Urtekaria 2017 | Alberto Barandiaran Amillano (HEKIMEN Euskal Hedabideen Elkarteko zuzendaria)

Prentsaren aurka

Ekaitz giroa hedabideen jardunarentzat 2017ko urte honetan. Mehatxuak, prentsa askatasunaren kontra. Katalunian gertatzen ari den gatazka sozial eta politikoan aktore oso garrantzitsuak izaten ari dira komunikabideak, errelatorearen eta zilegitasunaren borroka gertatzen ari da bertako, Espainiako zein nazioarteko komunikabideetan, eta hedabideak ez dira tentsio eta gorabehera politikoetatik libratu. Irailaren amaieran, Guardia Zibilak Vallseko (Tarragona) El Vallenc astekariaren egoitza miatu zuen hainbat orduz, urriaren 1eko erreferendumean erabiltzekoak omen ziren boto paperen bila, han bertan inprimatzen ari zirelakoan. Astekariak ohar bat atera zuen esanez enpresaren ordenagailu nagusia, enpresaren dokumentazioa, eta enpresaren beraren eta Francesc Fabregas zuzendariaren korreo pribatu osoa atzeman zuela poliziak eta, behin miaketa amaituta, zuzendaria Tarragonako Guardia Zibilaren egoitzara deklaratzera deituko zutela.

Handik gutxira zabaldu zen Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenak TV3 telebista kateari errekerimendua bidali ziola eskatuz ez emateko edo zabaltzeko informazioa Kataluniako erreferendumaren inguruan. Zehazki, erreferendumean parte hartzera animatzen zuen iragarki ofiziala ez emateko. Agindu horretan, esplizituki aipatzen zen «informatzeari uko» egin behar ziola hedabideak, bestela ardura penalak izan litzakeelakoan. Alegia, Kataluniako telebista publikoari ukatu egin nahi izan zitzaion informatzeko eskubidea. Urriaren hondarrean, TV3 bera interbenitzeko mehatxua egin zuen Espainiako Gobernuak, autonomia osoa bezala.

«Eskubide urraketa larri hauen aurrean», hainbat euskal hedabide eta norbanakok kezka agertu eta elkartasun osoa adierazi zieten Kataluniako hedabideetako ordezkari eta profesionalei. «Alboan izango gaituzte» irakur zitekeen oharrean. «Gatazka modu demokratikoan konpontzeko beharra defendatzen dugun hedabideak espainiar estatuaren makineria juridiko, politiko eta polizialaren jomugan egon gintezke. Baina, testuinguru honetan, gure eskubide kolektiboak babestea egokitzen zaigulakoan gaude. Adierazpen askatasunaren alde. Prentsa askatasunaren alde. Informazio eskubidearen alde. Erabakitze eskubidearen alde».

Eztabaida sutsua bezain interesgarria gertatu da aurten hedabideen zereginaren inguruan. Eta errealitate paraleloen konstatazioa ez da bakarrik kazetari edo txiolari famatu batzuen salaketa. Nahikoa izan da hilabete bizi hauetan Espainiako edo Kataluniako edo nazioarteko hedabideei begirada eman ohartzeko zein garrantzitsua den prentsa aske eta independentea. Zein garrantzitsuak diren, oraindik, hedabideak.

Joera orokorrak

‘To Share or Not to Share’

Ramon Salaverria Nafarroako Unibertsitateko komunikazio irakasleak To Share or Not to Share1 izeneko ikerketa kaleratu du aurten, aztertzearren zein diren sare sozialetako erabiltzaileen arreta gehien erakartzen dituzten gaiak, Ameriketako hainbat herrialdetan. Ikerketak ondorioztatu zuen gobernuaren edo politikaren inguruko gaiak direla AEBetako, Brasilgo eta Argentinako ohiko hedabideetako irakurleen artean gogokoenak, baina Facebooken eta Twitterren, berriz, giza intereseko gaiak, gatazkak eta eztabaidak, alegia emozioekin lotutako informazioak direla gehien zabaltzen direnak. «Ikerketa honen emaitzek baieztatzen dute jendeak hurkoaren bizitzari begiratzeko daukan faszinazioa, giza intereseko notiziak izan zirelako, alde handiz, gehien partekatu zirenak». Horrek esplika dezake, autorearen ustez, nola ari diren agertzen eguneroko ohiko prentsan, gero eta gehiago, norberaren esperientzian oinarritutako notizia ustez garrantzirik gabekoak. Horixe baita jarioa ziurtatzen duena. «Kazetariek oso ondo baloratutako aldagaiek, esaterako bat-batekotasunak eta gertutasunak, ez dute sare sozialetako interakzioen kopurua igotzen». Ikerketak frogatutzat ematen du gai atseginen —aisialdia/gai bitxiak— eta gogorren —eguneroko bizitza gatazkak— arteko nahasketa dela Facebookeko gomendioen kopurua nabarmen igotzen duen formula.

