Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2021 | ()

Aurreko Urtekarietarako egindako azterketen ildotik, aurten ere Hekimen elkarteko webguneen analitikak aztertu ditugu. 2021. urtean 35,8 milioi saio eman ziren Hekimen elkarteko webguneetan, aurreko pandemia urte berezian baino % 12 gutxiago. Hedabide motaren arabera banatu ditugu datuok eta beste webgune batzuen datuekin alderatu, euskarazko hedabideek izan duten bilakaera kontestuan jartzeko.

Sarrera

Iazko urtean, 2021ean, euskarazko hedabide digitalek sarean izan zuten portaera aztertzeko ariketa egingo dugu lan honetan.

Pandemiaren urte gogorrenak, 2020ak, eragin nabarmena izan zuen hedabide digitalen kontsumo orokorrean eta trafikoa (erabiltzaile eta saio kopurua) asko igo zen ia kasu guztietan. Joera berdintsua eman zen euskarazko hedabide digitaletan ere eta halaxe nabarmendu genuen iazko urtekarirako egindako lanean ere1.

Orduan aurreratzen genuen zein izango zen 2021. urterako apustua: “Ikuskizun 2021. urteak ere eutsi egingo ote dion tendentzia horri. Ez da apustu makala (...)”. Alegia, pandemiaren gogorrenean irabazitako erabiltzaile eta saioak zenbateraino mantenduko ziren hurrengo urtean?

Galdera hori buruan egin dugu berriro Hekimen elkarteko webguneen analitikak begiratzeko ariketa hau. Aurreko urteetako lanetan egin bezala, Hekimen Analytics (HA)2 tresnaren datuetan oinarritu gara horretarako, bertan jasotzen baitira elkarteko 51 webguneren metrikak.

Hauek dira azterketa honen barruan kontuan hartu diren webguneak:

  • Orokorrak: Argia, Berria, Hamaika TB, Sustatu eta Zuzeu.
  • Tematikoak: Aizu, Badok, Bertsolari, Dantzan, Elhuyar aldizkaria, Gaztezulo, Hik Hasi, Irrien Lagunak, Jakin, Uztaro, Zientzia.eus eta Zinea.eus.
  • Tokikoak: Aiaraldea, Aikor, Aiurri, Alea, Anboto, Ataria, Baleike, Barren, Busturialdeko Hitza, Erran, Eta kitto!, Euskal Irratiak, Euskalerria Irratia, Goiena, Goierriko Hitza, Guaixe, Gure Irratia, Hiruka, Ipar Euskal Herriko Hitza, Irutxuloko Hitza, Karkara, Kanaldude, Lea-Artibaiko Hitza, Maxixatzen, Noaua, Oarso-Bidasoko Hitza, Otamotz, Plaentxia.eus, Txintxarri, Uriola, Urola-Kostako Hitza, Urumeako Kronika, Uztarria eta Zarauzko Hitza.

Ohar bat datuekin hasi aurretik. Orain arte hedabide guztiek Googleren Google Analytics tresnaren bidez jasotzen zituzten analitika datuak, eta handik jasotzen zituen gero HA tresnak automatikoki. Iaz, baina, sistema aldatu zuen Argiak eta Matomo tresna erabiltzen hasi zen3. Argiaren kasuan, beraz, Matomo tresnak emandako datuak erabili dira, erabiltzaile, saio, orri eta gainerakoetan alderagarriak baitira.

Trafiko orokorra

Hekimen elkarteko webguneetan ia 35,8 milioi bisita4 izan dira 2021. urtean, 35.798.383, zehatz esateko. Batez beste, eguneko 98 mila bisita.

Hona taula eta grafiko batean datu horien azken bederatzi urteko eboluzioa:

 

 

 

 

Iazko ia 35,8 milioi bisitako datua aurreko urteko datuaren azpitik dago, 2020. urtean ia 41 milioi saio izan baitziren hedabide hauetan. Galera egon da, beraz, bisitei dagokienean: % 12,3ko galera, hain zuzen ere. HA tresnan aztertzen diren 9 urteetan lehen aldiz eman da trafiko digitalaren jaitsiera multzo osoa aintzat hartuz gero.

Beraz, ariketa honen hasieran planteatzen genuen galderari erantzunez, esan genezake ez zaiola aurreko urtean pandemiaren urterik gogorrenean irabazitako trafiko guztiari eutsi.

