Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2019 | Arantza Gutierrez Paz (Emakumeen ikusgaitasuna hedabideetan Ikerketa Taldea, UPV/EHU)

«Gizarteari buruz dakiguna, are gehiago munduaren inguruan dakiguna, masei zuzendutako hedabideen bidez sumatzen dugu» esan zuen Niklas Luhmann-ek (2000) La realidad de los medios de masas liburuan. Izan ere, komunikabideen bidez ezagutzen dugu errealitatea, eta horixe bera eraikitzen dute hedabideek. Walter Lippman-ek (2003) ere azaltzen du komunikabideak direla beste era batean ezagutu ezin diren gertaera eta errealitateei buruz jakiteko herritarrek duten bide nagusia, eta hori arriskutsua izan daiteke, ikuspegi bakarra eskaini ahal dezaketelako. Bi adituek baieztatzen dutenez, herritarrei ezinezkoa zaie informazioa zuzenean eta esperientzia propioz lortzea, eta bigarren eskuko iturrietara jotzen dute.

 

 

Estrella Gualdarentzat (2000: 23) «komunikabideek iritzi publikoa sentsibilizatu ahal dute, kontzientzia soziala sortu eta hezkuntzan eragin dezakete (…) balio, estereotipo eta aurreiritzien transmisoreak ere izan daitezke. Askotan, sentsazionalismoa eta populismoa bultzatzen dituzte». Eta, are, «albisteen hedapen azkarreko bideak direla eta, kultura sortu edo apurtzen dute, mezuen arabera; giza eskubideak bultzatu ditzakete, bakea indartu baita herritarren parte hartzerako tresnak izan ere».

Mario de la Fuente García adituak dioenez, komunikabideek oinarrizko lan ideologikoa egiten dute:

«Badira oinarri ideologiko zehatz batzuk sozializatzeko bide nagusia. Hori dela eta, komunikabideek immigrazioa arazotzat aurkezten badute, herritarrek horrela hautematen dute. (…) Kazetaritza-diskurtsoaren lana bikoitza da: alde batetik, etorkinen inguruko irudikatze soziala eraikitzen du, arazoak sortzen dituen talde moduan irudikatuz, eta, bestetik, migranteekiko ditugun jarreren inguruan Chomsky eta Herman-ek (1988) kontsentsu soziala deitzen dutena eta “gure gizartea” tolerantea delako irudia sortzen ditu, non arrazakeria jarrera intzidental eta isolatua den” (De la Fuente García, 2004: 1051).

Col.legi de Periodistes de Catalunya delakoak ere bere gidan (2010) jasotzen duenez, «komunikabide eta profesionalen papera da pertsonen testuinguru berriaren eta bere prozesuaren inguruan informatzen jakitea, eta hori egiteko modu bakarra kalitatezkoa kazetaritzaren bidea da, kultur aniztasuna aberastasun moduan ulertu behar duena». Bide horretan, esaten dutenaren arabera, «topiko negatiboz aipatzen diren pertsonekiko pentsamendu eta jarrera baztertzaileak indartzen dituzte, eta pertsonen arteko ezagutza oztopatzen dute».

IFJ Kazetarien Nazioarteko Federazioak dionaren arabera, kultur-, tradizio- eta sinesmen-aniztasunak kontuan hartzen ez dituen kazetaritzak jarrera arrazistak eta muturreko politikak indartzen dituzten estereotipoak sustatzen dituelako kontzientzia hartu behar dute kazetariek. Era berean, jakin behar dute beren hitzek eta irudiek duten eraginaren berri, dela erroturiko beldurretan edo dela gizartean dagoen bazterketa sozialean1.

Baina Manuel Lario Bastidak (2006: 15) jasotzen duenez, «askotan hedabideek eta kazetariek beraiek argudiatzen dute gutxiengoen inguruko informazioak hobetzeko gomendioek talka egiten dutela albistea zer den ezartzen duen logikarekin». Logika hori arautzen dute «berehalakotasunak, dramatikotasun edo ikusgarritasunak, eta informazioen zein horien analisien etnozentrismoak».

Bere aldetik, Manuel Campo Vidalen esanetan (2019) berriz, iritzi publikoak uste du Espainiako Estatuan benetan dauden baino pertsona migratzaile gehiago daudela; horien inguruan argitaratzen diren albiste gehienak negatiboak dira; hedabideen tratamendua aldatzen da gobernuan ezkerra edo eskuina dagoenean eta komunikabideetan ideologiak eragiten du tratamenduan.

Marko teorikoa

Migrazioaren diskurtsoari buruzko ikerketak

Migrazioak hedabideetan duen trataera ikergai izan da azkenengo hamarkadetan Espainiako Estatuan; izan ere, beti existitu den arren, XXI. mendearekin batera, hegoaldeko herrietatik Europara heldu nahian zeuden pertsonen jarioa indartu zen 90eko hamarkadaren amaieran eta mende berriaren hasieran. 2000. urtean Almeriako Ejidon gertatutakoaren inguruan komunikabideek paper garrantzitsua jokatu zuten, eta hainbatetan hedatu diren islamofobia edota gorrotoaren diskurtsoa ere bultzatu zituzten. Gurean ere, DSBE eta iruzurra, edo bakarrrik dauden adingabekoak eta delinkuentzia batzen dituzten diskurtsoak maiz hedatu dira, besteak beste, zenbait hedabideren jokaeraren ondorioz2.

