Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2023-24 | Arantza Gutierrez-Paz (Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan Ikerketa Taldea, UPV/EHU)

«Legeen aldetik urrats batzuk eman badira ere, oraindik orain, nekazaritzan eta abeltzaintzan ari diren emakumeen egoera ez da oso ezaguna. Izan ere, hirigunearen inguruan eratzen da bereziki komunikabideen diskurtsoa».

1. Sarrera

Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan ikerketa-taldeko kideok 2016tik aztertzen ari gara emakumeek duten presentzia euskal hedabideetan, eta horren inguruan hainbat txosten eta artikulu argitaratu ditugu, non argi ikusten den azken urteotan emakumeen presentzia handitu den arren, oraindik bide luzea geratzen dela egiteko. Artikulu honetan, Europako beste unibertsitatetako ikerlariekin batera, landatartasunaren inguruko ikerketa zabal batean kokaturiko analisiaren bidez, nekazaritza edo landa-eremuko emakumeek duten ikusgaitasuna aztertu nahi izan da, horretarako EITB euskal irrati telebista publikoak eskaintzen duen Sustraia saioan duen presentzia aztertuta.

Baserriko etxeko lanetan ezkutatua, nekazaritza eremuko emakumeen lana ikustezina izan da, esparru pribatuan kokatua, eta ez-produktibo gisa hartua, baratzaren eta abereen zaintzarako ezinbestekoak badira ere. Langileei egokituriko gutxieneko eskubiderik gabe, emakumeen lana askotan sartu da harreman afektiboen barruko doako beharren artean, eta duela gutxi aitortu zaio arlo produktiboan egiten duen ekarpena baita legalki ere, beti ere emakumeek eta aliantza feministek aurrera eramandako borrokari esker.

Legeen aldetik urrats batzuk eman badira ere, oraindik orain, nekazaritzan eta abeltzaintzan ari diren emakumeen egoera ez da oso ezaguna. Izan ere, hirigunearen inguruan eratzen da bereziki komunikabideen diskurtsoa. Landa-eremuaren presentzia, aldiz, urria da eta askotan ematen den hustearen ideiarekin lotua edo erromantikotzat jo dezakegun ikuspegi batetik erakutsia da; COVID 19 pandemian areagotu zena, gainera. Beraz, nekazaritzaren mundua diskurtso mediatikotik kanpo badago, eta kontuan hartuta orokorrean emakumeek hedabideetan duten presentzia parekidetasunetik oso urrun dagoela, azterlan honetan ikertu nahi izan dugu zein den euskal landa-eremuko emakumeen ikusgaitasuna. Horretarako, EITB erakunde publikoak lehenengo sektoreari buruz eskaintzen duen Sustraia telebista saioan, emakumeek duten presentzia eta ahotsa ikertu dugu, kontuan hartuta EAEko Administrazioak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta EITB eta EITB Media SAUrekin sinaturiko lankidetza-hitzarmenaren2 bigarren puntuan honakoa jasotzen dela:

«Euskal Irrati Telebista- Radio Television Vascak, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean laguntzeko asmoz, genero-ikuspegia irekiko dio “SUSTRAIA” programari, emakumeek beren eskubideak baliatzeko oztopo espezifikoak dituen landa-ingurunean egiten duten lana aintzatetsiz eta emakumeek landa-eremuak mantentzeko eta eredu jasangarriago baterako eraldaketan duten rol berritzaileari egiten dioten ekarpena ikusaraziz»

2. Corpus Teorikoa

2.1. Emakumeak euskal landa-eremuan

Eusko Jaurlaritzak lau urtean behin EAEko landa-eremuan bizi diren emakumeen inguruko txostena argitaratzen du; azkena 2020an egindakoa da, COVID pandemia egoeran, eta, beraz, baldintza zehatzetan. Hala ere, horko datu orokor batzuk atera ahal ditugu: EAEko udalerrien % 73 landa-udalerri gisa jaso arren (azaleraren % 74) biztanleriaren % 14 baino ez da bizi bertan, eta horietako % 49 emakumeak dira. Txostenean jasotzen den bezala, landa-ingurua ez dago hiri-ingurua baino zahartuago, soilik emakumeen % 22k dute 65 urte baino gehiago, eta hiri-inguruan emakumeen % 26k (6. o.). Beste datu esanguratsua da pertsona migratzaileen ehunekoa % 9 dela, hirigunean baino 2 puntu txikiagoa, alegia. Hizkuntzari dagokionez, biztanleen % 42k euren burua euskaldun gisa definitzen dute, eta % 18 elebidunak dira. Txostenak dio landa-inguruak hiri-inguruak baino euskaldunagoa izaten jarraitzen duela. Ikasketa-mailari dagokionez, adinaren arabera, ikasketarik gabeko edo lehen hezkuntzako ikasketak dituzten emakume gehienak (% 80 baino gehiago) adin-ratio aurreratuenekoak dira: 65 urtetik gorakoak. Bestetik, 44 urte baino gutxiago dituzten landa-inguruko emakumeen % 91k, gutxienez, ikasketa profesionalak egin ditu, eta ia erdiak unibertsitate-ikasketak.

Txostenean jasotzen denaren arabera, landa-inguruko emakumeek egunean bere denboraren % 30 baino gehiago (ia 8 ordu) eskaintzen diote lanari (etxekoa, zaintzakoa edo ordaindpekoa), eta 2 ordu handitu da 2016tik; gizonek baino 2 ordu gehiago egunero. Zaintzaren eta ordaindutako lanaren denborak gora egin du, eta etxeko lanei eskainitako denborak pixka bat egin du behera. Landa-inguruko emakumeek denbora gutxiago eskaintzen diete behar fisiologikoei (jatea, lo egitea...) eta lanari, orokorrean, EAEkoek baino. Bestalde, zaintza-lanetan ia hiru aldiz gehiago inbertitzen dute landa-inguruan, eta aisialdia ere zertxobait handiagoa da. Gainera, joan-etorrietan emandako denbora EAEko batez bestekoa baino txikiagoa da. 2016tik, emakumeek lan ordainduari eskainitako denborak gora egin du, eta gizonek eskainitakoak behera. Etxeko lanei eskainitako denboraren aldeak oraindik ere mantentzen dira, betiere emakumeen kalterako.

Bestalde, landa-inguruko emakumeek denboraren % 6 ematen dute (ordu 1 eta 42 minutu) beste pertsona batzuk zaintzen; EAEko emakumeek, osoki, soilik 30 minutu eskaintzen dituzte egunero, eta EAEko gizonek, 12. Beraz, alde nabarmena dago landa-inguruko emakumeek lan horiei eskaintzen dieten denboraren eta EAEko emakumeen batez bestekoaren artean. Hori azaltzeko faktoreetako bat litzateke baserriaren osaera, bertan belaunadi bat baino gehiago elkarrekin bizi ohi delako.

Jaurlaritzaren diagnostiko horretan jasotzen den bezala, zerbitzuen sektorea da lan-jarduera gehien biltzen duen sektorea, bai gizonen eta bai emakumeen artean, landa-inguruan zein hiri-inguruan. Landa-eremuko emakume landunen % 86 baino gehiagok zerbitzuen sektorean egiten du lan; % 12k, berriz, industrian. Amaitzeko, lehen sektorean, emakumeen % 1ek dihardu (gizonetan % 4ra igotzen da, 2020ko datu horien arabera).

Azpimarratzekoa da 2020ko txostenak jasotzen duen beste datu bat: landa-inguruko emakumeen ia % 33 ingurumen-jardueretan inplikatuta dago. Gainera, zenbat eta ikasketa-maila eta hileko diru-sarrera handiagoak izan, orduan eta handiagoa da inplikazioa.

2.2. Ikustezinak

Leire Milikuak Lur gainean, itzal azpian. Emakume nekazariak eta parte hartzea liburuan (2022) azaltzen duenez, emakumeek baserrian egindako lana ezkutatua izan da askotan, edo ez da lan produktibotzat hartua izan, gizonen kasuan bezala. Izan ere, duela gutxi arte, oso emakume gutxi zeuden Gizarte Segurantzan alta emanda nekazaritza arloan eta, askotan, baserrian egindako lana etxeko lan gisa hartua izan da, eta ez ustiapen-lan gisa. Beste aldetik, formalki emakume jabeen kopurua igo bada ere, hori askotan paperaren gainean gertatu da, baina ez benetan… Hori oso loturik dago emakumeen parte-hartze txikiagoarekin; zaintza-lanak ere historikoki emakumeek egin dituztelako eta landa-eremuan zerbitzuen eskaintza hirigunean baino murritzagoa delako.

