Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2022-23 | Naia Aizpurua Garro, Uxue Morales Elorza, Natalia Arteche Cerrato, Eneko Bidegain (Mondragon Unibertsitatea)

Azken urteetan arrakasta handia lortu du podcasten munduak, eta euskarara ere iritsi da joera hori. Dozenaka saio sortu dira ezker-eskuin. Euskarazko podcasten azterketa xehe bat egitea da ikerketa honen helburua. Saio guztiak zerrendatzeko ahalegina egin da hemen, eta sailkapen batzuk ere proposatu dira; besteak beste, motaren arabera, esatariaren generoaren arabera, eta hedatzailearen arabera. Emakumeek podcastetan duten presentzia ere ikertu da.

MARKO TEORIKOA

Oraindik nahiko berritzat jo badaiteke ere, badira jadanik zenbait urte podcasten loraldia gertatu dela. Podcastak aro berri bat ekarri du (Coello, 2022), bai eduki aldetik eta bai kontsumo aldetik, orain arte egon ez den askatasun bat, teknologiarekiko beldurra galtzearekin ere lotuta dagoena (Hernandez, Martin, 2019). Podcasten mundua oso anitza da eta, batez ere, berritzailea. Sortzaileei eduki berriak sortzeko aukera ematen die eta kontsumitzaileei, berriz, bakoitzak nahi duen programazioa sortzekoa.

Horrez gain, irrati orokorretan, emakumezko esatarien presentzia oraindik oso txikia bada ere (Gambín, 2021), podcastak hazten diren heinean emakume sortzaileen kopurua ere areagotzen ari da. Coellok (2022) dioenez, emakume kazetari, umorista eta ekoizleek mikroa hartu dute, irratian beren txokoa lortzen ez zuten istorioak kontatzeko. Milioika deskargek babesten dituzte.

Solék (2020) dio emakumeak direla une honetako podcast eta podcast plataforma interesgarrienetako batzuen buru. Haatik, oraindik bidea dago egiteko Sanchezen (2021) arabera, 2018an oraindik podcasten %20 baizik ez baitziren emakumeek egindakoak. Gizonezkoak nagusi diren podcast horiek komunikabide handiek sustatutakoak dira. Cadenasek (2020) uste du emakumeak tokia hartzen ari direla podcastetan, baina ez hain saio ezagunetan. Dena den, emakumeen presentzia komunikazioaren beste eremu batzuetan baino handiagoa dela dio. Sortzaile horietako asko millenials-ak dira, eta umorearen eta gaurkotasunaren ikuspegi feminista partekatzen dute, baita komunikabide tradizionaletatik oso urrun dagoen komunikazioaren ikuspuntu orokorra ere. Podcastaren boomaren ondorioz, emakume gazteek entzule eta sortzaile gisa aurkitu dute lekua (Coello, 2022).

Podcastak —bai informatiboak, bai espezifikoak— joan-etorrietarako edota etxean kontsumitzeko pentsatuta ekoizten dira. Batzuk zein besteak, gorantza doaz, eta batez besteko entzuleak gutxienez hilean podcast bat kontsumitzen du. Normalean entzule gazteagoak izaten dira (Mimenza, 2020).

Gero eta gehiago dira interneten nabigatuz aurki daitezkeen euskarazko podcastak ere. Denboraren poderioz, hedabide zein plataforma desberdinek “Podcast” izeneko atalak sortu dituzte edukia beste formatu batean igo edo zabaltzeko. Hori horrela izanik, podcast hauek guztiak aurkitzeko zailtasuna areagotzen da, sarean sakabanatuta baitaude. Horregatik, badaude euskarazko podcast guztiak biltzen dituzten webgune batzuk; horrela, hauetara jotzearekin nahikoa da podcast hauekin guztiekin topo egiteko.

Bi dira horien adibide garbiak: podcastak.eus eta podcast.eus. Azken hau ZuZeu plataformatik eratorria da, eta nagusiki webgune honen podcastak kudeatzeko erabiltzen da. Horrez gain, EITB Podkast plataforma ere hor dago, EITBko podcast guztiak biltzen dituena.

