Ikerketa desberdinek erakusten dute gero eta jende gehiagorengana heltzen direla IKTak eta handituz doala egunean zehar eskaintzen diegun denbora (IAB, 2021; We are social, 2021, AIMC, 2021; Barlovento Comunicación, 2022; Médiamètrie, 2021). Lanerako, denbora pasarako, komunikatzeko edo informazioa jasotzeko gero eta garrantzitsuagoa gertatzen ari da sarera konektatuta dagoen gailua eskuetan edukitzea.
Testuinguru honetan, gero eta zailagoa suertatzen da bereiztea IKTek definitzen dituzten espazioak, denborak eta tresna elektronikoen zertarakoak. Eremu publikoak eta pribatuak, lanekoak eta aisialdikoak eta horietan denetan erabiltzen ditugun mugikorrak, ordenagailu eramangarriak, tabletak ala telebista adimentsuak oso txertatuta dauzkagu gure egunerokoan.
Edozelan ere, gauza guztietarako erabiltzen diren tramankuluak izan arren, hiru funtzio sozial jartzen dira gainerakoen aurretik: kideekin komunikatuta egotea, informazioa jasotzea eta entretenituta sentitzea. Lehen esan bezala, nahastu egiten dira hiru zeregin hauetarako erabiltzen ditugun aparailu eta baliabide informatikoak baina antzeman daiteke nolabaiteko espezializazioa. Komunikaziorako sare sozialak eta bapateko mezularitza erabiltzen dira gehiago mugikorren bidez. Informazioa kanalizatzeko oraindik ere telebista eta bere pantaila handia hobesten dira. Eta, azkenik, entretenimendua deiturikoan aritzen dira, batetik, telebista bera zuzeneko edukiekin, bigarrenik, sare sozialak bideo laburren bidez eta, azkenik, fikzioa bereganatuz, plataforma digitalak.
Azken honi buruz arituko gara artikulu honetan, jendearen egunerokoan fikzioak leku handia okupatzen duelako, bereziki gazteagoen artean, eta gainera horrek argitzen digulako zer eduki gustatzen zaizkien, noiz eta non ikusten duten eta horren gainetik, nola deskubritzen dituzten fikziozko eduki horiek hain oparoa den ikus-entzunezko katalogo zabalean. Idatzi honetan, arreta jarriko dugu Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako gazteen kontsumo portaeretan, horretarako sortua dugun Ikusiker Paneleko kideei luzatu dizkiegun inkestetako erantzunak aztertuz. 11 eta 23 urte bitarteko gazte hauen artean fikziozko edukien garrantzia eta produktu desberdinen ikusgarritasunaz arituko gara.
Ikusitako azken edukia
Sarreran esan dugun gisan, gaur egun, gazteen artean bereziki handia da ikus-entzunezkoen presentzia. Produktu horien izaeran eta kontsumo portaeran sakondu nahi izan dugu eta horretarako hainbat galdera-sorta erabili ditugu. Hasteko, azken egunetan ikusitako bideo, programa ala storien artean, entretenimenduzko, informaziozko ala fikziozko edukirik ba ote zegoen galdetu diegu Ikusiker Panela osatzen duten UPV/EHU eta NUPeko ikasleei, 2021eko hasieran (1). Erantzunetan garbi ageri da unibertsitari hauei erraz datozkiela burura entretenitzeko asmoarekin, informatuta egoteko helburuarekin ala fikziozko edukiak gozatzearekin erlazionatzen dituzten edukiak. Lehen irudi honetan ikusten denez, bestelako eduki motak egon badaudela, baina gazte gehienek lehen kolpean hiru eduki horiek gogoratzen dituztela garbiago.
Bestetik, 18-23 urte bitarteko gazteei egiten dituzten ikus-entzunezko kontsumoak eta horretarako erabiltzen dituzten plataforma, kanal edo hornitzaile gustukoenak zehazteko eskatu diegu. Inkestetan jasotako erantzunetatik, hiru hauek dira aipatuenak: Youtube, Instagram eta ordainpeko VoD plataformak (horien artean nagusiki Netflix). Hiru sistema erraldoi horien atzetik telebista lineala aurkitzen da ikasleen % 27,2arekin, hori bai, telebista tradizionalen Nahieran zerbitzuen aurretik (% 13,2), bigarren irudiak erakusten duen modura.
