Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2019 | Josu Azpillaga Labaka, Mikel Lizarralde Asurmendi (CodeSyntax enpresako teknikariak)

Aurreko Urtekarietarako egindako azterketaren ildotik, aurten ere Hekimen elkarteko webguneen analitikak aztertu ditugu. 2019. urtean 28,5 milioi saio eman ziren Hekimen elkarteko webguneetan, aurreko urtean baino % 18 gehiago. Hedabide motaren arabera banatu ditugu datuok eta beste webgune batzuen datuekin alderatu. Gainera, hazkunde handiena tokiko hedabideek izan dutenez, saiatu gara apur bat haien kasua xehetzen.

 

Sarrera

 

Azken bi urteetako azterketen ildoari jarraituz, 2019. urteko datuak kontuan hartu eta Hekimen elkarteko webguneen analitikak aztertuko ditugu artikulu honetan, Hekimen Analytics (HA) tresnak emandako datuetan oinarrituta. Zazpi urteko seriea osatu dugu iazko datuekin eta horrekin jolastuko dugu.

2015. urtean jarri genuen HA martxan (nahiz eta datuak 2013tik honakoak izan), Hekimen elkarteko webguneen metrikak era bateratuan jasotzeko helburuarekin. 49 webguneren metrikak biltzen dira, besteak beste Google Analytics tresnak ematen dituen datuak jasoaz. Horietan oinarrituko gara azterketa hau egiterako orduan.

Hauek dira azterketa honen barruan kontuan hartu diren webguneak:

Orokorrak: Argia, Berria, Hamaika TB, Sustatu eta Zuzeu.

Tematikoak: Aizu, Badok, Bertsolari, Dantzan, Elhuyar aldizkaria, Gaztezulo, Hik Hasi, Irrien Lagunak, Jakin, Uztaro, Zientzia.eus eta Zinea.eus.

Tokikoak: Aiaraldea, Aikor, Aiurri, Alea, Anboto, Ataria, Baleike, Barren, Busturialdeko Hitza, Erran, Eta kitto!, Euskal Irratiak, Euskalerria Irratia, Goiena, Goierriko Hitza, Guaixe, Hiruka, Ipar Euskal Herriko Hitza, Irutxuloko Hitza, Karkara, Lea-Artibaiko Hitza, Maxixatzen, Noaua, Oarso-Bidasoko Hitza, Otamotz, Plaentxia.eus, Txintxarri, Uriola, Urola-Kostako Hitza, Urumeako Kronika, Uztarria eta Zarauzko Hitza.

Zerrendan ikusten denez, tokikoak dira webgune gehienak (32, % 65); iazko analisitik Ipar Euskal Herriko Hitza ere gehitu da HA tresnara1. Nazio mailako hedabide orokorrak dira bost (guztien % 10) eta tematikoak edo gairen baten inguruan sortutako hedabide bertikalak gainerako 12ak (% 25).

HA tresnaren baitan 2013. urtetik aurrerako datuak bildu dira. Hedabide batzuk hasiera-hasieratik dituzte datuak (31 hedabidek, hain zuzen ere) eta, gainerakoak, hurrengo urteetan joan dira zerrendara gehitzen. Batzuk gero sortu direlako eta, beste batzuk, geroago jarri dutelako analitika sistema martxan.

 

Saioak

Webgune baten audientzia neurtzeko gehien erabiltzen den parametroetako bat da saioena, erabiltzaile kopuruarekin batera. Gure kasuan, hedabide desberdinetako erabiltzaileak besterik gabe batu eta alderatzerik ez dagoenez, saioetan zentratuko gara aurtengoan ere hedabideen pisuari buruz hitz egiteko.

Saio —edo bisita— moduan definitzen dugu erabiltzaile batek webgune batean sartu eta irten arte egiten duen ekintza multzoa. Erabiltzaile jakin batek hainbat saio egin ditzake egunean zehar webgune batean; saio bakoitzak X segundoko iraupena izanda eta Y orri bisitatuz horietako bakoitzean.

Honatx azken zazpi urteetan egon diren saioak biltzen dituen taula, urtetik urtera egon den aldaketarekin batera:

 

 

Taulan ikusi daitekeen bezala, 28,4 milioi saiotik gora egin dira Hekimen elkarteko webguneetan 2019. urtean. Aurreko urtean baino % 18,5 gehiago, hain zuzen ere. 2015. urtean % 30eko igoera izan zuen saio kopuruak (hedabide berri batzuk ere sortu ziren urte hartan) baina, geroztik, iazkoa izan da hazkunderik handiena izan duen urtea: ia bost milioi saio irabazi ziren.