EBEL (Emakume Baserritarren Elkartea) taldeko Amelia Jauregik dioenez:

«Emakume, langile eta baserritar ziren aldetik, “bailara bakoitzean arazo eta gabezia handiak” zeudela ohartu ziren. Garai hartan, emakumeek ez zuten Gizarte Segurantzan kotizatzen eta, ondorioz, “ez ziren langile kontsideratzen”. Emakume baserritar gehienak senarraren baserrira ezkontzen ziren, “kanpotik joaten zenak normalean, aginpide gutxiago izaten zuen, are gehiago emakumea bazen”» (Goiberri, 2016).

2.3. Emakume baserritarren aliantzak

Leire Milikua Larramendik (2022) azaltzen duen moduan, «XX. mendeko bigarren erdira arte diskurtso akademiko eta eztabaida sozialean gailendu zen feminismoaren korronte nagusiak, unibertsaltzat hartu zena edozein testuingurutan aplikagarria zelako usteaz, oso emakume eredu zehatza zuela: zuria, klase ertain edo altukoa, mendebaldekoa… eta hiritarra edo urbanoa», eta 2010ean

«Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herritik igarotzearen harira elikadura burujabetzaren inguruan eman zen bat-egite feminista bat, adibidez, emakume baserritarrak eta feminismoak gerturatuz, (…) eta Etxaldeko Emakumeak taldea: elikadura-burujabetzaren proposamena kutsatu nahi diete erakunde feministei, jardun agroekologikoak eta landa-eremuko eragina; era berean, nekazarien erakunde eta mugimenduak feminismoz kutsatzea ere nahi dute. Oso interesgarriak dira baserri-, landa- eta hiri-eremuetako emakumeen arteko saretze eta aliantzak sortzeko bultzatzen dituzten ekimen eta topaketak».

Emakume baserritarren errealitateari eta behar propioei erantzun asmoz, 1990eko hamarkadan sortu ziren lehenengo emakume nekazarien taldeak:

Gipuzkoan, EBEL Emakume Baserritarren Elkartea 1991n sortu zen, EHNE sindikatuko kide ziren emakume baserritar batzuen ekimenez. Arabako Lautadan Gure Soroa sortu zen 1995ean. Lau urte geroago, 1999an, jaio ziren Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea eta Bizkaian, Zornotzan, Landa XXI, AMFAR3 barruan dagoena.

Hurrengo hamarkadaren bigarren erdian, 2007an, Hitzez jaio zen Gipuzkoan, Urola Kostan, landa-eremuko emakumeen osasun eta zaintzan arreta jartzeko; webgunean azaltzen dutenez:

«Historikoki, landa-inguruneko emakumeek ez dute baserrian duten eginkizunen inguruko bizipen, zailtasun, beldur, poz eta antsietateak adierazteko lekurik izan. Badakite euren lana baserriko familia-kideen zainketa dela, baina kasu askotan, ez dute euren burua zaindu eta nekeaz eta ahulduraz at mantentzeko beharraren kontzientziarik, baserriko eguneroko lana dela medio»4.

Etxaldeko Emakumeak5, bere aldetik, 2012an sortu zen; emakume nekazarien aldarrikapena, nekazaritza jasangarria eta elikadura subiranotasunaren defentsa batzen dute beren jardunean, eta emakumeek nekazaritzan izan duten paperaren aitortza aldarrikatzen dute:

«nekazaritza iraunkorra sustatzen duten erakunde eta kolektiboekin lotutako emakumeek salatzen zuten lehen sektorean emakumeek bizitzen duten desberdintasun-egoera. Aldi berean, aldarrikatzen zuten emakume hauek izan duten rol historikoa elikagaien ekoizpenean eta eraldaketan, eta nekazarien jakintza eta kulturaren transmisioan»6

2015ean, Emakumeen Mundu Martxaren karabana Euskal Herritik igaro zela aprobetxatutz, emakume baserritarren ikusgaitasuna indartzeko eta mugimendu feministarekin bat egiteko aukera baliatu ziren aliantza berriak egiteko.

2.4. Landatartasun berria, bizitza jasangarria eta emakumeak

Neorural terminoa hiriguneetatik datorren kolektibo baten landa-eremuan instalatzeari erreferentzia egiteko erabiltzen da, bereziki gazteak. Pertsona horiek landatarberri edo artisauberri gisa ere ezagutzen dira, nekazaritzan edo artisautzan aritzen diren arabera. Landa-eremuetarako itzulera hori, ordea, ez da landa-exodoaren antzekoa bolumenari dagokionez, hark nekazal eremuak hustu baitzituen (Nogué i Font, 1998). Paula Escribano Castañoren arabera (2020), neorruraltasun berri honek eredu neoliberalaren aurrean jasangarriagoa den eta ingurumenarekin bat datorren modu batean bizitzen saiatzen den gizarte eredu bat bultzatzen du. Ez da harritzekoa, beraz, emakumeak izatea, neurri handi batean, landa-eremurako itzulera horren protagonistak, birsortzeko asmoz, ugalketa-rol batera baztertzen zituen aukera-faltagatik abandonatu ondoren. Zainketen krisiak eta landa-gizarteen zahartzeak eragin du landatartasun berri hori, non emakumeek zeregin garrantzitsua duten, bizitza-eredu berri bati lotuta7.

Joan Nogué i Fontek (1998, 153) hiru landatarberri mota nagusi bereizten ditu: lehenik eta behin, artisautzan aritzen diren pertsonak; ondoren, nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzen direnak eta, hirugarrenik, jarduera jakin batean espezializatu beharrean, jarduera anitz dituztenak eta hirian egiten zituzten ordaindutako jarduerak barne har ditzaketenak. Baina, zalantzarik gabe, autore honek landatartasun berri horri lotutako lurraldetasun berria azpimarratzen du, industria-gizarteen ez-lekuaren aurrean, paisaia estandarizatu eta homogeneizatuak sortzen baititu. Alde horretatik, lana lurraldetasun horren funtsezko osagaietako bat da; gizarte industrialaren produktibitatea handitzera bideratutako espezializazioaren aurrean,

«lurrari edo artisautzari lotutako lan autonomoak hiri-sistemaren zatiketaren logika hautsi nahi du, ingurunearekiko harreman handiagoaren bidez, produkzio-prozesu osoaren bidez, funtzio soziala lehengoratzen duen lanaren dimentsio komunitarioaren bidez.» (Nogué i Font, 1998:153).

Bestalde, Roberto Torres Elizburuk (2006:61), zentzu negatiboan, kontraurbanizazioaz hitz egiten du, eta hiri-inguruneetatik datozen pertsonek landa-eremua inbaditzea dela definitu eta landa-eremura itzultze hori oso espazio zehatzetan gertatzen dela azaltzen du, «hiriguneekin ondo komunikatuta eta lotuta dauden eremuetan kokatzeko joera dute (...)». Era berean, bere aburuz, «klase berrien interes eta itxaropenek, jarrera babesle batera bideratuago daudenek, talka egiten dute bertako biztanleriaren nekazaritza-interes desarrollistekin». Torres Elizbururen ustez, landa-berpizkunde horrek, paradoxikoki, landa-eremu tradizionalaren heriotza dakar berekin; izan ere, «landa-eremua hiri-gizarteek baloratutako, eskatutako eta lehiatutako ingurune bihurtzen da.» (Torres Elizburu, 2006:61)

Bertan, nekazaritza, aisialdiko jarduerak, ingurumenaren kontserbazioa eta lehen eta bigarren egoitzen garapen urbanistikoa elkartzen dira. Aldi berean, gentrifikazioa gerta daiteke klase sozial berri baten etorrerarekin, erosteko maila handiagokoa, eredu desarrollistaren aurkakoa eta tokiko politikan parte hartzen duena, paradisu gisa bizitako ingurune horren kontserbazioa defendatuz.

Gentrifikazioaren ideia hori Ruiz eta Galdosen ere aurkitzen dugu (2019:148). Horien arabera, Euskal Herrian, udalerri «tertziatuenak, goi-mailako prestakuntza-maila dutenak, lanbide kualifikatuagoak dituztenak eta familia-errenta altuagoak dituztenak, hiri handietako hurbileko landa-ingurunean metatzen dira, eta horiek ingurumen- eta paisaia-erakargarritasunak dituzte». Ruíz eta Galdosek (2019:132) fenomeno horren beste izendapen batzuk ere jasotzen dituzte, hala nola postproduktibismoa, multifuntzionaltasuna, kontraurbanizazioa, landa-urbanizazioa, gentrifikazioa edo landa-elitizazioa. Greentrifikazio terminoa ere erabili ohi da prozesu horretan ingurumenak duen garrantzia nabarmentzeko.