Gaiaren inguruko bibliografía ere zabala da Espainiako Estatutan. 1997an Teun A. Van Dijk-ek argitaratu zuen Racismo y análisis crítico de los medios liburua; bi urte geroago, 1999n, Miguel S. Vallés, M. Angeles Cea eta Antonio Izquierdo egileek Las encuestas sobre inmigración en España y Europa liburuan ere jaso zituzten zeintzuk diren iritzi publikoan hedabideek eragiten dituzten diskurtsoak, eskaintzen dituzten edukien arabera. 2002an, berriz, Enrique Santamaríak La incógnita del extraño. Una aproximación a la significación sociológica de la «inmigración no comunitaria» liburua argitaratu zuen. 2006an, Manuel Lario Bastidak koordinatu zuen Medios de Comunicación e Inmigración izenburuko liburua, zeinetan immigrazioak hedabideetan duen trataerari buruz hamahiru egileren testuak jasotzen diren, haien artean migrazioaren inguruko ikerketa eta teorizazioan bibliografia luzea dutenen Teun A. Van Dijk, Antonio M. Bañón edo Peio M. Airbere besteak beste. Javier Alvarez Gálvez, aldiz, pertsona migranteek beren buruaz duten irudia eraikitzeko hedabideek duten paperari buruz aritu zen 2010ean.

Ikerketei dagokienez, Xavier Giró-k (2006) El Periódico, La Vanguardia, El País eta Avui egunkarietako editorialak aztertu zituen 1999ko urritik 2002ko ekainera bitartean, pertsona migranteei buruz egunkari horiek ematen zuten irudia ikertzeko asmoz.

Jose Alberto García Avilés eta Irene Bernal Carcelen adituek (2006) immigrazioaren inguruko irudia aztertu zuten telebistako albistegiak oinarritzat hartuta. Kulturarteko ikuspegitik dihardu bestalde Jose Miguel Labrin Elguetaren (2009) ikerketak. Rafael Xambó-k (2010), berriz, immigrazioaren inguruan egindako diskurtso nagusiak aztertu zituen.

2016an, Red Acoge delako sareak komunikabideak eta immigrazioari buruzko txosten bat argitaratu zuen; bertan 32 komunikabidetan agertutako 800 albiste aztertu ziren immigrazioaren eta babesaren inguruan islatzen zuten irudia eta informazioaren trataera ezagutzeko. Informazio horietan ondorioztatu zuten irudi negatiboaren nagusitasuna.

Argitaratu gabeko ikerlanei dagokienez, 2011n, Alberto Durana Aostrik immigrazioaren trataeran baino kazetariengan jarri zuen arreta gaiari heltzeko, El perfil del periodista vasco y su formación en el ámbito social de la inmigración doktorego tesian. Estibaliz García Chacón-ek (2017) bere aldetik, El Correo egunkariak pertsona migranteen inguruan eskaintzen duen irudia aztertu zuen bere Gradu Amaierako Lanean. Mariona Codinach Fosas-ek (2015) Kataluniako Salt herriko telebistan Marokoko migranteen inguruko informazioetan kode deontologikoek ezarritako irizpideak bete ziren ala ez aztertu zuen, eta ikerketa horretan oinarrituta ikus-entzunezkoan immigrazioa egoki tratatzeko gomendio batzuk plazaratu zituen.

UABen, Nikolas Lorite Garciak zuzentzen duen Migracom3 behategian, hainbat ikerlan jasotzen dira hedabideek immigrazioa nola islatzen duten aztertzen dutenak. EHUn Ikuspegi4 immigrazioaren euskal behatokiak analisi soziologikoak eskaintzen ditu bereziki, eta baita pertsona migratzaileekiko EAEko herritarrek duten iritziari buruzko barometroa ere.

Migrazioaren tratamendu egokirako gidak

Ikerketez gainera, kulturartekotasun eta migrazioaren arloan lan egiten duten erakunde eta elkarteek ere hedabideetan, sare sozialetan zein ahoz ahozko komunikazioan migrazioaren gaiari ematen zaion tratamenduari buruzko gomendioak jaso dituzte hainbat testutan. Eskuin muturreko ideologietatik bereziki, baina gure gizarteko beste hainbat arlotan ere, hedatuta dauden pertsona migranteekiko zurrumurru, estereotipo, gezur eta ikuspegi negatiboei, diskurtso xenofoboei zein gorrotozkoei aurre egitea bilatzen dute, baita kulturaniztasunak zein migrazioak eragiten dituen aspektu positiboak balorean jartzea ere. Atal honetan jaso ditugu horietako gida batzuk.

Andaluziako Ikus-entzunezko Kontseiluak 2006an argitaratu zituen immigrazioaz hitz egiteko orduan kontuan hartu beharreko gomendioak. Aspektu negatiboak azpimarratzen dituen dimentsio bakarreko tratamendua baztertzeaz gainera, herritar guztioi dagozkien norberaren irudia babesteko eskubideak kontuan hartuta, etorkinek aurre egin behar dieten arazoez gain, gizarteari eragiten dizkieten onurak ere azaltzeko beharra jasotzen du, ikus-entzunezko operadoreei zein profesionalei zuzendutako gomendio-bilduman.

El Observatorio español contra la Xenofobia y el Racismo delakoak Guía Práctica para los profesionales de la comunicación: tratamiento mediático de la inmigración argitaratu zuen (Sendín Gutierrez eta Izquierdo Iranzo, 2008).

2010ean Fundación Secretariado Gitano delakoak Guía práctica para periodistas. Igualdad de trato, medios de comunicación y comunidad gitana argitaratu zuen; pertsona ijitoen bazterketari aurre egiteko tresnak eskaini nahi zituen, eta horietako asko aplikagarriak dira pertsona etorkinen inguruan dauden diskurtso negatiboen aurka.

2011n lehenengo edizioan eta 2016ko bigarren batean, Bartzelonako Udalak immigrazioari buruzko estereotipo eta zurrumurruei aurre egiteko gida argitaratu zuen, Zurrumurrurik EZ estrategiaren barruan (D-CAS, 2016).

2013an, Kataluniako Consell del Audiovisualek Guia de llenguatge inclusiu. Inmigracó, racisme i xenofòbia (Tortaja eta Muixí, 2013) argitaratu zuen.

2014ean, MDA (Mesa per la Diversitat de l’Audiovisual) delakoak ikus-entzunezko profesionalei zuzendutako gida argitaratu zuen: Eines per la diversitat: Per als profesfionals de la comunicació audiovisual.