Ondorioa? Bat, behintzat bai: sare sozialetako kontsumitzaileen kontsumo pautak desberdinak direla ohiko hedabideen kontsumitzaileen ohiturekiko. Eta oso garrantzitsua dela, beraz, pauta horiek ondo ezagutzea.

Kazetaritzak iraungo du post-egiaren garaian?

Irakurleek ohiko prentsan duten konfiantza maila inoizko txikiena da. Publizitatearen orain arteko modeloa ez da jasangarria. Gero eta garbiago dago hedabideek galdu dutela, sare sozialen eraginaren ondorioz, iritzi publikoa moldatzeko gaitasuna. Wired atarian argitaratutako artikulu batean2 esplikatzen denez, 1988ko urtean Edward Hermanek eta Noam Chomskyk Manufacturing Consent: The Political Economy of the Mass Media izeneko liburuan azaldutako argudioak beharbada gaur egun ez du horrenbesteko garrantzia. Bi pentsalariek esplikatu zuten AEBetako hedabideak benetako oztopoa zirela eztabaida orokorrak aurrera eramateko, audientzia erraldoiak eta atzean iragarle erraldoiak zituzten hainbat korporazio mediatikok monopolizatutako hedabideek kontrolatzen zituztelako notiziak. Notizia horien iturria ere goi mailakoa izan ohi zen, ofiziala beraz. Emaitza? Ustezko kontsentsu faltsua errealitatearen inguruan, eta, ondorioz, ahots, ideia eta gertakari periferiko edo bigarren mailakoak saihestuta eta ikusezin bihurtuta.

Jakina, denbora asko pasa da Hermanek eta Chomskyk kritika egin zutenetik, eta hedabideen mundua, eta notiziak kontsumitu eta partekatzeko modua bera, irauli egin da. «Nazio osorako pentsatutako publizitateak» dio artikuluaren egileak, «lekua egin dio milaka tokitan iragarkiak jartzen dituen salerosketa automatizatuari, berdin dio zein den edukia. Politikoek ez dituzte kazetariak behar audientziarengana iristeko, Twitterretik zuzenean hitz egin dezaketelako. […] Ez dago informazioaren jarioan bazterreko argudioak sartzeko debekurik, eta ezin da zabalpena mugatu».

Hedabideek audientziak bilatu eta bildu egin behar dituzte orain, familietan transmititzen den kontsumo ohiturak ez daukalako lehen zeukan garrantzia. Ezer ez dago ziurtatuta, alegia: ez tradizioa, ez konfiantza. Egunero irabazi eta galdu egiten da irakurle bat, entzule bat, ikusle bat. Harpidedun bat.

Kazetaritza aipagarria sortzeko bidean

The New York Times egunkariari «kazetaritzaren Biblia» deitu izan zaio maiz. Aurtengo apirilean, txosten estrategiko bat plazaratu zuen publikoki, esplikatzeko zein estrategiak, bideak eta aliantzak bilatu nahi zituen gaur egungo kontsumo eta joera aldaketari aurre egiteko. Libe Mimenza Behategiko koordinatzaileak azpimarratu zuen bezala3, txostena bera publiko egitea, detaile guztiekin, bazen aipagarria. Egunkari erraldoiak proposatzen dituen hainbat zertzelada interesgarriak izan daitezke guretzako ere, etorkizuna diseinatzeko unean.

Hasteko, hizkuntza digitala bai, baina denak ez du balio. Argitaratzen diren notizia askok ez dute inpaktu esanguratsurik lortzen. Beraz, informazio bisualagoa bilatu behar da. Zerbitzu gehiago eskaini behar dira, praktikoagoa izan behar du eskaintzak. Esaterako, telesailak eta telesaioak gomendatzeko kanala; sukaldaritzaren atal eguneratu eta osatua; teknologia produktuak gomendatzeko zerbitzua; «mundua ulertzen eta onena ateratzen lagunduko dizuten istorioak» leloarekin sortutako formulazio tematikoak.