Ulergarria ere bada hori, jakina, iaz izan zen % 43ko igoera ikaragarria izan baitzen eta momentu batean –pandemiaren hasieran eta itxialdiko hilabete batzuetan, batez ere– bizitako egoera bereziari erantzuten baitzion neurri handi batean igoera hark. Eta 2021. urtea, pandemiarekin berezia izanik ere, ez da aurreko urtekoa bezain intentsoa izan hedabideen jardunari eta informazio egarriari dagokionez.

Saia gaitezen begirada apur bat zabaltzen.

2013. urtetik 2019. urtera arteko serie osoari begiratzen badiogu, pandemiaren aurreko urte multzoari, alegia, ikusi dezakegu urte guztietan eman dela trafiko igoera, baina proportzio desberdinean. Igoerarik txikiena 2018an eman zen, % 1,56koa; handiena, aldiz, 2015ean % 29,35eko igoerarekin. Zazpi urte hauetan batez-besteko igoera % 14,5ekoa izan zen.

Aldiz, pandemiaren bi urteak kontuan hartuta, 2019tik 2021. urtera % 25,36ko igoera eman da orotara (lehen urtean %43ko igoera eta % 12ko jaitsiera iaz). Alegia, proportzionalki banatuz gero, urtero % 11,97ko igoera eman da azken bi urtetako serie honetan.

Hau da, azken bi urteotan apur bat moteldu egin da Hekimen hedabideen goranzko joera. % 14,5 izatetik % 11,9 izatera, pandemia bat tartean bizi eta kontrakoa espero zitekeen arren. Aurreko serieko igoeraren ehunekoari eutsiz gero, 37,4 milioi espero behar genituen 2021. urtean eta, aldiz, 35,8 ‘bakarrik’ lortu dira.

2021eko saio edo bisita bakoitzaren argazki orokorra ere atera genezake. Saioen inguruko datu horiek biltzen dira urtez urteko bilakaera erakusten duen ondoko taulan:

 

 

Nabarmentzekoak, honakoak:

  • Bisita bakoitzean, batez beste 2,3 orri ikusi ditu erabiltzaileak eta, ondorioz, 82,1 milioi orri pasa ikusi dira.
  • Bisita bakoitzaren iraupena, berriz, hiru minutu pasatxokoa izan da, hiru minutu eta lau segundo.
  • Saioen % 57 inguruan orri bakarra ikusi du erabiltzaileak, sartu eta irten egin baita orri berdinean.

Saioak bezain metrika interesgarria izaten da erabiltzaile kopuruarena ere, ea zenbat lagunek edo gailuk egiten dituzten ia eguneko 100 mila saio horiek. Erantzunik ezin jakin, ordea, hedabide desberdinen datuak ari garelako batzen. Orain arteko lanetan egindako simulazioari fidel izanda, ordea, esan genezake hedabide bakoitzak eguneko 1,5 edo 2 bisita lortzen dituela erabiltzaileko, bere aldetik. Hedabide batetik bestera alde handia egoten da, jakina, zenbaki horretan, baina batez besteko hori ontzat jo dezakegu. Beraz, Hekimen hedabide multzoa talde bezala ulertuz eta batez besteko hori mantenduko litzatekeela pentsatuz, esan dezakegu 49 eta 65 mila gailu diferente sartzen direla egunero-egunero euskara hutsezko hedabide digital hauetan.

Gailu eta erabiltzaileen zenbakia kontu handiz hartu behar bada ere, eguneko 98 mila eta urteko 35,8 milioi bisiten kopurua bada, bere horretan, nahikoa datu elkarteko webguneen pisua eta tamaina esanguratsua erakusteko.

Hedabide motakHekimen elkarteko hedabide guztien datu agregatua aipatu dugu orain artean, euskarazko webgune bakar bat osatuko bailuten. Baina ez da hala, eta desberdintasun handiak ere badaude hedabide batzuen eta besteen artean.

Interesgarria da multzo nagusiei begirada ematea ere. Gogoratu, Hekimeneko 51 hedabideak hiru motatan banatzen direla: orokorrak (5 hedabide), tokikoak (34) eta tematikoak (12).

Honatx saio kopuruaren taula desagregatua:

 

 

Taulan ikusi daitekeenez, 2021eko jaitsiera hedabide mota guztientzat eman da: bai hedabide orokorrak, bai tokikoak eta baita tematikoak ere, saio kopuruan beherakada izan baitute.

Grafikoki ikusten da garbien eboluzioa:

 

 

Dena dela, beheranzko joera ez da hedabide mota denetan proportzio berean gertatu. Azkeneko urtean, saioen % 20,6 galdu dute hedabide orokorrek; % 8,3 tokiko hedabideek eta % 1,1, aldiz, hedabide tematikoek. Hekimen multzo osoa % 12,3koa jaitsi baldin bada, hortik gora jaitsi dira hedabide orokorrak, eta hortik behera gainerako bi multzoak.

