Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2023-24 | Libe Mimenza Castillo, Ane Martinez Juez, Naroa Burreso Pardo eta Josu Azpillaga Labaka (NOR Ikerketa Taldea, UPV/EHU eta Euskal Hedabideen Behategia eta CodeSyntax)

Aurreko Urtekarietarako egindako azterketen ildotik, aurten ere Hekimen elkarteko webguneen analitikak aztertu ditugu. 2023. urtean 40 milioi bisitako langa gainditu zen beste behin, aurreko urtetik % 9 igota web trafikoaren bolumena, eta hartara berriz ere joera gorakorra hartuta. Datuok hedabide motaren arabera banatu eta beste webgune batzuekin alderatu ditugu, euskarazko hedabideek izan duten bilakaera testuinguruan jartzeko.

Pasa den urtean, gainera, Universal Analytics tresnatik ekarritako datu-seriea amaitu eta Google Analytics 4 jarri da martxan; era berean, ia komunikabide guztiek erabiltzen duten erreminta horren bertsio berriaren ezarpena akuilu izan da euskal hedabideak analitika digitalari begira jartzeko, Behategitik bide horretan laguntza eskainita —bai BEHA panelak sortu eta haientzako konfiguratuta, bai formakuntza zein analisiak eskainita—.

1. Hedabide zerrenda, datu-iturriak eta metodologia

Hekimen elkarteko webguneen 2023ko audientzia zer nolakoa izan zen ezagutzeko ariketa egin dugu azterlan honetan, euskarazko web orri horiek bildutako iazko online portaera datuak xehe aztertuta.

Aurreko urteetako lanetan egin izan den moduan (Azpillaga, 2021, 2022; Azpillaga & Lizarralde, 2017, 2019, 2020; Azpillaga & Mimenza, 2023), Hekimen Analytics1 tresnaren datuetan oinarrituta abiatu dugu ikerlana, baina aurten bi aldaketa txertatu behar izan ditugu hedabide zerrenda eta datu-iturrietan.

Alde batetik, iaz 51 hedabideren datuak erabili ziren azterketa osatzeko eta aurten 50 webguneko datu-basea osatu da; komunikabide batek datuak biltzeari utzi baitzion pasa den urtean2. Hauek dira azterketa honen barruan kontuan hartu diren webguneak:

1. taula: Hekimen elkarteko webguneen 2023ko analisirako hedabide zerrenda.

OROKORRAK

Argia, Berria, Hamaika, Sustatu eta Zuzeu

TOKIKOAK

Aiaraldea, Aikor, Aiurri, Alea, Anboto, Ataria, Baleike, Barren, Busturialdeko Hitza, Erran, Eta kitto!, Euskal Irratiak, Euskalerria Irratia, Goiena, Goierriko Hitza, Guaixe, Hiruka, Ipar Euskal Herriko Hitza, Irutxuloko Hitza, Karkara, Kanaldude, Kronika, Lea-Artibaiko Hitza, Maxixatzen, Noaua, Oarso-Bidasoko Hitza, Otamotz, Plaentxia.eus, Txintxarri, Uriola, Urola-Kostako Hitza, Uztarria eta Zarauzko Hitza

TEMATIKOAK

Aizu, Badok, Bertsolari, Dantzan, Elhuyar aldizkaria, Gaztezulo, Hik Hasi,

Iturria: Hekimen Analytics.

Bestetik, datu-iturri gisa ez da soilik Hekimen Analytics erabili, tresnak datuak batzeari utzi baitzion 2023ko uztailean, hortaz, ezinezkoa izan da iturri bakarretik ekartzea iragan urte osoko datua. Hiru iturri erabili dira datuak biltzeko: Hekimen Analytics, BEHA panelak3 eta Matomo.

Lehenengo biek Google Analytics erabiltzen dute informazioa erauzteko, baina web-analitikarako tresna horren bi bertsio ezberdin —Universal Analytics (aurrerantzean UA) eta Google Analytics 4 (GA4) hurrenez hurren—. 2022ko martxoan iragarri zuten (Google, 2022) noiz erretiratuko zen merkatutik 2012tik erabilgarri egondako UA bertsioa, eta 2023ko uztailetik aurrera utzi zion neurketa erreminta horrek datuak biltzeari (Google, 2023). Une horretan utzi zion Hekimen Analytics tresnak ere datuak pilatzeari. Ordurako, ordea, GA4 bertsio berria konfiguratuta zeukaten euskarazko hedabideek (Behategia, 2023) eta BEHA panelen bitartez kontsulta zitzaketen Google Analytics 4 tresnak bildutako datuak. Datu horiekin osatu da haien webguneetako metrikak ezagutzeko Google Analytics erabiltzen duten hedabideen (azterlan honetako kasuen % 98) 2023ko datu zerrenda.

Hirugarren datu-iturri bat da halaber, Matomo. Izan ere, bada zerrendan hedabide bat sareko trafikoari buruzko estatistikak eskuratzeko Google ez beste zerbitzu bat darabilena, haien zerbitzarian instalatutako Matomo software librea. Kasu honi dagozkion datuak hortik ekarri ditugu beraz.

Hiru bide horietatik informazioa ekarrita osatu da analisirako dataframe edo datu-egitura. Alabaina, hutsune batzuk geratu dira taulan eta horiek betetzeko Holt-Winters metodoa aplikatu da. Balioak aurresateko eredu horren bidez denbora-serie bati dagozkion iragarpenak egiten dira, aurretik bildutako iraganeko balioak leuntasun esponentzialeko algoritmo batekin kodifikatuta etorkizuneko balioak iragartzeko.

Hilabeteroko maiztasunarekin bildu dira analisirako hautatutako metrikak eta 2023ko datu-taula osatzeko erabilitako datu-iturrien proportzioa honela banatu da: % 50,83 Google Analytics 4, % 45,33 Universal Analytics, % 2 Matomo eta % 1,83 estimazioa.

1. irudia: Hekimen elkarteko webguneen 2023ko datu-iturrien banaketa.

Iturria: egileek landua.

Datu-iturriak ezberdinak izanda, bada analisia egin aurretik agertzen den galdera bat: konparagarriak ote dira iturri ezberdinetatik bildutako metrikak? Neurketa protokolo bertsuak darabiltzate euskarazko webguneen azterketa egiteko datu-taula osatzeko baliatu ditugun Universal Analytics, Google Analytics 4 eta Matomo tresnek. Analisian zehar erabiliko ditugun adierazleak kontabilizatzeko dituzten moduak erabat berdinak ez badira ere zenbait kasutan, azterketa honetan egingo den euskal hedabideen web trafikoaren iazko argazkia osatzeko eta azken urtetako joeren bilakaera jarraitzeko balekoa da haien konbinazioa. Gainera, horixe da 2023ko datuen taula osatzeko modu bakarra.

