Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2020 | Josu Azpillaga Labaka (CodeSyntax enpresako teknikaria)

Aurreko Urtekarietarako egindako azterken ildotik, aurten ere Hekimen elkarteko webguneen analitikak aztertu ditugu. 2020. urtean 40,8 milioi saio eman ziren Hekimen elkarteko webguneetan, aurreko urtean baino % 43 gehiago. Pandemiak eragin du, bai, euskarazko hedabideen kontsumo digitalean ere. Hedabide motaren arabera banatu ditugu datuok eta beste webgune batzuen datuekin alderatu, euskarazko hedabideek izan duten bilakaera kontestuan jartzeko.

1. Sarrera

 

Urte berezia izan da 2020a, bistan denez. Pandemiak eragina izan du ia eremu guztietan eta antzeman da, antzeman denez, hedabide digitalen kontsumoan ere.

Aurreko urteetan egin bezala, Hekimen elkarteko webguneen analitikak begiratuko ditugu azterketa honetan. Horretarako, Hekimen Analytics (HA)1 tresnaren datuetan oinarritu gara, bertan jasotzen baitira elkarteko 51 webguneren metrikak2.

Hauek dira azterketa honen barruan kontuan hartu diren webguneak:

Orokorrak: Argia, Berria, Hamaika TB, Sustatu eta Zuzeu.

Tematikoak: Aizu, Badok, Bertsolari, Dantzan, Elhuyar aldizkaria, Gaztezulo, Hik Hasi, Irrien Lagunak, Jakin, Uztaro, Zientzia.eus eta Zinea.eus.

Tokikoak: Aiaraldea, Aikor, Aiurri, Alea, Anboto, Ataria, Baleike, Barren, Busturialdeko Hitza, Erran, Eta kitto!, Euskal Irratiak, Euskalerria Irratia, Goiena, Goierriko Hitza, Guaixe, Gure Irratia, Hiruka, Ipar Euskal Herriko Hitza, Irutxuloko Hitza, Karkara, Kanaldude, Lea-Artibaiko Hitza, Maxixatzen, Noaua, Oarso-Bidasoko Hitza, Otamotz, Plaentxia.eus, Txintxarri, Uriola, Urola-Kostako Hitza, Urumeako Kronika, Uztarria eta Zarauzko Hitza.

 

2. Trafikoa gora

 

Hekimen elkarteko webguneetan 40 milioi bisitako3 langa gainditu da 2020. urtean, hain zuzen ere 40.805.565 saio egin baitira webgune guztien artean. Aurreko urtean baino % 43 gehiago.

Datu polita da, 40 milioi bisita horiek esan nahi baitute egunero-egunero 112 mila saio izan direla euskarazko hedabideetan.

Honatx taula batean datu horien azken zortzi urteko eboluzioa:

Ezin genezake esan zenbat erabiltzaile edo gailu diferentetik egiten diren saio horiek guztiak, hedabide desberdinen arteko datuak ari garelako batzen. Baina simulazio sinple bat egiten saia gintezke. Hedabide bakoitzak, bere aldetik, eguneko 1,5 edo 2 bisita lortzen ditu erabiltzaileko. Hedabide motaren arabera asko aldatzen da balio hori, baina batez bestekoa hor inguruan dabilela esan genezake. Hori talde osorako mantenduko litzatekeela suposatuz, pentsa genezake eguneko 112 mila bisita horiek 55 eta 74 mila gailu diferenteren artean sortuak izango liratekeela.

Alegia, 65 mila erabiltzaile inguruk bisitatzen duela, gutxienez egunean behin, Hekimen elkarteko webguneren bat. Iruditzen zaigu asko okertzeko beldurrik gabe eman genezakeela goiko datua.

Gailu eta erabiltzaileen zenbakia kontu handiz hartu behar bada ere, eguneko 112 mila saioena bera bada nahikoa datu elkarteko webguneen pisu esanguratsua erakusteko.

 

2020ko saio edo bisita bakoitzaren argazki orokorra ere atera genezake.

  • Bisita bakoitzean, batez beste 2,3 orri ikusi ditu erabiltzaileak eta, ondorioz, 92,6 milioi orri pasa ikusi dira.
  • Bisita bakoitzaren iraupena, berriz, hiru minutu pasatxokoa izan da, hiru minutu eta bederatzi segundo.
  • Saioen % 55 inguruan orri bakarra ikusi du erabiltzaileak, sartu eta irten egin baita orri berdinean.

