Zinemek duela urte batzuk izan zezaketena baino lehia handiagoa dute gaur egun, eta IKUSIKER ikerketak informazioa jaso du, besteak beste, Euskal Herriko unibertsitarioek zinema-aretoetara joateko dituzten ohituren, motibazioen eta gehien ikusten dituzten film moten inguruan.
Azken urteetan, gazteen artean aisialdi modu eta zaletasun berriak sortzen ari dira, baina tradizionalagoak diren askok ere beren lekua izaten jarraitzen dute, neurri handiagoan edo txikiagoan. Tradizionalen artean, zinema-aretoetan filmak ikustearena dago, dela lagunekin, familiakoekin, bikotekidearekin, eta baita bakarrik ere.
Jakina da mugikorraren, tabletaren, telebistaren edo ordenagailuaren pantailetan zine asko ikusten dela, baina segidan datozen lerroetan arreta jarriko dugu zinema-aretoetako pantaila handian egiten diren kontsumoetan.
Ugari dira zinema-aretoetara hurbildu eta bertan eskaintzen diren fikziozko produktuei buruz egiten diren ikerketak (European Audiovisual Observatory, 2024; SGAE, 2024; CNC, 2024; Kulturaren Euskal Behatokia, 2019); gehienetan, praktika kultural horren irismen altua eta ikusleen iritzi hobea agerian gelditzen dira. Aipatutako ikerketa horietan, COVIDaren garaian asko gutxitu bazen ere, zinemetara joaten den jendearen kopurua handia da. Hala nola, 2023an, Frantziako Estatuko populazioaren % 63,7 zinemara joan zen behin edo gehiagotan. Kopuru hori, 2022an, % 57,8ra iritsi zen Espainiako Estatuan. Euskal Kulturaren Behatokiak 2019an kaleratutako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko populazioaren % 69,2k gutxienez, urtean behingo bisitaldia egin zuen zinema-areto batera.
Zinema zaletasuna are altuagoa da 15-24 urte bitarteko gazteen artean, halaxe erakusten dute Frantziako eta Espainiako Estatuetako datuek (% 84,8 eta % 88,9, hurrenez huren). EAEko gazteen kasuan kopurua % 91ra iritsi zen 2019an.
Gaiaren interesa kontuan hartuta, 2024ko martxoan inkesta bat abiatu zuen IKUSIKER ikerketa taldeak (www.ikusiker.eus), jakiteko Euskal Herriko unibertsitarioak zenbatean behin joaten diren zinema-aretoera. Esandako galdetegian, IKUSIKERek zinemaren inguruan prestatutako galderei erantzun diete 18-23 urte arteko Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA/ NUP) 1.890 ikaslek.
Beste gauza askoren artean, zinemara joateko maiztasunaz galdetu du IKUSIKERek, eta erantzunetan datu bat nabarmendu da: gazte horien % 92 gutxienez behin joan da azken urtean. Izan ere, ikerketan parte hartu duten ikasleen gehiengoa urtean 1-6 aldiz joaten da zinemara (% 67), urtean 7-12 aldiz joaten direnena baino kopuru handiagoa (% 15). Bestetik, zinemara inoiz joaten ez direnen kopurua hirugarren aukerarik errepikatuena da, zehazki inkestatutakoen % 9.
Hala ere, ikasleen artean zinema-aretoetara hurreratzeko maiztasuna hainbat faktoreen arabera alda daiteke. Nahiz eta sexuaren arabera zinema-aretoetarako zaletasunaren maiztasunean alde handirik ez topatu, adinaren arabera ikus daiteke ikasle gazteenek prestutasun handiagoa dutela jarduera horrekiko. Unibertsitateko lehen mailako (18-19 urte) ikasleen % 13 hilean behin edo birritan joaten da zinemara, bigarren mailakoen (19-20) eta hirugarren maila edo maila goragokoen kopuruaren gainetik (% 5 eta % 4, hurrenez hurren). Horrez gain, inoiz zinemara ez doazenen artean lehen mailako ikasleek kopururik baxuena osatzen dute (% 6). Urtean 7-12 aldiz joaten direnen artean ehuneko handiena bigarren mailako ikasleena da (% 20), eta urtean 1-6 aldiz joaten direnen artean, hirugarren mailakoak edo maila handiagokoak nagusitu dira (% 70).