Hurrengo ataletan, azterketaren emaitzak lau ataletan azalduko dira: web trafikoaren hazkuntzan jarriko da azpimarra luze eta zabal lehenik, alderaketa egingo da gero beste hedabide batzuen bolumen metrikekin, sakontasuna behatzeko adierazleetan jarriko da arreta ondoren, eta azkenik audientzia eskuratzeko bide ezberdinen inguruan egingo da gogoeta. Horiez gain, bosgarren atal bat gehitu da artikuluan 2023an web-analitikan gertatu zen tresna aldaketaren (UAtik GA4ra) eraginak esploratzeko.

2. Web trafikoaren hazkuntza gurean

Hasteko, datu orokor bat: 2023. urtean 40 milioi bisitako langa gainditu zen beste behin Hekimen elkarteko euskarazko hedabide digitaletan, 40.306.766 saio bilduta hain zuzen ere; aurreko urtetik % 9 igota.

Datu polita eta garrantzitsua da, 40,3 milioi bisita horiek adierazten baitute egunero-egunero batez beste 110 mila saio izan zirela euskarazko hedabideetan, eta pandemia urteko maximo historikora hurbildu zela sektorea (berdintzetik milioi erdi bisitara geratuta).

Hona taula eta grafiko banatan datu horien azken hamaika urteetako bilakaera:

2. taula: Saioak urtez urte Hekimen elkarteko webguneetan.

2013

2014

2015

2016

2017

2018

2019

2020

2021

2022

2023

SAIOAK

12.673.541

14.348.704

18.560.320

20.577.771

23.750.548

24.121.867

28.553.549

40.805.565

35.798.383

36.976.625

40.306.766

SAIOAK EGUNEKO

34.722

39.312

50.850

56.377

65.070

66.087

78.229

111.796

98.078

101.306

110.429

ALDERAKETA

+ % 13,22

+ % 29,35

+ % 10,87

+ % 15,42

+ % 1,56

+ % 18,37

+ % 42,91

- % 12,27

+ % 3,29

+ % 9

Iturria: Google Analytics 4, Universal Analytics, Matomo eta estimazioa4.
2. irudia: Saioak urtez urte Hekimen elkarteko webguneetan.
Iturria: Google Analytics 4, Universal Analytics, Matomo eta estimazioa.

Iazko urteari erreparatuta, aurreko urtean baino 3,3 milioi bisita gehiago eskuratu ziren 2023an; hau da, % 9 hazi zen Hekimen elkarteko web trafikoa.

Jarraian, halaber, azken bosturtekoan jarriko dugu arreta: serie horretako lehen urtea 2019a izan zen, pandemia aurreko azkena, eta ordutik hona % 41 igo da aztertutako sektorea. Koronabirusak bolumen metrikak erabat disparatu zituen 2020an, eta maximo horrek ziurgabetasun tarte bat ireki zuen azken hiru urteetan nola interpretatu oso argi izan ez duguna; baina, iazko datuarekin seriea osatuta, badirudi 2020-2022 tartea salbuespen bat izan zela eta, anomalia hori atzean utzita, berriz ere aurretik zetorren joera gorakorrean daudela euskarazko hedabideak (2. irudiko saioen batez besteko mugikorra behatuta hauteman daiteke hori). Hurrengo urteak berretsi edo alboratuko du inpresio hori.

Hekimen elkarteko hedabide guztien datu agregatua aipatu dugu orain arte, euskarazko webgune bakar bat osatuko balute bezala; baina, ez da hala, eta desberdintasun handiak ere badaude hedabide batzuen eta besteen artean. Interesgarria da beraz multzo nagusiei begirada bat ematea. Azterketa honetako Hekimen elkarteko 50 atari digitalak hiru motatan banatzen dira (ikus 1. taula): % 10 dira orokorrak, % 66 tokikoak eta % 24 tematikoak.

Hona hemen hedabide motaren araberako saio kopuruaren taula desagregatua eta bisita horien bilakaera grafikoa:

3. taula: Hekimen elkarteko webguneen saioak urtez urte hedabide motaren arabera.

2013

2014

2015

2016

2017

2018

2019

2020

2021

2022

2023

OROKORRAK

7.513.628

8.091.159

9.166.335

9.352.129

10.736.846

8.934.840

9.338.034

13.688.052

10.864.134

12.666.494

12.781.789

TOKIKOAK

4.699.306

5.670.466

8.709.765

10.433.066

12.158.639

14.141.651

18.127.853

26.013.641

23.842.828

23.218.076

26.490.640

TEMATIKOAK

460.607

587.079

684.220

792.576

855.063

1.045.376

1.087.662

1.103.872

1.091.421

1.092.055

1.034.337

HEKIMEN

12.673.541

14.348.704

18.560.320

20.577.771

23.750.548

24.121.867

28.553.549

40.805.565

35.798.383

36.976.625

40.306.766

Iturria: Google Analytics 4, Universal Analytics, Matomo eta estimazioa.
3. irudia: Hekimen elkarteko webguneen saioak urtez urte hedabide motaren arabera.
Iturria: Google Analytics 4, Universal Analytics, Matomo eta estimazioa.

3,2 milioi bisita irabazita, tokiko hedabideak igo ziren gehien 2023ko saio kopuruan, aurreko urtearekin alderatuta % 14 hazita —eta multzoaren 2020ko maximo historikoa gaindituta—. Hedabide orokorrek ere, hazkuntza-tasa apalagoa pilatu arren, bilakaera gorakorra izan zuten —115 mila bisita gehiago (% 1 gora)—. Aldiz, hedabide tematikoen taldea ia 58 mila saio galduta % 5 jaitsi zen.

2023a udal eta foru hauteskundeen urtea izan zen Hego Euskal Herrian, eta gertaera horretan aurki daiteke tokiko hedabideen audientzia igoeren azalpenaren zati bat. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako informazioa eskaintzen dute hain zuzen ere aztertutako tokiko hedabideen multzoko webgune gehienek (% 91), eta herrietako hauteskunde emaitzen jarraipenerako erreferente dira.

4. irudia: Tokiko hedabideen 2023ko saioak hilabeteka.

Iturria: Google Analytics 4, Universal Analytics eta estimazioa.

Grafikoan ikus daitekeen bezala, maiatza izan zen bisita gehien (saioen % 10) pilatu zituen 2023ko hilabetea —maiatzaren 28an egin ziren udal eta foru hauteskundeak—, eta ekaina bigarrena (% 9) —oraindik ere bozen biharamuna—. Urte osoko ia bost bisitatik bat zenbatu zen bi hilabete horietan.