Gurean, Harresiak Apurtuz taldeak argitaratu zuen 2007an Inmigrazioa eta Hedabideak. Kazetaritzako jardunbide egokien eskuliburua, Kataluniako Kazetarien Elkargoaren Kazetaritzako Estilo Liburua oinarritzat hartuta.

2015ean, CEAR Euskadik Kazetariak xenofobiaren aurka. Endredatzen ez uzteko gida (Argote, 2015) izenburuko gida argitaratu zuen. 2019an, berriz, errefuxiatuen aldeko erakundeak egile beraren Herritarrak diskurtso politiko xenofoboen aurka. Suteen aurkako gida plazaratu zuen.

Migrazioari buruzko gezurrei aurre egiteko web tresnak

Aipatutako gidez gainera, Red Acoge delako erakundetik https://inmigracionalismo.es/ delako egitasmoa dugu. Immigrazioari buruzko albisteetako sentsazionalismoa salatzen dute bertan; webgunearen eta sare sozialen bidez espainiar hedabideetan agertzen diren migrazioari buruzko informazio faltsuak zein sentsazionalismo helburuz argitaratutakoak eta estereotipo negatiboenak indartzen dituzten albisteak salatuta. Lankidetzan egindako egitasmoa da, eta herritarrok ere gonbidatzen gaituzte albiste horiek jaso eta salatzera. Hori dela eta, hiru arlo tematiko nagusitan sailkatzen dute albiste-bilduma: kriminalizazioa, estereotipoak eta alarmismoa.

2014an, Mugak eta SOS Racismo erakundeek Herramientas para un tratamiento adecuado de la inmigración. Guía didáctica y propuesta de espacio web dirigida y coordenada por el Observatorio de la Diversidad en los medios delako gunea sortu zuten: http://medios.mugak.eus.

Baina komunikabideek pertsona migratzaileen eta immigrazioaren inguruan eraikitzen duten diskurtsoaz gainera, Internetek eta sare sozialek ere erantzukizun handia dutelakoan, Proxi proiektuak El Pais, El Mundo eta 20 Minutos egunkarietako albisteei egindako iruzkinetan (euskarri digitaletan) oinarrituta, Interneteko gorroto-diskurtsoa nola eratzen den eta aurre egiteko modua zein den aztertu zuen 2015ean. Ikerketa horren emaitzak ezagutzera ematea ez ezik, Interneten eta sare sozialetan hedatzen ari diren gorroto-diskurtsoei aurre egitea izan dute helburu sorreratik horretarako sortutako http://www.observatorioproxi.org/ orrialdean. Hemen ere edonork parte hartu dezake eta pertsona atzerritarren kontra zabaltzen diren diskurtsoak salatu.

Sare sozialetan presentzia handia duten fake news edo albiste faltsuek askotan dituzte pertsona migranteak protagonistatzat. Gezur horiei aurre egiteko «Maldito Bulo» eta «Maldita inmigración» egitasmoak jaio ziren eta Internet aukeratu zuten hedatzeko bide: https://maldita.es/malditobulo/. Hauek ere lankidetzan lan egiteko plataformak dira, eta herritarrei gonbitea luzatzen diete etorkinen ikuspegi negatiboa goraipatzen duten albiste eta edukiak salatzeko, bereziki errealitate desitxuratuak edo zuzenean gezurrak eskaintzen dituztenean.

Migrazioa eta kulturaniztasuna hedabideetan

Lan honen helburua tokiko euskal prentsak jatorri atzerritarra duten pertsonak, migratzaile eta errefuxiatuak, baita migrazioa eta kulturaniztasuna ere nola islatzen dituen aztertzea da. Horretarako, hedabideek gai horien inguruan eskaintzen dituzten diskurtso nagusiak zeintzuk diren sailkatu ditugu.

Bartzelonako Antirumors delako gidan (D-CAS, 2016: 19-20) mendabaldetik dauden kulturaniztasunari buruzko hiru ikuskera nagusi bereizten dituzte:

a) Etnozentrikoa: gure kultur balioak erabiltzen ditugu beste kutur testuinguru anitzetatik datozen pertsonak epaitzeko.

b) Unibertsalista: gure kultura eta bere manifestazioak onenak dira, ez soilik guretzat baizik beste kulturentzat ere.

c) Misioa: gure kultura ez da soilik onena guretzat eta besteentzat, gainera badugu misio bat, besteei «bide zuzena erakustea»; hau da, zentzu horretan, beste kulturei «lagundu» egin behar diegu «gure balioak» onenak direlako.

Finean, aditu batzuen iritziz, lau dira diskurtso nagusiak immigrazioaren inguruan: (1) etnozentrismoa edo europarzentrismoa, (2) arrazakeria, (3) xenofobia eta (4) ontasuna edo «buenismo» delakoa. Diskurtso horiek agerikoak izan daitezke, adibidez, DSBE eta iruzurra batzen dituzten kanpainetan; sutilak edo ezkutukoak, immigrazioa arazotzat edo balio negatiboei lotuta agertzen denean (delituen egileak, trataren biktimak); edo, ikustezinak, besterik gabe, agertzen ez direnean, medioetan azaltzen ez direnean. Hau da, pertsona migratzaileak ez erakutsiz, iturri moduan ez erabiliz edo albisteen —bereziki positiboen— protagonista legez ez agertuz. Horrela aurreko diskurtsoak indar daitezke.

Antonio Bañón Hernándezek (2006: 29), berriz, zazpi diskurtso-mota bereizten ditu baloratzen den taldearen partaide izan edo ez izatearekin lotuta: konprometitua, aldarrikatzailea, baztertzailea, autobaztertzailea, amore-emalea, etsia, eta prebentiboa edo segregatzailea. Bere esanetan, komunikabideak mota horretako eztabaiden transmisore nagusiak dira, eta erregulatzen dituzte haien gorabeherak eta intentsitatea.