 

 

Begirada apur bat luzexeagoa hartuta ikusi daiteke urtetik urterako joerari eusten zaiola saio kopuru totalari dagokionean. Bost urtean, 2014. urtetik, 10 milioi saio baino gehiago irabazi ditu hedabide sareak, saio kopuru osoaren % 57 hain zuzen ere.

 

Beste hedabide batzuekin alderaketa

Igoera oro kontestuan jartzea komeni da. Asko edo gutxi, azkar edo mantso, beti da erlatiboa.

Ez da asko esatea izango, Interneten erabilpena gorantz doala esatea. Gailu kopurua eta gailu bakoitzaren aurrean pasatzen dugun denborak ere hala egin dutelako, gora. Horixe aipatzen genuen iazko azterketan ere, Eustaten datua2 kontuan hartuta: azken hiru hilabeteetan sarera konektatutako EAEko biztanle kopurua % 20 igo zela. Aldiz, konektatze horren arrazoi modura hedabideak aipatzen dituzten herritarrak ez ziren % 5 baino igo. Igoera horri esker ote da hedabideon hazkundea ere?

Beste hedabideekin alderaketa egitea interesgarria da eta ariketa hori berrituko dugu hemen.

OJD Interactivak (Oficina de Justificación de la Difusión) ikuskatutako zenbait hedabidek sarean argitaratzen dituzten datuak bilduko ditugu taula batean. Batetik, Hego Euskal Herriko hedabideak: Eitb.eus, Deia, Noticias de Gipuzkoa eta Noticias de Navarra gehitu ditugu; bestetik, Kataluniako zenbait hedabide digital, katalanez ari direnak: Ara, Vilaweb3 eta ElNacional.cat.

Hedabide horien datuekin osatu dugu ondorengo alderaketa taula.

 

 

Goiko taulan ikus daitekeenez, Hekimeneko % 18,5eko igoera beste hedabide gehienak baino txikiagoa izan da oro har. Gehiago igo dira Eitb.eus, Noticias de Gipuzkoa, Deia eta ElNacional.cat; gutxiago igo dira —edo jaitsi—, aldiz, Noticias de Navarra eta Ara.

Zazpi hedabide hauek eta Hekimen bera batera kontuan hartuz gero, azken bi urteetan, multzoa % 18,7 hazi dela kalkula daiteke eta, beraz, multzoaren neurrian hazi dela Hekimen esan genezake, eutsi diola multzo honek izan duen bilakaeraren erronkari.

 

 

Grafikoak ere balio digu igoera kontestuan jartzeko. Hedabide horiekin guztiekin balizko multzo bat eginez gero, Hekimenen pisua % 10,5ekoa izango litzateke 2019. urtean; pisu hori handiago zen 2016 eta 2017. urteetan. 2018. urtean txikixeagoa zen, baina jaitsiera batez ere gertatu da multzoko ordura arteko hedabide handienak (Ara) jaitsiera izan duelako azken urtean. Grafikoak erakusten du, hedabide batetik bestera zer nolako aldeak gertatu diren.

Alegia, ona eta baloratzeakoa da Hekimenek lortu duen % 18,5eko igoera hori eman izana, baina badira inguruan beste hizkuntza batean lanean ari diren hedabideak azkarxeago igotzen ari direnak, kontrako norabidean doazen batzuk badiren bezalaxe. Datuok ere aintzat hartzea komeni da.

Hedabide motak

Hekimen osoak sortutako saio kopurua aipatu dugu, baina erreparatu diezaiogun hedabide motaren araberako trafikoari. Gogoratu, Hekimeneko hedabide guztiak hiru motatan banatzen ditugu: orokorrak, tokikoak eta tematikoak.

 

 

Saio kopuruaren bilakaera, hedabide motaren arabera:

 

Taulan eta grafikoan ikus daitekeen legez, aurreko urteko joerari eutsi zaio 2019. urtean ere eta tokiko hedabideak izan dira igoera handiena izan dutenak, % 28,3 igo dira azken urtean. Hedabide orokorrek eta tematikoek ere igo egin dute saio kopurua azken urtean, baina hazkunde txikiagoa lortu dute bisitei dagokienean, % 4,7 eta % 4 hurrenez hurren.