Bestalde, arestian egindako ariketari berriz ekinda, azken bosturtekoaren trafiko bilakaera aztertu da hedabide motaren arabera: % 46 igo ziren tokikoak eta % 37 orokorrak 2019-2023 aldian; tematikoen multzoa, berriz, % 5 jaitsi zen.

Hedabide mota bakoitzaren multzoak webgune kopuru ezberdina du datu-iturri eta horien saio kopuruen dimentsioak ere ezberdinak dira. Horregatik, ondoko irudian multzo bakoitzaren bilakaera bere eskalan erakutsiko dugu, eta batez besteko mugikorrari erreparatuta horien gorabeherak argiago ikusi:

5. irudia: Hekimen elkarteko webguneen urtez urteko saioen batez besteko mugikorrak, hedabide motaren arabera eta bakoitza bere eskalan.

Iturria: Google Analytics 4, Universal Analytics, Matomo eta estimazioa.

Bi zatitan bana litezke web trafikoaren bilakaera grafikoak, 2013tik 2019ra arteko aldia alde batetik eta azken bosturtekoa bestetik. Bigarren denbora-tarte horretan hautematen dira hedabide moten araberako joerak garbien: komunikabide orokorren eta tokikoen web trafikoak gorantz egin duen bitartean, tematikoen atarietako bisitak gelditu egin dira eta joera beherakorra ageri dute.

Tokikoen multzoa da webgune kopuru handiena biltzen duena —azterlan honetako zerrendan 33 hedabide zehazki—; era berean, tokikoak dira pisu handiena dutenak web trafikoan. Ez da, ordea, hedabide kopuruaren eta pisuaren arteko harremana beti betetzen, gerta baitaiteke hedabide gutxirekin pisu esanguratsua eskuratzea —orokorrek bost atari neurtuta lortzen duten gisan—. Trafiko bolumena da pisu erlatiboaren banaketarako adierazle determinantea.

Ondoko taula eta grafikoan adierazten dira hedabide motaren araberako pisu horien urtez urteko bilakaerak.

4. taula: Hekimen elkarteko webguneen pisu erlatiboa urtez urte hedabide motaren arabera.

2013

2014

2015

2016

2017

2018

2019

2020

2021

2022

2023

OROKORRAK

% 59,3

% 56,4

% 49,4

% 45,4

% 45,2

% 37

% 32,7

% 33,5

% 30,3

% 34,3

% 31,7

TOKIKOAK

% 37,1

% 39,5

% 46,9

% 50,7

% 51,2

% 58,6

% 63,5

% 63,8

% 66,6

% 62,8

% 65,7

TEMATIKOAK

% 3,6

% 4,1

% 3,7

% 3,9

% 3,6

% 4,3

% 3,8

% 2,7

% 3

% 3

% 2,6

Iturria: Google Analytics 4, Universal Analytics, Matomo eta estimazioa.
6. irudia: Hekimen elkarteko webguneen pisu erlatiboa urtez urte hedabide motaren arabera.

Iturria: Google Analytics 4, Universal Analytics, Matomo eta estimazioa.

Goiko taulan ikusten den bezala, Hekimen elkarteko webguneek 2023an lortutako 40,3 milioi saiotatik 26,5 gertatu ziren tokiko hedabideen webguneetan, % 65,7. Hedabide orokorrek 12,8 milioi bisita inguru pilatu zituzten, trafiko guztiaren % 31,7. Tematikoek jarraitzen dute azken sei urteetako milioi inguru saiorekin eta multzoko % 2,6 bildu zuten iaz.

3. Web trafikoaren hazkuntza beste hedabide batzuetan

Aurreko urteetako lanetan egin bezala, aurten ere darabilgun bisita kopuruen datua inguruko beste hedabide batzuekin alderatzeko ariketa egingo dugu, trafiko datuak onak edo txarrak izan diren esateko laguntza eman baitezake. Horretarako, OJD Interactivak (Oficina de Justificación de la Difusión) ikuskatutako zenbait hedabidek sarean argitaratzen dituzten datuak hartuko ditugu kontuan, hark ematen dituen datuak eta guk 2023ko analisirako bildutakoak alderatuz5.

Datozen lerroetako alderaketa guztiak tentuz hartzea komeni da. Emaitza osatuagorako askoz hedabide gehiagoren datuak jakin eta kontrastatzea izango litzateke desiragarriena, baina komunikabide gehienek ez dituzte haien datuak modu irekian eskaintzen eta bakoitza bere irakurketa egitera mugatzen da. Bihoa oharra beraz ezer gehiago esan aurretik.

Luza dezagun aurrena begirada Hego Euskal Herriko beste zenbait hedabidetara: Noticias de Álava, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Navarra, Deia eta eitb.eus6 atarien datuak ditugu eskura.

5. taula: Hekimen elkarteko eta OJDko Hego Euskal Herriko zenbait webgunetako saioen (milakotan) alderaketa.

2013

2014

2015

2016

2017

2018

2019

2020

2021

2022

2023

NAla

4.481

4.471

5.436

8.788

18.787

31.972

35.008

NGip

3.872

4.963

5.872

7.671

8.691

9.526

13.778

24.020

31.945

39.782

45.802

NNav

21.927

22.967

27.109

28.186

28.693

39.500

45.007

60.329

86.272

99.422

106.458

Deia

23.418

22.729

24.888

31.704

33.976

45.334

54.617

71.939

80.138

81.681

82.213

eitb.eus

28.001

34.319

37.847

39.723

53.922

63.268

83.622

105.859

72.555

52.419

58.923

HEKIMEN

12.673

14.348

18.560

20.577

23.750

24.121

28.553

40.805

35.798

36.976

40.306

GUZTIRA

89.891

99.326

114.276

127.861

153.513

186.220

231.013

311.740

325.495

342.252

368.712

HEKIMEN (%)

% 14,10

% 14,45

% 16,24

% 16,09

% 15,47

% 12,95

% 12,36

% 13,09

% 11,00

% 10,80

% 10,93

Iturria: Google Analytics 4, Universal Analytics, Matomo eta estimazioa + OJD Interactiva.
7. irudia: Hekimen elkarteko eta OJDko Hego Euskal Herriko zenbait webgunetako saioen (milakotan) alderaketa.

Iturria: Google Analytics 4, Universal Analytics, Matomo eta estimazioa + OJD Interactiva.

Taula eta grafikoan ikusten denez, ez zen Hekimen elkartea izan 2023an hazi zen hedabide bakarra. Denek izan zuten joera gorakorra eta gehienak proportzio handiagoan hazi ziren, baina alde nabarmenik gabe: % 15,1 Noticias de Gipuzkoa, % 12,4 eitb.eus eta % 9,5 Noticias de Álava. Gainerako biek azterlan honetan bildutako Hekimeneko hedabideek baino igoera txikiagoa izan zuten (% 7,1 hazi zen Noticias de Navarra eta % 0,7 Deia).