Cruz Alberdi Collantes-ek (2016, 2018) azpimarratu du Euskadin tradizioz baserri-eremuan aritu diren pertsonek nekazaritza uztea edo ekoizpen intentsiboarekin jarraitzea erabaki duten bitartean, FAOk nekazaritza ekologiko edo eko-nekazaritza8 gisa definitzen duenaren eskutik doazela baserritar berriak, zailtasunik gabe ez bada ere, eta familia-ustiapenari lotuta.

2.5. Matriarkatuaren mitotik ekofeminismora

Euskal iruditerian sustraitutako ideietako bat da, zalantzarik gabe, etxeko andreak euskal etxe tradizionalaren euskarri gisa duen garrantzia, edo Euskal Herria matriarkatu batean oinarritzen delako ideia. Ildo horretan, María Boguszewicz eta Magdalena Anna Gajewskak (2020:37), Asier Altunaren Amama filmean mito horri buruz egindako berrikuspenean jasotzen duten bezala, Andrés Ortiz-Osés eta Jose Miguel Barandiaran bezalako autoreak aipatzen dituzte kontzeptu horren sortzaile moduan eta «beste aditu batzuen idazkietan errepikatzen ari zen eta eguneroko kontzientzian hedatu zen».Teresa del Vallek (1983) emakumearen boterearen idealizazio bat aipatzen du, Mariren irudi mitologikoan oinarritua zeina, nagusiki, landa-giroan jaio baitzen. Antropologo horren arabera, baserriaren inguruan, emakumeak kohesio eta egonkortasun gisa balio du, baina betiere euskal gizartean eta kulturan emakumeei tradizionalki esleitu zaizkien rolen barruan. Beraz, horrek ez du esan nahi etxeko eremutik haragoko boterea duenik, «femeninotasunaren, lurraren sinboloa izatetik haratago, kulturaren biziraupenerako eta garapenerako hain funtsezkoa den jakintza adierazteko», kultura eta hizkuntzaren transmisioa ere haren gain baitago.

Lurrera itzultzearekin lotutako beste kontzeptu bat ekofeminismoa da. Françoise d ‘Eaubonneren eskutik agertzen da terminoa 1974an, ekoizpen sistema patriarkal eta kapitalista bati naturara itzultzeko beharrari aurre eginez; Yayo Herrero edo Alicia H. Puleo egileek kontzeptu horren inguruan dauden korronte teoriko desberdinak jaso dituzte beren testuetan, eta patriarkatuak naturaz egiten duen erabilera produktibista kontrajartzen dute, landa-inguruneko emakumeek hainbat kulturatan defendatu eta mantendu duten zikloekiko errespetuaren ideiaren aurrean.

2.6. Landa-eremuko emakumeak komunikabideetan

Euskal Herria askotan irudikatu da baserriari edo nekazal munduari loturiko irudi tradizional eta erromantikoarekin. Horren adibide ditugu zenbait dokumental: Jean Faugeres eta Maurice Champreux zuzendarien Au Pays des Basques (1930); Orson Wellesen Around the world with Orson Wells sei filmetako bi: “The Land of Basques eta Pelota Vasca; André Madreren Gure Sor Lekua; Gotzon Elorzaren Erria edota Fernando Larrurquert eta Néstor Basterretxeak 1968an zuzendutako Ama Lur.

Javier Díaz Noci ikertzaileak bere doktore-tesian (1992: 112-113) XX. mendearen hasieran nekazaritzaren gaia jorratzen duten aldizkarien sorrera landu zuen; aldizkari horiek espezializatuak dira eta gehienak Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiei lotutakoak. Besteak beste, honakoak jaso zituen: Baserritar (1904), Nekazari Elkarte Anaitasunak bultzatua; Alkartasuna, Gipuzkoako Nekazarien Federazio Katolikoarena; Boletín Agro-pecuario-forestal de la Excma. Diputación de Vizcaya deiturikoa; 1958an sortzen da Goiz-Argi, Arantzazuko Nekazaritza Gehigarria eta urte batzuk geroago, Baserria: Baserriaren adiskideen gizarteko abelur orria (1967-1969) agertu zen, eta haren jarraipena izan zen Lurgintza, Bizkaiko Aurrezki Kutxak argitaratua.

Gaur egun, landa-eremuari buruzko bi argitalpen daude: bata, Gipuzkoan, Gure Lurrak berak argitaratua, eta, bestea, Bizkaian, Lorra kooperatibak, Ongarri9, Bizkaiko nekazarien elkarte eta kooperatiben aldizkariak, sei hilean behin argitaratzen dena. Beste aldetik Bizi Baratzeak buletina10 argitaratzen du astero.

Telebistan ere presentzia izan du; 1976tik 1978ra bitartean, Jose Mari Iriondok Euskalerria saioa zuzendu zuen RTVEk Euskadin zuen zentrotik. ETB kanal publikoan, Sustraiak hiru hamarkada baino gehiago bete ditu, eta baserria edo lan-eremuan kokaturiko bi reality ekoitzi ditu: Basetxea (2002tik 2008ra) eta Baserria (2021), zeinetan lehiakideek baserriko eguneroko jardunekin loturiko probak gainditu behar zituzten. Xaloa Telebistan, Ur eta Lur11 saioa eskaintzen dute

1950eko hamarkadan Hego Euskal Herriko ehun parrokia baino gehiagotan irrati txikiak sortu ziren, landa eremuari oso lotuak zirenak. Herri irrati horietan, baserriaren bizitzarako baliagarriak ziren informazioak eskaintzen zituzten, hala nola, uztari lotutakoak edo informazio meteorologikoari, prezioei eta euskal tradizio kulturalei eta herri-kirolei lotutakoak (Gutierrez Paz: 2011). 1956an Donostian, Mugimendua deiturikoaren Voz de Guipúzcoa irratia inauguratu zen. Bere programazioan euskarazko saio bat eskaintzen zuen, Jose Miguel eta Don Antonio, Enrike Zurutuza eta Manu Oñatibiaren eskutik. Azken hauek baserritarren kezketako batzuk ordezkatzen zituzten eta, aldi berean, euren jarduerari lotutako aholkuak ematen zituzten.

Gaur egun, Segura eta Arrate irratiekin batera bizirik dirauten Bizkaia Irratiak eta Herri Irratiak baserritar horiei zuzendutako saioak eskaintzen jarraitzen dute. Esaterako, Bizkaia Irratian nekazaritzari eta arrantzari buruzko albisteei buruzko atal berezi bat dago (Arrantza eta Nekazaritza). Euskadi Irratian, Landaberri programa eskaintzen da, ingurumen eta nekazaritza informazioari buruzkoa, Arantxa Arza kazetariaren zuzendaritzapean eta Jakoba Errekondoren aholkularitzarekin. Gune honetan, nekazaritzan modu profesionalean aritzen direnei baino gehiago, baratze bat lantzen duten pertsona horiei zuzendutako informazio erabilgarriak eskaintzen dira. Jasangarritasunaren eta ekofeminismoen ideiari lotuta, euskal nekazaritzaren ideia gainditzen duten eta alderdi internazionalista duten programak aurki ditzakegu irrati libreetan, hala nola Bilboko 97 irratiko Lekil lum – lur ona tzotzil eta tzeltal hizkuntzetan- edo Lur eta murmur Bizilur elkarteak egiten duena, baita Xorroxin irratian astelehenetik ostiralera eskaintzen duen eta nekazaritza eta abeltzaintza oinarri dituen Ur eta Lur12 izenburua duena.

Bestalde, 2020an, Araban sortu zen Mendialdea Radio eta haren helburua da, kulturan oinarrituta, hiriaren eta landa-eremuaren artean dagoen hausturarekin amaitzea, edo, haien webgunean adierazten duten bezala, «Arabar Mendialdetik, landatar kontaketa eguneratzearen bidez, arrakala kontzeptuala ixten. Beti kulturaren bidez».”13

Egon badaude ere nekazaritzarekin loturiko podcast batzuk; Argia eta Bizi Baratzeak bi podcast egiten dituzte: Egonarria14 eta Menda bikoitza15. 2022an EITBk Sustrai16 izeneko podcasten zortzi atal argitaratu zituen, gaur nahieran entzun daitezkeena.