Fokua audientzian jarri behar da. Irakurle fidel eta konprometituak behar dira. Eta, horretarako, parte hartzeko aukera eman behar zaio irakurleari. Lelo nagusia hauxe da: behin argitaratuta hasten da notizia baten benetako bizitza.

Trebakuntza ere oinarrizkoa da. Kazetaritza digitalak naturala izan behar du. Dauden tresna guztiak ondo erabili eta ustiatu behar dira, hori da bide bakarra. Baina garbi edukita atzean kalitatezko edukia behar dela. Tresnek bakarrik ez dute ezer egingo, ez dituzte istorioak kontatuko, ez dute irakurlearen arreta piztuko, baliabide teknikorik onenak gorabehera. Erredakzioak aldatu behar dira: kulturanitza behar da, zenbat eta anitzagoa, hobe, eta begirada digitala erdian jarri behar da: ahaztu ohiko erredakzioak, non papera den zentrala; digitalari begiratu behar zaio. Aurten bertan, gaztelaniazko egunkari handi baten zuzendariak aitortu zuen bere lanaren % 80 edizio digitalari begira zegoela.

Definitu ditzagun berriro metrikak eta audientziak. Garrantzitsuena ez da zenbat klik egiten diren txio baten gainean, edo zenbat aldiz konpartitzen diren edukiak; beharbada garrantzitsuagoa da nola eta norekin konpartitzen diren. Metrika kualitatiboei begiratu behar zaie, gero eta gehiago.

Gogoeta estrategikoa egin behar da, beraz, produktua, taldea, baliabideak eta testuingurua aztertu, lotu eta bide berriak proposatuko dituena. Eta, hala ere, horrek ere ez digu kolpetik etorkizuna soluzionatuko. NYT-ek editoreen kopurua murriztuko duela jakin da aurten ere, eta irakurlearen defendatzailearen irudia kenduko duela. Horren truk, ehun erredaktore gehiago kontratatuko omen ditu enpresak. Gray Lady bezala ezagutzen den komunikabideak ofizialki adierazi bazuen ere kalea gehiago zapalduko duten erredaktore gehiago izateko egiten zuela aldaketa, ondoren onartu zuen dirua aurreztuko duela aldaketarekin eta, beraz, arrazoiak ekonomikoak direla.

Mundu zabaleko hedabideen errealitatea, zortzi zertzeladatan

Erresuma Batuko komunikazioen arautzaile ofizialak, Ofcomek, Nazioarteko Komunikazioen Merkatuaren Txostena egiten du urtero4. Txostenak Estatu Batuetako sektoreen datuak beste herrialde batzuen datuekin alderatzen ditu, eta argazki interesgarria atera ohi du mundu osoko joeren inguruan. The MediaBriefing atarian5 txostena bera aztertu eta zortzi zertzelada azpimarratu dituzte.

Alde batetik, komunikazioaren sektorearen balio ekonomikoaren etengabeko gorakada nabarmendu dute. Merkatu handienak AEB, Txina eta Japonia dira. Ondoren, Alemania eta Erresuma Batua. Bestetik, telebistarako publizitatea da, oraindik ere, etekin ekonomiko handienak ematen dituen sektorea, nahiz eta denbora gutxiko kontua dela ematen duen: Interneten egiten den publizitateak laster gaindituko omen ditu telebistaren zenbakiak, askoz ere abiadura handiagoan hazten ari delako. Kontuan hartu behar da txostena 2015eko datuekin egiten dela. Egunkarien eta aldizkarien zenbakiak apalagoak dira, eta, garrantzitsuagoa dena, gorriak: behera egin zuen publizitateak bi euskarri horietan.

Hirugarren datua: telebisten diru sarrerak bereziki harpidedunen bidez heldu dira. Eta laugarrena: harpidetza horien igoera oso ezberdina da herrialdeen arabera, eta merkatu handienean, AEBetan alegia, gainerakoen oso aurretik doa. Beste datu bat: gero eta gutxiago ikusten dugu telebista, baina asko oraindik: hiru ordu eta 41 minutu eguneko eta pertsonako, batez beste.

Interneten egiten den publizitatea da, gorago esana dagoen bezala, atentzio handiena erakartzen duen merkatua, eta Txinan lehen merkatua da, % 53 inguru. Urtero % 10 igo da. Internet bidezko erosketak gure ohiturak aldatu ditu: Erresuma Batuan, hamarretik seik onartzen du sarea erosteko erabiltzen duela astean behin gutxienez. Joera hori mundu osokoaren oso aurretik doa. Ikerketaren egileek uste dute atzean erosotasuna dagoela: «katalogo bidezko erosketak egiteko ohitura, posta zerbitzuen funtzionamendu egokia, eta kreditu txartelen eskuragarritasun handia».