Begirada apur bat luzatuz gero, garbi ikusten da joera hori. Tokiko hedabideak % 242 igo dute trafikoa azken bost urteotan, 2014. urtetik 2019. urtera arteko tarte horretan; hedabide tematikoek ere ia bikoiztu egin dute trafikoa, % 85,3 hazi baitira; orokorrek izan dute igoerarik txikiena, % 15,7 igota denbora tarte berdinean.

Horrek eragina izan du hedabide mota bakoitzak sektorean hartu duen pisu erlatiboan. Ondoko grafiko eta taulan ikus liteke hori.

Saio kopuruaren bilakaera, hedabide motaren arabera:

 

 

Saioen pisu erlatiboa urteko, hedabide motaren arabera.

 

 

2013. urtean hedabide guztien bisiten % 34 inguru jasotzen zituzten tokiko hedabideek; 2019. urtean, ia bikoiztu egin da kopurua, % 63 ingururaino igo dira. Eta, ondorioz, jaitsi egin da hedabide orokorrek eta tematikoek duten pisu espezifikoa. Bisiten % 33 inguru jasotzen dute hedabide orokorrek, eta % 4 inguru tematikoek.

 

Saioen zenbait ezaugarri

Web trafikoaren ezaugarriak ere aztertu izan ditugu aurreko txostenetan; batez ere, saioen sakontasuna, trafiko iturriak eta hedabideak kontsumitzeko erabiltzen diren gailuen inguruko bilakaerak. Eman diezaiegun, aurtengo datuekin, begiratu bizkor bat aldagaioi.

«Sakontasuna»

Hasteko, begiratu diezaiogun saioen nolakotasunari. Zelakoak dira saioak? Zenbat denbora ematen du erabiltzaileak hedabideetako albisteak irakurtzen? Eta zenbat albiste jasotzen ditu saio bakoitzeko?

 

 

 

 

Batez besteko saio bakoitzean 2,4 orri ikusi ditu bisitari bakoitzak 2019an. Saioen % 57,7an, berriz, ez du orri bat besterik ikusi (horixe da «errebote tasa») eta saio horretan, 3 minutu behar izan ditu orri horietako edukia ikusi, entzun edota irakurtzeko. Horra batez besteko saioaren ezaugarri multzoa.

Joerak bere horretan dirau eta gero eta saio «arinagoak» egiten dira denborari begiratzen badiogu. Aldiz, saioko ikusten den orri kopurua bere horretan mantentzen da, bi orri pasako kopuruan. Eta errebote tasan ere apenas dagoen alderik urtetik urtera, % 57 eta % 61 artean baitago urterik urte.

Badaude aldeak hedabide batetik bestera eta, baita, hedabide moten artean ere. Hona iazko datuak motaren arabera banatuta.

 

 

Aurreko urteetan bezala, hedabide orokorrek dituzte parametrorik handienak sakontasunari dagokionean. Saio bakoitzean 2,5 orri ikusten dira hedabideotan eta saio horren iraupena ia bost minutukoa izan ohi da, batez besteko hiru minutuetatik oso gora. Guztira zerbitutako segundo kopuruak kontuan hartuz gero, alegia saio eta segundo arteko biderketa eginez gero, hedabide orokorrek pisu handiagoa izango lukete sektorean gainerako hedabide motek baino. Errebote tasa ere txikiagoa da hedabide hauetan. Tematikoak dira errebote tasa handiena eta saioko orri kopuru txikiena dutenak, euren eduki eta izaerari dagokion bezala, segur aski.

Trafiko iturriak

Erabiltzaile batek hainbat bide jarraitu ditzake hedabide baten webgunera iristeko, eta garrantzitsua da trafiko iturri horiek identifikatzea, baita indarguneak zein ahulguneak ezagutzea ere.

HA erremintak ondorengo bost kategoriatan banatzen ditu hedabideen trafiko iturriak:

Trafiko zuzena: erabiltzaileak nabigatzailean hedabidearen izena idatzita, mugikorreko sarrera zuzenetik sartuta, gogokoenetan klik eginda… hasi duen saioa. Hedabidearen «markari» esker sortua, nolabait esateko.