Hego Euskal Herrian auditatutako multzo osoaren baitan, Hekimenen pisua antzera mantendu da azken bosturtekoan; beherakorra bada ere urtez urteko balioa —2,2 puntuko oszilazio baten baitan—.

Ariketa berdina egin genezake beste hedabide batzuekin ere. Jarraian, Kataluniako zenbait hedabide digital hartuko ditugu hizpide, katalanez ari direnak7: ara.cat, diaridegirona.cat, elnacional.cat eta rac1.cat.

6. taula: Hekimen elkarteko eta OJDko Kataluniako zenbait webgunetako saioen (milakotan) alderaketa.

2017

2018

2019

2020

2021

2022

2023

ara.cat

93.607

82.182

72.613

80.808

62.429

59.424

64.907

diaridegirona.cat

20.071

19.984

29.807

41.222

40.549

49.951

42.771

elnacional.cat

73.227

124.758

163.083

175.678

194.883

208.797

180.184

rac1.cat

53.197

36.053

42.031

59.155

58.781

53.436

58.839

HEKIMEN

23.751

24.122

28.554

40.806

35.798

36.976

40.306

GUZTIRA

263.853

287.098

336.088

397.670

392.440

408.584

387.010

HEKIMEN (%)

% 9,00

% 8,40

% 8,50

% 10,26

% 9,12

% 9,05

% 10,41

Iturria: Google Analytics 4, Universal Analytics, Matomo eta estimazioa + OJD Interactiva.
8. irudia: Hekimen elkarteko eta OJDko Kataluniako zenbait webgunetako saioen (milakotan) alderaketa.

Iturria: Google Analytics 4, Universal Analytics, Matomo eta estimazioa + OJD Interactiva.

Kataluniako hedabideei dagokienez, azken urtean jaitsi egin dute haien saio kopurua diaridegirona.cat eta elnacional.cat atariek —% 14,4 eta % 13,7 hurrenez hurren—; aldiz, igo egin dute Hekimenen antzeko proportzioan rac1.cat eta ara.cat webguneek —kasu horietan % 10,1 eta % 9,2—.

Multzo osoaren baitan, Hekimenen pisua antzera mantendu da auditatutako azken zazpi urteetan; gorakorra bada ere oraingoan urtez urteko balioa —bi puntuko oszilazio baten baitan—.

4. Audientziaren sakontasuna

Dena ez da saio edo bisita, jakina, lan honetan trafikoaz hitz egiterako orduan metrika horretan zentratu bagara ere. Esaterako, erabiltzaile kopurua hartu behar da aintzat hedabide baten audientzia neurtzerakoan, eta erabiltzaile bakoitzak komunikabidearen webgunean pasatzen duen denbora ere bai. Parametro inportanteak dira bi horiek hedabide baten eragina aztertzerako orduan.

Hekimen elkarteko webguneen audientziak ezagutzeko egindako azterlan honetan bildutako datuak informazio-iturri ezberdinetatik datozenez eta haien bilketan banakako jarraipena konfiguratu denez, ezin ditugu gaur-gaurkoz hedabide desberdinen arteko erabiltzaileak alderatu, ezta hilabete batetik besterako edo webgune batetik besterako kopuruak besterik gabe batu ere —gailu batzuk errepikatu egingo dutelako hilero bisita, edota hedabide baten erabiltzaileak eta beste batenak berberak izango direlako—.

Edozein kasutan, datu hori gabe ere, web trafikoaren beste zenbait ezaugarri aztertu genitzake audientzia hobeto ezagutzeko pista bila. Bisiten sakontasunari lotutako honako bi adierazleak kasu: orriak saioko eta saioen batez besteko denbora.

7. taula: «Orriak saioko» metrikaren urtez urteko bilakaera Hekimen elkarteko webguneetan.

Iturria: Google Analytics 4, Universal Analytics, Matomo eta estimazioa.

Bisita bakoitzeko 2,25 orri ikusten ditu erabiltzaile batek batez beste —2,26 orokorretan zein tokikoetan eta 1,99 tematikoetan—; eta saioen sakontasunaren indikadore hau oso egonkor mantendu da neurtutako urte guztietan.

Horrenbestez, 2023an 90 milioi orri irakurri ziren (90.766.705 zehazki) Hekimen elkarteko webguneetan, aurreko urtean baino 4,9 milioi gehiago.

Bada beste metrika bat saioen sakontasunaren inguruko informazioa eskaintzen duena eta hori da bisitek irauten duten denbora, hots, erakarritako erabiltzaileen arretaren iraupena. UA bertsiotik GA4ra igarotzean aldatu diren neurketen artean dago saioen iraupen denbora nola erregistratzen den, hortaz, ezin izan dugu adierazlearen urtez urteko bilakaera ekarri analisi honetara; bai, ordea, 2023ko datuak.

8. taula: «Saioen batez besteko denbora» metrikaren 2023ko banaketa hedabide motaren arabera.

Iturria: Google Analytics 4, Matomo eta estimazioa.

Batez beste minutu bat eta sei segundu iraun zuten 2023an Hekimen elkarteko webguneetako bisitek; 18 segundu luzeagoak izan ziren orokorren multzoko hedabideetakoak eta 15 segundu gehiagokoak tematikoenak, aldiz, ez ziren minutura iritsi tokikoen bisitak.

5. Audientzia eskuratzeko bideak

Saioen nolakotasunean eragiten duen beste faktoreetako bat izan ohi da bisiten jatorria, hau da, trafikoa nondik datorren.

Hona hemen gailu-motaren araberako Hekimen elkarteko webguneen saio kopuruen bilakaera proportzionala:

9. taula: Hekimen elkarteko webguneen urtez urteko saioen banaketa gailuen arabera.

2013

2014

2015

2016

2017

2018

2019

2020

2021

2022

2023

ORDENAGAILUA

% 82,27

% 73,07

% 61,78

% 48,76

% 40,70

% 34,54

% 29,11

% 24,21

% 24,88

% 21,93

% 34,99

MUGIKORRA

% 13,51

% 20,96

% 31,17

% 44,43

% 53,49

% 60,28

% 66,46

% 72,48

% 72,35

% 75,61

% 63,32

TABLETA ETA BESTE

% 4,23

% 5,97

% 7,05

% 6,81

% 5,80

% 5,18

% 4,43

% 3,30

% 2,77

% 2,45

% 1,93

Iturria: Google Analytics 4, Universal Analytics, Matomo eta estimazioa.

Taulan ikus daitekeen legez, 2017az geroztik mugikorretatik egiten den nabigazioa da nagusi euskarazko hedabideetan.