Fikziozko edukien nagusitasuna
Behin ikusita fikzioaren pisua (serieak izanik gustukoen eta gehien jarraitzen dituztenak) eta ordainpeko plataforma digitalen garrantzia kontsumo horiek bideratzerakoan, interesgarria iruditu zaigu jakitea nola iritsi diren eduki horietara. Alegia, hain oparoa denez ikus-entzunezkoen merkatua, zergatik eta nola aukeratzen dituzten serie batzuk eta ez besteak. Horretarako, luzatu dizkiegun inkestetan, hainbat esaldien gaineko adostasun-mailan adierazteko eskatu diegu.
Hau da erabili dugun galdera: “Zergatik ikusten dituzu serieak? Esan mesedez noraino zauden ados hemen esaten diren esaldiekin
- Nire lagunek ikusten dituzte eta haiek gomendatuta ikusten ditut nik ere.
- Sare sozialetan enteratzen naiz zeintzuk diren interesgarrienak eta horiek ikusten ditut.
- Nik gustura ikusten ditut plataforma digitalek beraiek (Netflix, Amazon...) proposatzen dizkidatenak. “
Hurrengo irudietako emaitzek ageri-agerian uzten dute gazte hauen iritziz, hiru faktorek eragin positiboa daukatela zer ikusiko duten erabakitzeko orduan eta hala dio, hurrenez hurren, inkestatuen %53,9k, %50ek eta %53,5ek (“guztiz ados” eta “apur bat ados” erantzunak batu ditugu). Laurden bat pasatxok ez du garbi ikusten noraino sentitzen duen lagunen, sare sozialen ala algoritmoen bultzada beraien kontsumoa markatzerakoan. Agerikoa da oso baxuagoa dela eraginik identifikatzen ez dutenen kopurua.
Beraz, gazteen erdia pasatxok hiru informazio edo proposamen-iturri horiek zehaztu ditu, besteen gainetik, haien kontsumoan eragiten duten faktore gisa.
Edozelan ere, adinaren arabera, panelkideen artean suma daitezke desberdintasunak lagunak, sare sozialak eta algoritmoak identifikatzerakoan beraien kontsumo baldintzatzaile modura.
Esaterako, inkestatutako gaztetxoagoen artean (11-17 urte bitartekoak), apur bat apalagoak dira sare sozialen eta lagunen eraginaren gaineko iritziak eta aldiz markatuagoa Netflix, HBO edo Amazon Prime Video aplikazioek automatikoki egiten dituzten proposamen pertsonalizatuena.
Ondoko bi irudietan ikus daitekeenez, NUPeko eta UPV/EHUko ikasleen artean, 18-23 urteko panelkideen erantzunetan oinarrituta, esan daiteke sare sozialetako aipuek eta iruzkinek eragin nabarmenagoa daukatela fikzio seriatuaren kontsumoan.
Beraz, izan sare sozialetan aipatuak direlako, bakoitzaren kontsumo historikoetan oinarrituta VoD plataformak modu automatizatuan proposatuta ala lagunek gomendatuta, zeintzuk dira Hego Euskal Herriko gazteek ikusten dituzten serieak? Eta, orohar, nolakoa da kontsumo hori?
Galdera hauen eta beste batzuen gaineko informazioa aletuz joango gara ondoko pasarteetan, 2020-2021 ikasturtean zehar eginiko inkestaldietako datuez baliatuz.
Hasteko gogoratuko dugu serieak direla fikziozko oso produktu definituak, iraupenez gehienetan ordu betetik beherakoak eta maiz atal askotakoak (noski, badira 6 kapitulutara mugatzen direnak). Serieen bilakaera oso nabarmena izan da azken hamarkadan, telebistagintza linealetik ordainpeko zerbitzuetara jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa egin zuenetik. Gai, xede-talde, produkzio mota, jatorri, narratiba eta arrakasta desberdinekoak izanik ere, serieak gaur gaurkoz ikus-entzunezko kontsumoaren oinarriak dira.
Serie desberdinen gaineko arrakasta neurtzeko, hasteko, inkestan parte hartu duten gazteei eskatu diegu modu librean esateko zeintzuk diren haien gustuko produkzioak. Esan dituzten izenburuz betetako multzo horretan gehien aipatzen dituzten serieen irismenean sakondu ahal izan dugu ondoren.