Bilatzaileetako trafikoa: Googlen (bilatzaile handiena eta ia-ia bakarra) X hitz bilatu ondoren hasitako saioa. Hedabidearen izena bera bilatzen da askotan eta hori ere multzo honetan sartzen da, berez, trafiko zuzen modura ere ulertu daitekeen arren.

Facebookeko trafikoa: Facebook sare sozialeko loturaren batean klik eginda hasi den saioa.

Twitterreko trafikoa: Twitter sare sozialeko loturaren batean klik eginda hasi den saioa.

Bestelako trafikoa: beste edozein trafiko iturri. Hedabidearen arabera, pisua handiagoa edo txikiagoa izango da. Batzuek, adibidez, e-posta buletinen bidez lantzen eta lortzen duten trafikoa; beste webguneetako lotura bidez jasotzen dutena; eta abar. Azterketa honetarako, multzo berean sartu dira denak.

Ondorengo taulan ageri dira saioen trafiko iturriak, datu absolutuetan zein pisu erlatiboan, azken zazpi urteetarako:

 

 

Datu absolututan «beste iturriak» ez gainerako iturri guztiak hazi dira, saio kopuru totala ere hazi egin baita. Ehunekoen irakurketa izan liteke interesgarriagoa.

Hekimeneko hedabideen saioen iturriaren bilakaera, ehunekotan:

 

Bilatzaileetako trafikoak jarraitzen du izaten trafiko iturri nagusiena. Kontuan izan behar da, kasu askotan, trafiko zuzenaren pare tratatu beharrekoa dela trafiko iturri hau, jendeak hedabidearen «marka» bilatzen baitu bilatzaileetan, edo zuzenean albiste jakin baten URL edo helbidea idatzi. Askorentzat nabigatzaileko helbidea idazteko gunea da bilatzailea bera eta joera, gainera, areagotu egin da mugikorren trafikoa hazi ahala. Euskaraz, gainera, bilaketak eta SEOak ez du pisu handirik orokorrean (esaldi honek beste artikulu bat mereziko luke, akaso).

Trafiko zuzena eta bilatzailetako trafikoaren artean bisiten % 63 lortzen dute Hekimeneko hedabideek HA datuen arabera. Facebook eta Twitter, ia bere horretan mantendu dira azken urte honetan. Eta bilatzaileek hartu dute «beste iturriak» (buletinak, beste webguneetako loturak, beste sare sozialak…) galdu duten trafikoa.

Hedabide moten arabera eginez gero analisia, iazko irakurketa bertsua egitea tokatuko litzateke aurtengoan ere.

 

 

Hekimeneko hedabideen saioen iturria, ehunekotan, hedabide motaren arabera:

 

 

Bilatzaileetatik datorren trafikoak pisu gehiago du hedabide tematikoetan; Facebook bereziki da indartsua tokiko hedabideetan; eta Twitter nabarmen indartsuagoa da nazio mailako hedabide orokorretan.

Gailuak

Bukatzeko, begiratu ditzagun aztergai ditugun saioak egiteko erabiltzaileek erabilitako gailuak. HA tresnan hiru taldetan banatzen dira gailuok: ordenagailua (mahaigainekoa zein eramangarria), tableta eta mugikorra.

Honatx azken urteotako laburpen taula, datu absolutuetan zein pisu erlatiboan:

 

 

Hekimeneko hedabideen saioak gailuen arabera, ehunekotan:

2019. urtean ere, nabarmen, mugikorretik izan dira saiorik gehienak, azken urteetako joerari eutsiz. Saio guztien % 66 pasatxo egin da mugikorretik. Ordenagailutik % 29 inguru, eta gainerako %4 tabletetik. Espero zitezkeen emaitzak, ezbairik gabe, azken urteetan nabarmena baita gailuen artean eman den ordezkapena. Nabarmentzekoa da, era berean, tabletak pisua galtzen ari direla apurka-apurka, % 5 ingururaino jaitsi delarik haietatik datorren trafikoa. Gero eta mugikor handiagoak ditugulako eskura, zenbaiten arabera.

Askotan esan arren, barneratzea komeni da: hedabideak batez ere mugikorrentzat egiten dira. Handik irakurtzen, ikusten edo entzuten dira albisteak eta, aldaketa hori urte gutxian gertatu da. 2013. urtean trafikoaren % 14 zen mugikorretakoa eta, egun, % 66 da. Hiru saiotik bi egiten dira mugikorretan eta gainerako saio hori tabletean edo, batez ere, ordenagailuan.