Datu horiek biltzen dira urtez urteko bilakaera erakusten duen ondoko taulan:

 

Urteko datu orokorrak ikusita, beraz, nabarmen geratzen da 2020. urtean salto handia eman dela trafikoari dagokionez euskarazko hedabide hauetan. HA tresna datuak biltzen hasi zenez geroztik inoiz eman den igoerarik handiena izan da iazko % 43ko igoera hori.

Igoera hori gehixeago xehetzeko ahaleginean eta horretan pandemiak izan duen eragina apur bat arakatzeko asmoz, trafikoaren bilakaera banatu dugu hilabetez hilabete. Honatx emaitza, taula eta grafiko banatan.

 

 

 

2020ko martxoaren 11n deklaratu zuen OME Osasunaren Mundu Erakundeak COVID-19a pandemia gisa, eta grafikoan argi ikusten da garai horretan gertatzen den igoera4. Aurreko hiletik dator igoera, egia esan, otsaileko trafikoa ere aurreko urtekoa baino % 31 handiagoa izan baitzen. Martxoan, ordea, aurreko urtekoa ia bikoiztu egin zen: % 80 igo zen saio kopurua. Ekainetik aurrera, % 40 inguruko igoerarekin eutsi zitzaion hortik urte bukaerara arteko hilabete guztietan.

 

3. Alderaketa txiki bat

 

Iazko urtean gertatu zen % 43ko igoera hori testuinguruan jartzea komeni da. Asko al da? Gutxi?

Sarreran esan dugu iazko urtean trafiko gorakada handiak gertatu zirela hedabide digital guztietan, horren inguruko datuak bilatzea zaila bada ere. Comscore enpresa estatubatuarrak emandako zenbait daturen arabera5, urtarriletik martxora bitarteko itxialdian hedabide digitaletara egindako bisitak % 63 igo ziren Frantzian, % 58 Espainian, % 58 Alemanian, % 68 Italian eta % 54 Erresuma Batuan. Hekimeneko webguneen trafikoan urtarrila eta martxoa alderatuz gero, igoera % 65ekoa izan zela esan genezake. Zehaztasun gehigotan sartu gabe, esan daiteke eutsi zitzaiola gutxi gorabehera aipatutako herrialde horietako igoerari.

Baina alderaketa zehatzagoa egitea komeni da, geure inguruko beste zenbait hedabidek publikatuta dituzten datuak aintzat hartuta.

OJD Interactivak (Oficina de Justificación de la Difusión) ikuskatutako zenbait hedabidek sarean argitaratzen dituzten datuak bilduko ditugu ondorengo taulan. Batetik, Hego Euskal Herriko hedabideak: Eitb.eus, Deia, Noticias de Gipuzkoa eta Noticias de Navarra gehitu ditugu; bestetik, Kataluniako zenbait hedabide digital, katalanez ari direnak: Ara, VilaWeb6 eta ElNacional.cat.

Hedabide horien datuekin osatu dugu ondorengo alderaketa taula.

 

Goiko taulan ikus daitekeenez, Hekimeneko % 43ko igoera hori beste hedabide gehienena baino handiagoa izan da. Noticias de Gipuzkoa eta ElNacional.cat igo dira gehiago (% 74 eta % 72, hurrenez hurren), baina gainerako guztiek Hekimeneko hedabideek baino igoera txikiagoa izan dute.

 

 

OJDk ikuskatutako eta Hekimeneko webguneek osatutako balizko hedabideen multzo horretan, igo egin da Hekimeneko hedabideen pisua.

Euskal Herriko hedabideen artean, OJDk ikuskatutako multzoa (Eitb.eus, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Navarra, Deia eta Hekimen) % 33 igo da 2020. urtean. Beraz, batez bestekotik gora igo da Hekimen elkarteko webguneen trafikoa. Eutsi egin dio, ondo gainera, webguneen trafiko igoerari, aurretik zuena baino tarta zati handixeagoa eskuratuz gainera elkarteko webguneentzat.

Azken urteko datuei soilik erreparatu beharrean begirada apur bat luzatu eta azken sei urteko bilakaera aztertzea ere interesgarria izan liteke. Zenbat hazi dira hedabideok azken urteotan? Zein da euren bilakaera?

Kasu honetan, Hekimeneko hedabideen irakurketa ez da horren baikorra.

2015. urteko datuak abiapuntutzat hartuta, ondoko taula lortuko genuke azken sei urteotan hedabide bakoitzak izan duen hazkuntzaz.