Aipaturiko saio eta komunikabideetan, emakume baserritarrak agertzen badira ere, ez dute berezko lekurik, baina egon badaude landa-eremuko emakumeei ahots propioa ematen dieten dokumental batzuk; hona hemen jasotakoak:

Maitane Arnaiz Etxenausiak eta Leire Urkidi Azkarragak 2015ean zuzendutako Lurra, lana, izana. Usurbilgo emakume baserritarren ahotsa17.

Emakumeen Lurra18 (2018) Nafarroako emakume ekoizleen eta elikadura burujabetzaren inguruko dokumentala da. Nafarroako lehen sektoreko bost emakumeren testigantzak biltzen dira, baita haien errealitatea eta aldarrikapenak ere. Iñaki Alforjak jaso ditu, Mugarik Gabe Nafarroak, Mundubatek eta IPES fundazioak sustatuta.

Belaunaldi desberdinetako emakume baserritarren testigantzak jaso dituzte Erroa eta geroa19 (2020) dokumentalean. Bizipenak, kezkak eta hausnarketak, iraganarekin eta etorkizunarekin batzen dira. Itziar Bastarrikak eta Ainhoa Olasok zuzenduta, beren burua Sorgintxurrak izendatzen duen emakume-talde batek egindakoa Baserritik Mundura ikastaldiaren barruan.

Beste dokumental batean, berriz, Andiako landa-eremuko emakumeen20 (2021) bizipenak jasotzen dira, eta EHNEren webgunean21 zenbait bideo argitaratuta daude Emakume baserritarren jakinduria transmititzen izenburupean, baita Emakume Baserritarren Topaketak eta Baserrian ere, Iraultza gara! izenburudunak ere.

3. Metodologia

3.1. Ikerketa-objektua

EITBk ekoizten duen lehenengo sektoreari buruzko Sustraia programan emakumeek duten ikusgaitsuna aztertzea da ikerlan honen objektua.

Sustraia

Duela hiru hamarkada baino gehiago sortu zen Sustraia saioa lehenengo sektoreari buruzko azken informazioak eskaintzeko asmoz, eta arreta berezia jarrita, esaten dutenaren arabera, lehenengo sektorearen sustapena, berrikuntza eta belaunaldi berriak. Euskaraz larunbatetan 12:30ean ETB1en, eta gaztelaniaz, berriz, igandeetan, 11:45ean ETB2n. Saio bakoitzak 30 minutu irauten du. Horretaz gain, nahieran ere ikus daiteke, eta denboraldi gehienak jasota daude EITBren webgunean: https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/57/.

Datu teknikoak:

Gidoia eta Zuzendaritza: Josu Butron

Produkzio ordezkaria: Maite Etxebarria/Elena Gozalo (2018tik aurrera).

ITESAk egindako produkzioa EITBrentzat.

Saioaren iraupena: 30’.

Egitura: 1. erreportajea - Berriak laburrago – 2. erreportajea (denborladi batzuetan, azken atalean bereziki berrikuntzari aipamen berezia egiten zitzaion).

3.2. Ikerketa-helburuak

Ikerketa honetan aztertu nahi izan da landa-eremuko emakumeek duten ikusgaitasuna EITBk, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Aldundien babesarekin, lehenengo sektoreari buruz eskaintzen duen Sustraia saioan. Horretarako honako aspektu hauek neurtu dira:

  1. Emakumeen presentzia: aztertzen da zein den emakumeen presentzia ikerturiko ataletan baita zein diren agerturiko emakumeen rola (aditua, aritua, ikaslea, ordezkari politiko, sindikala edo elkartekoa). Hau da, ikerketa kuantitatibo zein kualitatiboa egiten da.
  2. Genero ikuspegia informazioetan: nekazal edo landa-eremuko emakumeen berezko egoerari buruzko informazioa agertzen den ala ez.
  3. Genero-estereotipoak: nekazal edo landa eremuko Emakumeen inguruko irudi estereotipaturik eskaintzen den ala ez.
  4. Landa-eremuari, eta bertan ari diren emakumeei, esleitzen zaizkien baloreak.

3.3. Lagina eta fitxa

EITBko webgunean nahieran dauden saioen aukeraketa egin dugu eta orotara 2015-2023 urteetako 18 saio edo atal aztertu dira. Hauek aukeratzeko, urte bakoitzeko bina hautatu dira, bat urte hasierakoa, eta bestea udako etenaldiaren ondorengo hilabetetakoa, beti ere urtez urte data hilabete bat aurreratuz. Kasu batzuetan, zegokion egunean emanaldirik ez zegoelarik, hurrengo atala aztertu da. Beraz, honako saio hauek aztertu dira:

Urtea

Emisio-data

Lotura

2015

Apirilak 4

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/abra-sariak-idiazabal-gazta-valorlact-eta-bizkaiko-txakolina/osoa/5042/92505/

Irailak 12

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/iturrarango-haritz-bilduma-arabako-txakolinaren-uzta-eta-lehen-sektorea-berrikuntza-bidean/osoa/5042/92518/

2016

Maiatzak 7

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/alimentaria-2016-eta-miren-patata/osoa/5500/113944/

Urriak 9

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/urriko-lehen-astelehena-eroski-esnea-eta-paturpat/osoa/5500/113953/

2017

Ekainak 3

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/nekazaritza-eskolak/osoa/5789/129030/

Azaroak 11

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/aiako-testaje-zentroa/osoa/5789/129038/

2018

Otsailak 24

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/agerre-baserria-baratze-eta-fortaleza-kafea/osoa/6055/144941/

Abenduak 15

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/itsasoko-hondakinak-eta-kalikolza-proiektua/osoa/6055/144970/

2019

Martxoak 2

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/azienden-elikadura/osoa/6374/157696/

Urriak 12

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/urriko-lehen-astelehena-getariako-txakolinaren-mahats-bilketa-eta-kortaria-gaztandegia/osoa/6374/157713/

2020

Apirilak 4

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/ibaigane-jatetxea-juananeko-borda-eta-zubillaga-hiltegia/osoa/6724/174369/

Azaroak 7

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/garlan-lekariak-hareko-eta-lana-scoop/osoa/6724/174387/

2021

Maiatzak 8

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/10-atala/osoa/7450/187816/

Abenduak 4

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/30-atala/osoa/7450/187836/

2022

Ekainak 4

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/15atala/osoa/8081/202286/

Irailak 24

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/17atala/osoa/8081/202288/

2023

Otsailak 25

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/1atala/osoa/8621/219331/

Urriak 7

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/19atala/osoa/8621/219350/

Saio horietan agertzen diren pertsonen ezaugarriak jasotzen dituen fitxa bat egin da, zeinetan honako atal hauek jaso diren:

  1. Dimentsio fisikoa: elkarrizketatutako pertsonaren izena, adina eta generoa.
  2. Dimentsio soziala: harreman sozialak, egoera zibila, lanbidea eta hezkuntza.
  3. Tokiko dimentsioa: pertsona non dagoen: lanean, etxean, kanpoaldean…
  4. Argudiozko dimentsioa: saioan parte hartzeko arrazoia (ekoizlea, aditua, lekukoa…)

Hau aztertuta soilik, saioan emakumeei eman ohi zaien ikusgaitasuna eta genero-ikuspegia lantzen den ezagutzeko datu nahiko lortu ahalko balira ere, azterketa osatzeko, urriaren 15ean ospatzen den Landa Eremuko Emakumeen Egunaren inguruan, Sustraian eskainitako erreportajeak ere aztertu dira. Hain zuzen ere honako saio hauetan22:

Emisio-data

Lotura

2015-10-24

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/giez-berri-eta-landa-eremuko-emakumeen-eguna/osoa/5042/92524/

2016-11-19

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/euskal-sagardo-jatorri-izendapena-sasi-ardi-eta-landa-eremuko-emakumeak/osoa/5500/113959/

2016-12-03

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/haria-galtzen-bizkaia-txakolina-forum-eta-emakumeak-euskal-landa-eremuan/osoa/5500/113961/

2017-10-21

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/landa-eremuko-emakumeen-eguna/osoa/5789/129035/

2018-10-27

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/arabako-txakolinaren-mahats-bilketa/osoa/6055/144963/

2019-10-26

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/euskal-oiloa-landa-eremuko-emakumeen-eguna-eta-bizkaiko-txakolinaren-mahats-bilketa/osoa/6374/157715/

2020-10-17

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/larreako-gaztak-landa-eremuko-emakumeen-eguna-eta-arabako-errioxako-mahats-bilketa/osoa/6724/174384/

2021-10-23

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/24-atala/osoa/7450/187830/

2022-10-22

https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dibulgazioa/sustraia/21-atala/osoa/8081/202292/

4. Saioen azterketa

4.1. Gizonen protagonismo handiagoa

Goiko grafikoan ikusten denez, azterturiko 18 saioetan adierazpenak egiten dituzten 154 pertsonetatik 58 emakumeak dira (% 37,67) eta 96, berriz, gizoneak (% 62,33). Egon badaude beste protagonista batzuk, horietako zenbait izen-abizenekin azaltzen direnak (omenaldia jasotzen dutenak, saridunak, aktoreak…), baina analisi honetan ez ditugu kontuan hartu eta hitza hartzen dutenen soslaia aztertu dugu bereziki.

