Euskarazko komunikabideentzat azken urte hau, arrazoi desberdinengatik, urte luzea izan da, inondik ere. Nazioarteko joerak indartuz doaz, kontsumo ohiturak aldatuz doaz eta gero eta zailagoa da hartzaileen arreta bereganatzea, gero eta zailagoa da hartzaileekin konektatu eta komunitatea egitea. Telefono mugikorraren erabilera gero eta handiagoa da eta berarekin sare sozialen nagusigoa ere bai. Eta horri guztiari azken urteotako Adimen Artifizialaren indartzea gehitu behar zaio. 2023. urtea adimen artifizialeko lehen eredu orokorrak aurkeztu ziren urtea izan zen eta hurrengoa Adimen Artifizial horiei erabilera praktikoak ematekoa; bada, 2025. urtea prozesu horien guztien areagotze eta sakontze urtea izan dela esan dezakegu. Gero eta alor gehiagotan eta gero eta eraginkortasun handiagoarekin ari da sartzen Adimen Artifiziala eta hor ere ezinbestekoa bilakatu zaie euskarazko hedabideei egokitzapena, aukera berri horiek geure beharretatik eta geure ikuspegitik baliatu ahal izateko.
Komunikazioaren mundua eraldaketa prozesu sakon eta konplexu batean murgildurik dago eta komunikabide guztiak, handiak zein txikiak, aurrera jarraitu ahal izateko beren ereduaren bila ari dira. Ez dago guztientzako baliagarria izango den eredurik eta bakoitzak bere bidea egin behar du, diru iturriak dibertsifikatuz eta norberaren hartzaileen ezagutzan sakonduz. Hedabide bakoitzak bere eskaintza zein euskarriak egokitu behar ditu bere komunitatearekin hobeki konektatzeko eta hori eginez norberaren eragin soziala edota inpaktua handitzen ahalegindu. Eta hori guztia, noski, egitasmoen biziraupena bermatuz egin behar da, bestela ez baitago aurrera egiterik. Hedabide bakoitzak egin beharreko bide hori konplexua da, batetik, egitasmoen lan jardun guztiei eragiten dielako eta bestetik, eredu berri horiek sortu eta egonkortu nahian ari diren bitartean, komunikazioaren mundua bera mugimenduan dagoelako, gero eta mugimendu azkarragoan gainera. Egia esan, ez da erronka makala.
Testuinguru orokorra hori izanik, elkartetik ahalegin berezia egin da bazkideei informazio zuzena, formakuntza eskaintza zabala eta baliabide teknologikoak eskaintzeko, baina elkartearen jardun nagusia iazkoan euskarazko komunikabideentzako baliabide gehiago eskuratzea izan da. Lan horri eman zaio lehentasun osoa eta, ondoren azalduko dugun bezala, egindako ahalegin horrek, eremu batzuetan behintzat, bere fruituak eman ditu.
Egoera desberdinak ohiko dirulaguntza deialdietan
Euskarazko komunikabideek funtzio sozial garrantzitsua betetzen dute. Batetik, euskararen normalizazio prozesuari ezinbesteko ekarpena egiten diote, euskal hiztun komunitateari euskaraz bizitzeko arlo zabal eta garrantzitsua eskainiz eta bestetik, herritarren informazio eskubidea, prentsa askatasuna edota iritzi aniztasuna bermatzeko funtzioa ere betetzen dute, demokraziaren garapenerako ezinbesteko baldintzak. Funtzio sozial garrantzitsu hori betetzen jarraitzeko euskarazko komunikabideek, gainerako komunikabideek bezala, erakunde publikoen bultzada behar dute eta azken urte hauetan bultzada hori euskarazko hedabideentzako dirulaguntza deialdi desberdinen bidez gauzatu da.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2019. urtean abian jarri zen dirulaguntza sistemak hiru urteko bi aldi bete zituen eta hainbat hilabetez sistema hori hobetzeko helburuz eredu berria adosteko prozesuan murgildurik ibili da euskarazko komunikabideen sektorea. Bere momentuan norabide egokian emandako aurrerapauso gisa baloratu zen 2019tik 2024ra arte indarrean egon den sistema, baina denborarekin gabezia garrantzitsuak erakutsi ditu eta ezinbestekoa izan da garai berrietara egokitzea. Aurrekoa ekoizpenean oinarritutako eredua izan da eta maiz hedabideei beren egitasmoak kontsumo ohitura berrietara egokitzeko hartu beharreko bide berriak zaildu dizkie. Horrez gain, hainbatetan ezagutarazi izan dugunez, azken urteetan komunikabideentzat ezinbestekoak diren hainbat elementuren garestitzeak (papera, argindarra, erregaiak...) ia ezerezean utzi du 2019an egin zen aurrerapausoa eta, ondorioz, eredu hark ekarri behar zituen lan baldintzen hobetzea edota lantaldeen egonkortzea ezin izan dira bermatu.