Etxebestek (2021) dioenez, plataforma honetan gazteentzako eta helduentzako edukia eskaintzeaz gain, haurrak harrapatzeko edukiak ere aurkitu ditzakegu bertan. Gainera, podcastez gain, alde batetik, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Irratia eta EITB Euskal Kantak irratietatik eratorritako zatiak ditu, eta bestalde, sorkuntza propioko edukiak aurki daitezke webgunean.

METODOLOGIA

Lan hau egiteko, euskaraz dauden podcast guztiak zerrendatu eta hainbat ezaugarri jaso dira: Podcastaren izena; emititzen duen hedabidea; atal kopurua; iraupena; zein publikori zuzendua dagoen; esatarien izenak eta generoa; eta gaiak zeintzuk diren. Kasu askotan podcastak entzun eta hauek jasotzen dituzten plataformetako informazioa irakurtzea edo entzutea nahikoa izan bada ere, batzuetan beharrezkoa izan da plataformetako arduradunekin kontaktuan jartzea podcast batzuetako esatarien identitatea ezagutzeko.

Podcast guztiak bildu ondoren, sailkapen zehatzagoak egin dira, esatarien generoaren, gaien eta entzuteko plataforma digitalen arabera.

Euskarazko podcasten zerrenda

Hasteko, euskaraz egiten diren podcastak zerrendatu dira, podcasta sortzen edo zabaltzen duten hedabideen arabera (behaketa 2022ko martxoaren 29an eguneratu zen azkenekoz).

Hedabide bakoitzeko podcast kopurua

 

 

 

 

 

 

 

 

Guztira 190 podcast zerrendatu dira. Grafiko honetan ikus daitekeenez, desberdintasun handia dago hedabideen artean. Gehien jasotzen dituena, datuak datu, EITB podcast hedabidea da (68), ondoren datoz ZuZeu eta Naiz Irratia (14 bakoitzak) eta tokian tokiko zenbait irrati, hala nola Txapa Irratia (12), Bilbo Hiria Irratia (8) eta Hala Bedi Irratia (7). 26 podcast daude hedabideren baten parte ez direnak. Badira podcast bakarra edo bi bakarrik zabaltzen duten hedabideak ere: orotara 16 dira gisa hartan zabaltzen diren podcastak.

Genero desberdintasuna

Podcast horietako esatarien generoa zein den ere aztertu da: zehaztu da esataria gizona, emakumea edota gizona eta emakumea dituzten.

 

 

Gizonezkoak esatari diren podcastak ia euskarazko podcasten erdia dira, % 49 konkretuki (95 podcast). Emakumeek gidatutakoak berriz, % 25,3 dira (50 podcast), bi generoen artean dagoen kontrastea ikusi dezakegu datu hauetan. Bi generoek gidatutakoak (podcast mistoak), berriz, % 25,3 dira (49 podcast). Bestela adierazteko, emakumezko esatariak badira podcasten % 50,6tan, baina gizonezko esatariak saioen % 74,3tan daude. Hots, lau podcastetik hirutan entzuten dira gizonak, eta podcasten erdia dira bakarrik emakume ahotsa dutenak.

Elkarrizketa podcastak

Podcast asko elkarrizketa podcastak izaten dira. Euskaraz ere asko dira halakoak. Hurrengo taulan zerrendatu ditugu elkarrizketetara bideratutako podcastak; zenbat kapitulu dituzten, zenbateko iraupena duten eta zein publikorentzat osatuta dauden zehaztu dugu (2022ko martxoaren 29ko neurketa).

Neurketa honen arabera, euskaraz egiten diren podcasten % 22,6 dira elkarrizketei eskainiak; laurdena baino pixka bat gutxiago. 60 minutu baino denbora gutxiago irauten dutenak dira nagusi, hala nola 26 podcast. 60 minutu baino gehiagoko podcastak ere ez dira gutxi, ordea, 17 baitira. 60 eta 30 minutu bitarteko iraupena dutenak 14 dira, eta 12 dira 30 minutu baino gutxiagokoak.