Profilaren analisi sakonago batean, emakume eta gizonen ordezkaritza arloka banatu genuen, landa-eremuarekin loturiko jardun nagusiak kontuan hartuta: abeltzaintza (gaztagintza eta haragiaren sal-erosketa barne), ardoen eta sagardoaren ekoizpena, elikadura (elikagaien komertzializazioa eta gastronomia), eskulangintza eta artisautza eta nekazaritza. Beste aldetik, erakunde pribatu eta publikoen (elkarteak, fundazioak…) ordezkari gisa agertzen direnak sailkatu ditugu alde batetik, eta foru aldundietako eta Jaurlaritzako ordezkari politikoak bestetik. Teknikoak (albaitariak edo ikuskariak, kasu) zein ikertzaileak ere bereizi ditugu. Halaber, ikerlan honen helburua, landa-eremuko emakumeen presentzia ikertzea bada ere, lan-jarduneko lehenengo sektoreko arrantzan ari diren enpresa eta pertsonak ere agertzen dira Sustraia saioan, eta, beraz, horiek sartu ditugu gure azterketan. Amaitzeko, bestelakoak izeneko arloan, landa-eremuarekin harreman zuzena ez duten pertsonak sailkatu dira (aktoreak edo kirolariak, adibidez). Formakuntzan lan egiten dutenek ixten dute banaketa hau.

4.2. Gizon eta emakumeen ordezkaritza jardunaren arabera

Aurreko grafikoan ikus daiteke, arlo edo jardun bakoitzari loturiko gizon eta emakumeen kopurua:

  • Arrantzan eta nekazaritzan emakumeen ordezkaritza handiagoa da gizonena baino; lehehengo kasuan, itsas-kontserben industriari lotuta bereziki.
  • Elikaduraren industriari dagokionez, aipatu beharra dago, azterturiko ataletan agertzen diren sukaldari profesional guztiak gizonezkoak direla, nahiz eta askotan sutean daudenak, aldiz, emakumeak izan. Eta arlo honetan ere, lantegietan emakume langileak agertzen dira batik bat (errekurtso-bideoak).
  • Ikerketan (%60) eta formakuntzan (%55) ere, emakumeen presentzia zertxobait altuagoa da; eta soslai teknikoari dagokionez, aldiz, parekidetasuna erabatekoa da. Hau da, saioan parte hartzen duten adituak elkarrizketatzeko orduan parekidetasuna dago.
  • Beste aldetik, abelzaintzan (% 76,2) eta ardo, txakoli eta sagardoaren ekoizpenean (% 85) are nabarmenagoa da gizonen parte-hartzea emakumeena baino. Soilik eskulangintzan ez dago hitza hartzen duen emakumerik.
  • Beste Sektore ezberdinetan bezala, emakumeek eremu publikoan eta instituzioetan gero eta ordezkaritza handiagoa dute eta ikerturiko saioetan hitza hartzen duten ordezkari politikoen % 61 gizonak dira; % 54 gainerako erakundeen kasuan.

4.3. Agertzen diren emakumeen soslaia

Azterketan agertzen diren 56 emakumeen % 38 ordezkari instituzionalak dira (gizonen kasuan, ehunekoa zertxobait baxuagoa da, %34koa), bai erakunde pribatu edo publikoetakoak bai aldundietako eta Jaurlaritzakoak, hau da, jardun politikoan ari direnak. Horretaz gainera, aipatzekoa da bertan agertzen diren emakumeen profil teknikoa edo jakintzarekin lotutakoa (% 28), eta orotara % 34k jarduten du landa-eremuarekin loturiko lanbideetan. Gizonen kasuan, ia erdia (%49) baserritartasunarekin loturiko ogibide batean ari da, bereziki abeltzaintzan zein ardoaren eta sagardoaren arloan.

Aipatu beharra dago saioan zehar eskaintzen diren bideo gehienetan gizon eta emakumeak agertzen direla. Abeltzaintza, eta bereziki artzaintzarekin loturikoetan, zailagoa dela emakumeak ikustea, eta maiz gizonezkoak baino ez direla agertzen. Artzaina da, aldiz, Maider Martinez, 2022ko irailaren 24ko saioan parte hartzen duen protagonistetako bat, baita Idiazabal Jatorrizko Izendapenaren lehendakari ordea ere. Ez zuen aurretik harremanik ez nekazaritzarekin ezta abeltzaintzarekin ere, eta Arantzazuko Artzain Eskolan formatu da. Bere hitzetan, «emakumea izatea hemen eta gaztea izatea, besteentzako modelua izan daiteke. Gaur egun sektorera datozen berriak ez dira orain duela hogei, hogeitamar edo berrogei urte inkorporatzen ziren berdinak, modelua oso ezberdina da».

Beste aldean dugu, berriz, elikaduraren industria, zeinetan emakume gehiago agertzen diren. Salbuespena da, ordea, janariarekin loturiko ostalaritzaz ari diren albistean. Adibidez, 2020ko apirilaren 4an Ibaigane jatetxeari buruz egindako erreportajean, lau emakume, mantal zuriak soinean, sukaldean daude lanean (okela, barazkiak mozten…), baina gizonak, izen-abizenez agertzen den bakarrak, Aitor Maguregi, beltzez jantzita, hitz egiten du jatetxeari buruz. Izen propioa duen gizon sukaldari profesional horren irudi estereotipatua indartzeko, gainera, horrek ama goraipatzen du erreferente gisa. Halaber, 2021eko maiatzaren 8ko emanaldian, Getariako Elkano jatetxeko Aitor Arregiren hitzetan ere topatzen dugu sukaldean ari den emakumearen irudia (amona) eta esparru publikoan ari zen parrillaria (sukaldari profesionala): «Elkano jatetxean gaude, aitaren etxean, amona Josepa sukaldari ona zen eta bere etxean, Elkano txikian aita Alemaniatik etorri zenean jatetxe bat edo taberna bat jarri zen… arrantzaleek ekartzen zuten arrain hori bertan erre, aita kalean eta amona sukaldean…».

4.4. Eszenatokiak eta izendapenak

Programan parte hartzen duten aditu eta arituen elkarrizketak edo adierazpenak jasotzeko eszenatokiei dagokienez ere ez dago nabarmentzeko ezberdintasunik generoaren arabera; politikari guztiak eta zenbait ordezkari instituzional kenduta, agertzen diren pertsonak beren lantokian agertzen dira. Kasu batzuetan, jardunean ez dauden arren, laneko arropaz agertzen dira.

Askotan protagonisten izenak azaltzen ditu saioaren gidariak, abizenik gabe, eta azpitituluetan abizen bakarra azaltzen da, 2018ko abenduaren 15ean agertzen den Oihane Cabezas Basurko izan ezik. Izen propioekin aipatze hori hasiera batean genero-ikuspegitik interpretatu bazen ere, saio guztiak ikusi ondoren, nabaria da, ez dagoela ezberdintasun handirik emakume eta gizonen izendatzeko orduan, eta pertsonenganako hurbiltasun afektiboa adierazteko estrategiatzat interpreta daiteke.

Azpitituluetan ere ez dago berezitasunik generoaren arabera, eta gehienetan izen-abizenen azpian, baserri, ustiapen, etxalde edo erakundearen erreferentzia jartzen da; kargu politikoen kasuan zehazten da eginkizuna, baita tekniko batzuen kasuan ere. Ez dio inolako erreferentziarik egiten inoren egoera pertsonalari, nahiz eta esatariak batzuetan agertzen diren pertsonen arteko harremana (senidetza batik bat) azaltzen badu ere.

4.5. Landatartasun berria

Ongizatea, bizimodu hobea, elikadura osasungarria, hiriguneak erakarritako urduritasuna, lanbide estresatzailea uztea, langabeziak zabaldutako aukera berriak, familia eta lana uztartzeko beharra, seme-alabei naturarekin eta ingurunearekin harreman jasangarria eskaintzea, senideen tradizioa mantendu eta berritzea… Horiek dira saioetan zehar agertzen diren balio batzuk, hirigunea atzean utzita, landa-eremuan bizi eta lan egitea erabaki duten emakumeen ahotan.