Mario de la Fuente Garciak La argumentación en el discurso periodístico sobre la inmigración doktorego-tesian azaltzen duenez, «etorkinen inguruko diskurtso mediatikoa nagusiki alteritatearen kontzeptutik eraikitzen da. Besteak ezberdinak dira, gureetatik oso urruti dauden ohiturak eta bizitza-ikuspegiak dituzte» (De la Fuente Garcia, 2011: 161). Baina bere ustez horrek ez luke inolako arazorik askotan era negatiboan jasoko ez balitz.

Kulturaniztasunari buruz, egile honek berak esaten du taldearen barruan dauden kultura aniztasunak edo desberdintasunak positibotzat jotzen direla, baina beste talde soziokulturalei dagokienean, aldiz, ezberdintasun horiek bateraezinak izaten direla «gureak» direnekin. Gainera, beste hori, etorkina, talde homogeneoa balitz bezala hartzen da (De la Fuente Garcia, 2011: 169).

Ondorioz, De la Fuenteren iritziz, immigrazioaren inguruan bi diskurtso-mota nagusi ematen dira: exotaldearen kideen homogeneizazioa eta aniztasun, kulturaniztasun edo kulturartekotasun kontzeptuek duten konnotazio positibo edo negatiboen aplikazioa (De la Fuente Garcia, 2011: 171).

Migrazioa eta kulturaniztasuna Hego Euskal Herrian

Ikuspegi immigraziorako euskal behategiaren arabera, jatorri atzerritarra duten 221.992 pertsona bizi ziren EAEn 2019an, biztanleriaren % 10,05. Hego Euskal Herrian, aldiz, gure mugetatik kanpo jaiotako 286.049 pertsona bizi ziren (% 10); horietako 64.057, Nafarroan. Herrialdeen arabera, berriz, honakoa litzateke banaketa zehatza:

 

 

Hain zuzen, Ikuspegi immigraziorako Euskal Behategiaren 2019ko barometroaren arabera, EAEko biztanleriaren erdiak baino gutxiagok uste du Euskadin bizi den atzerriko biztanle kopurua handiegia edo nahikoa dela (% 48,4). Pertzepzio horrek igoera txiki bat izan du azken urtean (+1,9 puntu); eta biztanleriaren %21,1k uste du Euskadin etorkin gehiegi dagoela. Dena den, kezka horren inguruan galdetuta, herritarrek zazpigarren lekuan jartzen dute migrazioa hautematen dituzten arazo nagusien artean —langabezia, pentsioak edo etxebizitzaren atzetik— (Ikuspegi, 2019: 8).

Hala eta guztiz ere, Hego Euskal Herrian oro har, eta EAEn zehazki, migrazio-jarioa Espainiako Estatuko beste zonaldetan baino txikiagoa izan arren, eragile sozialek eta erakundeek hasiera batetik aurreikusi zuten gizartean hedatzen ari ziren diskurtso xenofobo-arrazistei eta zurrumurruei aurre egin behar zitzaiela. Hori dela eta, 2011n Zurrumurrurik EZ5 izeneko egitasmoa jarri zen martxan hainbat erakunderen eskutik, Bartzelonako Antirumors proiektuaren metodologian oinarrituta6. Azken horrek pertsona migratzaileen inguruko estereotipo, uste eta albiste faltsuei aurre egiteko formakuntza eskaintzen die herritarrei, mezu xenofoboen aurkako eragile aktibo bihur daitezen.

 

Metodologia

Ikerketa lan honetan, tokiko euskal prentsan migrazioak, pertsona atzerritarrek eta kulturartekotasunak edota kultur aniztasunak nola jasotzen diren aztertu dugu. Horretarako, Hego Euskal Herriko tokiko euskal prentsako hamar aldizkari (paperezko aleak) hartu dira, lurraldetasunaren arteko oreka mantenduta: Arabako Aiaraldea; Nafarroako Guaixe eta Ttipi-ttapa; Bizkaiko Anboto, Hiruka, Geuria eta Begitu; eta Gipuzkoako Goiena, Eta Kitto! eta Noaua.

Azterketa-epealdiari dagokionez, 2019ko urtarriletik abendura bitartean argitaratutako 11 ale hartu dira kontuan. Astekarien kasuan (Goiena, Eta Kitto!, Naoua, Guaixe, Anboto eta Hiruka), hilabete bakoitzean aste ezberdinetako zenbakiak hartu dira. Hamabostekarien kasuan (Aiaraldea, Begitu eta Ttipi-ttapa), hamabostaldiak txandakatu dira. Geuria izan da hilabetekari bakarra, eta kasu horretan ale guztiak aztertu dira.

Osotara, aztergai den gaiarekin zerikusia duten 186 eduki aztertu ditugu: argazkiak, albisteak, elkarrizketak edo beste motako informazio- zein iritzi-artikuluak. Izan ere, kontuan hartu ditugu ez soilik migrazioa, babesa, xenofobia, arrazakeria edo kulturaniztasuna bezalako gaiak hizpide dituzten edukiak, baita beste zerbaitetaz ari diren informazio, argazki, iritzi, eta abarrak ere, beti ere ikergaiarekin lotutako edukia sartzen badute (adibidez, eskolari buruzko albiste bat eta argazkian kultur edo azal kolorearen aniztasuna islatzen da). Kasu batzuetan, aldiz, arrazializatuak diren edo abizen atzerritarra duten pertsona batzuk ezin izan ditugu «migratzaile» edo «atzerritar» moduan sailkatu horretarako beste daturik ez zegoelako.

Aztertutako eduki bakoitzari buruzko fitxa bana egin da, eta horietan kontuan hartu dira honako epigrafeak: edukiaren protagonista, jatorri atzerritarrekoa edo pertsona arrazializatua den ala ez, generoa, gaia eta emandako ikuspegia. Hasiera batean, edukiak «positibo/negatibo/neutro» kategorietan sailkatu baziren ere, sailkapen hori nahikoa ez zela-eta, beste balio batzuk ere sartu behar izan ziren kodeketan: elkarkidetza, lankidetza, salaketa edota asistentzialismoa.