Seigarren irudiak arrakastaren neurria jartzen du, bertan ageri baitira bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasle inkestatuetatik zenbatek ikusi dituzten ospetsuenak diren serieak. Datua argia da: gazteen erdia pasatxok zerrendako lehen lauak ikusi ditu, alegia: La casa de papel, Élite, Stranger things eta Sex education. Irismen handiena duen laukote horren ostean dator errenkada luze bat, irismen maila txikiagoa lortu duten serieen izenburuekin. Sakabanatuago ageri diren serieen gaineko balorazioa egiterakoan ez dago gaizki gogoratzea, ikaragarri zabala dela gure gazteek eskura duten ikus-entzunezkoen nazioarteko katalogoa.
Bigarren Hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleen kontsumo-portaeran sakonduz, eta fikzio seriatuari buruz ari garenez, galdetu diegu ikusitako azken produktua zein plataforman ikusi duten, zein aparailu erabiliz, eguneko zein momentutan eta, orohar, ikusitako azken seriearen gaineko zer balorazio egiten duten. Hiru galdera hauek serieen kontsumoaren ekosistema osatzen laguntzen digute eta hain ospetsuak bilakatu diren ikus-entzunezko produktuen gaineko informazio zehatzagoa eskaintzen dute.
Lehen galderari emaniko erantzunetan ikus daiteke ikasle hauetako lautik hiruk plataforma digitalen bidez ikusi dutela gogoan daukaten azken serie hori. Gainera, horri gehitu beharko genizkioke beste % 10 bat doako webguneen eskutik eta % 5aren bueltan sare sozialen bidez ikusi dutenena. Beraz, serieen kontsumoaren ingurune naturala VoD zerbitzuak dira eta oso apala da telebista aipatzen dutenena. Gehituta ere telebista lineala eta Nahieran zerbitzuen bitartez ikusi dutenena, ehunekoak ez dira oso altuak (BHkoen kasuan % 8,5 eta unibertsitarienean % 6,7).
Online bidezko hornitzaileen pisua nabaria da goiko irudian, eta beheraxeago zehazten da ikustaldietarako gehien erabiltzen dituzten aparailuak. Hemen, interesgarria da ohartaraztea desberdinak direla BHko ikasleek (11-17 urte) eta unibertsitatekoek (18-23 urte) dituzten bizi-ohiturak eta zaletasunak eta hori islatzen dela ordutegian, ekipamendu elektronikoan eta gustuetan, eta, orohar, ikus-entzunezko produktu seriatu hauen kontsumoan ere.
Esaterako, eskatu diegunean zehazteko zein den azken seriea ikusteko erabilitako tramankulu elektronikoa, BHko ikasleen kasuan ia bikoitza da telebista arruntean ikusi dutenena. Kontrara, unibertsitateko ikasleen artean %44ra heltzen da ordenagailu eramangarriaz baliatutakoena. Kopuruek homogeneizaziora jo dute gainontzeko aparailuen erabilera apalagoari dagokionez. Agian, azpimarragarria da serieak ikusteko telefono mugikorra aipatzen dutenen kasua mugatua dela; BHko ikasleen % 17,6 eta unbertsitarien % 13,1.
Hurrengo irudiak, bestetik, aukeratutako azken seriea eguneko zein unetan ikusi duten argitzeko balio digu. Bertan irudikatzen denez, antzematen da gaua dela serie hauen prime-timea, bereziki unibertsitarien artean (erantzunen % 66,7ak iluntzeko ordutegia zehaztu du). Edozelan ere, aipatzekoa da arratsaldea oso ohikoa zaiela serieak ikusteko bi adin tartekoei, batez beste, azken seriea arratsaldean ikusi dutenen kopurua berrogeita hamarraren bueltan kokatzen baita.
Galdetu diegunean gainera, ea aste barruan ala asteburuan desberdinak ote dituzten serieak ikusteko ordutegiak, erantzunek adierazten dute asteburuetan gaua hobesten dutela batzuk zein besteek, kasuen % 80aren bueltan.
Amaitzeko, eta dagoeneko errepasatu dugunez serieen kontsumoan ematen diren portaera ohikoenak, beti ere ikusi duten azkena erreferente modura hartuta, beste galdera baten bidez serie hori ebaluatzeko eskatu diegu. Bakoitzak ikusi duen seriearen bidez, nolabait, genero horren gaineko asebetetasuna zenbatekoa den jakin nahi izan dugu. Zerotik bosterako eskalan, ikusitako azken serieari nota jartzea izan da eman diegun lana. Erantzunetan sumatzen da ikasketa-mailari dagokion desberdintasunen bat. Gazteagoek errazago ematen diete nota altuena (5) eta unibertsitarien iritziz, ikusi dituzten serieek merezi dituzten notak, bere positibotasunean, baina, bostetik 4aren eta 5aren artean kokatzen dira.