Sektoreak ez ezik erakunde publikoek ere argi ikusi zuten 2019an abian jarritako sistemak eman beharrekoa eman zuela eta Hedabideen Mahaian ondorengo urteetarako dirulaguntza eredua birpentsatzeko prozesua jarri zen abian. Prozesua gidatzeko azpibatzorde bat sortu zen eta eztabaidarako gaiak eta egutegia adostu ziren eta hori izan da azken bi urte hauetan euskarazko hedabideen elkartearen jardunik garrantzitsuena.
Sistema berriak deialdian parte hartzeko gutxieneko baldintza batzuk ezarri ditu, tartean gutxieneko ekoizpen maila batzuk ere bai, baina oro har, sistema ez da aurreko eredua bezala, ekoizpenean oinarritu. Deialdi eredu berriak euskarazko hedabideen garapena sustatzea du helburu eta, zentzu horretan, norberaren egitasmoa egungo beharretara egokitzeko pausoak ematen diren heinean (audientzien ezagutza, berrikuntza...), gutxieneko laguntza bermatzeaz aparte, laguntza gehigarriak eskuratzeko aukera zabaltzen da. Era berean, deialdi berrian komunikazio egitasmoak hartuko dira kontuan eta ez dira euskarrien arabera multzo desberdinak bereiziko. Komunikazio egitasmo bakoitzak ekoizten dituen produktu edota euskarri desberdinak egitasmo bakarrean bildurik baloratuko dira. Honela, deialdira aurkezterakoan komunikazio egitasmo bakoitzak hurrengo urteetarako bere plangintza aurkeztu beharko du, zernolakoa den, zer egiten duen, zer egin nahi duen eta horretarako zernolako lantaldea eta baliabideak behar dituen zehaztuz, eta aurrekontu horren guztiaren zati bat dirulaguntza bidez estaliko da. Plangintza hori baloratzerakoan gero eta puntu gehiago lortu, orduan eta estaldura publiko handiagoa izango du, puntu gehigarri horiek lortzea ahalbidetzen duten jardunek atzean gastu erantsi bat dutelako; lanketa horiek egin nahi dituztenei garatu ahal izateko bultzada bermatzea da asmoa.
Sistema berria, aurreko urteetan bezala, hiru urterako izatea aurreikusi bazen ere, azkenean lau urterako sistema izango da, alegia, 2025-2028 aldirako sistema. Baliabideei dagokienez, argi zegoen proiektu komunikatiboen lau urteko garapenerako erakunde publikoek aurreko urteetan egindakoa baino ahalegin nabarmen handiagoa egin beharko zutela. Aurreko urteekin alderatuz baliabide handitze bat egon den arren, ez da sektorearen benetako beharrak asetzeko adinakoa izan.
Hiru urterako izan beharrean lau urterako izatea Jaurlaritzak hartutako erabakia izan da eta sektoretik, lau urteko aldia luzeegia zelakoan, urte bateko nolabaiteko frogaldiaren ondoren hiru urtetarako deialdia egitea proposatu bazen ere, azkenean sistema berria lau urterako izango da. Hori ikusita, egitasmoen garapena bermatzeko zein bizitzaren garestitzeak egitasmoen bideragarritasuna ez kaltetzeko, baliabide gehigarriak eskatu zituen sektoreak eta hasieran erakundeek proposamenari baiezkoa eman bazioten ere, azkenean baliabide gehigarri horiek beste helburu batzuetara bideratu dira eta horrek asko baldintzatu du sistema berriaren eraginkortasuna.