Alde handiak daude webgunetik webgunera, jakina. Motaren arabera aztertuta ere antzeman daitezke alde horiek. Honatx 2019ko datuak:

Hekimeneko hedabideen saioen gailuak, ehunekotan, hedabide motaren arabera.

Hekimeneko hedabideen saioen gailuak, ehunekotan, hedabide motaren arabera:

Tokiko hedabideetan du pisu handiena mugikorrak, % 72; orokorretan % 58 ingurura jaisten da pisu hori eta, tematikoetan, %45 ingurura. Tematikoetan, oraindik ere ordenagailuaren pisua da handiena, % 52; nahiz eta hauetan ere mugikorrak gerturatu zaizkion % 45 izateraino (iaz % 40ra ez ziren iristen).

 

Erabiltzaileen leialtasuna

Artikulua abiatzean aipatu dugu, azterketa honetan gehien erabilitako saioen datuaz gain, erabiltzaileen datua ere ohiko metrika dela sareko analitiketan. Zenbat lagun sartzen dira hedabide jakin batera data tarte jakin baten bitartean? Eta zenbat saio eta nolakoak egiten dituzte erabiltzaile horiek? Errealitatean, erabiltzaile baino, «gailu» esan beharko genuke, horiek baitira analitika modu honetan neurtzen direnak: zenbat mugikor, zenbat ordenagailu, zenbat tablet.

HA tresnan hilero biltzen dira erabiltzaileen datuak ere, hilabete horretan bildutako «gailu desberdin eta bakar» kopurua. Noski, hilabete batekoak ez dago hurrengo hilekoekin batzerik, gailu batzuk errepikatu egingo dutelako bisita. Eta, zentzu berean, hedabide baten erabiltzaileak eta beste batenak ezin dira besterik gabe batu eta sektoreak zenbat erabiltzaile dituen esan.

Datu inportantea da, halere, erabiltzaileena. Zenbat bisitari fidel ditu hedabide bakoitzak? Erabiltzaile fidelagoak al dituzte hedabide mota batzuk besteek baino?

Iazko txostenean aipatu genuen, ratio interesgarria izaten dela oso hedabideentzat erabiltzaile bakoitzak batez beste egin duen saio kopurua, demagun, hilabete batean. Alegia, zenbat bisita egin ditu Urliak hilabete jakin batean gure hedabidera? Zenbat Sandiak?

Ratio horri begiratuta ateratzen du hedabideak bere erabiltzaile fidelen argazkia. Demagun: «Hilean gutxienez bost saio» egiten dituen hura da guretzat erabiltzaile fidela. Muga, bakoitzak jar dezake nahi duen puntuan, jakina.

Urtekoa ez, baina hileko ratio hori jasotzen da HA tresnan. Eta horrekin jolastuko dugu apur bat orain, hedabide mota eta hedabide bakoitzak duen joera apur bat analizatzeko. Iazko azterketan bezala, urte bakoitzeko azaroa hartuko dugu erreferentziatzat

 

Braust botatzeko, zera esan genezake: iazko urteko azaroan, igoera gertatu zela erabiltzaileen leialtasunean. Erabiltzaile bakoitzak 3,07 saio egin zituen, batez beste. Aurreko urteko joerari eutsi zitzaion, beraz, goranzko joerari. Igoera hori % 9,25ekoa da eta, beraz, urteko saioen igoeraren erdia fideltasunaren hobekuntza honi dagokiola esan genezake.

Hedabide motaren arabera ere aztertu genezake hori, ikusteko zer nolako desberdintasuna dagoen. Hona laburpen taula:

 

Espero zitekeen bezala, erabiltze sakabanatuenak edo hileko saio gutxien egiten dituztenak tematikoek dituzte. Gai jakin baten inguruko kontsultak noizbehinkakoagoak dira, nonbait, albistegi orokorreko kontsultak baino. Tokikoek dute, aldiz, erabiltzaile fidelena, batez beste hileko 3,4 saio egiten duelarik erabiltzaile bakoitzak. Hedabide orokorretan 2,7 ingurukoa da ratio hori. Eta, taula horretan ikus daiteke tokikoek izan dutela, ratio honetan, igoerarik handiena azken urtean.

Hedabide bakoitzaren datuak ere interesgarriak dira. Ez da azterketa honen helburua horretan sartzea, baina hedabidearen hazkundea eta erabiltzaileen leialtasuna alderatzeko, interesgarria iruditu zaigu hurrengo grafikoa erakustea.