Azken zertzelada, Internet bidezko notizien kontsumoarekin lotuta dago. Gero eta gehiago dira sarea erabiltzen dutenak informatzeko.

Ordainpeko kazetaritza?

Gero eta jende gehiago ordaintzeko prest dagoela informazioa jasotzearen truk? Erotu al gara?

Hainbat adituk ohartarazi dute hedabideen munduan gerta daitekeela telebistekin gertatu den antzekoa: ordainpekoa izatea ohitura bihurtzea. Ez dago hitz egin beharrik ordainpeko telebisten eskaintzak azken urteotan (azken hilabeteotan?) izan duen gorakadaz. Gero eta ezagunagoak dira Netflix, HBO, Sky plataformak; gero eta etxe gehiagotan sartu dira. Serie eta film berekiak ekoitziz, betiko telebistaren alternatiba bilakatu dira. Prentsa idatzian antzeko zerbait gerta daitekeela iragarri dute adituek. Egiazki, jada gertatzen ari da. AEBetan, egunkari handiek milioika harpidedun dituzte: NYT-ek 2,3 milioi inguru; The Wall Street Journal-ek, 1,27; The Washington Post-ek, milioi bat baino gehiago. Eta, errealitate horretan oinarrituta, Miguel Hernandez unibertsitateko masterreko irakasleek galdera egin zuten: Zergatik balio diote batzuei eta beste batzuei ez? 6

AEBetako hedabide handien adibidea ez ezik, artikuluaren egileak nabarmendu du «kazetaritza enfokatua» deitzen duen ereduaren errentagarritasuna eta arrakasta, hau da: hainbat erredaktorek sortutako hedabide bat, agenda berekia daukana, eta harpidedun engaiatuak. Proiektu oso berariazkoek ere ba omen dute etorkizun eta jasangarritasun ekonomikoa: kiroletakoak; modakoak; literaturakoak.

Egilearen ustez, proiektu horiek guztiek ezaugarri berdinak partekatzen dituzte. Hasteko, proposamena imitaezina izatea, bakarra. Kalitatea da oinarria, dedikatzen zaion denbora. Harpidedunek estimatzen dute bikaintasun hori, eta sentitzen dira oso gauza bereziaren partaide. Garrantzitsuena ez da lehena izatea zerbait kontatzen, baizik eta onena izatea kontatzen, enfoke zehatz batetik eta zorroztasunez. Bestetik, giza taldeari garrantzia ematen diote. Baita teknologiari ere. Harpidedunari erraztasun guztiak eman behar zaizkio produktua bere eskura irits dadin. Funtsezkoa da, halaber, hartzailea ondo ezagutzea. Norentzat idazten den. Helburua da irakurleak harpidedun bilakatzea.

Horregatik, sinadurak asko baloratzen dira. Ibilbide profesionalak nabarmentzen dira, esperientzia. Marketin kanpainak ere oso garrantzitsuak dira, eta estrategia desberdinak daude arlo horretan: batzuek hautatzen dute ordainpeko sistema zorrotza; beste batzuek aukera ematen dizute hainbat artikulu irakurtzeko eta, ondoren, kobratzen hasten dira; badira, azkenik, eduki batzuk doan eta libre jarri, eta beste batzuk harpidedunentzat gordetzen dituztenak.

Misioa da balore nagusia, ez errentagarritasuna. Enpresa eta berritzaile askok azpimarratzen dute garrantzitsuena zerbaiten parte sentitzea dela, ez gero eta diru gehiago lortzea. Garbi dute publizitateak bakarrik ez duela proiektua sostengatuko. Ikerketa kazetaritza bultzatu behar da, eta irakurleek ohitura hartu behar dute kazetaritza onagatik ordaintzeko.

Sare sozialak

Facebookek 2.000 milioi erabiltzaile

Sustatu.eus atariak aurtengo maiatzean eman zuen berria7: Facebook 2.000 milioi erabiltzaile lortzekotan zen, % 17ko igoera urte bakar batean. «Une honetan, gure planetako biztanleen % 30ak Facebooken kontua dauka. Zuckerbergek doministiku egin, eta 2.000 milioi pertsona enteratuko dira. Horretaz, edo Zuckerbergek nahi duen hartaz», irakur zitekeen artikuluan. Beste datu bat: Interneteko ohiko erabiltzaileen artean % 80k dauka Facebooken kontua, eta hilero 1,1 milioi erabiltzaile aktibo ditu plataformak.