Multzoen desoreka hori aurreko urteetatik zetorren, goranzko joera handiena tokikoek izan baitute azken urteotan. Pandemiaren lehen urtean, 2020an alegia, joera eten egin zen eta hedabide orokorrek multzo osoak adinako igoera izan zuten saioei dagokienean. Iaz, ordea, berriro itzuli da aurreko tendentzia eta multzotik apur bat behera geratu dira hedabide orokorrak. Edo, bestela esanda, multzotik tira egiten ari dira tokikoak.

Mota bakoitzak multzoan duen pisu erlatiboan eragin du horrek, jakina. Beheko taula eta grafikoan irudikatu liteke hori:

 

 

 

 

2013. urtean, HA martxan jarri zen garaian, multzoko saioen % 59a hedabide orokorrei zegokien; % 37a zen tokikoek sortua eta tematikoak, % 4 inguruan zebiltzan. Proportzio horiek irauli egin dira azken 9 urteetan eta, orain, saioen % 66a da tokiko hedabideetan ematen dena; % 30 da orokorretakoa eta tematikoak % 3 inguruan jarraitzen dute. Azken urtean, tematikoak apur bat igo dira saio kopuruari dagokionean, baina oraindik multzorik txikiena da talde osoan.

Multzoen artean bakarrik ez, hedabideen artean ere badira desberdintasunak.

Azkeneko urtean, 2021an, trafikoa galdu dela esan dugu. Baina Hekimen taldeko 51 hedabidetatik 12k irabazi egin zuten trafikoa iaz, pandemiaren urte gogorrenean jasotakoari ederki eutsiz.

Multzoaren jaitsiera % 12,3koa dela esan dugu. Honako taula honetan laburbildu genezake hedabide bakoitzaren jokaera, batez besteko horrekin alderatuta: batzuk hori baino trafiko galera haundiagoa izan dute eta, beste batzuk, txikiagoa.

 

Alegia, hedabide orokor bakarrak eutsi dio Hekimen Elkarteko hedabide multzoaren joera orokorrari eta multzoa bera baino gutxiago jaitsi da trafikoan; tematikoetan, 11 hedabidetatik 7k eutsi dio multzoa baino hobeto eta, tokikoetan, ia erdiak ibili dira batez-bestekoaren goitik eta behetik beste erdiak.

Multzoen arteko joera aldaketa ikusi liteke hedabideen tamainan ere. 2013an Hekimen Elkarteko 10 hedabide handienen artean 4 orokor zeuden eta 6 tokiko. Iaz, 2021ean, 10 hedabide handienen artean bi hedabide orokor baino ez zeuden, eta gainerako 8ak tokikoak ziren.

Alderaketa txiki bat

Hekimen taldeko hedabideen datua inguruko beste hedabide batzuekin alderatzeko ariketa egingo dugu aurtengo lanean ere, trafiko igoerak eta jaitsieren datuok onak edo txarrak izan diren esateko laguntza eman baitezake.

Horretarako OJD Interactivak (Oficina de Justificación de la Difusión) ikuskatutako zenbait hedabidek sarean argitaratzen dituzten datuak hartuko ditugu kontuan, hark ematen dituen datuak eta HA tresnak ematen dituenak alderagarriak baitira erabat.6

Alderaketa hauek guztiak tentuz hartzea komeni da. Askoz hedabide gehiagoren datuak jakin eta kontrastatzea izango litzateke desiragarria, benetan euskal gizartearen eta inguruko beste errealitate batzuetako sareko kontsumoa zer neurritaraino aldatu den esan ahal izateko, eta horretan Hekimen elkarteko webguneek duten bilakaera neurtzeko. Hedabide gehienek ez dituzte euren datuak modu irekian eskaintzen, ordea, eta bakoitza bere irakurketa egitera mugatzen da. Zentzu honetan, estimatzekoa da datuok modu irekian emateko hautua egiten duten komunikabideen erabakia, eta baita Hekimen berak egiten duena ere.

Luza dezagun aurrena begirada Hego Euskal Herriko beste zenbait hedabidetara: Eitb.eus, Deia, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Alava eta Noticias de Navarra hedabideen datuak ditugu eskura.