1. Akzioa, abentura eta komedia, gehien ikusitako pelikula motak
Ikerketan parte hartu duten 1.890 gazteek pelikula mota jakin batzuk jo dituzte gogokoen. Genero horien artean, akzioa/abentura izan da inkestatutako unibertsitarioen artean gehien ikusitakoa (% 40), eta komediazko filmak ere garrantzi esanguratsua dute gazte horientzat (% 24). Bi genero horiez gain, suspentse/beldurrezko eta dramazko filmek ere presentzia aipagarria dute, eta azken horien ehunekoa parekoa izan da (% 10). Sexuen arteko diferentziei dagokionez, emakumeek eta gizonek gehien ikusitako filmetan gustu ezberdinak antzeman daitezke. Emakumeen artean nahiz eta akzioa/abenturazko filmak ikusienak diren (% 33), komedia-filmak ere aipatzekoak dira (% 29). Gizonen artean, berriz, inkestatutakoen ia erdiak akzioa/abentura hobesten du (% 48), eta komediazko filmak bereziki aukeratzen dituztenen kopurua askoz ere baxuagoa da (% 17). Azpimarratzekoa da, halaber, emakumeen eta gizonen arteko arrakala, bereziki drama-filmetan ematen dela (emakumeak % 15 eta gizonak % 4).
Zinema-aretoan ikusitako azken filmei buruz galdetuta, eta gogoan izanda inkesta 2024ko udaberrian burutu zela, komunean dituzten hainbat film aipatu dituzte gazte unibertsitarioek. Errepikatuenen artean daude Anyone but you (Komedia/Amodioa), Pobres Criaturas (Komedia/Fantasia), Oppenheimer (Suspentsea/Drama), Barbie (Komedia/Fantasia), Dune 2 (Zientzia fikzioa/Abentura) edota La Sociedad de la nieve (Suspentsea/Abentura). Zinema-aretoan euskaraz ikusitako azken filmari dagokionez, inkestatutakoek gehien aipatu dituztenak Irati (Abentura/Akzioa), Ane (Suspentsea/Drama), Bizkarsoro (Drama), Errementari (Beldurrezkoa/Fantasia), Handia (Drama/Historia) eta Akelarre (Beldurrezkoa/Drama) dira.
Zineman ikusi dituzten azken filmei erreparatuta lortutako emaitzengatik, produkzio aipatuenak euskaraz ez diren pelikulak izan dira gehienbat. Izan ere, inkestatuko unibertsitarioek zinema-aretoetara joaten direnean filmen % 75 gaztelaniara bikoiztuta ikusten dituztela adierazi dute, eta gehiengoak aipatu du aukera izango balute horrela ikusi nahiko lituzketela (% 40). Filmak euskarara bikoiztuta ikusiko nahiko lituzketenen kopurua % 5 da, eta bertsio originalean euskarazko azpidatziekin ikusi nahiko lituzketenena, % 3.
Ikerketan parte hartu duten gazteek, ikusiko duten filma erabakitzerako orduan, gehienbat ingurukoen –lagunak, familia…– aholkuak jarraitzen dituztela aipatu dute (% 39), eta horren ondoren sare sozialetako gomendioak (% 24). Filmak norberaren erabakiaren arabera aukeratzen dituztenak ere nabarmendu dira (% 22).
2. Esperientzia beste norbaitekin partekatzea eta plan bat egitea, zinema-aretoetara joateko arrazoi nagusienetarikoen artean
Azpiatal honetan, inkestaren bidez jasotako kopuruak eta galdera irekiez baliatuz lortutako informazioa konbinatuko ditugu.
Esaterako, zinemarako gogoa daukatenean norekin joaten diren erreparatuta, lagunekin abiatzea nagusitu da erantzun dutenen artean (% 64), eta horren ondoren, bikotearekin eta familiarekin plana egitea dira ohikoenak (% 14 eta % 10, hurrenez hurren). Hala ere, sexuaren arabera ezberdintasunak antzeman daitezke atal horretan. Emakumeen artean ohikoagoa da zinema-aretoaren esperientzia bikotearekin bizitzea (% 19, eta gizonen artean % 9), eta gizonei dagokionez, lagunekin joaten direnen ehunekoa gailendu da (% 69, eta emakumeen artean % 61). Familiarekin abiatzen direnen ehunekoaren aldetik, oso antzekoak dira, nahiz eta emakumeen artean apur bat ohikoagoa izan (% 11 emakumeak, eta % 9 gizonak). Zinema-aretoaren kokapenari dagokionez, unibertsitarioen artean hiri handi bateko zinema-areto komertzialerako plana da ohikoena (% 42), gertuko herrietako zinema-areto komertzialera, edo norberaren herri/hiriko kultura-etxera edo areto komertzial txikiren batera joatearen gainetik (% 26 eta % 23, hurrenez hurren).
Zinema-aretoetarako asmoa gustuko duten gazteek bertaratzeko arrazoiak aletu dituzte, baita zinemak beste gune batzuekin alderatuta dituen ezberdintasunak edo abantailak ere. Inkestatutako batzuek zinema-aretoek ematen duten zerbitzuari erreferentzia egin diote, zehazki osagarri fisiko eta teknikoei dagokionez. Gazte batek aipatu du «irudi eta soinu kalitateagatik» eta «pelikula osoko estimuluak ondo jasotzeagatik» egiten dutela zinemarako plana. Beste batzuek azpimarratzen dute filma zinema-aretoan ikusteak arreta bereziki horretan jartzea ahalbidetzen duela, beste gune batzuetan ez bezala: «Zinemara joatean, pelikulan arreta jartzen duzu, eta irauten duen denboran, pelikulaz gozatzen duzu. Aldiz, etxean, mugikorraren edo ingurukoaren eraginez, arreta galtzen duzu askotan», adierazi du inkestatutako unibertsitario batek.