Aipatu dituzten serieen artean Euskal Herrian ekoiztutakoen eta euskarazkoen kopurua oso baxua da. Oro har, arrakastatsuak direnen fikziozko ikus-entzunezkoen hizkuntzak, bikoiztuak ote diren eta azpidatzien erabilerari buruzko datu zehatzagoak aurkitu daitezke Ikusiker Panelean eginiko beste ikerketa batzuetan (Ikusiker Panela, 2020).
EITBren hainbat produkzioetan arreta jarrita
Artikulu honen aurreko ataletan azaldu dugu nolako lekua duen fikzioak Ikusiker Panela osatzen duten ikasleen kontsumoetan eta non, noiz eta zein aparailu bidez ikusten dituzten gazte hauek gustukoak dituzten serieak. Izenburu eta guzti aipatu ditugu, oso arrakastatsuak suertatu diren hainbat produkzio, eta esan dugu horien artean oso-oso gutxi direla Euskal Herrian ekoitzitakoak. Gainera, inkestetatik jasotako erantzunen bidez, azpimarratu dugu gazteen kontsumoan eragina duela sare sozialetan serieen gainean ikasleek zerbait irakurri izanak, algoritmoek botatako proposamenek ala lagunek emaniko gomendioek.
Hemendik aurrera, serieen gaineko aurre-ezagutza, jendearengana iristeko erabilitako hedapen sistema eta kontsumoaren artean erlaziorik ba ote dagoen ikusteko zantzu bila arituko gara. Horretarako, EITBren lau ekoizpen zehatz hartuko ditugu aztergai eta UPV/EHUko hainbat ikasleen iritzietan oinarrituko gara estatistikoki duen esanguragatik baino, joerak markatzeko interesgarria izan daitekeela pentsatuz.
2019 eta 2021 bitartean EITBk eskaini dituen “Ihesaldia”, “Euria ari du”, “Daniel(a)” eta “Irabazi arte” fikziozko saioak dira kontuan hartuko ditugunak. UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko graduko eta masterreko hainbat ikasle-geletako kideen laguntzarekin produkzio hauen gaineko informazioa jaso ahal izan dugu, horretarako propio eginiko inkestak erabiliz. Esan bezala, bereziki interesatu zaizkigu produkzio horien berri ba ote zuten jakitea eta, gainera, ikus-entzunezko horientzako hedapen sistema egokiena zein litzatekeen zehaztea.
Lau fikziozko serieen kasuan, oso txikia zen estreinatu eta denbora gutxira egindako inkestan haren berri zeukaten komunikazio alorreko ikasleen kopurua. Ezezagutza maila horretatik abiatuta, noski, are txikiagoa zen azterketa egin genuen momentuan ikusita zutenen ehunekoa.
“Daniel(a)” (2021) sei ataleko websailaren kasura mugatuta, produkzioa estreinatu eta handik bi astera inkestatu genituen komunikazio alorreko graduko eta masterreko ikasleak. Online euskarrietarako bakarrik ekoitzia izan zen euskarazko fikziozko produkzioa ikusia zutenen kopurua hutsaren hurrengoa zen. Modu berean, “Daniel(a)” seriearen berri eduki edo hari buruz zerbait entzuna zutenen %17 eta %24 baino ez zen, graduko eta masterreko ikasleen artean, hurrenez hurren.
EITBk emititutako “Ihesaldia” (2019), “Euria ari du” (2020) eta “Irabazi arte” (2021) ekoizpenei buruzko inkestetan, UPV/EHUko ikasleek berretsi zuten haientzat ez zela bat ere ohikoa telebista lineala erabiltzea fikzioa ikusteko. Gazte hauen iritziz, hauek bezalako serieen hedapen sistema egokienak VoD plataformak, Youtube, sare sozialak eta Nahieran zerbitzuak dira. Ondoko irudian ikus daiteke graduko eta masterreko ikasleen ustez produktu hauetarako difusio-sistema egokienak kontsideratzen dituztenen ehunekoak.