Honatx azken bost urtetako datuak7 taula eta grafiko banatan, Hekimen hedabide multzoaren datuekin batera:

 

 

 

 

Taula eta grafikoan ikusten den bezala, azken bost urtetako datuak aintzat hartuta ez da Hekimen multzoa izan goranzko joera izan duen hedabide bakarra. Hego Euskal Herriko aipatutako gainerako hedabideak ere goranzko joera izan dute, denen portaera berdina izan ez bada ere.

Aurreko urtean, gainera, pandemiak pandemia, goranzko joera horri eutsi diote horietako askok (Deia, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Alava eta Noticias de Navarra) eta aurreko urtean irabazitako trafikoa galdu dute beste batzuk (Eitb eta Hekimen).

Auditatutako multzo osoaren baitan, Hekimen pisua galtzen joan da azken bost urte hauetan. 2017. urtean, multzo honen baitan trafiko guztiaren % 15,5 inguru jasotzen zuen; iaz, aldiz, % 11,0 izan da bere pisu erlatiboa. Alegia, auditatutako hedabideen balizko multzo hau gehiago hazi da Hekimeneko hedabideen batura baino.

Hazkunde horri bakarrik begiratuz gero, beheko grafikoan ere ikusi dezakegu hedabide bakoitzak izan duen bilakaera, 2017. urteko saio kopurua abiapuntutzat hartuta.

Alegia, 2017. urteko trafikoa bakoitzaren zero puntuan jarrita, hurrengo urteetan izan duen igoera erakusten du grafikoak.

 

 

Grafikoan ikusi dezakegunez, azken bost urte hauetan Hekimen multzoaren trafikoa % 50 igo da, baina bera baino gehiago igo dira Noticias taldeko hedabide digital guztiak (% 319 eta % 136 artean), eta gutxixeago Eitb taldea (% 35).

Ariketa berdina egin genezake beste hedabide batzukin ere. Atal honetan, Kataluniako zenbait hedabide digital hartuko ditugu, katalanez ari direnak8: ElNacional.cat9, ara.cat, rac1.cat eta diaridegirona.cat.

Honatx azken bost urtetako datuak taula eta grafiko banatan, Hekimen hedabide multzoaren datuekin batera:

 

 

 

 

Taulako Kataluniako hedabideei dagokionez, azken urtean jaitsi egin dute euren saio kopurua Ara.cat, Diaridegirona.cat eta Rac1.cat hedabideek; aldiz, igo egin du trafikoa handienak, Elnacional.cat-ek.

Hedabide horien baitan, eutsi egin dio Hekimen sarean bere pisuari. Balizko talde horretan, saioen % 9 zuen 2017. urtean, eta % 9,1 eko pisuari eutsi dio iaz, nahiz eta aurreko urtean zuen % 10,3tik apur bat jaitsi den.

Hori bera ikusi genezake, hedabide hauen hazkundea horri bakarrik begiratzera, 2017. urteko saio kopurua abiapuntutzat hartuta.

 

 

Hor ikusi genezake Hekimenek bost urteotan izan duen % 50eko igoera Kataluniako bi hedabide baino handiagoa dela (Ara.cat eta Rac1.cat), eta beste bik izan duena baino txikiagoa (Elnacionat.cat eta Diariodegirona.cat, % 166 eta % 102 artean igo baitira hauek, hurrenez hurren).

Bukatzeko

Azken urteetan egindako lanari jarraitu diogu aurten ere artikulu honekin, HA-eko datuak hartu eta 51 hedabidek osatzen duten balizko multzo honen bilakaera aztertuz.

2021 urtean trafikoa jaitsi egin da aurreko urteko datu historikotik, % 12,3 hain zuzen ere. Ez da jaitsiera handia, pandemia kontuan hartuta, eta azken bi urteetan % 25,36ko igoera eman dela ere irakurri liteke datu berdinetan. Trafiko apur bat galdu zen iaz, bai, baina pandemiarekin irabazi zen guztiaren zati eder bati eutsi zaio eta Hekimen elkarteko hedabide digitalek eusten diote goranzko joerari.

Esfortzu handia ari da egiten Hekimeneko hedabide digitalen multzoa, eta antzematen da, azken bederatzi urteotan trafikoa ia hirukoiztu egin baita. Baloratzekoa da hedabide txikiok –handiena ere txikia baita– egin duten lana eta izandako emaitza.

Begirada apur bat zabalduz gero, ordea, badira pare bat puntu tentuz kontsideratu beharrekoak.