2016ko urriaren 9an, Irene Arnaizek, SC Casanueva kooperatibakoak, Jon Gutierrez senarrak ustiapena gurasoengandik hartu zuela azaldu eta gero, bera ondoren hasi zela azaltzen du: «Alaba izan eta gero hasi nintzen(…). Hemen lan asko dago eta laguntza behar zen. Lana oso gogoko dut eta pozik nago. Gustatu ezean ezin duzu hemen lanik egin, argi eta garbi esanda. Guk gustuko dugu hemen bizitzea eta gure lanetik bizitzea. Seme-alabei natura eta animaliak maitatzen eta zaintzen irakasten diet».

Estitxu Sudupe babarrunen ekoizlea ere landatartasun horren adibidea da; bere burua kalekumetzat jotzen du eta lotzen du nekazaritza elikadura osasungarriarekin, ongizatearekin: «Beti gustatu izan zait nekazaritza, norberak uztaturikoa jan... Eta ama izatearen ondorioz, nekazaritza ekologikoaz (zer jaten dugun) hausnartzen hasi nitzen…». Hori dela eta, ikastaroak egin zituen eta babarrunak landatzen hasi zen; horretan ingurukoen babesa izan zuen, baita babarrunen ekoizleen elkartearena ere (kidea da).

2020ko apirilaren 4ko saioan, Juananeko bordari buruzko erreportajean, Jone Etaiok azaltzen du Iruñekoa zela eta hasi zenean ez zuela lanbidea ezagutzen, baina lantokian arazoak zituela utzi zuen hirigunea. Asko eskatzen baina asko ematen duen baserriko lan horren «lilurak» harrapatu zuela dio, hasiera gogorra izan zela aitortu arren.

2022ko ekainaren 4ko saioan, Amezketako Argaia Goienako baserrian, Aintzane Garmendia agertzen da bikotekidea eta ume txikiarekin baratzean, eta umea besoetan, aldiz, urdaitegian. Berak ere lotzen du landatartasuna lana eta familia uztartzeko bizimodua. Amon-aitonengandik jaso zuen Argaia Baserria eta hirugarren seme-alabaren haurdunaldian, eraikuntza alorrean komertzial gisa egiten zuen lana utzi zuen.

Aipatzekoa da, landatar berri horien artean, Kolonbiatik etorritako Marcela Pava abokatua agertzen dela 2022ko irailaren 24ko saioan. Mustai Ortua kudeatzen du bere bikotekidearekin batera eta aztertutako saioetan agertu den emakume migratu bakarra23 da.

4.6. Emakume “ekintzaile” eta “eredugarriak”

2017ko azaroaren 11ko saioan, Ekoudalatx Mintegiari buruzko erreportajean, esatariak dio «Idurre eta Nerea emakume gazteak dira, eta landa-eremuko euskal Emakumeen profila ederki betetzen dute», baina ez dute azaltzen, ordea, zein den soslai hori.

Landa-eremuko Emakumeen Egunaren harira, 2015eko urriaren 15eko emanaldian, ekitaldi instituzionalean parte hartu zuten bi emakumeren jardunean arreta jartzen du saioak: «landa emakumeen espiritu borrokatzailea ordezkatzen dutenak». Alde batetiik, Garaiko hegazti-etxaldean elkarrizketatzen duten Iratxe Martinezi egokitzen zaizkion balioak dira: lana profesionaltasunez egitea eta familia eta lana kontziliatzea; emakume gaztea eta ekintzailea den heinean ere, berrikuntzak sartzea eta familiarekiko eta ingurunearekiko baloreak zaintzea.

Beste aldetik, Loli Casado Upategiko Loli Casadoren solasaldian, gizonen mundua dela aitortu arren, emakumeek lan egiten badute, egin dezaketela frogatzen dute. Kasu honetan, elkarrizketaren une batean, senarra ondoan agertzen da eta upategiaz hitz egiten du. Casadok paralelismoa egiten du eta bere hitzeatan bere aitak, Luisek, ezin izango zuen upategia aurrera atera Emiren (ama) lanik gabe, eta orain Jesusen (senarra) laguntza du berak.

2016ko urriaren 19ko saioan, berriz, esparru publikoan ari diren bi emakume elkarrizketatzen ditu saioak; Maite Aristegi sindikalgintzan eta politikan aritua eta Ana Villasante, Bernedoko alkatea. Aipatzekoa da, kasu bietan emakumeak “etxeko lanak” egiten agertzen direla. Aristegiren kasuan, kudeatzen duen baserri-etxearen garbiketak egiten eta Villasanteren kasuan, erosketak egiten kafea hartzera joan aurretik.

Nati López de Muniain Burgeluko alkatea da protagonista 2017ko urriaren 21ean emandako Landa Eremuko Emakumeen Egunari buruzko erreportajean. Salatzen duenez, Euskadi beti lotu da matriarkatuarekin, emazteak etxe barruan baserria gobernatzen zuen, baina jabetza gizonena zen, mugak zeuden etxaldea emakumeen izenean jartzeko. Bere iritziz, emakumeek beste era bateko politikak egiten dituzte.

Emakume ekintzaile gisa aurkezten dute 2020ko urriaren 17ko elkarrizketan Marta Mas, hiria utzi eta Bernedora joan den kulturgilea. Solasaldia hasi aurretik seme-alabak eskolako autobusera laguntzen agertzen da eta gero harategian erosketak egiten. Landatar berriak, Arabako Mendialdean bizitzea ongizatearekin, familiarekin egotearekin eta ondo jatearekin lotzen du, nahi duen bizimodua egiteko aukerarekin. Antzerki konpainia eta Mendialdea irratia sortu ditu, lan-eremuan ere kulturak garrantzi handia duelako.

2021eko urriaren 23ko saioan, Arantxa eta Ana Eguzkiza aipatzen dira, Hernaniko Iparragirre sagardotegiko «bi emakume ekintzaileak». Gipuzkoako sagardogileen elkarteko eta Euskadiko Nekazaritza ekologikoaren elkarteko burua den Arantxa Eguzkitza aurkeztean, gainera, «dinamikoa» dela azpimarratzen du, «emakume eredugarria» eta gaineratzen du «honakoak gero eta gehiago dira lehen sektoreko ardura postuetan». Bere aldetik, Eguzkitzak aipatzen du garrantzitsua dela emakumeek erakundeetan parte hartzea «Emakumea izateagatik ez, beren balioagatik baizik (…) Euren balio, dedikazio eta konpromisoagatik emakumeek ere lehen sektorean protagonismoa irabazi dute».

Esparru publikoan gero eta emakume gehiago behar direlako ideia hori ere aurkitzen dugu beste testigantza batzuetan:

Aristegiren hitzetan: «Behar beharrezkoa da emakumeek parte hartzea gizartean! Eta lideratzea gizartean, eta ditugun arazoak kontatzea, eta eskakizunak egitea… Autoestima arazoei aurre egin behar zaie. Guk ezagutzen dugu, guk egiten ditugu proposamenak…» (2016ko urriaren 19ko Sustraia)

2021eko abenduaren 4ko saioan, Gure Lurra - Sembrando Futuro ekitaldiaren berri ematen dute, eta bertan hiri-inguruneko eta landa-eremuko jendea batzea da helburua, elkar ezagutzea. Bertan, Aintzane Encinas futbolariak parte hartzen du, eta berak azpimarratzen du emakumeek izan behar duten tokia, kirolean gertatzen denarekin parekatuz: «ikusi dugu neskek ere badugula gure lekua, bai futbolean bai lehenengo sektorean, eta horren itxura da gaurko kongresua eta ikus daiteke neskak ere hor gaudela, aldaketa asko egon direla eta neskek badugula lekua bai lehenengo sektorean, bai kirolean eta baita edozein sektoretan ere».

4.7. Erakundeen eta Emakumeen Estatutuaren legearen goraipamena

2015eko urriaren 24an emitituriko saioan, Landa Eremuaren Egunaren ospakizunaren baitan, Elena Unzuetak, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Inguru naturala zaintzeko diputatuak, EAEko Emakume Nekazarien Estatutua onartu berri zela aipatu zuen bere mezuan, eta ideia horretan sakondu zuten ere bertaratu ziren gainerako Aldundi eta Jaurlaritzako ordezkariek, erakundeen papera emakumeak «laguntzea» dela esanez.