2023ko datuetan jarriz gero arreta, honakoa da banaketa: bisiten % 63 sakelakoetatik abiatu ziren, % 35 ordenagailuetatik eta % 2 tablet edo bestelakoetatik. Hilabetez hilabeteko azterketa eginez gero, berriz, uda garaian telefono bidezko trafikoa apur bat igotzen dela ondorioztatzen da (iragan abuztuan hamar bisitatatik zazpi abiatu ziren mugikorretatik). Hedabide motaren araberako analisia eginda, bestalde, aldeak hauteman daitezke:

9. irudia: Hekimen elkarteko webguneen 2023ko saioen banaketa, gailuen eta hedabide motaren arabera.

Iturria: Google Analytics 4, Universal Analytics, Matomo eta estimazioa.

Hedabide orokorren multzoa da Hekimen elkartearen gailuen araberako banaketaren antz handiena duena; hala ere, bere tablet eta bestelako gailuen ehunekoa handiagoa da (% 3,1). Tokikoetan, aldiz, mugikorraren pisu handiagoa nabarmentzen da (% 72,2) eta tematikoetan ordenagailua da saio gehienen jatorri nagusia (% 58,1).

Jarraian aztertuko da, bestalde, trafiko-iturriaren araberako bisiten urtez urteko bilakaera proportzionala:

10. taula: Hekimen elkarteko webguneen urtez urteko saioen banaketa trafiko-iturrien arabera.

2013

2014

2015

2016

2017

2018

2019

2020

2021

2022

2023

ZUZENA

% 27,08

% 26,99

% 21,26

% 22,69

% 20,67

% 21,42

% 21,45

% 22,07

% 23,75

% 22,12

% 30,29

BILATZAILEAK

% 36,63

% 31,97

% 31,50

% 29,92

% 31,46

% 39,14

% 42,15

% 41,26

% 46,27

% 48,94

% 45,01

SARE SOZIALAK

% 16,65

% 19,10

% 24,30

% 29,90

% 30,14

% 29,80

% 29,76

% 23,49

% 19,22

% 15,59

% 19,02

BESTELAKOAK

% 19,64

% 21,94

% 22,94

% 17,49

% 17,73

% 9,64

% 6,64

% 13,18

% 10,75

% 13,35

% 5,68

Iturria: Google Analytics 4, Universal Analytics, Matomo eta estimazioa.

Bilatzaileetakoa da euskarazko komunikabideen atarietan neurtutako trafiko-iturri nagusiena, eta hala izan da azken hamaika urteetan. Trafiko organiko gisa ezaguna den honen atzean bi bisita mota sailka daitezke: alde batetik, zuzenean albiste jakin baten URL edo helbidea idatzi edota gehienetan klikatzerakoan gertatzen diren saioen multzoa; eta, bestetik, trafiko zuzenaren pare tratatu beharreko marka bilaketa —erabiltzaile askok hedabidearen izena sartzen baitute bilatzaileetan—.

2023an Hekimen elkarteko webguneetan lortutako saioen % 75,3k izan zuen trafiko zuzena eta bilatzaileetakoa bisitaren abiapuntu. Bildutako datu-seriearen arabera, azken urtean lau puntu jaitsi da bilatzaileetako trafikoa eta zortzi puntu igo da trafiko zuzena (% 37 gehiago). Mezularitza aplikazioetako kanalen hedapena edo posta buletinen eskaintza egon daitezke trafiko zuzen horren hazkundearen atzean8, bai bata bai bestea baitira hedabideek haien audientziekin harreman zuzena lantzeko azken aldian sarean lehenetsitako bideak. Aldiz, saioen gainontzeko % 19 sare sozialetako loturaren batean klik eginda heldu zen euskal hedabidetara pasa den urtean, eta % 5,7 bestelako webgune edota erreferentziatatik.

Alta, trafiko-iturrien banaketa hori aldatu egiten da hedabide motaren arabera:

10. irudia: Hekimen elkarteko webguneen 2023ko saioen banaketa, trafiko-iturrien eta hedabide motaren arabera.

Iturria: Google Analytics 4, Universal Analytics, Matomo eta estimazioa.

Hedabide motaren araberako trafiko-iturri banaketak hiru desbideraketa aipagarri erakusten ditu. 2023an neurtutako Hekimen elkarteko webguneen batez bestekoa baino zazpi puntu handiagoa izan zen orokorren beste iturrietako trafikoa (% 12,8) eta zazpi puntu txikiagoa bilatzaileetakoa (% 37,9); lehen azpimarra horrek adierazten du hedabide orokorrak besteak baino gehiago erreferentziatzen direla propio bestelako webguneetan. Bigarrenik, tematikoen multzoko hedabideen trafiko zuzenaren proportzioa batez besteko orokorra baino sei puntu handiagoa izan zen (% 36,1). Azkenik, hirugarren desbideraketa sare sozialei lotutakoa da: tokikoen multzoan ia lau puntu handiagoa da haien pisua (% 22,8); hamar bisitatik 2,3 abiatu ziren sare sozialetan 2023an eta, banakako analisian ikus daitekeenez, hedabide batzuen kasuan hamarretik lau saio hasten dira Facebook, X, Instagram eta halakoetan.

Oro har, sare sozialak jaitsi egin dira azken urteetan bisiten iturburu bezala, besteak beste ondoko arrazoiengatik: plataformen algoritmoak hala eraginda hedabideen albisteek sare horietan duten geroz eta irismen txikiagoagatik, edo erabiltzaileek sareetan eduki natiboa hobesten dutelako eta ingurune horietatik ateratzeak suposatzen duen klika geroz eta garestiago saltzen delako, hots, barne trafikoaren eraginagatik eta horri lotuta albisteak kontsumitzeko moduen ohitura aldaketengatik.

6. Agur Universal Analytics, kaixo Google Analytics 4

Hekimen elkarteko webguneen iazko audientzia zer nolakoa izan zen ezagutzeko ariketa aurkeztu dugu artikulu honetan, eta lehendabiziko erronka datu-bilketan aurkitu dugula adierazia izan da honezkero lehen atalean. 2023an webguneetako audientzia neurtzeko hedabideen artean zabalduena den Google Analytics tresnak aldaketa garrantzitsua egin zuen, bere ordura arteko Universal Analytics bertsioa merkatutik erretiratu eta soilik berria martxan utzita, Google Analytcis 4.

Atal honetan aldaketa hori hobeto ulertzeko bi ariketa egin ditugu: alde batetik, bi bertsioen arteko desberdintasunak zeintzuk diren azaldu dugu; eta, bestetik, bi bertsioek biltzen dituzten datuak konparatu ditugu bat ote datozen edo ez ezagutzeko.