 

 

Bestalde, egindako saio kopuruari dagokionez, nahiko desberdintasun handia dago elkarrizketa podcasten artean. Elkarrizketa podcast gehienek 10-50 atal artean dituzte momentu hauetan, 19 podcastek konkretuki. Gutxiengoa dira, aldiz, 100 atal baino gehiago dituzten elkarrizketa podcastak, soilik 9 baitaude.

Konkretuki 44 dira elkarrizketa podcast bezala sailkatu ditugunak (haien osotasunean elkarrizketa formatuan direlako). Beste podcast batzuetako zenbait ataletan ere jasotzen dira elkarrizketa batzuk, baina ez dira hauetara bakarrik mugatzen. Modu desberdinetako elkarrizketa podcastak aurki daitezke, nahiz eta entzuleak elkarrizketa dela azkar batean antzeman dezakeen, denak ez dira berdinak. Tonu formala ala informala, edukia, estiloa… Desberdina da denetan, batzuk solasaldi forma hartzen dute: gai baten inguruan gonbidatuak gehiago hitz egiten duenean esatariak galderak egin baino. Bestalde, elkarrizketa formatu tradizionalagora jotzen dutenak daude: galdera-erantzunetan oinarritutako hartu-eman batera mugatutakoak. Gonbidatu bat baino gehiago izatean debate forma hartzen dutenak ere badaude… Eta beste hainbat adibide.

Podcastak gaika

Euskarazko podcastak hainbat gairi buruzkoak dira: zientzia, kultura, memoria historikoa, historia, teknologia/IKTak, ikus-entzunezkoak, erreportajeak, filosofia, aukeratuak, bertsolaritza, politika, ongizatea, gizartea, elikadura, bidaia-abentura, haurrak, audio liburuak, irrati nobelak, aisia-fikzioa, umorea, kirolak, musika, magazina, kontakizunak, aktualitatea eta ezagutza.

Ondoko grafikoan ageri den bezala, musikari buruzko podcastak dira zati handi bat:

 

Zehazki, euskarazko podcasten % 25 dira musikari buruzkoak. Gainerako podcast-en pisua nahiko orekatua da, % 5 eta % 7ren artekoa gehienetan.

Podcastak entzuteko plataforma digitalak

Euskarazko podcast guztiak ezin dira plataforma guztietan entzun. Ia denak (% 90) entzun daitezke Ivoox plataforman. Haatik, podcasten % 60 eta % 58 baizik ez dira Apple Podcast plataforman eta Spotify plataforman, hurrenez hurren.

 

 

Hainbat podcast plataforma batean baino gehiagotan entzun daitezke. Zehazki, Apple, Ivoox eta Spotify sareetan entzun daitezke podcasten % 51. Aldiz, podcasten % 31 Ivooxen baizik ezin dira entzun. Gainerakoak entzun litezke hiru horietako bitan, edo podcastarentzako webgunean soilik.

 

ONDORIOAK

Alde batetik, euskarazko podcast guztiak (191) entzun eta analizatu dira. Podcast ospetsu edo garrantzitsuenak hedabide ezagunenetan daude (EiTB, Naiz irratia, ZuZeu…), baina badira beste batzuk irrati alternatiboetan daudenak, eta hauek, hain ezagunak ez badira ere, ez dira gutxi. Arrosa Sarearen webgunean jasotzen dira azken hauetako gehienak eta bertan ez da nahitanahiezkoa hedabide konkretu baten parte izatea.