 

Emaitzak

Migrazioaren presentzia txikia

Aztertutako 110 aldizkarietatik 74tan, hau da, bi herenetan, aurkitu ditugu kulturaniztasunarekin edo migrazioarekin zerikusia duten edukiak edo pertsona atzerritar zein migratzaileak protagonista dituztenak: orotara 186 albiste, argazki, iritzi edota beste motako informazio jaso dira. Soilik Goiena-n topatu dugu aztergai den gaiarekin lotutako edukiren bat ale guztietan; kontrara, Begitu-n zenbaki batean baino ez ditugu aurkitu pertsona migratzaileak informazioaren protagonista moduan.

 

Iritzien artean, zortzi artikulutan egileek migrazioa edo kulturaniztasuna izan zituzten hizpide, eta horien erdiak Goiena-n argitaratu ziren.

Eduki horietako protagonistei dagokienez, 96 kasutan izan dira pertsona migratzaile edo arrazializatuak7 protagonista, hau da, % 51,6. Jatorriari erreparatzen badiogu, atzerritar jatorria duten 56 pertsonaren sorterria ezagutzen dugu: kopuru handiena Latinoamerikatik euskal herritartuak dira (21), ondoren magrebtarrak ditugu (17), europarrak (12) eta Sahara azpikoak (6). Horretaz gainera, Asiatik heldutako bi protagonista ere baditugu, Pakistandik Eibarrera heldutako Ahsem Lamamusa (Eta Kitto! aldizkariaren 1122. alean), eta Siriatik babes bila Zornotzara iritsitako Moussaoui familia (Anboto 785. alean). Azkenik, AEBko Tim Johnson-ek bere bizipena azaltzen du Zornotzako barnetegiari buruz Anboto aldizkarian8 argitaratutako «Zornotzako Barnetegian 101 lagun dabiltza euskara ikasten eta praktikatzen» erreportajean.

Aztertutako aldizkarietan, ordea, ez dugu pertsona migraturen batek sinaturiko artikulurik, ez informazirik, ezta iritzirik ere, aurkitu.

 

Ikuspegi negatiborik ez

Ikerlan honetan aztertutako 186 edukitatik soilik bitan esan dezakegu migrazioa konnotazio negatiboa duen albiste edo gai batekin lotua izan zela. 2019ko apirilaren 16ko Eta Kitto! aldizkarian «Terrorismo klase guztien kontrako manifestaziñua» izenburuko albistea argitaratzen da, non pertsona musulmanak9 Zelanda Berrian izandako atentatuaren kontra manifestatzen diren, argazkian ikusten den legez. Beste aldetik, martxoaren 29an Goiena astekarian, Amelia Tiganus aktibista feminista errumaniarrak prostituzioaren eta trataren inguruan hitz egiten du «Prostituzio-etxeetan abusurako objektu bat zara» izenburuko elkarrizketan. Dena den, ez batean eta ez bestean ez da ikuspegi negatibotik azaltzen. Lehenengo albistean, Zelanda Berrian 51 pertsona hil ziren supremazista zuri batek bi meskitaren aurka egindako atentatuetan; baina titularrean «terrorismo klase guztiak» aipatzen dira, islamarekin lotu ohi baita askotan terrorismoa, bereziki 2015ean Parisen eta 2016an Nizan izandako atentatuen ondoren. Bestalde, prostituzioa eta pertsonen trata maiz lotzen dira migrazioarekin; Goiena-n, berriz, Amelia Tiganus biktima agertu beharrean, bizirik dirauen emakume aktibista moduan agertzen da, elkarrizketaren protagonista ez ezik, bere bizitzaren protagonista gisa, alegia.

Era berean, ikertutako aldizkarietan delitu bakarraren berri aurkitu da, baina kasu horretan ere ez da aipatzen gaizkilearen jatorria edo nazionalitatea. Horrek irakurketa bikoitza du: edo bertakoa da, eta kasu horretan ez da datu hori eman ohi; edo, jatorri atzerritarra izanda, ez da azaltzen, kazetaritzaren praktika onak aplikatuta. Dena den, ez dugu daturik ez bata ez bestea baieztatzeko.

Horiez gain, migrazioa arazotzat jotzen da hiru informaziotan; adibidez, Hiruka-ren 144. alean, ume atzerritarrak eskolan nola integratu hizpide duen albistean.

Elkartasun mezuak nagusi

Esan bezala, aztertutako ia eduki guztietan migrazioa edo kulturanizta-sunarekiko ikuspegia positiboa izan da. Baina, dudarik gabe, elkartasunaren ikuspegia gailentzen da besteen gainetik. Izan ere, aztertutako edukien % 28 dira elkartasunetik azaltzen dutenak migrazio edo kulturaniztasun gaien trataera. Aipatzekoa, gainera, Greziako errefuxiatuentzako guneetan eta Saharako zelaietan bizi direnentzako arropa edo bestelako produktuen bilketen inguruko informazio asko topatzen ditugula (% 11), gaiari ikuspegi asistentzialetik so egiten diotenak. Beste herrietan kooperante gisa egon diren edo dauden euskaldunak edota lankidetza-proiektuak ere hizpide dira edukien % 12tan (22). Pertsona migratzaileen harrera ere hizpide da bederatzi informazio edo iruditan (% 5).

 

 

Pertsona migranteekiko aurreiritzien eta estereotipoen aurka borrokatzeko kontzientziazio-kanpainak (Zurrumurrurik EZ egitasmoa hain zuzen ere) bost albistetan dira hizpide. Horietako hiru Geuria-n eta bana Guaixe eta Hiruka-n. Ildo horretan, Zurrumurrurik EZ estrategiaren barruan formakuntza espezifikoa eskaini zaie Topaguneko aldizkarietako kazetariei, hain zuzen ere migratzaileekiko zabaltzen diren albiste faltsuei eta aurreiritziei aurre egiteko.