11. irudiaren lehen marran ikusten da inkestatutako ikasle unibertsitarien ehuneko 77,3k telebista tradizionalaz kanpoko ikusten dituela hauek bezalako fikziozko saioak. Platafoma digitalena da hobesten den distribuzio-sistema (% 25,5), Nahieran (% 18,5), Youtube (%16,9) eta sare sozialen (% 15,5) aurretik.
Atal honekin amaitzeko, eta lehengo argudioetatik tiraka, “Daniel(a)” produkzioaren azterketan egindako azken galdera bati egingo diogu kasu. Esan dugun gisan, transexualitatea jorratzen duen webserie honen gaineko aldez aurretiko oso informazio gutxi zuten inkestatutako 60 unibertsitariek eta oso-oso txikia atalen bat ikusia zutenen ehunekoa. UPV/EHUko komunikazio ikasketak egiten dituzten gazte hauekin burututako aurkezpen ekitaldi baten ostean (euskaraz eta gaztelaniaz ikasten duten hirurogei bat ikasle bildu genituen, Leioako kanpusean, 2021eko azaroaren azkenetan, produkzioaren gidoilariarekin eta errealizadorearekin, fikziozko saioaren berri eman eta produkzioaren gora beherak azalduz), handiak izan ziren ostean, beraien etxean, seriearen webgunera jo zutenak eta baita atal desberdinak ikusi zituztenen kopuruak.
Artikuluaren azken irudian ikus daitekeenez, esperimentuan parte hartu zuten ikasleen %38k lehen atala baino ez zuen ikusi, baina %41ek seiak. Bi datu hauek erakusten dute ez bakarrik zein garrantzitsua den produkzio baten berri izatea eta gazteek eskura daukaten serieen katalogo erraldoitik bereiztea, baizik eta, bakantze hori egin eta gero, atxikimendua eta ondorioz ikusitako atal kopurua altua dela. Kontuan hartu behar da, gainera, ariketa gisa eginiko azterketa honetarako aukeratu den ikus-entzunezko produktua, sarean bakarrik ikus zitekeela, beraz, ikasleentzako ohikoagoa suertatzen den ingurunean.
Ikusgarritasunaren garrantzia
Ikerketa desberdinek erakusten dute gazteen artean baxua dela Euskal Herrian ekoiztutako ikus-entzunezko produktuen audientzia, are eta apalagoa euskarazkoena, bereziki online plataformetan zabaltzen diren serie, pelikula zein programetan. Arazoa konplexua da, faktore anitzek baldintzatua eta hausnarketa sakona eskatzen duena.
Artikulu honetan, Ikusiker Panela eta Ikustest (Ikus-entzunezkoak testatzeko laborategia) izeneko ikerketetatik ateratako datuetan oinarrituta, bi ideia azpimarratu nahi izan ditugu: lehenik, gazteek erabiltzen dituzten online medioek eta euskarriek zedarritzen dutela beraien ikus-entzunezko joko-eremua eta, bigarrenik, eskura dituzten serie, pelikula ala bideoen katalogo erraldoian, hemengo produktuek ikusgarritasun gutxi daukatela.
Hemengo gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa altua da, online bidezko plataforma eta medioetan bereziki. Oro har, programazio itxiko telebistak garrantzia galdu du eta zuzenekoak edo noizbehinkako ebentoak kenduta, ez du beraien egunerokoan ia lekurik okupatzen.
Hiru nahi edo zereginetarako erabiltzen dituzte IKTak: beraien artean komunikatzeko, informatuta egoteko eta denbora pasarako. Azken funtzio sozial horretarako fikzioak leku garrantzitsua du.
Ikusiker Paneleko kide diren Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako ikasleek garbi erakusten dute oso modu librean aritzen direla nazioarteko katalogo erraldoian barrena. Eskura dituzten sare sozial, plataforma digital eta, orohar, oline baliabideak erabiltzen dituzte modu erosoan. Pil-pilean dauden ikus-entzunezko produktuak kontsumitzen dituzte, jatorri, eduki eta hizkuntza desberdinetan dauden produktuak gozatuz.