Has gaitezen azalpenekin. Hona hemen UA eta GA4ren arteko aldaketa nagusienak, bertsio berriaren ezaugarrien arabera esplikatuta:

11. taula: Universal Analytics eta Google Analytics 4 bertsioen arteko desberdintasun nagusiak, GA4ren ezaugarriak oinarri gisa hartuta.

DATU-ITURRI EZ MUGATUA: PLATAFORMA ETA GAILU ANITZ BATERA

Komunikazio-proiektuak webgune bat eta aplikazio bat baldin baditu, GA4rekin bi ingurune digitaletan gertatzen diren nabigazioen neurketa bateratua egin daiteke. Hau da, bertsio berrian plataforma eta gailu anitzeko jarraipena konfigura daiteke analitika jario bakarrean; bertan pilatuz, esaterako, webguneko eta aplikazioko metrikak. Konfigurazio hori inplementazio pertsonalizatu bat da.

GERTAERAK ETA ERABILTZAILEAK ARDATZ

GA4 gertaeretan eta parametroetan oinarritutako eredu batean ardazten da; UA, berriz, saioetan eta ikusitako orrietan oinarritutako datu-ereduan.

GA4ra bidalitako datu guztiek aurretiaz Firebase Analytics tresnan ezarritako gertaera bidezko datu-eredua daukate. Erregistratzen den gertaera bakoitza event_name parametroarekin bereizten da, eta izenari gertaera deskribatzeko parametro gehigarriak gehitzen zaizkio.

SAIOAK NOLA NEURTZEN DIREN

GA4 bertsioan, session_start gertaerarekin hasten dira kontatzen saioak, hortik eratortzen dira. Gertaera hori automatikoki erregistratzen da erabiltzaile batek aplikazio bat edo webgune bat bisitatzen duen unean.

Saio bat zenbatzen hasten da erabiltzaile batek lehen planoan irekitzen duenean orrialde bat (webgunea) edo pantaila bat (app), eta amaitu egiten da erabiltzailea 30 minutuz geldirik edo inolako interakziorik egin gabe egotean (gainontzean saioek ez dute iraupen-mugarik).

GA4 bertsioan, saio baten lehen gertaeraren (session_start) eta saioaren azken gertaeraren arteko denbora-tartearen arabera kalkulatzen da saioen iraupena.

IKUSITAKO ORRIALDEAK

UA bertsioko ikusitako orrialdeak metrika page_view gertaera bihurtzen da GA4n, eta gertaera hau ere automatikoki erregistratzen da.

GERTAERAK

UA tresnan posible zen gertaera batzuen jarraipena egitea aparteko konfigurazioen bidez; GA4ko datuen erregistroa gertaeretan oinarritzen da, hortaz, gertaera ohikoenak automatikoki erregistratzen dira. Gertaera automatiko dira esaterako page_view, user_engagement, scroll edo file_download; eta bestelako interakzioak norberak konfiguratu behar ditu gertaera pertsonalizatu bidez.

‘COOKIE’ GABEKO JARRAIPENA

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta erabiltzaileen pribatutasun eskaerak aintzat hartuta, cookie-ak onartzen ez dituztenen inguruko informazioa erabiltzaile horien arrastoari segitu gabe jarraitzeko sistema jarri da martxan GA4n —Google Consent Mode bidez—. Horri esker, tresna ez da saiatuko erabiltzaile horiek geografikoki kokatzen ez eta identifikatzen ere, baina haien nabigazioan bistaratzen dituzten edukiak edota webgunearekin egindako interakzioak kontabilizatzen ditu. Tankera honetako jarraipena egin ahal izateko, aparteko konfigurazioa egin behar da webgunearen eta GA4 tresnaren artean.

DATU-ATXIKIPEN MUGATUA

Cookie-rik gabeko jarraipena ahalbidetzeaz gain, GA4k erabiltzaile guztien IP helbideak anonimizatzen ditu, eta konfigurazio hori ezin da aldatu. Era berean, UAn bezala, GA4n ere jasotako datu guztiak Googleren zerbitzarietan gordetzen dira, eta ez dute aukera ematen datuak beste leku batean gordetzeko.

Bertsio berriak aukera ematen die kudeatzaileei datuak atxikitzeko bi eperen artean hautatzeko —14 hilabete edo bi hilabete—. Horrenbestez, herrialdeko legeen arabera doitu daiteke datu-atxikipen muga, eta ezingo dira UAn bezala mugagabe gorde.

LAGINKETARIK EZ

UA bertsioan, datu-kopuru handia lantzerakoan (hautatutako aldirako 500.000 saio baino gehiago propietateko), Googlek laginketa aplikatzen du, hau da, ez ditu datu guztiak erakusten, plataformak berak egiten du kalkulu bat datu horien ausazko lagin txiki bat oinarri hartuta, eta ondorioz, ikusten den informazioa ez da guztiz zehatza izaten beti.

GA4 bertsioan oztopo hori gainditu egiten da, laginketa gabeko datu-eredu bati esker. Eredu hori erabiltzaileetan oinarritzen da, eta bildutako datu gordin guztiak BigQuery-ra esportatzeko aukera ematen du; eta kontsultak —edo querieak— egin ahal izango dira, informazio gehigarria lortzeko.

Iturria: egileek landua.

UA eta GA4 bertsioek beraz ez dituzte metrika guztiak modu berean neurtzen eta hortaz, ezinbestekoak dira galderak: bateko eta besteko balioak bat etorriko al dira? Eta ezberdinak badira, zenbatekoa da aldea? Bateratu ditzakegu iturriak analisi bakar batean? Konparagarriak dira?

Galdera horiei erantzuteko aukera izan dugu euskal hedabide gehienek 2022. urtea amaitu aurretik aktibatu zutelako GA4 bidezko neurketa, eta 2023ko lehen seihilekoan neurketa duala izan zutelako martxan. Datu-serie horrekin lehen hurbilketa bat egin ahal izan dugu arestiko erantzunen bila, «saioak» eta «ikusitako orriak» metriketan jarrita arreta9.

Hona hemen 2023ko lehen seihilekoko Hekimen elkarteko webguneetan neurtutako saio kopuruaren bi bertsioen arteko aldea:

11. irudia: Hekimen elkarteko webguneen «saioak», UA eta GA4 alderaketa orokorra eta hedabide motaren araberakoa.

Iturria: Google Analytics 4 eta Universal Analytics.

Neurtutako hedabide guztien 2023ko lehen seihilekoko saioen hileroko bilakaerak argi erakusten du aldea: GA4k UAk baino saio gehiago zenbatzen ditu, % 4,1 gehiago hain zuzen ere. Halere, hilabete guztietako aldea ez zen homogeneoa izan, % 2,7 eta % 5,3 artekoa izan zen diferentzia.