Teknologiak etengabe egin du aurrera azken urteetan, eta horrekin batera gero eta erabiltzaile gehiago batu dira sarera eta ondorioz, podcastetara. Gainera, pandemiaren ondorioz eragindako itxialdiak ere gorakada ekarri zuen podcasten entzule kopuruetan. Coelloren (2022) hitzetan, 2019an milioi bat podcast zeuden eskuragarri munduan; gaur egun, soilik Spotifyren katalogoan 3,2 milioi daude. Beraz, argi ikus daiteke podcasten arrakastaren arrazoi nagusienetarikoak teknologiak eta sareek izan duten aurrerapausoa eta COVID-19ak eragindako itxialdia izan direla.

Emakumeen presentziari erreparatuz, gero eta emakume gehiago batu dira fenomeno berri honetara esatari eta sortzaile gisa, gizonezkoen kopurua handiagoa bada ere. Emakume esatarien gorakadan zerikusi handia izan du hedabide tradizionaletan baino libreago sentitzen direla podcastetan; Carola Solék (2020) dioenez,

<<oraindik badago bidea egiteko, hedabideak gizonen menpe egon direlako tradizioz, eta, agian, podcastean iraultza txiki bat gertatzen ari da: emakumeok gure ahotsa indar handiz entzunarazten ari gara, beste hedabide batzuetan baino askoz gehiago. Ez bakarrik kezkatzen gaituzten gaietara bideratutako podcastak egiteko, baita munduarekiko gure ikuspegia eta perspektiba baliarazteko ere>>.

Euskal Herrian ere egoera berdina da, oraindik gizonezko gehiago dira esatari modura ibiltzen direnak, baina emakumeak ere beraien txokoa aurkitzen ari dira. Gainera, podcastek orokorrean aurrerakada izan duten bezala, Euskal Herrian ere haien arrakasta igotzen ari da eta gero eta eduki gehiago dago. Eduki hau aurki dezakegu hedabide tradizionaletan, Spotify bezalako plataformetan, eta baita podcast asko biltzen dituzten web orri desberdinetan ere. Esan beharra dago podcast batzuek beren web orri propioa dutela eta bertan euren atalak argitaratzen dituztela. Garrantzitsua da eremu digitalean euskarazko ikus-entzunezko edukien presentzia bermatzea, eta, era berean, premiazkoa litzateke Internet bidez kontsumitzeko filmetan eta telesailetan inbertitzea, baita horien kontsumoaren gaineko jarraipena egitea ere.

BIBLIOGRAFIA

Coello, I. (2022). Forbes. La fiebre del podcast: un negocio en femenino.https://forbes.es/forbes-w/140154/la-fiebre-del-podcast-un-negocio-en-femeni no/

Gambín, M. (2021eko abenduak 3). El Nacional. https://www.elnacional.cat/es/cultura/empoderamiento-femenino-podcast_677 831_102.html

Hernandez, J., & Martin, R. (2019ko urriak 23). Play radio: Solamente una vez. El fenómeno de los podcasts: https://www.rtve.es/play/audios/solamente-una-vez/solamente-vez-fenomeno- podcasts/5420519/

Mimenza, L. (2020). 2020ko nazioarteko ekosistema mediatikoaren letra-zopa. Euskal Hedabideen Urtekaria, 21-38.https://behategia.eus/wp-content/uploads/2021/07/urtekaria2020-web.pdf

Etxebeste, A. (2021eko maiatzak 26). Berria. Euskararen aldekoa izango da apustua. https://www.berria.eus/paperekoa/1857/028/001/2021-05-26/euskararen-aldekoa-izango-da-apustua.htm

Abad, M. (2022). Forbes. La fiebre del podcast: un negocio en femenino. https://forbes.es/forbes-w/140154/la-fiebre-del-podcast-un-negocio-en-femenino/

Sanchez, L. (2021eko irailak 30). El independiente. El ‘podcast’ en España tiene voz, y alma, de mujer. https://www.elindependiente.com/tendencias/cultura/2021/09/30/el-podcast-en-espana-tiene-voz-y-alma-de-mujer/

Cadenas, I (2020eko martxoak 6). El pais. El poder femenino en el podcast en español. https://elpais.com/elpais/2020/03/05/dias_de_vino_y_podcasts/1583444392_268680.html