Itxura batean mugarik ez duen eskaintza horretan zer aukeratu eta zer ikusiko duten erabakitzerakoan, artikulu honetan azaldu dugunez, gazteek kontuan hartzen dituzte beraien lagunen gomendioak, plataforma digitalek proposatutakoak eta sare sozialetan entzuten dituztenak. Hor dago beraz, hemengo ikus-entzunezko produktuek landu beharreko bigarren gakoa: eduki horiek ikusgarri jartzea. Ikustest laborategian aztertu ditugun hainbat produktuen gaineko ebaluazioek erakusten dute merkatuan dauden beste batzuen mailakoak direla baina ez direla iristen publiko zabalera. Alegia, eta besteak beste, ikus-entzunezko horietako gaiak, pertsonaiak edota erritmoak homologagarriak izan arren ez dutela lortzen jendearengana heltzea. Nazioarteko produkzioen dizdirak itzala egiten die. Hortxe, zalantzarik gabe, erronkarik behinena. Bereizgarri gisa funtzionatuko duten faktoreak definitzea eta ondo kudeatzea. Xede horrekin, beharrezkoa da Euskal Herriko ikus-entzunezkoen marka lantzea eta aplikatzea. Izan ere, ikasleen artean burutu diren esperimentuek erakusten dute ez dela txikia behin produktu baten berri izan eta gero, ikusi, gustatu eta engantxatzen direnen kopurua.
Bibliografia
AIMC (2021):23 Navegantes en la red 2021. Ikusgarri: https://www.aimc.es/otros-estudios-trabajos/navegantes-la-red/
AIMC (2021): Marco general de los medios en España 2021. Ikusgarri: https://www.aimc.es/otros-estudios-trabajos/marco-general/descarga-marco-general/
Arana Arrieta, E. et al. (2021): “Gazteen artean ikus-entzunezko kontsumoa astindu zuen birusa”, 77-92, in Libe Mimenza (ed.) Euskal Hedabideen urtekaria. Leioa: Behategia.
Barlovento Comunicación (2022): 2021 Análisis de la industria televisiva audiovisual. Ikusgarri: https://www.barloventocomunicacion.es/audiencias-anuales/2021-analisis-de-la-industria-televisiva-audiovisual/
IAB (2021): Estudio anual video online 2021. Ikusgarri: https://iabspain.es/estudio/estudio-anual-de-video-online-2021/
ikus-entzunezkoen kontsumoa eta IKTen erabilera”. Ikusiker Unibertsitatea Panelaren Txostena. 2021eko uztaila. Applika ikerketa proiektua (US20/21). UPV/EHU. http://ikusiker.eus.
Ikusiker Panela (2020): “Ikusi diren entretenimenduzko edukiak eta hizkuntzak”). 15. Txostena. 2020ko abendua. Applika ikerketa proiektua (US20/21). UPV/EHU. http://ikusiker.eus.
Ikusiker Panela (2021): “Bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleen
Ikusiker Panela (2021): “Serieen kontsumoa”.. Ikusiker Unibertsitatea Panelaren 18. Txostena. 2021eko otsaila. Applika ikerketa proiektua (US20/21). UPV/EHU. http://ikusiker.eus.
Mediametrie (2021): L’audience de la télévision en 2021. Ikusgarri: https://www.mediametrie.fr/fr/laudience-de-la-television-en-2021
We are social (2021): Digital 2021. Global overview report. Ikusgarri: https://datareportal.com/reports/digital-2021-global-overview-report
FITXA TEKNIKOA
Applika+ (US20/21) ikerketa-proietuan, UPV/EHU, Tabakalera, EITB eta Kulturaren Euskal Behatokia ari dira elkarlanean. Lan-ildo deberdinak ditu eta horietariko bi aipatzen dira arikulu honetan: Ikusiker Panela eta Ikustest-Ikus-entzunezkoak testatzeko laborategia. Ikusiker Panelak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gazteek daukaten ikus-entzunezkoen kontsumoa eta Informazioen eta Komunikazioen Teknologien (IKT) erabilera aztertzea du helburu. Bi komunitate autonomo hauetako bigarren hezkuntzako (BH) eta unibertsitateko hainbat ikasleek osatzen dute panela. Lehenean 11-17 urte bitartekoak daude eta, bigarren multzoan, unibertsitatekoak, 18-23 urtekoak. Ikerketan parte hartzen duten gazteen kopurua, batez beste, 2.500ekoa da. www.encuestafacil.com plataformaren bidez egiten dira inkestak.
Ikusiker Panelari buruzko informazio gehiago www.ikusiker.eus webgunean aurkitu daiteke.