Batetik, igoera apur bat motelduz doala dirudi. Saio kopuruak igotzen jarraitzen du orokorrean, eta multzoaren tendentziak goranzkoa izaten jarraitzen du. Baina, goranzko joera ez da duela bost edo sei urte bezain handia. Edo badirudi, behintzat, gehixeago kostatzen dela orain saio kopuruari eustea. Saio bakoitzaren denbora eta orrialde kopurua ere ez doaz gorantz.

Inguruko beste hedabide batzuekin alderaketa eginez gero ere ondorio bertsura iritsi gintezke. Iazko jaitsiera antzekoa eman da beste hedabide batzuetan ere, baina hobeto eutsi diote beste batzuk trafikoaren galerari. Badaude moteltze horren eta pisua galtzearen zantzu batzuk, nahiz eta hedabide gehiago eta modu sakonagoan aztertzea komeniko litzatekeen hori ziurtatzeko.

Bestetik, goranzko joera modu desberdinean eman da Hekimen barruko hedabideetan. Tokiko hedabideak azken bost urteotan bikoiztu egin dute euren trafikoa eta horri esker eman da, batik bat, Hekimen multzoaren igoera. Hedabide gehiago dago multzo honetan eta sortu berriak edo apustu digitala egin berriak ere bai tartean, eta beste arrazoi asko ere egon daitezke joera horren atzean. Komeniko litzateke, akaso, horietan sakontzea.

Multzo bakoitzaren barruan, halere, oso joera desberdinetako hedabideak daude. Badira igoera handia izan dutenak, baita azken urtean ere; eta badira, beste batzuk, trafikoa irabazteko zailtasun handiak dituztenak azken urteotan.

Badakigu dena ez dela klik kopurua, dena ezin dela saio, orri eta denboran bakarrik neurtu. Hedabideen jardunak, eraginak eta balizko arrakastak beste parametro batzuk neurtzea ere eskatzen du. Baina atentzioaren ekonomiaren garaia omen den honetan, sareko gure jardunaren zer zati eskaintzen diogun euskarazko hedabide digitalei jakitea inportantea da, eta horrixe so egin dugu ariketa hau.

Ondo bidean, 10 urteko datuak pilatuko ditu HA tresnak hurrengo urterako. Hamarkada bat. Eta hamarkada bat asko da garai azeleratu hauetan. Eman behar liguke datuak patxadaz aztertzeko eta ondorioren batzuk ateratzeko.


1 “Hekimen Elkarteko hedabideak 2020. urtean” Euskal hedabideen urtekaria 2021. Azpillaga, Josu.

2 Hekimen Analytics Hekimen Euskal Hedabideen Elkartearen proiektua da, besteak beste elkarteko webguneen analitika batzuk jaso eta bi helbururekin lan egiteko sortua: elkartearen baitako bilakaera aztertzea eta webgune desberdinen aldagaiak konparatuz tresnak hobetzeko baliatzea. 2015. urtean jarri zen martxan.

3 Ikus “Agur Google, kaixo Matomo: zure pribatutasuna babesteko neurri berriak ARGIAn” artikulua azalpen gehiagorako https://blogak.argia.eus/argia/2021/06/16/agur-google-kaixo-matomo-zure-pribatutasuna-babesteko-neurri-berriak-argian/

4 Bisita edo saio moduan definitzen dugu erabiltzaile batek webgune batean sartu eta irten arte egiten duen ekintza multzoa. Erabiltzaile jakin batek hainbat saio egin ditzake egunean zehar webgune batean; saio bakoitzak X segundoko iraupena izanda eta Y orri bisitatuta horietako bakoitzean. Lan honetan, saio edo bisita erabiliko ditugu, biak zentzu berdinarekin.

5 Hedabide tematiko baten 2021. urteko neurketak ez dira jaso HA tresnan.

6 OJD berak ere halaxe aipatzen du goian aipatutako hedabideen neurketako laburpen txostenetan, Googleren Google Analytics tresnarekin jasotako datuak direla.

7 Bost urtetako datuak publikatzen ditu OJDk bere webgunean. Handik hartu dira datu guztiak.

8 Zerrenda honetako eta “Notícies globals i actualitat” kategoriako lau hedabide handienak hartu dira ariketa hau egiteko.

https://www.ojdinteractiva.es/mitjans-digitals-en-catala Aurreko urteetan VilaWeb ere aipatu izan da, baina honek utzi egin zion OJDko ikuskaritzari eta, ondorioz, ez dago 2019tik aurrerako daturik.

9 Katalaneko webguneari dagokion datuak aparte ematen ditu orain OJDk eta haiek hartu dira kontuan lan honetarako. Aurreko lanetako datuekin alderen bat egon daiteke arrazoi hori dela-eta.