Hekimeneko hedabideen saio/erabiltzaile ratioa hedabidearen hazkundearen arabera:

Goiko grafiko honetan ikusten ditugu HA tresnak biltzen dituen 49 webguneak, kolorearekin bereiztuta: horiak dira hedabide orokorrak, gorriak tematikoak eta gehiengo urdina, tokiko hedabideak. Izenak nahita ezkutatu ditugu, ez baitira horiek inportanteak esan nahi denerako.

Eskubian daudenak dira azken urtean gehien hazi diren hedabideak, tokiko batzuk eta orokorren bat; ezkerrean daudenak, aldiz, trafikoa galdu dutenak azken urtean. Zenbat eta gorago, erabiltzaileko saio gehiago dituztela edo, bestela esateko, erabiltzaile leialagoak edo errepikakorragoak dituztela esan genezake.

Hor ikusten da, badagoela hedabideen artean saio / erabiltzaile ratioaren alde nabarmena. Batez beste sei saio erabiltzaileko lortzen dituzte hedabide batzuk, eta nekez pasatzen dira beste batzuk 1,1eko mugatik.

Hazkunde eta leialtasun ratio horiek lotzeak ez du esan nahi, noski, derrigor biak lotuta daudenik. Hedabide bat bi eratara hazi baitaiteke: erabiltzaile berriak lortuta edo erabiltzaile horiek fidelizatzetik. Grafikoan ikusten dena da, posible dela leialtasun ratio handiagotara iristea, badaudelako Hekimen sarean bertan hortara iritsi diren batzuk.

Beste edozein ondorio ateratzeko, hedabideok banan-banan aztertzea izango litzateke beharrezkoa eta ez da hori azterketa txiki honen helburua.

 

Tokiko hedabideen inguruan

Orain arteko puntuetan ikusi dugu 2019. urtean ere aurreko urteetako joerari eutsi eta Hekimen elkarteko hedabideen hazkunde handiena tokiko hedabideen eskutik etorri dela. Aurreko puntuan aipatu dugun bezala, sektorearen % 33 ziren 2013. urtean, eta sektorean pisua irabazi dute trafiko guztiaren % 63 jaso dutelarik 2019an. Kopuruz ere, hedabide multzo handiena da tokikoena.

Horrenbestez, hedabide multzo honetan zentratuko dugu begirada apur bat.

Tokiko hedabideen artean ere, ez dira guztiak berdinak, noski. Badira egunkari baten ingurutik sortutako hedabideak, aldizkari baten ostekoak, telebista indartsua dutenak, irratiari oso lotuak edo natibo digitalak. Badira duela urte gutxi sortuak, edo ibilbide oso luzea dutenak. Badira udalerri mailako proiektuak, eskualdekoak, hirietakoak edo baita herrialde mailakoak ere. Hedabidearen eremuak biltzen duen biztanle kopurua asko aldatzen da batzutatik bestera. Baita eremu horien egoera soziolinguistikoa ere. Ezaugarri horien arteko desberdintasunak ikustea interesgarria izan liteke.

Tokiko izaera eremu geografikoak ematen dienez, horri erreparatuko diogu azterketa txiki honetan. Gehixeago zentratzeko asmoz, hiru azpi-kategoriatan banatu ditugu tokiko hedabideak:

Herrietakoak4: Baleike, Barren, Eta kitto!, Karkara, Maxixatzen, Noaua, Otamotz, Plaentxia.eus, Txintxarri, Uztarria eta Zarauzko Hitza.

Eskualdekoak: Aiaraldea, Aikor, Aiurri, Anboto, Ataria, Busturialdeko Hitza, Erran, Goiena, Goierriko Hitza, Guaixe, Hiruka, Lea-Artibaiko Hitza, Oarso-Bidasoko Hitza, Urola-Kostako Hitza eta Urumeako Kronika.

Hiriburu edo herrialde mailakoak: Alea, Euskal Irratiak, Euskalerria Irratia, Irutxuloko Hitza , Ipar Euskal Herriko Hitza eta Uriola.

Aurreko puntuan egindako erabiltzaileen leialtasuna nolakoa den jakiteko ariketa sailkapen honen baitan gehixeago xehetuko dugu jarraian. Honatx tokiko hedabideen saio / erabiltzaile ratioaren banaketa tokiko hedabide izaeraren arabera.