Ez da, baina, gehien hazi den sare soziala. Whatsapp eta Messenger dira igora handienak izan dituzten plataformak, eta Instagramek ere 200 milioi erabiltzaile gehiago lortu zituen bi urtean8. Kontua da Whatsapp, Messenger eta Instagram ere Facebookenak direla.

70 kazetaritza genero (gutxienez) Twitterren

Eta, hala ere, Twitter da, oraindik ere, kazetarien artean prestigio gehien duen sare soziala. Kazetarien artean esan dugu, ez enpresen edo editoreen artean. Twitterrek hartu du kazetariaren eta hartzailearen arteko zuzeneko hariak lotzeko eginbeharra, beste garai batean editorialek edo zutabegileek betetzen zuten papera, eta, bai berrien zabalkunderako ezinbesteko tresna bilakatuta, bai zuzeneko lekukotasunen lidergoa hartuta zein iritzi sortzaile gisa, erredakzioetan nagusi da.

Jose Alberto Garcia Avilesek, artikulu batean9, sare honek periodistikoki eskaintzen dituen aukeren azterketa interesgarria egin du, lau euskarriri begiratuta —irudikapen grafikoak, bideoak, GIFak eta infografiak—, ikusteko nola berritzen ari den informazioa emateko modua Twitterren. Emaitza harrigarria da: 70 formatu ezberdin zerrendatu ditu. Horretarako, berrogeita zortzi Twitter kontu aukeratu eta segimendua egin zien hamabi astean zehar.

Adibide laburra ematearren: irudikapen grafikoetan bakarrik, fotonotiziak, fotogaleriak, esklusibak, oinarrizko datuak, dokumentuak, zuzeneko narrazioa, azala, prentsa aldizkaria, kronologia eta beste batzuk zerrendatu zituen. Infografietan: estatistika konparatiboak, estatistika ebolutiboak, diagramak, eskemak edo multigrafikoak. Bideoetan: bideo erreferentzialak, non azaltzen diren autorearenak ez diren gertakizunak, ideiak edo iritziak; lekukotasunezkoak, non egilearen iritziak zabaltzen diren; elkarrizketakoak, non elkarrizketa edo eztabaidak ageri diren. GIFen barruan, berriz, notiziak, kronologiak, ilustrazioak eta abar ez ezik, infografiak eta estatistikak ere bai.

Adituek berrikuntzaren gorakada nabarmendu dute ikerketaren emaitzetan, eta hibridazioa gero eta nabariagoa eta aberatsagoa egiten ari dela azpimarratu. «Kontatzeko modu zuzen eta pertsonala antzematen da, irudiaren eta bideoaren ezaugarriek nabarmentzen dutenak; horrela, estrategia erretorikoen eta errotulu deigarrien bidez, hartzailearen atentzioa atxiki nahi da».

Facebook Watch, edo telebisten mundua aldatu nahi duen produktu berria

Sustatun argitaratu zuten10 berria: telebistaren merkatuan sartu da Facebook. Gainerako plataformak beldurtzeko moduko notizia da, sustatzailearen tamaina eta datuek diotena kontuan hartuta: hurrengo urteetan sareko protagonista nagusienetako bat izango da. Facebook Watch deitzen da asmakizuna eta Estatu Batuetako erabiltzaileek jada eskura dute.

Facebookek berak aurreratu duenez, plataforman zuzeneko eta grabatutako emankizunak egongo dira. Erabiltzaileek eurek sortu eta bultzatutakoak, zein Facebookek ekoitzitakoak. Sustatun esan zutenez, «ez da Netflix, ezta Youtube ere... baina guztien arteko nahaste modukoa izango da».

Eskaintza murritza da Watchen orain arteko muga. Kritikak ere ez dira asko berandutu, eta «Youtube kaskar bat» dela idatzi izan dute. Baina teknologiaren euskal atariak abantailak nabarmendu zituen: nahi adinako aurrekontua, alde batetik; munduko sare sozialik handiena, programak eta ikusleak erabat konektatuko dituena, bestetik. Kontuan hartuta telebista izaten ari dela, hain segur, gehien aldatzen ari den komunikabide klasikoa eta, seguru asko, gehien aldatuko dena hurrengo urteetan, Facebookeko produktu berriak merkatua iraul dezake. «Programa eta zuzeneko emanaldi katalogo txukuna lortzeko gai bada, Watch berri honek zeresana emango du oso epe laburrean. Facebook vs. Youtube borroka izango dugula, behintzat, argi dago».