Gehien errepikatzen den ideietako bat esperientzia beste pertsona batzuekin partekatzearena da: «Jendearekin hitz egin dezaket pelikulari buruz». Horrez gain, unibertsitario batzuek nabarmendu dute lagunekin edo beste pertsona batzuekin plan bat egiteko aukera izan daitekeela zinema-aretorako motibazioetako bat. Zinemara bakarrik joaten diren inkestatutakoen kopurua nahiz eta % 1 izan, pertsona batzuentzat interesgarria da aukera hori ere: «Plan on bat da neure buruarekin hitzordu bat izateko». Azkenik, baina ez garrantzi gutxiagokoa, zinema-aretoek duten esklusibitatea da gehien errepikatzen den arrazoietariko bat. Bertan estreinaldiak emateak eta filmak beste plataforma batzuetan baino lehenago ikusi ahal izateak, gazte batzuek zinema-aretoetara joatea eragiten du: «Batzuetan karteldegian film oso interesgarriak erakusten dituzte, zineman bakarrik ikus daitezkeenak».
Inkestatutako 18-23 urte bitarteko unibertsitarioek erantzun dute egungo zinema-aretoetara joatea zenbat gustatzen zaien, 1etik 10era. Gehien errepikatu den puntuazioa 8 izan da (% 26), eta horren ondoren 7 eta 9 (% 18 eta % 13, hurrenez hurren). Unibertsitario batzuek oso iritzi ezberdinak dituzte besteekiko, % 11k adierazi baitu ez zaiola batere gustatzen zinemara joatea eta 0 aukeratu du, eta % 10ek oso gustuko du eta 10eko puntuazioa eman du. Baina, orokorrean, puntuazioen % 67 7-10 artekoak dira.
Sarreren prezioa faktore erabakigarria izan daitekeela pentsatuta, zinemako salneurriengatik galdetu du IKUSIKERek. % 65ek uste du garestiak edo oso garestiak direla. Zehatzago: erdiak baino gehiagok adierazi du prezioak nahiko garestiak iruditzen zaizkiola (% 51), eta % 14k uste du oso garestiak direla. Lautik batek sarreren prezioa orekatua dela dio, ez garesti, ez merke.
3. Laburrera ekarrita
Ikerketan parte hartu duten gazte gehienek positiboki baloratzen dute zinema-aretoetara joatea, eta horretarako arrazoi aipatuenetarikoen artean daude esperientzia partekatzea, plan bat egitea, edota estreinaldiak ikustea. Unibertsitarioak sarrien lagunekin joaten dira zinemara eta pelikulak ikusterako orduan inguruko jendearen gomendioak kontuan hartzen dituzte. Gehienek gaztelaniara bikoiztutako filmak ikusten dituzte, eta baita gustura egin ere. Azken denboraldian ikusitako filmen artean, Anyone but you, Oppenheimer edo Dune 2 gehien errepikatuenetariko filmak dira; euskaraz, berriz, Irati, Handia, Errementari eta Bizkarsoro.
Pantaila txikietan eta handietan ere aritzen dira gazteak fikziozko edukiak ikusten eta zeregin hori entretenigarria iruditzen zaie. Zinema-aretoetara joateak baditu osagarriak diren beste elementu asko eta horrek eramaten ditu herrian bertan edo hirietako aretoetan ikustera, prezioa inoiz traba izaten den arren.
Modu batera edo bestera, inkestutako unibertsitateko ikasleen hamarretik bederatzik zinema-aretoetara joatea gustuko zeregina du, eta batez beste urtean 1-6 aldiz joaten direnen kopurua nagusitzen da.
Iturriak:
Centre national du cinéma et de l’image animée (CNC) (2024): Les pratiques cinématographiques des Français en 2024. https://www.cnc.fr/documents/36995/...
Institut BVA (2024): Jeunes et cinéma https://www.cnc.fr/professionnels/etudes-et-rapports/etudes-prospectives/les-jeunes-et-le-cinema_2203325
SGAE (2024): Anuario SGAE de las artes escénicas, musicales y audiovisuales. https://anuariossgae.com/anuario2024/frames.html
Kulturaren Euskal Behatokia (2019): Euskal Autonomia Erkidegoko parte-hartze kulturalari buruzko inkesta https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/keb_argit_ohiturak_eae_2018/eu_def/adjuntos/estatistika-parte-hartze-kulturala-eae-2019-laburpena.pdf
European Audiovisual Observatory (2024): Towards a new normal? Cinema attendance in Europe keeps growing, up by 18% in 2023, although pre-pandemic highs remain far. https://www.obs.coe.int/en/web....
https://www.ikusiker.eus]