 

Erabiltzaile fidelenak herri jakin bakar bati lotutako hedabideek lortzen dituzte. Eremu geografikoak herritik goragoko eremuak hartu ahala, leialtasuna neurtzeko ratio hori jaitsi egiten da, gutxienez 2019. urteko azaroan egindako neurketetan.

Eta hona azken bi urteotako bisiten bilakaera, tokiko hedabide motaren arabera.

 

Azken urteko hazkundea ere, tokiko hedabide guztietan gertatu dena, ez da proportzio berdinean gauzatu tokiko mota guztietan. Herrietakoak hazi dira gehien, % 36,5 inguru; eta eskualdekoak ere nabarmen hazi dira, % 24,4 hain zuzen ere.

Hedabide bakoitzak hartzen duen eremu geografikoaren herri, eskualde edo herrialde izaerak beste, ezaugarri demografikoek eta hizkuntza gaitasunak ere eragin dezakete. Azter ditzagun bada tokiko hedabideak datu horien arabera.

Hasteko, begiratu dezagun hedabideek zer-nolako mapa osatzen duten euren eremuko biztanle kopuruaren eta eremu horretako euskaldunen ehunekoaren inguruan5.

Hekimeneko tokiko hedabideen saio kopurua, eremu geografiko hortako biztanle eta euskaldun ehunekoaren arabera:

Logikoa denez, herri mailako tokiko hedabideak dira biztanleriari dagokionez txikienak, nahiz eta badiren bakar batzuk eskualde oso batzuk baino biztanle gehiagorekin. Hiri mailako eta herrialde mailakoak dira eremu geografiko handienak, espero zitekeenez. Eremu geografiko handiagoa hartzen duten hedabideak, euskararen ezagutza txikiagoko eremuetan egin behar dute lan, orokorrean eta salbuespenak salbuespen. Eremu ez hain euskaldun eta herri edo eskualde handiagoetan, hutsunea dago Hekimen elkarteko tokiko euskarazko webguneetan.

Lehen aipatu dugun erabiltzaileen leialtasunari begiratuz gero, ba ote dute eraginik hedabidearen eremu geografikoko biztanle kopuruak eta euskaldunen ehunekoak ratio horretan?

Hurrengo bi grafikoetan ikusiko dugu aldagai horien eragina, bakoitzean parametro bati luzatuta begia.

Hekimeneko tokiko hedabideen saio/erabiltzaile ratioa, eremu geografiko hortako biztanle kopuruaren arabera:

Eremu geografiko txikiko hedabideek —eta horrek ez du esan nahi hedabide horiek txikiagoak direnik— dituzte erabiltzaile fidelenak, grafikoan ikus daitekeenez. Hedabide gehienak hiruko langatik behera dabiltza; eremu geografiko txikiagoko zenbait hedabide, ordea, hortik gora dabiltza eta, gutxi batzuk, baita lauko edo baita seiko balioetatik gora ere. Halaber, 13. taulan aipatutako datu isolatuak ikus litezke goiko grafikoan.

Eta eremu horietako euskaldunen ehunekoak, ba ote du eraginik?

Hekimeneko tokiko hedabideen saio/erabiltzaile ratioa, eremu geografiko hortako euskaldunen ehunekoaren arabera:

Goiko grafikoan ikus daitekeen legez, eremuan zenbat eta euskaldunen kontzentrazio handiagoa egon, orduan eta fideltasun gehiago lortzen dute tokiko hedabideek. Eremu ez euskaldunetako hedabideek askoz zailago dute erabiltzaile errepikakorrak lortzeko. Ez da euskaldun kopuru absolutuarekin lotutako zerbait, euskaldun horiek eremu horretan duten pisuaren araberakoa baizik. Eukaldunen ehuneko altuko komunitate «trinkoa» izateak errazten du bisitarien leialtasuna.

Aipatutako bi parametroak ez dira, jakina, erabiltzaileen leialtasunean eragiten duten aldagai bakarrak. Hedabide bakoitzaren informazioaren kalitatea, maiztasuna, nolakotasuna, webgunearen irisgarritasuna… eta beste mila faktore ere hartu behar dira aintzat, segur aski goian aipatutakoak bezain inportanteak denak. Baina azterketa sakonago bat egiteko, hedabide bakoitzaren analitika osoak eta eduki ekoizpenarekin lotutako datuak ere beharko genituzke, gutxienez. Eta ez da hori kasua. Eta ez da, gainera, azterketa honen helburua. Izan bedi goiko irakurketa tokiko hedabideen izaeraren inguruko gogoeta xume bat egiteko abiapuntu.