Whatsapp, informazio iturri nagusia

Ez da oso urrunera joan behar ohartzeko Whatsapp plataformak denbora gutxian hartu duen nagusitasuna, bai jende arteko komunikazioan, bai informazio iturri bihurtzeko unean. Reuters Institute for the Study of Journalism erakundeak aurten egindako ikerketaren11 arabera, gaur egun informazioa kontsumitzeko tresna nagusietako bat da. Nahiz eta erabilera herrialdeen arabera aldatzen den. AEBetan eta Erresuma Batuan ez du berrien % 5 gainditzen, baina beste herrialde batzuetan, Malaysian esaterako, % 50ekoa da kopuru hori.

Facebook eta YouTube dira, oraindik, informazioa jasotzeko munduan gehien erabiltzen diren atariak. Ikerketak nabarmendu du aldaketa gertatu dela informazioa partekatzeko moduan, eta erabiltzaileek, orain, nahiago dutela talde txikitan konpartitzea berriak pribatuki. Hortik dator Whatsappen arrakasta. Hori bereziki garrantzitsua da adierazpen askatasuna mugatuta dagoen herrialdeetan.

Txostenak ondorioztatu du, era berean, hedabide askok ez dutela oraindik modurik topatu sareak eskaintzen dituen aukera guztiak aprobetxatzeko. «Whatsappek asmoa dauka erakunde eta enpresentzako soslai egiaztatuak sortzeko» dio txostenak, «eta horrek informazioa argitaratzen duten hedabideen eta irakurleen arteko komunikabide berri bat sor lezake».

Hemengo hedabideak

Euskal hedabideen sareko kontsumoak % 10 egin du gora

Hekimen elkarteak Hekimen Analytics izeneko tresna diseinatu eta martxan jarri zuenetik, 2015ean, euskal hedabideek badute sarearen kontsumoaren martxa aztertu eta alderatzeko modu erraz eta jarraitua. Aurten bertan emandako datuen arabera, sareko kontsumoak azken urteotako joerari jarraitu dio, eta gora egin du berriz: 2015ean baino % 10 bisita gehiago izan zituzten 2016an Hekimeneko hedabideek; 20 milioi bisita baino gehiago denera. 2012tiko datuak kontuan hartuz gero, trafikoa bikoiztu egin da.

Trafiko hori batez ere mugikorretatik hazi dela nabarmentzen dute datuek; ordenagailu bidezko kontsumoak, aldiz, gero eta proportzio txikiagoa dauka kontsumo orokorrean. Gailu mugikorretatik (tabletak zein sakelako telefonoak) iristen diren bisitak gehiago dira ordenagailutik datozenak baino: % 55 eta % 45, hurrenez hurren. 2011. urtean, bisiten % 3 inguru egiten zen telefono mugikorraren bidez; iaz, aldiz, % 44ra iritsi zen. Ordenagailuen joera bestelakoa da: kopuru absolutuetan eutsi dio 10 milioi inguruko bisitari, baina kontsumo hori pisu erlatiboa galtzen ari da urtez urte. Webguneak banan-banan aztertuz gero, desberdintasunak badaude: hazi diren webguneak batik bat mugikorrei esker hazi direla esan daiteke.

Azpimarratzeko beste datu bat da tokiko hedabideak hazi direla gehien: 2015ean ia bi milioi bisita irabazi zituzten, eta bisitak ia bikoiztu egin dira azken bi urteotan. Gorakadaren arrazoien atzean, bi nagusi: webgune berriak sortu izana, eta hedabide bakoitzak trafikoa irabazi izana. Hekimeneko webguneen trafiko osoaren erdia da tokiko hedabideei dagokiena (% 49 pasatxo). Kontuan izan behar da kopuruz ere nagusi direla tokiko hedabideak: 31 webgune, aztertu diren 48 webguneen % 65.

Telebista, protagonista

Telebistak eman ditu notizia ugari euskal hedabideen alorrean. Gaztezulo gazteentzako aldizkariak, esaterako, telebista proiektua abiatu du aurten, «kultur arlo eta diziplina ezberdinetan erreferente diren pertsonak» protagonista egiteko. Iraupen laburreko eta egungo kultur diziplina ezberdinetako eragileen elkarrizketak eta formatu txikiko emanaldiak eskaintzeko asmoarekin hasi zen programazioa, gaztezulo.eus webgunean eta GTB Youtubeko kanalean. Oso kulturari lotutako emanaldiak abiapuntutzat hartuta, askatasuna eman zieten protagonistei, galderarik gabeko elkarrizketen bidez artisten zein taldeen adierazpen artistiko eta kulturalak zabaltzeko.

Aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sari nagusia jaso zuen Kulturrizketak saioak ere, Goiena Komunikazio Taldeak ekoitzia, kultura du oinarri. Lore eta aipu ugari jaso zituen sariak eta ekoizpenak berak. Epaimahaiaren esanetan, «Europako edozein telebistak izan lezakeen saio modernoa» da. «Bizi garen garai bizkorretan pausaldia egiteko aukera ematen du modu atsegin eta entretenigarrian, eta, aldi berean, arinkeriatik urrun». Hain zuzen ere saioa eta saria bera hizpidetzat hartuta hedabideen funtzioaz eta, orokorrean, kulturgintzaren gaur egungo eginbeharraz, gogoeta interesgarria egin zuen Harkaitz Cano idazleak.

Canok euskal sortzaileei eta, zehazki, euskal kazetaritzari zor zaion begirunerik ezaz kexaka hasi zuen testua. «Euskal kultura eta kazetaritza ez daude beren onenean. Ez daude beren onenean gizartean eragiteko duten ahalmenari dagokionez, ez eta beren lana modu ahalik eta profesionalenean ematen saiatzen diren sortzaile eta kazetariei diegun begiramenari erreparatuta ere».

Idazleak gaur egungo abiadari leporatu zion zehaztasunerako eta hausnarketarako dagoen espazio falta, eta entretenimenduaren kulturaren keriak aletu zituen, nabarmentzeko entretenimendua helburu bihurtu dela. «Zer diren eta non eta noiz dauden ez dakigun bi puntu horien arteko “inter” mugagabean bizi gara, honenbestez. Geure eguneroko informazio “kuota” eta kultur “dosia” modu delegatuan administra dakigun uzten dugu, otzan eta zintzo, edo, are okerrago dena, axolagabe».

Noski, Canok artean ez zekien EITBk Sautrela literatur saioa kentzeko asmoa zuela, etOlinpiar Jokoetan Seigarren uztaia eguneroko saioa ekoitzi zuen.

Elkarlanaren aldeko apustua egin eta 2012. urtean, Donostiako Zinemaldiari buruzko saioari ekin zion, Hamaika Telebistarekin batera, eta orduz geroztik, Zinemaldiko egunetan goizero pantailaratzen dute, Kursaaletik. Beste elkarlan garrantzitsu bat 2015eko Korrika izan zen. Euskarazko komunikabide ugarik bat egin zuten orduan —tartean, EITBk—, elkarrekin Korrikaren hasiera eta amaiera egiteko. Egun, Ekonomia saileko kazetariek Ekonominutua egiten dute astero.

Ikus-entzunezkoaren protagonismoa urrian borobildu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Euskarazko Ikus-entzunezkoaren Laborategiaren proiektua aurkeztu zenean Tabakaleran. Iban Arantzabalek (Goiena) eta Amaia Pavonek (Mondragon Unibertsitatea) azaldu zutenez, datorren urtean abiatuko da proiektua. Batetik, behatoki gisa funtzionatuko du. Bestetik, mintegi moduan ere ariko da, sorkuntzarako espazio eta dinamikak sortuz eta eredu berriak landuz. Prototipoak garatu eta produkzio fasera pasa aurreko testatzea lantzeko eremu bat ere izango du laborategiak.

Hedabide berri bi: Osagaiz.eus eta Harmaila.eus

Bi hedabide berriren jaiotzaren lekuko izan da 2017a. Alde batetik, Udako Euskal Unibertsitatea eta Osasuna Euskalduntzeko Erakundea Osagaiz.eus aldizkaria argitaratzen hasi dira aurten, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoaren laguntzarekin.

Osasun zientziei buruzko artikulu zientifikoak kaleratu eta ikerketa taldeen lanak euskaraz ezagutzera ematea da hedabide berriaren helburua. Aldizkariaren zuzendari Jose Ramon Furundarenak azaldu zuenez, osasunarekin lotura duten arlo ezberdinetako profesionalen lanak euskaraz argitaratzeko aldizkaria izango da Osagaiz. Lehentasuna izango dute artikulu originalek, ikerketa medikoek, azterketa klinikoek eta erizaintza lanek.