Estatutuaren gaia berriz agertzen da 2018ko urriaren 27an, hiru urteko muga horretatik aurrera, dirulaguntzak jasotzeko, erakundeak emakumeak zuzendaritzan sartzera behartuta baitaude, eta bi ildo nagusi aipatzen dira: (a) nekazaritza ustiapen jabetza emakumeen izenean ere egotea (%34 daude) eta (b) lehen sektoreko entitateetan emakumeek ordezkapena izatea.

Lege hori ere hizpide izan zen 2019ko urriaren 26ko programan, zeinetan, hainbat erakundetako ordezkarien hitzak jaso eta Raquel Ramírezek Naldako El Colletero elkartean izandako esperientzia aipatzen den. Esatariak amaitzen du esaten oraindik asko dagoela egiteko eta azpimarratzen du «emeakumeen lana eta partehartzea ezinbestekoa» dela.

4.8. Hala ere, estereotipo “femeninoak”

Landa-eremuko Emakumeen Egunaren harira emandako erreportajeetan aurkitu ditugu ere emakumeen irudi estereotipatuenak. Ekitaldietan parte hartzen duten emakume gehienak adinekoak diren arren, ez dira saio bakar batean ere elkarrizketatzen. Ospakizunaren inguruan azterturiko lehenengo saioan, esatariak azaldutako zazpi emakumeren esperientzien inguruan «Bereziki entzuleria hunkitu zuten istorioak izan zirela» dio, baita «ametsak errealitate bilakatzeko lana eta irudimena behar direla frogatu zuten».

Esan bezala, 2016ko urriaren 19ko saioan, kudeatzen duen baserri-etxearen garbiketak egiten dago Maite Aristegi, eta Ana Villasante erosketak egiten, kafea hartzera joan aurretik. 2020ko urriaren 17an, berriz, Marta Mas, hiria utzi eta Bernedora joan den kulturgilea, solasaldia hasi aurretik, seme-alabak eskolako autobusera laguntzen agertzen da eta gero, harategian erosketak egiten.

2022ko urriaren 22ko saioan, Dimako Fidel Abans etxaldea gobernatzen duen eta Landa XXI elkartearekin abokatu gisa kolaboratzen duen Oneka Zaballari buruz, esatariak zera dio: «Onekak abereak mimatzen ditu eta ezin hobeto moldatzen da gaztea izan arren». Iruzkinean, gainera, adinkeria ere agerian utziz.

5. Ondorioak

Ehunekoei dagokionez, eta Emakumeen Ikusgaitasuna Komunikabideetan Ikerketa Taldeak parekidetasuna 40/60 finkatua duelarik, esan dezakegu, emakumeen presentzia Sustraia saioan parekidetasunetik hurbil dagoela, elkarrizketaturiko pertsona aritu eta adituen ia % 38 emakumeak baitira. Dena den, kontuan hartuta Jaurlaritzak 2020an egindako txostenean jasotzen denez emakumeak direla EAEko landa-eremuan bizi den biztanleriaren % 49, esan dezakegu oraindik bidea dagoela egiteko emakumeen presentzia handitze aldera. Egia da, landa-eremuan bizi diren biztanle guztiek ez dutela bertan lan egiten, eta lehenengo sektorean lan egiten duten emakumeen ehunekoa gizonena baino hiru puntu txikiagoa dela; hortaz, esan dezakegu, emakumeak agertzeko ahalegina egiten dela saioan.

Beste arlotan gertatzen den bezala, agertzen diren emakume gehienak esparru publikoan eskarmentua duten ordezkari instituzionalak dira, eta horiekin batera soslaia teknikoa (adituak) dutenak agertzen dira. Beste aldetik, aipatu behar da tradizionalki baserrian parte hartu duten emakumeek (arituak), hots, ikustezinak izan diren adineko emakumeek, ez dutela ahotsik; nahiz eta beren lana eta ibilbidearen aitortzaren beharra behin eta berriz aipatzen duten ordezkari politiko eta instituzionalek zein belaunladi berrietako emakumeek. Nabarmendu behar da, Landa-eremuko Emakumeen Egunaren inguruko erreportajeetan adineko emakume horiek agertu arren, behin ere ez zaiela hitza eman. Esan bezala, haien erreferentziak beti zeharkakoak dira.

Aurreko ideiarekin lotuta, landa-eremuko emakume eredugarriak aukeratzeko orduan, maiz arlo publikoan ari direnak edo bere sektorean arrakasta lortu dutenak, ekintzaileak, agertzen dira. Gizonen kasuan hori ez da hain nabaria eta lorpen berezirik izan ez duten gizon arituak ere agertzen dira.

Beste aldetik, ez dago genero-bereizketarik protagonistak izendatzeko edo kokatzeko orduan, eta ez dira estereotipaturiko roletan ageri, nahiz eta keinu batzuk nabarmentzen diren saio batzuetan: esaterako, zenbait emakume hitz egiten duen gizon baten ondoan agertzen dira, hori ez da alderantziz gertatzen; sukaldaritza lanbide duen gizona irudikatzen den bitartean, emakumeak kozinatzen agertzen direnean, esparru pribatuan (sukaldean) agertzen dira, baita iruditerian ere. Esparru publikoetan ari diren emakume batzuk agertzean ere, garbitzen, zaintza lanetan edo etxearekin loturiko jardunetan agertzen dira.

Landa-emakumeen bizimodua ongizatearekin, elikadura osasungarriarekin, jasangarritasunarekin edota naturarekiko errespetuarekin lotzen da, eta ildo horretan, hirigunetik etorritako emakumeek bizitza eta lana zein senideei ingurune osasuntsua eskaintzeko beharra ikusten da. Era berean, ekofeminismoaren balioekin loturiko balioak azaltzen dituzte agertzen diren emakume askok, baita ustiapen ekologikoa egitea erabaki dutenek ere. Aipatzekoa da, azterturiko saioetan, abeltzaintza estentsiboaren aldeko aldarria egiten dela etengabe, baita naturarekin errespetagarriak diren ustiapenena ere. Zero kilometroko sasoiko produktuen kalitatea, osasungarritasuna eta jasangarritasunaren balioak ere goraipatzen dira, berrikuntzarekin eta teknologiarekin uztartzearekin batera. Horrek ere azaltzen du zergatik ekoizle gazteek protagonismo handiagoa duten. Hala ere, esan bezala, horrek landa-eremuko irudi distortsionatua ematen du, atzean dauden borrokak, haien artean borroka feminista, ezkutarazten dituelako.

Ezin da ahaztu saio hau EAEko administrazio publikoen eta EITBren arteko hitzarmen baten barruan kokatzen dela, eta askotan erakunde horien ikuspegi paternalista agerian geratzen dela, bereziki emakumeen lana aitortzeko orduan. Aurreko emakumeek egindako lanaren aitortza eta gazteak lehenengo sektorera erakartzeko beharra azaltzen dute maiz ordezkari politikoek, baina saioan EAEn onarturiko landa-eremuko emakumeen estatutua aurkezten da tresna nagusi bezala, emakumeen konpromiso eta nahiarekin batera. Ez dago saio bakar batean ere landa-eremuan antolaturik dagoen mugimendu feministaren presentziarik. Ondorioz, honek beste bide batzuk erabili behar ditu bere mezuak gizarteratzeko.

Diskurtsoan ere nabaria da ikuspegi feministaren falta hainbat gaitan eta, askotan, oso irudi erromantikoa ematen da emakume baserritarraren inguruan: adoretsua, lanerako gaitasun handikoa eta euskal sustraietan erroturiko kulturaren transmisorearena; matriarkatuaren ideia tradizionala eta berrikuntzan oinarrituriko geroa lotzen duena.

6. Bibliografia

Aguirre, Estela y Muñoz, Rebeca (2016): La ‘neorruralidad’, ¿liderada por mujeres?El País, 14 octubre 2016, en https://elpais.com/elpais/2016/10/14/planeta_futuro/1476454833_494104.html [Azken sarrera: 2023ko ekainaren 20].

Alberdi Collantes, Juan Cruz ( 2018): Lurrarengan interbentzioa, ezinbestekoa burujabetza garatu nahi duen elikadura eredu batentzat; Lurralde: invest. espac., 41, 43-67 o.

Alberdi Collantes, Juan Cruz (2016): Elikadura burujabetza eta nekazaritza ekologikoa Donostian; Lurralde: invest. espac., 39, 299-322 o.