Izan ere, erakunde publikoek beraiek onartu dute lau urteko deialdira bideratutako baliabideak ez direla nahikoak izan eta ondorioz, egokitzapenak egin behar izan dituztela hedabideei esleitu beharreko kopuruak banatzeko zituzten baliabide mugatuetara doitzeko. Baliabide nahikoak ez izateak gainera irizpide batasuna apurtzea ekarri du: Jaurlaritza beheragotik hasi da aurkeztutako plangintzak baloratzen egitasmoen arteko desberdintasunei lehentasuna eman asmoz eta Aldundiak aldiz goragotik hasi dira baloratzen sektorearekin adostutako gutxieneko estaldura bermatzeari lehentasuna emanez. Irizpide desberdintasun horrek ere desoreka nabarmena eragin du sektorearen, Jaurlaritzak bermatutako estaldurak Aldundiek bermatutakoetatik urrun gelditu direlarik.
Hiru urteko aldia beharrean lau urtekoa izateak izapidetze prozesua are gehiago luzatzea ekarri du eta hauteskundeen ondoren Hizkuntza Politikaren eremuan izandako arduradun politikoen zein teknikarien aldaketak are gehiago atzeratu du guztia. Bada, atzerapen horrek arazo larriak eragin dizkie hainbat hedabideri. Deialdiak urtearen bigarren erditik aurrera argitaratu dira eta ebazpenak ez dira abendurarte jakinarazi, horrek suposatzen duen guztiarekin: hedabide askori atzerapen horrek likidezia arazoak eragin dizkie eta hedabideek 2025. urterako gastuak zenbateko dirulaguntza publikoa jasoko zuten jakin gabe egin behar izan dituzte. Hedabideek hilabete bateko tartea izan dute lau urterako beraien plangintza aurkezteko eta horrek lan-karga handia suposatu die, batez ere lankide gutxiko egitasmoei, gaikako hainbat plan eta dokumentu aurkeztu behar izan dituztelako. Hekimeneko bazkideek egindako lana handia izan da eta aurkeztutako plangintzak, oro har, oso txukunak, baina, esan bezala, emaitza, hainbat kasutan, ez da esperotakoa izan. Are okerrago, zenbait kasutan esleitutako dirulaguntza aurreko aldikoa baino txikiagoa edota antzekoa izan da eta horrek kasu horietan zalantzan jarri du egitasmo horien bideragarritasuna.
Laburbilduz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hedabideen egonkortasuna eta garapena bermatzea helburu zuen dirulaguntza sistema berriak aurrerapauso berri bat suposatu du, baina, oro har, ez da aurreikusitako bultzada ematera iritsi eta, zenbait kasutan, ez du hedabideen bideragarritasuna bera bermatzea lortu. Sektoretik okerren gelditu diren hedabide horien bideragarritasuna bermatzeko, adostutako gutxieneko estaldura berma dadin eta egitasmoen bilakaera ahalbidetzeko baliabide gehigarriak eskuratzeko ahal dugun guztia egingo dugu eta espero dezagun erakunde publikoek hiru eremu horietan irtenbideak bilatzea, egindako lana eta emandako aurrerapausoa guztientzako balekoa izan dadin.
Nafarroan, bestalde, ez da aldaketa nabarmenik egon euskarazko hedabideentzako dirulaguntza sisteman. Esleitutako kopuruaren zenbatekoa zeozer handitu da eta deialdian aldaketa txiki batzuk txertatu dira, baina ez da sistema berri bat adosteko prozesurik abian jarri eta ez da sistema berri horrek eskatuko lukeen baliabide hazkunde nabarmenik egon, nahiz eta 2024. urtean Euskararen Nafar Kontseiluaren baitan abian jarritako azpibatzordean euskarazko komunikabideen inguruko hausnarketaren ondorio nagusiek bide hori marraztu.
Euskararen Nafar Kontseiluaren azpibatzorde batean sektorearen beharrak agerian uzten zituen txosten bat idatzi zen eta plenarioan aurkeztu ondoren Kontseiluak oniritzia eman zion. Baina ondorengo lehen urtean behintzat ez da sistema berririk landu eta esleitutako kopuruak ere ez dira nabarmen handitu. Txostenak argi uzten zuen Nafarroan ere euskarazko komunikabideen lana ezinbestekoa dela eta erakunde publikoen egungo laguntza ez dela nahikoa, baina, esan bezala, azken deialdian behintzat ez da aldaketa nabarmenik egon. Jakin badakigu Euskarabidea deialdi eredu berri bat lantzeko lanean hasi dela eta sektoreari puntualki bere iritzia eskatu zaiola, baina oraingoz ez da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bezala deialdi eredu berri hori sektorearekin batera eraikitzeko batzorde edo eztabaidagunerik abian jarri. Sektoretik foro hori abian jartzeko eskaria egina dago eta Euskarabideatik onartua ere bai, baina, esan bezala, oraingoz ez da abian jarri.