Bi bertsioen arteko alde horri hedabide motaren arabera erreparatuta, honela geratu zen zenbaketa: orokorren kasuan GA4k % 14,4 saio gehiago kontabilizatu zituen; tokikoetan % 0,5 gutxiago; eta tematikoetan, berriz, % 2,4 gehiago.

12. irudia: Hekimen elkarteko webguneen «ikusitako orriak», UA eta GA4 alderaketa orokorra eta hedabide motaren araberakoa.

Iturria: Google Analytics 4 eta Universal Analytics.

Orrien zenbaketaren bi bertsioen arteko aldea estuagoa da: GA4k UAk baino % 0,5 ikusitako orri gehiago zenbatzen ditu, eta 2023ko lehendabiziko seihilekoko hilabete arteko ezberdintasuna % 2,3 eta -% 0,3 artekoa izan zen.

Alde horri hedabide motaren arabera erreparatuta, honelakoa izan zen diferentzia: orokorren kasuan GA4k % 3,4 ikusitako orri gehiago kontabilizatu zituen; tokikoetan % 0,8 gutxiago; eta tematikoetan, aldiz, % 2 gehiago.

Horra arteko ariketarekin erantzun ditugu lehen bi itaunak: UA eta GA4 bertsioen arteko balioak ez datoz bat aztertutako bi metriketan eta aldeak ezberdinak dira adierazlearen, hilabetearen, hedabide motaren edo komunikabide bakoitzaren kasuan.

Azken bi galderak erantzuten saiatuko gara jarraian, ea datu-iturri ezberdinak analisi bakarrean bateratu ote daitezkeen eta haien arteko konparagarritasuna ebatzi ote daitekeen argitzeko asmoz.

Alde batetik, praktika gomendagarriena bi informazio iturri analisi berean ez nahastea da, baina beti ezin izaten da araua jarraitu. 2023an, adibidez, ordura arte UAtik hartutako datuak biltzeari utzi zion tresnak berak, eta GA4ko datu-bilketa ezarri zen erreferentzia berri gisa. Halabeharrak agindutako konbinazioa da beraz10.

Bestetik, tresna aldaketak bariantza bat eragin du neurtutako balioetan, baina artikulu honetako analisiko emaitzen argitan ondokoa ondorioztatu da: bisiten kasuan, sektorea tresna aldaketan detektatutako % 4ko hazkuntza-tasa baino gehiago hazi da, % 9 hain zuzen ere. Igoera horretan, gainera, ez da tresna aldaketaren gehikuntza faktore erabakigarria izan: Hekimen elkarteko hedabideen webguneetako igoera hori gehienbat tokikoen multzoan gertatu da, horiek % 14 hazi baitira; eta tokikoen kasuan, aitzitik, GA4k UAk baino % 0,5 saio gutxiago zenbatu zituen 2023ko lehen seihilekoan. Bestalde, ikusitako orri kopuruaren metrikan ez da alde esanguratsurik aurkitu. Horrenbestez, web-analitika tresnaren bertsio aldaketak izan du eraginen bat, baina ez da web trafikoaren hazkuntzaren baldintzatzaile izan.

7. Ondorio batzuk eta jauzi berriak

Beste behin, Hekimen elkarteko webguneen analitikak aztertu ditugu artikulu honetan, aurtengoan datu-iturrien konbinazioan iturburu berri bat erantsita eta 50 komunikabideren web atarietako datuak aztertuta. Iragan urtean, halaber, Google Analytics web-analitikarako tresnaren bertsio berri bat sartu da jokoan, eta aldaketa horrek eragindakoak ere saiatu gara azaltzen 2023ko datuen irakurketa honetan.

Hekimen elkarteko komunikabideek lan eskerga egin dute azken urte hauetan guztietan sareko hedabide erreferentzialak bilakatzeko ahaleginean. Azken hamarkadan ibilitako bidean webgune berriak sortu dira, egokitzapen eta eskaintza digitalean inbertitu da, eta garaiak eskatutakoari erantzuteko baliabidez hornitu dira, hala teknologian nola kazetaritzan aurrerapausoak emanda. Bide horren isla da, esaterako, webguneetako audientzien bilakaera.

40,3 milioi bisita batu ziren 2023an, aurreko urtean baino 3,3 milioi gehiago; beste era batera esanda, web trafikoa % 9 hazi zen. Berriz ere goranzko joera erakutsi dute grafikoek.

Pandemiak audientzia adierazleetan ordura arte ikusi gabeko disrupzioak eragin zituenetik ziurgabea izan da hedabide digitalen kontsumoen joera; izan ere, ez baitzegoen argi komunikabideak ea zenbateraino izango ziren gai koronabirusaren gogorrenean irabazitako erabiltzaile eta saioei eusteko. Datu-seriea 2023ko balioekin osatzean honako interpretazioak baloratu ditugu: baliteke 2020ko maximo historikoak markatutako salbuespen-aldia pasa izana, hau da, pandemiaren gorabehera atzean utzi dugula iragan urtean. Oraindik goizegi izan daiteke gertaera hori azpimarratzeko, baina bada arrasto esanguratsu bat 2013-2023 aldiko saioen batez besteko mugikorrak marrazten duen lerroan (2. irudia). Badirudi beraz, kontsumo digitalen eremuan jauzi bat gertatu dela. 2019-2023 bosturtekoan web trafikoa % 41 hazi da. Arrazoia pandemiari lotuta egon liteke ala ez, edo kontsumo mediatikoetarako hautu digitalak eragindakoa da akaso, baina Hekimen elkarteko hedabideen webguneak lehen baino gehiago kontsultatzen direla ukaezina da. Edonola ere, audientzia digitalen lur aldakor honetan, adi egotea dagokigu eta datozen hilabeteetako datuak arretaz jarraitzea.

Hedabide mota guztietan ez da audientzia berdin hazi —tokikoak igo ziren gehien 2023an (%14) eta apur bat besterik ez orokorrak (% 1)—; ostera, batzuk trafikoa galdu dute —tematikoek % 5 esaterako—. Hedabideak banan-banan behatuta ere egoerak askotarikoak dira.

Hego Euskal Herriko zein Kataluniako zenbait hedabiderekin alderatzean ere aldaketa gorabeheratsuak agertu dira; hala ere, euskal hedabideek multzo horiekiko pisua mantentzea edo pitin bat handitzea lortu zuten 2023an.

Bolumen metriken aldakortasuna baino egonkorragoa izan da urteen joanean bisiten sakontasuna: 2,25 orri ikusi ziren saioko 2023an eta bisiten batez besteko denbora minutu bat eta sei segundokoa izan zen. Bestalde, 2017az geroztik mugikor bidezko nabigazioa da nagusi eta euskarazko hedabideen webguneetara iristeko bide nagusiak bilatzaileak eta trafiko zuzena dira. Sare sozialetan lortzen diren klikak, aldiz, jaitsi egin dira azken urteetan.