Andere Nahia (2021). Quelle place pour les femmes dans l’agriculture en Pays Basque Nord? Étude sociologique, http://anderenahia.asso.fr/wp-content/uploads/2022/01/202109_Ensemble_parlons_Egalite_paysanne.pdf.

Arozamena Ayala, Ainhoa. Goiz-Argi. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2023. [Azken sarrera: 2023ko martxoaren 24a], https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/goiz-argi/ar-66867/

Arrea (2021) “Emakume ekoizleak eta Elikadura Burujabetza Nafarroan generoaren ikuspegitik”, https://arrea.net/wp-content/uploads/2021/01/Emakume-ekoizleak-eta-elikadura-burujabetza-Nafarroan-generoaren-ikuspegitik-final.pdf.

Artola Arin, Leire (2023): Emakume baserritarrak, funtsezkoak bezain ahaztuak, Bizi Baratzea, 2023ko urriaren 15a, https://bizibaratzea.eus/albisteak/astekaria/2842/emakume-baserritarrak-funtsezkoak-bezain-ahaztuak.

Boguszewicz, Maria; Gajewska, Magdalena Anna (2020): El matriarcado gallego, el matriarcado vasco: revisión del mito en Matria de Álvaro Gago y Amama de Asier Altuna, Madrygal 23 Núm. Especial (2020): 35-50, Revista de Estudios Gallegos ISSN: 1138-9664 http://dx.doi.org/10.5209/madr.

Díaz Noci, Javier (1992) : Euskal prenstaren sorrera eta garapena (1834-1939). Tesis doctoral; en http://www.euskara.euskadi.net/appcont/tesisDoctoral/PDFak/Javier_Diaz_Noci.pdf [Azken sarrera: 2023ko apirilaren 7], 112-116 o.

Eaubonne Françoise d’ (1974): Le Féminisme ou la mort, Paris, Pierre Horay.

Etxaldeko Emakumeak eta Durangoko Berdintasun teknikariak (2019). Kontuan hartu gaitzaten, https://bizilur.eus/wp-content/uploads/2019/07/KONTUAN-HARTU-GAITZATEN.pdf.

Etxalde (2021): Legeen azterketa ikuspegi feministatik, https://etxaldeko-emakumeak.elikaherria.eus/wp-content/uploads/2021/01/EMAKUME-BASERRITARREN-LEGEAK-LUZEA.pdf

Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako Estatistika Organoa (2022): Emakumeak Euskal Landa Eremuan (txostena): https://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/mujeres_rurales2020/eu_def/adjuntos/Mujeres-en-el-Medio-Rural-Vasco-2020_eu.pdf.

Richard, Frédéric; Dellier Julien et Tommasi, Greta (2014): Migration, environnement et gentrification rurale en Montagne limousine, Journal of Alpine Research, 2014 102-3, https://journals.openedition.org/rga/2525.

GoiBerri (2016): EBEL, 25 urte borrokan, Goiberri, 2016-12-27, https://goiberri.eus/2016/12/27/ebel-25-urte-borrokan/.

Gutiérrez Paz, Arantza (2011): “Irrati-hitza, Jangoikoaren berba: Herri irratietatik Radio Mariara”; The radio is dead, long live the radio!, Actas del I Congreso Internacional de Comunicación Audiovisual y Publicidad celebrado en Leioa el 24 y 25 de noviembre de 2010, p. 478-488.

Herrero, Yayo (2015): Apuntes introductorios sobre el Ecofeminismo, Centro de Documentación Hegoa Boletín de recursos de información nº43, junio 2015, https://boletin.hegoa.ehu.eus/mail/37 [Azken sarrera: 2023ko ekainaren 15a]

Homobono, José Ignacio (1991): “Ámbitos culturales, sociabilidad y grupo doméstico en el País Vasco”; Antropología de los pueblos del norte de España, Universidad Complutense de Madrid y Universidad de Cantabria.

Lopez Marco, Lucía eta Sánchez María [Leire Milikua Larramendiren itzulpena] (2020): Lurre(z)ko ahizpen feminismoaren alde: landa-eremuko emakumeen aldeko 2020ko Manifestua, Mallata, https://mallata.com/lurrezko-ahizpen-feminismoaren-alde-landa-eremuko-emakumeen-aldeko-2020ko-manifestua/ [Azken sarrera: 2023ko azaroaren 15]

Martínez Montoya, Juantxu (1998): Cutura, identidad y cambio social. Los procesos de reidentificación cultural en el medio rural del País Vasco; KOBIE (Serie Antropología Cultural). Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundia-Diputación Foral de Bizkaia N.º VIII, pp. 55-65, 1997/1998.

Milikua Larramendi, Leire (2022): Lur gainean, itzal azpian (Emakume nekazariak eta parte hartzea), LISIPE, Susa.

Noguè i Font, Joan (1988): El fenómeno neorrural, Agricultura y sociedad, Nº 47, 1988, 145-175 o.

Pascual Rodríguez, Marta; Herrero Lopez, Yayo (2011): Ecofeminismo, una propuesta para repensar el presente y construir el futuro, publicado en Boletín ECOS nº 10 (CIP-Ecosocial), de enero-marzo 2010, en www.madafrica.es/wp-content/uploads/2020/11/Ecofeminismo_una_propuesta_para_repensar_el_presente_y_construir_el_futuro_Marta_Pascual_y_Yayo_Herrero_2010.pdf [Azken sarrera: 2023ko ekainaren 10].

Puleo, Alicia H. (2001). Luces y sombras del ecofeminismo. Asparkía. Investigació Feminista, (11), 37-45, https://www.e-revistes.uji.es/index.php/asparkia/article/view/904.

Torres Elizburu Roberto (2006): La contraurbanización en la Comunidad Autónoma del País Vasco, Lurralde: Investigación y espacio, ISSN 0211-5891, Nº 29, 2006, 57-85 o.

Ttipi-Ttapa (2020): Amaia Iturriria: Egun emakume nekazariak ez dira soilik nekazarien andreak, 2020ko uzt. 24a, https://erran.eus/baztan/1595341979260-egun-emakume-nekazariak-ez-dira-soilik-nekazarien-andreak.

Valle Murga, María Teresa del (1983): “La mujer vasca a través del análisis del espacio: utilización y significado”, Lurralde: Investigación y espacio 6, 251-270 o.


1 MCIN/AEI /10.13039/501100011033/ eta FEDER Una manera de hacer Europa direlakoek finantzaturiko “Nuevos imaginarios del rural en la España contemporánea: cultura, documental y periodismo” (PID2021-122696NB-I00)  ikerketaren barruan kokaturiko ikerlana da hau.

2 https://gardentasuna.bizkaia.eus/documents/1261696/11861170/CONVENIO+SUSTRAIA.pdf/25f4df77-0daa-97e1-4958-6234d4b61d6f?t=1651576632975.

3 https://mujerrural.com

4 https://www.hitzez.net/

5 https://etxaldeko-emakumeak.elikaherria.eus/eu/

6 https://etxaldeko-emakumeak.elikaherria.eus/eu/gu/

7 https://elpais.com/elpais/2016/10/14/planeta_futuro/1476454833_494104.html

8 https://www.fao.org/family-farming/themes/agroecology/es/

9 https://lorra.eus/categoria/ongarri/

10 https://bizibaratzea.eus/.

11 https://xaloatelebista.eus/gure-saioak/ur-eta-lur/

12 https://erran.eus/irratia/Ur_eta_lur

13 https://www.mendialdearadio.com/

14 https://bizibaratzea.eus/multimedia/egonarria

15 https://bizibaratzea.eus/multimedia/menda-bikoitza

16 https://www.eitb.eus/eitbpodkast/bizitza/jan-edana-baratza/sustrai/

17 https://www.youtube.com/watch?v=9TlrCItTIHY

18 https://www.navarraecologica.org/eu/periodico-navarra-bio/nafarroako-emakume-ekoizleen-borroka

19 https://www.argia.eus/multimedia/dokumentalak/erroa-eta-geroa

20 http://www.guesalaz.es/eu/documental-mujeres-rurales-de-andia-disponible/

21 https://www.ehnebizkaia.eus/eu/bideoak/

22 2023an ez da Landa-eremuko Emakumeen Egunari buruzko saiorik eskaini urrian, eta 2016n, aldiz, bi tarte eskaini zitzaizkion gaiari, horietako bat abenduaren 3ko emanaldian.

23 Etxaldeko emakumeek dituzten aliantzen barruan, euskal landa-eremuan ari diren emakume migratuen ikusgaitasunaren aldeko lana egiten dute programatzen dituzten saio, hitzaldi, argitalpeneatan.