Aldizkariak hainbat sail izango ditu: jatorrizko artikuluak, kritikoki aztertutako testuak, editorialak, errebisio artikuluak, Dosi Txikitan atala (luzera laburragoko artikuluak) eta Farmazialarien Txokoa. Urtean bi aldiz argitaratuko da, dohainik, Osagaiz.eus webgunean.

Bestetik, euskarazko hedabideen zulo beltzetako batek, kirolak alegia, badu argitalpen berria: Harmaila. Aitor Manterola kirol kazetaria, Eñaut Barandiaran gidoilari eta kirol zuzendaria eta Iñaki Berastegi kirol esataria dira bultzatzaile nagusiak, eta urtean bost zenbaki argitaratzeko asmoa agertu dute. Harpidedunek izango dute aukera paperezko argitalpena irakurtzeko baina, maiztasunik gabe bada ere, Harmaila.eus webgunean bestelako edukiak ere argitaratuko dituzte.

Hedabidearen aurkezpenean, sortzaileek adierazi zuten «presarik gabeko» aldizkaria izango dela Harmaila. «Patxadaz irakurtzekoa. Mamitsua, kirola eta kirolariak azaletik lantzen ez dituena. Luze eta zabal, bukatu eta etzan, hainbat kiroletako hiztegira jota. Egunerokoaren zoroa baino, gehiago gustatzen zaigu lasaitasuna, gertaerei perspektibaz begiratzea, eta gaiak soseguz lantzea».

Emakumeen iritziak, bigarren lerroan

Hedabideetan emakumeek duten ikusgaitasuna aztertzeko EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko Emakumeak ikusgai lan taldeak, berriz, Euskal Herriko hedabideen inguruko txosten bat kaleratu zuen otsailean-1, urtarrilean zehar Berria, Deia, Diario de Navarra, Diario de Noticias, El Correo, Gara eta Noticias de Alava egunkarietan argitaratutako iritzi-artikuluak miatu ondoren. Eta, «adierazle bat (ez bakarra, eta beharbada ez garrantzitsuena) baino ez dela jakinda», ondorio mamitsu eta kezkagarriak atera zituzten.

Alde batetik, aztertutako hedabide guztien artean Berria dela egunkari parekideena ondorioztatu zuten. «Batez beste, agertutako iritzi-artikuluen % 36,07 emakume batek sinatzen ditu Berria-n. Ez dago egun bakar bat emakumeen sinadurarik gabe». Parekidetasunez ez beraz, baina egoera onena hala ere. Gara da, aztertutakoen artean, bigarrena ikuspegi horretatik begiratuta. Urtarrilean kaleratutakoaren arabera, emakumeen presentzia % 27,72koa izan zen hedabide horretan, abenduan baino 4 puntu txikiagoa.

Noticias taldean, emakumeak ez ziren % 20ra iristen, eta Vocentoren hedabideetan, berriz, % 22 ingurukoa izan zen portzentajea. Diario de Navarra zen, azkenik, parekidetasunetik urrutien zegoen hedabidea: % 7 da emakumeen presentzia iritzi emaileen artean. «Egun bakar batean ere ez da berdintasunik izan emakumeen eta gizonen iritzi-kopuruen artean», ondorioztatu zuten ikerlariek.


1 http://www.tandfonline.com/doi/full/10.1080/1461670X.2016.1265896

2 https://www.wired.com/2017/02/journalism-fights-survival-post-truth-era

3 http://behategia.eus/kazetaritza-digitala-aipagarri-bihurtu/

4 https://www.ofcom.org.uk/research-and-data/multi-sector-research/cmr/cmr-2017

5 https://www.themediabriefing.com/article/the-global-media-landscape-in-eight-charts

6 http://mip.umh.es/blog/2017/10/03/modelos-de-pago-periodismo-casos-exito/

7 https://sustatu.eus/1494575910

8 http://www.businessinsider.com/twitter-vs-facebook-snapchat-user-growth-chart-2017-2

9 https://medium.com/@jagaraviles/70-g%C3%A9neros-period%C3%ADsticos-en-los-formatos-visuales-de-twitter-c0361a044375

10 https://sustatu.eus/1504782391

11 http://www.digitalnewsreport.org/survey/2017/overview-key-findings-2017/

-1 https://emakumeenikusgaitasuna.wordpress.com/2017/02/08/emakumeen-iritzientzako-leku-gutxi-hego-euskal-herriko-prentsan/