Bada 2023an web-analitikan buruhauste dezente eragin dituen gertaera bat: Google Analytics tresnaren bertsio zaharretik —Universal Analytics— bertsio berrirako —Google Analytics 4— aldaketa. Erreminta berriaren eragina neurtzen saiatu gara analisi honetan: bisiten kasuan, tresna aldaketan detektatutako % 4ko hazkuntza-tasa baino gehiago hazi da Hekimen elkartean aztertutako multzoa, % 9 hain zuzen ere. Gainera, gehien hazi direnak eta pisu handiena dutenak tokikoak izan dira, eta horien kasuan GA4k UAk baino % 0,5 saio gutxiago zenbatu zituen 2023ko lehen seihilekoan. Hortaz, datu-iturri aldaketa ezin da hazkuntzaren baldintzatzaile kontsideratu; izan du eragin bat noski, baina ezin zaio horri bakarrik egotzi iazko igoera.

Pasa den urtean, gainera, Hekimen elkarteko hedabideen analitika gaitasunean urrats batzuk aurreratu dira: alde batetik, BEHA panelak sortu dira GA4 metriken jarraipena erraztu eta komunikabideetako lantaldeen web-analitikaren erabilera sustatzeko; bestetik, datu analitikari lotutako formakuntza zikloak eta analisiak eskaini dira.

Ez da soilik UAtik GA4ra pasatzeko urtea izan iazkoa, ziklo baten amaiera eta berri baten hasiera markatuko duen urtea ere izan da.

Jauzi baterantz goaz orain: hainbat urtez analisirako baliatutako Hekimen Analytics erreferentziatik Behategia Analytics tresnara, web-analitikaz gain sare sozialetako eta ingurune digitaleko bestelako plataformetako datuak ere bilduko dituen erreminta berrira.

8. Erreferentziak

Azpillaga, J. (2021). Hekimen elkarteko webguneak 2020. Urtean. Euskal Hedabideen Urtekaria 2020, 121–134 or., <https://behategia.eus/eu/urtekaria/urtekaria-2020/>.

Azpillaga, J. (2022). Hekimen elkarteko webguneak 2021. Urtean. Euskal Hedabideen Urtekaria 2021, 133–146 or., <https://behategia.eus/eu/urtekaria/urtekaria-2021/>.

Azpillaga, J., & Lizarralde, M. (2017). Hekimeneko webguneen trafikoaren analisia Hekimen Analytics tresna oinarri. Euskal Hedabideen Urtekaria 2017, 81–96 or., <https://behategia.eus/eu/urtekaria/urtekaria-2017/>.

Azpillaga, J., & Lizarralde, M. (2019). Hekimen elkarteko webguneen audientzia digitalen analisia 2018. Euskal Hedabideen Urtekaria 2018, 123–140 or., <https://behategia.eus/eu/urtekaria/urtekaria-2018/>.

Azpillaga, J., & Lizarralde, M. (2020). Hekimen elkarteko webguneak 2019. urtean. Euskal Hedabideen Urtekaria 2019, 111–136 or., <https://behategia.eus/eu/urtekaria/urtekaria-2019/>.

Azpillaga, J., & Mimenza, L. (2023). Hekimen elkarteko webguneak 2022. urtean eta azken 10 urteetan. Euskal Hedabideen Urtekaria 2022-2023, 137–152 or., <https://behategia.eus/eu/urtekaria/urtekaria-2022-23/>.

Behategia. (2023, uztailak 6). Hedabideak Google Analytics 4ra igaro dira. Behategia. <https://behategia.eus/eu/hedabideak-google-analytics-4ra-igaro-dira/>.

Google. (2022, martxoak 16). Universal Analytics va a dejar de estar disponible—Ayuda de Analytics. <https://support.google.com/analytics/answer/11583528?hl=es>.

Google. (2023, uztailak 1). Google Analytics 4 has replaced Universal Analytics—Analytics Help. <https://support.google.com/analytics/answer/11583528?hl=en>.


1 Hekimen euskal hedabideen elkartearen proiektua da Hekimen Analytics, besteak beste elkarteko webguneen analitika batzuk jaso eta bi helbururekin lan egiteko sortua: elkartearen baitako bilakaera aztertzea eta webgune desberdinen aldagaiak konparatuta hobetzeko baliatzea. 2015. urtean jarri zen martxan tresna, baina hedabide batzuen kasuan 2012tik aurrera biltzen dira datuak konfigurazioaren atzeraeraginezko izaera medio.

2 Hedabide kopurua eta audientzia hazkuntza edo jaitsiera lotuta egon daitezke, baina kasu honetan hedabide bat gutxiago zenbatzeak ez du bariantza nabarmenik eragiten, iazko datu-taulan web atari horren pisua txikia izan baitzen.

3 GA4 datuen jarraipenerako panelak, BEHA ikerketa-egitasmotik euskal hedabideentzat sortuak (Behategia, 2023).

4 Erabilitako datuen proportzio hurrenkeran ageri dira, ikus 1. irudian iturri bakoitzaren zenbatekoak.

5 Google Analytics tresnaren bidez jasotako datuak dira OJD Interactivak argitaratzen dituenak: 2023ko ekainera arte UA eta uztailetik aurrera GA4 bertsiokoak konbinatuta; horrenbestez, gureekin alderagarriak.

6 Webgune osoari dagozkion datuak dira, euskarazko zein gaztelerazko bertsioak batera zenbatzen dira.

7 Zerrenda honetako eta «Notícies globals i actualitat» kategoriako lau hedabide handienak hartu dira ariketa hau egiteko: https://www.ojdinteractiva.es/mitjans-digitals-en-catala. Aurreko urte batzuetan VilaWeb ere aipatu izan da, baina honek utzi egin zion OJDko ikuskaritzari eta, ondorioz, ez dago 2019tik aurrerako bere daturik.

8 Interesgarria litzateke hurrengo urteko lanean analisi honetan arakatu gabe utzitako hipotesi hori aztertzea.

9 Bi adierazle horien jarraipenak bolumen metriken bateragarritasuna azaltzeko balioko du; beste indikadore batzuen kasuan, bi bertsioen arteko neurtzeko modu ezberdinak eragozten du hasieratik konparagarritasuna, sakontasunari dagokion 4. atalean «saioen batez besteko denbora» metrikarekin gertatu den bezala.

10 Gure analisian jarraitutako konbinazio praktika bera antzeman da OJD Interactiva auditorearen txostenetan ere. Era berean, Google Analytics ez beste web-analitika tresna bat darabilen komunikabidearekin ere logika bera jarraitzen da.