19 informazio edo iritzitan (% 10) ikuspegi politikoa nagusitzen da. Izan ere, errefuxiatuekiko elkartasunaz gainera, pertsonak beren herrietatik ihes egitera behartzen dituzten arrazoiak ere azaltzen dira hainbatetan. Azpimarratzekoa da otsaileko Hiruka-ren 144. alean eskaintzen den argazki-erreportajea: 2018ko udan egindako Mugak Zabalduz karabanari buruzkoa da (bertan parte hartu zuen Uribe Kostako aldizkariko kazetari batek). Bolivia edo Saharako egoerak eta Tarajalen sarraskiak —batzuk aipatzearren— ere badute tokia.

 

Aniztasunaren isla

Euskal gizartean gertatzen ari diren aldaketen eta aniztasunaren isla ere topatzen dugu komunikabideetan, nahiz eta oraindik pertsona migratzaile edo arrazializatuen presentzia txikia den informazioetan (esan bezala, bat ere ez erredaktore edo iritzi-sinatzaileen artean). Esan daiteke 63 edukitan kulturaniztasuna eta kulturartekotasuna erakusten dutela tokiko aldizkariek. Eibarko Eta Kitto! aldizkarian, esaterako, «EibartHARTUak» sekzioa dugu, zeinetan Eibarren bizi diren jatorri atzerritarra duten pertsonek beren bizipenak azaltzen dituzten, baita Eibarrekiko eta Euskal Herriarekiko duten harremana ere. Irudi normalizatu horren isla ere badira agertzen diren lekukotasunak edozein gairen ingurukoak izatea; esaterako, Geuria-n hauteskundeen inguruan edo Hiruka-n inauguratu berri zen Antzokiaren inguruan egiten diren kaleko inkestetan.

Irailaren 6ko Anboto aldizkarian (774. alea), esaterako, «Edertasuna ulertzeko modu guztiek dute tokia Durango Fashion Gauean» erreportajean, besteak beste bi gazte senegaldarren esperientzia jasotzen da.

 

 

Hala ere, esan beharra dago, umeei zuzendutako denbora-pasen atalean —hainbat aldizkaritan partekatzen dena— ez dela gizarteko aniztasun hori islatzen, eta ez dela pertsona arrazializaturik aurkitu horietan.

Euskaltasuna agertzen da normalizazio edo elkarbizitzaren ezaugarri gisa aztertutako edukien % 4n. Esaterako, Korrikaren inguruko hiru informaziotan ahotsa ematen zaie mugaz kanpo jaiotako pertsonei. Anboto aldizkariaren 771. alean, Zornotzako Barnetegiaren inguruko erreportajean, bertan ikasten ari diren Tim Johnson estatu batuarraren eta Cosima Franke alemaniarraren testigantzak jasotzen dira. Horiez gain, euskara ere presente dago jatorri atzerritarra duten bizilagunei hainbat aldizkaritan egindako elkarrizketetan.

Feminismoaren inguruko lau albistetan (% 2) emakume anitzak agertzen dira, ez soilik hitzekin baizik eta irudietan ere.

Sei edukitan soilik (% 3) elkarrizketatzen da aditu moduan jatorri atzerritarreko pertsona bat: Norma Vazquez mexikarra Anboto eta Goiena-n egindako elkarrizketetan; Amelia Tiganus errumaniarra, Carlos Rey-Surman britaniarra, Arghar Farhadi zinegile irandarra eta Hakim Flissi musikaria. Kirolari buruzko hiru albistetan protagonistak migratzaileak dira. Kasu batean eliteko kirolaria da, Real Madrilen jokatzen duen Vinicius izeneko futbolaria; beste bietan, aldiz, lasterketa ezberdinak irabazi dituzten atleta magrebtarrak.

 

Ondorioak

Tokiko aldizkarietako edukien (informazioak, iritziak eta irudiak) azterketan oinarrituta, migrazioa edo kulturaniztasuna islatzeko orduan praktika onak nagusitzen direla ondoriozta dezakegu; hala ere, egon badaude, hobetu beharreko aspektu batzuk. Hurrengo lerroetan horien azalpena egingo dugu:

a) Praktika onei dagokienean ondoriozta dezakeguna:

  • Ez dugu diskurtso xenofobo edo arrazistarik aurkitu aztertutako aldizkarietan. Era berean, ez da lotzen pertsona migratzailerik balio negatiboren bat duen iritzi, ikuspegi edo gertaerekin.
  • Migrazioarekin zerikusirik ez duten gaien inguruko informazioetan zein irudietan pertsona migratzaile eta arrazializatuen presentzia sartzen da normalizazio zeinu moduan (hau da, beste herritarren maila berean). Hauteskundeak, moda desfilea, euskara ikasketak eta beste gai batzuen inguruko edukietan agertzen dira pertsona migratzaileak, eta ez soilik beraien aipamen zuzena egiten duten albiste edo artikuluetan. Halaber, euskarazko komunikabideak direnez aztergai, behin baino gehiagotan pertsona atzerritarrek euskara ikasteko egiten duten ahalegina ere azpimarratzen da, bizikidetza-ezaugarri positibo moduan.
  • Elkartasuna, bizikidetza eta kulturaniztasuna maiz agertzen diren balore positiboak dira. Egoera okerrago batean dauden herriekiko lankidetza eta pertsona migratzaile edo errefuxiatuekiko elkartasuna hizpide dituzten informazioek ere leku handia dute, diskurtso «ona» edo «buenista» delakoa agerian utziz maiz. Gainera, maila baxuagoan bada ere, salaketa politikoa eta pertsonen eta herrien egoerak eragiten dituzten arrazoiak ere azaltzen dira.
  • Pertsona migratzaileekiko eta errefuxiatuekiko diskurtso estereotipatuaren aurkako kontzientziazioak lekua du informazioetan. Zurrumurruen aurkako estrategiaren berri ematen dute. Aipagarria da nabarmen Topagunean dauden hainbat aldizkarik formakuntza jaso dutela pertsona migratzaileen inguruan dauden uste, gezur eta albiste faltsuei aurre egiteko eta kulturaniztasunaren aberastasuna balorean jartzeko.b) Hobetu beharreko artean, honako hauek azpimarratzeko:
  • Pertsona migratzaileen presentzia oraindik txikia da euskal prentsan. Aldizkari batzuetan ia anekdotikoa. Hizkuntza ez partekatzeak —euskaldun kopurua txikiagoa da atzerritarren artean bertakoen artean baino— eragindako urrunketa izan badaiteke ere, horren atzetik aurreiritziak eta elkarren arteko ezagutza falta egon daitezke. Horren aurrean, komunitatera eta euskarara hurbiltzeko tresna bihur daitezke komunikabide hauek. Izan ere, tokiko prentsa herri-komunitatetik hurbilen dagoen hedabidea izanda, elkarkidetza bultzatzeko tresna egokia izan daiteke.
  • Ondo legoke, ahal den neurrian, pertsona migratzaileak informazio iturrien artean, adituetan, kolaboratzaileetan eta erredakzioetan sartzea. Izan ere, horrek lagunduko lieke ahots propioa izaten.
  • Oraindik ere pertsona migratzaileak eta atzerritarrak «besteak» moduan agertzen dira askotan. Bertakoekin duten diferentzia agerian geratzen da. Badago, gainera, diskurtso amore-emalea: batzuetan atzerritarrak edo errefuxiatuak lagunduak izan behar duten pertsonak balira bezala azaltzen dira. Askotan, «besteen» inguruan ahots «zuriek» hitz egiten dute albisteetan: lankidetza proiektuetan egindakoa, laguntzera joan direnen sentipenak, eta abar.
  • Umeentzako irudietan, kulturaniztasuna —baita beste aniztasun motak ere— agertu beharko lirateke. Denbora-pasetan agertzen diren ume guztiak zuriak dira, eta ez dute islatzen gero eta ohikoagoa den eskola errealitatea.

Bibliografia

Álvarez Gálvez, Javier (2010): «Inmigración e imágenes mediáticas: análisis cualitativo de la autopercepción de los inmigrantes», Mediaciones Sociales. Revista de Ciencias Sociales y de la Comunicación, (6), 93-119 or., Universidad Complutense de Madrid, <http://www.ucm.es/info/mediars>.

Argote, Rosabel (2015): Kazetariak xenofobiaren aurka. Endredatzen ez uzteko gida, CEAR-Euskadi, Bilbao.

Argote, Rosabel (2019): Herritarrak diskurtso politiko xenofoboen aurka. Suteen aurkako gida, CEAR-Euskadi, Bilbao.

Bañón Hernández, Antonio M. (2006): «Análisis crítico del discurso de los medios de comunicación sobre las personas emigradas. Una mirada personal», Martínez Lirola, María (Ed.), Inmigración, discurso y medios de comunicación, Alicante, Instituto Alicantino de Cultura Juan Gil-Albert.

Campo Vidal, Manuel (2019): «Tratamiento en Medios de la Inmigración», DSN, Comité Especializado de Inmigración fenómeno migratorio en España, Reflexiones desde el ámbito de la Seguridad Nacional, 17-26 or.

Col.legi de Periodistes de Catalunya (2010): Guia sobre el tratamento de la diversitat cultural en els mitjans de comunicació.

Consejo Audiovisual de Andalucía (2006): Recomendaciones del Consejo Audiovisual de Andalucía sobre el tratamiento de la Inmigración en los medios audiovisuales, <www.consejoaudiovisualdeandalucia.es/sites/default/files/recomendaciones/Recomendaciones_2006_02_Tratamiento%20inmigracion.pdf>.

D-CAS (Col•lectiu d’Analistes Socials) (2016): GUIA PRÀCTICA PER A L’AGENT ANTIRUMORS Com combatre els rumors i estereotips sobre la diversitat cultural a Barcelona, Barcelona: Àrea de Drets de la Ciutadania, Participació i Transparència Ajuntament de Barcelona.

De la Fuente Garcia, Mario A. (2011): La argumentación en el discurso periodístico sobre la inmigración, Tesis doctoral. Leon: Universidad de León.

De la Fuente García, Mario A. (2004): «Análisis crítico del discurso y racismo en los medios de comunicación», Actas del V Congreso de Lingüística General 2002, 1047-1057 or., Madrid, Arco Libros.

Durana Aostri, A. (2011): El perfil del periodista vasco y su formación en el ámbito social de la inmigración.

Fosas Codinach, M. (2015): El tratamiento informativo de la inmigración marroquí en la televisión: el caso de Salt, Barcelona: UAB.

Fundación Secretariado Gitano (2010): Guía práctica para periodistas. Igualdad de trato, medios de comunicación y comunidad gitana, Madril, 2010.

García Aviles, J. A. eta Bernal Carcelen, I. (2006): «El tratamiento de la inmigración en los informativos televisivos», Revista de Ciencias Sociales y Jurídicas de la Universidad de Elche, 80-91 or.

García Chacón, Estíbaliz (2017): Nola erakusten digute hedabideek pertsona migranteak?: El Correo egunkariaren analisia, Gradu Amaierako Lana, Leioa.

Giró, X. (2006): «Prensa escrita e inmigración», Zer:Revista de estudios de comunicación = Komunikazio ikasketen aldizkaria, 20, 253-270 or.

Gualda Caballero, Estrella (2000): «Solidaridad y medios de comunciación: una difícil articulación», Comunicar, 15, 21-27 or.

Gutierrez Paz, Arantza (2017a): ¿Cómo enfrentar el discurso del odio desde los medios y las redes sociales?, Semana de la Comunicación Alternativa, Pueblos aldizkaria, <http://www.revistapueblos.org/semana-comunicacion/arantza-gutierrez-agente-antirrumor-habla-sobre-como-enfrentar-el-discurso-del-odio/>.