 

Bukatzeko

Hekimen Analyticseko datuak bildu ditugu artikulu honetan. Azken zazpi urteko audientzia digitalen seriea osatu da azken datuekin elkarteko datutegian eta hori, Interneten, serie luzea dela esan dezakegu. Ematen du begirada apur bat jaso eta arnasa luzeko gogoetatxo bat egiteko bide.

2013. urteko egoera eta 2019. urtekoa, arras ezberdinak dira. Trafikoa 12 milioitik 28,5 milioi saio izatera pasa da; ia 80 mila saio eguneko. Bada zerbait.

Asko ez da derrigor aski, baina. Badira gehiago eta azkarrago hazten ari diren hedabideak, askoz baliabide gehiago dituztenak, gure azkeneko urteko % 18ko igoera horren goitik ibili direnak. Sareko trafikoa eta hedabide kontsumoa gora doa eta, zailtasunak zailtasun, tarta horren euskarazko zatiari eustea inportantea da Hekimen elkarteko hedabideentzat. Horra apustua.

Saio edo bisita horien ezaugarriek, eutsi diote aurreko urteetan aipatzen ari ginen joera nagusiei: mugikorretatik datoz hirutik bi (eta hedabide askotan bostetik lau) eta hedabidearen «markari» lotutako saioak dira gehienak, sare sozialetako (Twitter eta, batez ere, Facebook) trafikoak garrantzia izaten jarraitzen badu ere.

Erabiltzaileen leialtasunari garrantzia eman eta hori neurtzeko aldagai baten azterketa xehetua egin dugu azterketa honen puntu batean, hedabideak hazten jarraitzeko modu zuzena behin eta berriz saioak egingo dituzten erabiltzaile fidelak lortzea delakoan. Eta aztertutako hedabideen barruan gehien tokiko hedabideak hazi direnez, saiatu gara azken puntuan horietan arreta jartzen, horien kasuan ere denek ez baitute joera berdina izan. Batzuk hazi dira asko eta, beste batzuk, ez horrenbeste. Zerk eragin ote du desberdintasun hori? Bakoitzak hartzen duen eremu geografikoaren ezaugarrietan egon ote daiteke gakoren bat edo, besterik gabe, hedabide bakoitzaren jardunak eta egindako lanak eragin du kontsumo horretan? Ez dugu erantzun asko emateko modurik bilatu; akaso, galdera gehiago egin bai, eta ausartu gara zenbait aldagairen araberako alderaketak egiten.

Datuak datu, taulak taula eta grafikoak grafiko, balio beza azterketa xume honek Hekimen elkarteko 49 euskarazko webguneen lana azaleratzeko eta baloratzeko. Baten batek aurrera egiteko pistaren bat aurkitzen badu, konforme eta eskertuta gu.


1.- Tokiko hedabide berri bat neurtzen hasi gara 2019. urtean (Ipar Euskal Herriko Hitza) eta hori dela-eta txosten honetan aurkeztutako datuak aldatu egin dira iazko azterketan aurkeztutakoekiko. Gainera, beste tokiko hedabide txiki batek ere analitika sistema aldatu du eta horrek ere eragina izan du. Hortik dator aurreko txosteneko datuak erabat ez errepikatzea oraingo azterketan.

2.- EAEko Internet erabili duten 15 urteko eta gehiagoko biztanleak; azken 3 hilabeteak. Eustat: http://eu.eustat.eus/bancopx/euskara/id_2668/indiceRR.html

3.- Vilaweb-ek utzi egin dio iazko urtean OJDko ikuskaritzari eta, ondorioz, ez dago 2019ko daturik.

4.- Karkara eta Otamotz herri bat baino gehiagokoak dira, baina ez dute eskualde mailarik hartzen eta herriko kategorian sartu ditugu azterketa honetarako.

5.- Iturriak: 1) Herri eta eskualdeen Hizkuntza-gaitasuna Euskararen Datu Basetik, Soziolinguistika Klusterra http://www.soziolinguistika.eus/edb/index.php2) Herri eta eskualdeen biztanleria, Euskal Herriko ekonomiaren eta gizartearen atlasetik http://www.atlasa.net/demografia