 

 

Euskal Herriko hedabideen multzo hau % 173 hazi da 2015. urtetik 2020. urtera; Hekimeneko webguneak, aldiz, % 120 hazi dira, batez bestekotik dezente behera. Bikoiztu baino gehiago egin ditu bisitak Hekimenek sei urteotan, bai, baina gehiago hazi dira gainerakoak, ia saioak hirukoizteraino. Bakarren batek laukoiztu ere egin ditu saiook. OJDk ikuskatutako Euskal Herriko hedabideen artean pisu erlatiboa galdu dute Hekimeneko hedabideek azkenengo sei urte hauetan.

 

Alderaketa horiek guztiak tentuz hartzea komeni da. Askoz hedabide gehiagoren datuak jakin eta kontrastatzea izango litzateke desiragarria, benetan euskal gizartearen sareko kontsumoa zer neurritaraino aldatu den esan ahal izateko, eta horretan Hekimen elkarteko webguneek duten bilakaera neurtzeko. Hedabide gehienek ez dituzte euren datuak modu irekian eskaintzen, ordea, eta bakoitza bere irakurketa egitera mugatzen da. Halaber, Hekimen elkartearen barruan ere, ez dira hedabide guztiak bilakaera berdina izaten ari azkeneko urteotan.

Balio beza alderaketa txiki honek euskarazko webguneen sektorearen irakurketa orokorra kontestuan jartzeko eta bestelako ikerketa sakonagoei atea irekitzeko.

 

4. Hedabide motak

 

Hekimeneko 51 hedabideren datu agregatuak aipatu ditugu orain artekoan, baina hedabide motaren araberako banaketa egitea ere interesgarria izan liteke. Gogoratu, Hekimeneko hedabide guztiak hiru motatan banatzen ditugula: orokorrak, tokikoak eta tematikoak.

Honatx taula desagregatua.

 

 

 

Taulako informazioan apur bat gehiago begiratuta, Hekimeneko hedabideen igoera hedabide orokor eta tokikoetan gertatu da, % 46,4 eta % 43,5 igo baitira bi multzoak, hurrenez hurren. Aurreko urteetako joerarekin hautsiz, hedabide orokorrak Hekimen multzoaren batez bestekotik gora hazi dira, eta multzoaren batez bestekoaren pare-parean, berriz, tokiko hedabideak. Tematikoek % 1,5eko igoera izan dute.

Mota bakoitzaren pisua mantendu egin da honenbestez, hedabide multzo honen baitan. 2019an trafiko guztiaren % 32,7 jasotzen zuten hedabide orokorrek eta iaz % 33,5 jaso zuten; tokikoak % 63,4tik % 63,7ra igo ziren; tematikoak, berriz, % 3,8 izatetik % 2,7 izatera jaitsi.

Datu guztiak eta grafikoa, ondoren.

 

 

 

Hedabide tematikoak banan-banan aztertuta, izan dira batzuk hazkuntza handia jaso dutenak, hain zuzen ere pandemiaren gaiekin lotuagoak egon direlako segur aski. Gainerako tematikoek, baina, ez dute besteen goranzko joerari eusteko modurik izan. Tokiko eta orokorren artean ere diferentziak egon dira, batzuek besteek baino hobeto erantzun diotelako 2020ko informazio egarriari. Orokorrean, baina, ondo eutsi diote gainerako hedabide guztiek izan duten joerari.

Hilabetez hilabeteko azterketa eginez gero, garbi ikusten da hemen ere pandemiaren eragina.

 

Ez urte osoan bakarrik, hilabetez hilabete ere oso portaera berdintsua izan dute hedabide orokorrek eta tokikoek. Biek izan zuten martxotik ekainera arteko igoera handia, eta biek eutsi diote gerora ere irabazitako trafikoaren zati eder bati. Tematikoek ere igarri zuten pandemiaren hilabete gogorrenetan trafikoaren hazkuntza, baina ez bestelako motatako hedabideek adina.

 

5. Bukatzeko

 

Azken urteetan egindako lanarekin jarraituz, aurten ere Hekimen Analyticseko datuak bildu ditugu artikulu honetan. 2020. urtea berezia izan da eta horrek baldintzatu du, neurri batean, irakurketa osoa.

Trafikoa asko igo da, % 43. Batez ere martxotik aurrera gertatu da igoera hori, bizpahiru hilabetetan oso modu nabarmenean. Baina pandemiaren asterik gogorrenetan eta itxialdietan irabazitako erabiltzaileen zati handi batek hor jarraitu du ondorenean ere, urtea bukatu bitartean. Ikuskizun aurtengo 2021. urteak ere eutsi egingo ote dion tendentzia horri. Ez da apustu makala, hedabide guztien erronka baita kostata irabazitako erabiltzaile berriak erabiltzaile leial bilakatzea, eta ez pandemia garaian bakarrik.