Gutierrez Paz, Arantza (2017b): Haiek eta gu. Hedabideek eraikitzen duten bestearen ideiari aurre egiteko komunikazio barneratzailea lantzen, Zenaudi.

Gutierrez Paz, Arantza (2017c): Komunikabideak eta gorroto delituak, Errenteria.

Harresiak Apurtuz (2007): Inmigrazioa eta Hedabideak. Kazetaritzako jardunbide egokien eskuliburua, Bilbao, Harresiak Apurtuz.

Ikuspegi (2019): Barometro: Jatorri atzerritarra duten biztanleen inguruko pertzepzioak eta jarrerak, <https://www.ikuspegi.eu>.

Labrin Elgueta, J. M. (2009): «Migración y medios de comunicación: elementos para su análisis desde una perspectiva intercultural», Perspectivas de la comunicación, 2 (1), 66-74 or.

Lario Bastida, Manuel (2006): Medios de Comunicación e Inmigración, Murcia: Convivir sin racismo, Programa CAM, Encuento CAM - Obra Social.

Lippman, W. (2003): La opinión Pública, Madrid, Langre.

Luhmann, N. (2000): La realidad de los medios de masas, Bartzelona, Anthropos.

Mesa per a la Diversitat en l’Audiovisual (MDA) (2014): Eines per la diversitat: Per als professionals de la comunicació audiovisual, <https://catalunyadevreporter.files.wordpress.com/2014/09/eines_per_a_la_diversitat.pdf>.

Mugak/SOS Racismo (2014): Herramientas para un tratamiento adecuado de la inmigración. Guía didáctica y propuesta de espacio web dirigida y coordenada por el Observatorio de la Diversidad en los medios, <http://medios.mugak.eus/>.

Proxi. (2015): Proyecto online contra la xenofobia y la intolerancia, Bartzelona.

Red Acoge (2016): Estudio sobre periodismo e inmigración en los medios de comunicación: agentes de integración y cohesión socia, <http://www.redacoge.org/mm/file/Informe_Inmigracionalismo_4_v2.pdf>.

Santamaría, Enrique (2002): La incógnita del extraño. Una aproximación a la significación sociológica de la «inmigración no comunitaria», Rubí, Anthropos.

Sendín Gutierrez, José Carlos eta Izquierdo Iranzo, Patricia (2008): Guía Práctica para los profesionales de la comunicación: tratamiento mediático de la inmigración, <http://www.mitramiss.gob.es/oberaxe/es/publicaciones/documentos/documento_0066.htm>.

Tortaja, I., d’Argemir, D. C., eta Marta Muixí, R. M. (2013): Guia de llenguatge inclusiu. Immigració, racisme i xenofòbia, Barcelona: Consell de l’Audiovisual de Catalunya Mesa per a la Diversitat en l’Audiovisual.

Vallés, M. S., eta Cea, Maria Ängeles (1999): Las encuestas sobre inmigración en España y Europa, Madrid: IMSERSO.

Van Dijk, Teun A. (1997): Racismo y análisis crítico de los medios, Bartzelona: Paidós Ibérica.

Xambó, R. (2010): «La inmigración en los medios de comunicación: tendencias discursivas», Arxius de Ciencias Sociales (23), 161-171 or.

Webgrafia

Bartzelonako Antirumors egitasmoa: https://ajuntament.barcelona.cat/bcnacciointercultural/ca/estrategia-bcn-antirumors/que-fem-estrategia-antirumors

Ikuspegi, Inmigrazioaren Euskal Behategia: http://www.ikuspegi.eus

Inmigracionalismo: www.inmigracionalismo.org/es/

Maldita inmigración: https://maldita.es/malditobulo/

Maldito bulo: https://maldita.es/malditobulo/

PROXI, zibergorrotoaren kontrako orria: http://www.observatorioproxi.org/

Red Acoge (Andalucía, Ceuta y Melilla): https://stoprumores.com/que-es-stop-rumores/

Red Antirrumores Andalucía: http://www.redantirrumores.org/inicio

SGR - MIGRACOM - Observatorio y Grupo de Investigación en Migración y Comunicación: https://www.uab.cat/web/la-investigacion/migracom-1274251163556.html

Zaragoza Antirrumores: https://www.zaragoza.es/sede/portal/derechos-sociales/casa-culturas/antirrumores/

Zurrumurruen aurkako Sarea: https://zurrumurrurikez.eus


1.- Recomendaciones de la Federación Internacional de Periodistas (IFJ) sobre el Informe del Día Europeo del Observatorio de los Medios realizado por OL/MCM http://mugak.eu/observatorio-de-medios/buenas-practicas webgunean.

2.- Artikulo honen idazleak zenbait hedabidek argitaratzen dituzten albiste batzuen atzean dagoen ikuspegi xenofoboa agerian utzi du formakuntza ezberdinetarako bildutako adibideetan oinarrituta, eta bestelako lanak ere zabaldu ditu (ikus esaterako 2017a, 2017b eta 2017c).

3.- Migracom behategiaren webgunea: www.migracom.com

4.- Ikuspegi immigrazioaren euskal behatokiaren webgunea: http://www.ikuspegi.eus

5.- Zurrumurrurik EZ egitasmoaren webgunea: https://zurrumurrurikez.eus/

6.- Antirumors metodologiaren erreferentzia: https://ajuntament.barcelona.cat/bcnacciointercultural/ca/estrategia-bcn-antirumors/que-fem-estrategia-antirumors

7.- Kulturaniztasunaren ageriko adierazpidea dugu pertsonen azal kolorea. Argazkietan pertsona arrazializatuak agertzen direnean kontuan hartu dira, jatorri atzerritarra duten ala ez jakitea posiblea izan ez arren.

8.- Anboto astekariaren 771. alean, 2019ko uztailaren 12ko alean.

9.- Musulmanak direla hautematen dugu emakumeek hijab zapia jantzita daramatelako.