Hamargarren artikuluan Euskal Herriko Unibertsitateko Gureiker Ikerketa Taldeko kide diren Ainara Larrondo Ureta, Simón Peña Fernádez eta Urko Peña Alonsok aztertu dute adimen artifizialaren gaiak zer nolako presentzia daukan esparru komunikatibo digitalean, eta bereziki X sarean. «Adimen artifiziala Euskal Herriko elkarrizketa digitalean: dibulgaziorako galdutako aukera?» artikuluak izenburuan bertan adierazten duen legez, gaia hartzen ari den garrantzia ikusita, aurkitu dutena kopuru txikia dela ondorioztatu dute.

Ondoren datorren artikuluak hizkuntza gutxituetako irrati eta telebisten egiturazko egokitasuna nola den neurtzeko indize berri bat aurkezten digu, AGEE indizea. «Audientzia Garatzeko Egiturazko Egokitasun Indizea hizkuntza gutxituetako irrati eta telebistetan» izenburupean, EHUko HEKA Ikerketa Taldeko Iñaki Zabaleta Urkiola eta Tania Arriaga Azkaratek sakon landutako ikerketa proiektua ekarri dute ale honetara, non sortu duten kontzeptu berria azaltzen duten, baita prestatu duten neurketa indizearen araberako kalkuluak egin ere eta, emaitzak Europako zenbait hedabideren artean alderatu ondoren, kontuan hartzeko moduko ondorioak atera dituzten.

Hamabigarren artikuluan euskarazko hedabideen kontsumoak gune soziolinguistikoen arabera aztertu ditu EHUko NOR Ikerketa Taldeko Ane Martinez Juez ikertzaileak. «Euskarazko edukien kontsumoa eta gune soziolinguistikoak: bi aldagaien arteko harremana fokuan» bere artikuluan, aipatutako bi aldagai horien arteko harremanean sakontzeaz gain, bigarren helburu bati ere heltzen dio: azken 25 urteetan (1997-2022) euskarazko hedabideen kontsumoak euskal gizartean izan duen bilakaera aztertzea CIESen datuetan oinarrituta.

Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan Ikerketa Taldeko Arantza Gutierrez-Paz da hamahirugarren artikulua sinatzen duen ikertzailea. «Emakume nekazarien ikusgaitasuna EITBko Sustraia saioan» artikuluan ere, 2016tik hona urtero argitaratu dituzten artikuluetan jaso duten gisan, emakumeek euskal hedabideetan duten presentzia handitu egin dela ondorioztatu dute baina, aldi berean, eremu horretan oraindik egiteko bide luzea geratzen dela berresten dute azken honetan ere.

Amaitzeko, euskal hedabideen webguneetako trafikoa aztertzen duen artikuluarekin itxiko dugu aurtengo argitalpena. NOR Ikerketa Taldeko ikertzaileak diren Libe Mimenza Castillo, Ane Martinez Juez, Naroa Burreso Pardo eta CodeSyntaxeko garatzailea den Josu Azpillaga Labakaren «Hekimen elkarteko webguneen audientziak 2023. urtean,analitikan jauzi bat» izeneko lanetik bi datu nagusi azpimarratuko ditugu. Batetik, saio kopuruak % 9 egin duela gora iazkoarekin alderatuta, 40,3 milioi bisitatik gora erakarriz; eta, bestetik, 2023an jauzia egin dela analitika digitalean, euskarazko komunikabideak horri begira jarri baitira, inoiz baino arreta handiagoarekin.

Azken honek, arestian esandakoa dakarkigu berriro hona. Izan ere, digitalizazioari arreta handiagoa jartzen diogun heinean, datu forman itzultzen digu hark begirada. Ondo interpretatzeko gaitasuna garatu dezagun, hortaz.