Azken urteko igoerak meritu handia du, eta baloratu egin behar da. Trafikoa igo da hedabide ia guztietan, baina horrelako une berezietan baliabide gehien dituzten hedabideek eta hedabide handiek informazio guztia kontzentratzeko aukera eta joera ere izaten dutela esan genezake. Hekimeneko hedabide txikiek, baina, eutsi egin diote erronkari eta asmatu dute gutxienez inguruko beste hedabide batzuk adina hazten. Bertako eta euskarazko informazioak eutsi egin dio urte konplikatu honetan sektore osoan izan dezakeen pisuari, arreta bereganatzeko borroka horretan esfortzu handia eginez. Ez da gutxi.

Urte honen arrakastak ez du, ordea, epe luzexeago batera so izan daitezkeen arriskuak ahazteko balio behar. Asko hazi dira Hekimeneko hedabideak azken sei urtetan, baina inguruko batzuk behintzat gehiago hazi dira. Hazkuntza ratio txikixeagoa dute euskarazko hedabideek, urte horiek guztiak kontuan hartuz gero, inguruko beste hedabide batzuek baino. Aldea ez da handia, baina pandemiak erakutsi digu hazkuntza ratio desberdintasun txiki batek zer nolako aldeak sor ditzakeen urte gutxitan. Apustua dago hor.

Ez dute hedabide guztiek emaitza berdina lortu, jakina. Trafikoari dagokionez, tokiko hedabideek jarraitzen dute indar handiarekin euskarazko hedabideen multzotik tira egiten. Azken urte honetan, baina, hedabide orokorrek ere berezibiko garrantzia eta pisua izan dute, eta eten egin dute lehendik zuten beheranzko joera. Euskarazko hedabide tematikoek jarraitzen dute pisua irabazi ezinda.

Badakigu, dena dela, hedabideen jarduna ezin dela bisitetan soilik neurtu. Dena ez da klik kopurua, dena ez da denbora eta gailuak kontatzea bezain sinplea. Hedabideen eraginak ertz asko ditu, batzuk besteak baino nekezagoak neurtzeko eta paneletan sartzeko. Begirada eta azterketa osoago horren faltan, balio beza lan txiki honek urte zail honetan euskarazko hedabide sareak egindako lana eta jasotako emaitzak baloratzeko.

Balkoira irten eta txaloak jotzea komeni da batzuetan.


1.- Hekimen Analytics Hekimen Euskal Hedabideen Elkartearen proiektua da, besteak beste elkarteko webguneen analitika batzuk jaso eta bi helbururekin lan egiteko sortua: elkartearen baitako bilakaera aztertzea eta webgune desberdinen aldagaiak konparatuz tresnak hobetzeko baliatzea. 2015. urtean jarri zen martxan.

2.- Tokiko hedabide berri pare bat neurtzen hasi gara 2020. urtean eta, hori dela eta, txosten honetan aurkeztutako datuak aldatu egin dira iazko azterketan aurkeztutakoekiko. Gainera, beste hedabide txiki batek ere analitika sistema aldatu du eta horrek ere eragina izan du, batez ere azken hiru urteetan. Hortik dator aurreko txosteneko datuak ez erabat errepikatzea oraingo azterketan.

3.- Bisita edo saio moduan definitzen dugu erabiltzaile batek webgune batean sartu eta irten arte egiten duen ekintza multzoa. Erabiltzaile jakin batek hainbat saio egin ditzake egunean zehar webgune batean; saio bakoitzak X segundoko iraupena izanda eta Y orri bisitatuta horietako bakoitzean. Lan honetan, saio edo bisita erabiliko ditugu, biak zentzu berdinarekin.

4.- Aste horietako bilakaera zehatza aztertzen da artikulu honetan: Mimenza, Libe (2021): «(Euskaraz) klik eginez ilustratzen gara», <https://behategia.eus/eu/euskaraz-klik-eginez-ilustratzen-gara/>.

5.- Hemen datuak: What consumers in Europe do online during the lockdown, <https://www.comscore.com/Insights/Blog/What-consumers-in-Europe-do-online-during-the-lockdown>.

6.- VilaWeb-ek utzi egin zion OJDko ikuskaritzari eta, ondorioz, ez dago 2019tik aurrerako daturik.