Nafarroako Gobernuak euskarazko komunikabideak laguntzera bideratutako aurrekontua handituz joan da azken urte hauetan eta deialdian zenbait aldaketa txertatu izan dira hedabideen egungo errealitatera egokitu asmoz, baina oraindik ere kopurua urrun dago Nafarroako euskarazko hedabideen beharretatik eta egungo deialdi ereduak hutsune nabarmenak ditu hedabideen garapena edota modernizazioa bultzatzerakoan. Horrez gain, telebistek oraindik ere ez dute deialdi horretara aurkezteko aukerarik eta lortzen duten laguntza apurra aurkezten dituzten telebista saioen araberakoa da, urtero aldatzen dena eta lantaldeen egonkortzea eragozten duena. Hau ere lehentasunez konpondu beharreko gaia dela iruditzen zaigu. Alegia, Nafarroan ere ezinbestekoa dela dirulaguntza deialdi eredua euskarazko komunikabideen errealitate berrira egokitzea eta baliabideak ere eredu berri horrek eskatzen duen neurrian areagotzea, eta horixe bera izango da ondorengo hilabeteetan sektoreak Nafarroan izango duen erronkarik garrantzitsuena.
Ipar Euskal Herrian, zoritxarrez, aldaketa are txikiagoa izan da. Laguntzek bere horretan jarraitzen dute eta hori atzera egitea da papera, argindarra, garraioa eta bestelako zerbitzuak ikaragarri garestitu diren testuinguru honetan. Euskarazko komunikabideentzako dirulaguntza publikoak, nagusiki, Euskararen Erakunde Publikoak banatzen ditu eta azken urte hauetan kopurua izozturik dago, 2022an % 1,5eko murrizketa jasan ondoren. Euskarazko komunikabideak laguntzera bideratutako kopurua 537.500 eurokoa izan zen 2021. urtean, baina ondorengo lau urteetan handitu beharrean txikitu egin da, 530.000 euro inguruan kokatuz. Komunikabideak eraldaketa prozesu sakonean murgildurik dauden testuinguruan, laguntzak handitu beharrean, izozturik mantentzen dira, horrek suposatzen duen guztiarekin.
Bestalde, eta aurreko urtean bezala, 2025. urtean ere zalantzan jarri da euskarazko irratiek Frantziako Estatuak bere aurrekontuan tokiko irratietara bideratzen duen funtsetik jasotzen den dirulaguntza. Izan ere, aurrez esan dugun bezala, EEP da euskarazko hedabideen finantzatzaile publiko nagusia, baina ez bakarra. Frantziako Estatuak ere euskarazko hedabideak laguntzen ditu bestelako deialdien bidez eta tartean euskarazko irratiak ere bai, zehazki FSER izeneko funtsetik 400.000 euro inguru euskarazko irratietara bideratuz. Eta horrez gain, funts beretik, bost urtean behin, laguntza gehigarri bat ere bideratzen da tresneria berritzeko. 2025eko aurrekontuen eztabaidan funts hori % 35 murriztea proposatu zuten eta murrizketa horrek bost lanpostu murriztu beharra eragin zezakeenez, eragite lana abiatu zuten Ipar Euskal Herriko euskarazko eragileek eta azkenean proposamenak ez zuen aurrera egin, baina badirudi berriro ere proposamena mahai gainean dela 2026. urteko aurrekontuei begira. Gaiaren gainean egon beharko da eta ahal den guztia egin, iazkoan bezala, proposamen horrek aurrera egin ez dezan.
Atzerapausoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ezohiko dirulaguntzan
Aurreko urtean bezala 2025. urtean ere, adimen artifizial generatiboaren ondorioekin lotutako ezohiko dirulaguntza deialdia argitaratu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta abuztuan iritsi zen ebazpena. Deialdia, aurrekoan bezala, «Eguneroko informazioa ematen duten hedabide profesionalek edukiak sortzean, lantzean eta argitaratzean adimen artifizial generatiboak duen eragin negatiboa minimizatzeko dirulaguntza» gisa argitaratu zen eta, oro har, aurreko urtekoaren ildotik joan da, nahiz eta aldaketa batzuk ere txertatu dituzten, batez ere hedabide handienek dagokien poltsaren zati handiena eraman ez dezaten edota hedabideak multzo batean edo bestean kokatu erabakitzeko irizpideak aldatuz.
Lehen bi urteetan, 2021ean eta 2022an, ezohiko dirulaguntza honek beste helburu edo izendapen batzuk izan zituen, lehen urtean (zuzenean, deialdirik egin gabe) pandemiak komunikabideei eragindako kalteak arintzeko izan zen eta bigarrenean (deialdi bidez) informazio eskubidea eta iritzi aniztasuna bermatzeko helburuarekin. Bada, 2023an ez zen horrelakorik egon eta euskarazko komunikabideentzat ez zen berri ona izan. Izan ere, nahiz eta aipatutako bi urte horietan 10 eurotik 9 baino gehiago gaztelaniaz argitaratzen diren hedabideetara bideratu, ezohiko laguntza hori euskarazko komunikabideentzat garrantzitsua zen.
2021. urtean 5 milioi euro banatu zituen Jaurlaritzak eta, esan bezala, euskarazko 2 komunikabide soilik hartu zituzten kontuan. Sail desberdinetako arduradunekin harremanak izan genituen eta 2022an milioi bat gehiago jarri zuten, poltsa % 20 handituz, eta euskarazko 9 komunikabide hartu zituzten kontuan, baina berriro ere euskarazko komunikabideek jasotako kopurua oso eskasa izan zen (ez zen % 8ra iritsi). Esan bezala, 2023an ezohiko dirulaguntza hori ez egoteak zailtasun puntu bat gehitu zien aurreko urtean laguntza hori jaso zuten euskarazko bederatzi komunikabideei eta, nola ez, ordura arte arte ezer jaso ez zutenei ere.
2024ko deialdia uztailaren amaieran argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak, antza Europako Batasuneko berme guztiekin, eta poltsan milioi bat gehiago aurreikusi zen, guztira zazpi milioi euro, sei milioi hedabide orokorrentzat eta milioi bat tokikoentzat, eta azken lerro honetan audientziaren arabera bi azpilerro aurreikusiz. Horretaz gain, deialdiak neurri interesgarri batzuk jaso zituen hedabide bakar batek poltsaren zati esanguratsu bat bereganatzea ekiditeko eta laguntza banatuagoa gerta zedin, baina sektoretik egindako bestelako eskaerak ez ziren kontuan hartu: batetik, audientziaren inguruko kalkuluak orokorrak izan ziren, ez bakoitzaren audientzia potentzialen araberakoak, eta bestetik, aurrekoetan bezala, hedabide tematikoak deialditik kanpo utzi zituzten.
Bada, 2025. urtean ere argazki bera edo oso antzekoa errepikatu da. Deialdi berezi honi dagokionez, hasieratik euskarazko komunikabideen sektoreak egin izan dituen bi eskari nagusiak (laguntza euskarazko komunikabide guztientzako izatea eta euskarazkoen kasuan puntuak haien audientzia potentzialaren arabera ematea) ez dira kontuan hartu. Egia da urtetik urtera deialdi honen bidez lagundu diren euskarazko hedabideak gehiago direla (lehen urtean bi baino ez ziren lagundu eta azken honetan 23 lagundu dira), baina egin diren lau deialdietan bakar batean ere ez dira hedabide tematikoak edo espezializatuak diruz lagundu, eguneroko prentsa ez omen direlako. Gainera, aldi oro euskarazko komunikabideak haien audientzia potentzialaren arabera neurtuak izan daitezen eskatu dugun arren, gai honetan ere ez da aurrerapausorik eman lau deialdietan, eta azken honetan ere euskarazkoak erdal hedabideen audientzien arabera izan dira baloratuak.
Esleitutako kopuruak aztertzen baditugu, bestalde, euskarazko hedabideek, oro har, % 8 gutxiago jaso dutela ikusiko dugu, aurreko urtean baino ia 108.000 euro gutxiago; batez ere, multzoz aldatu ondoren, Argiari % 61 gutxiago esleitu diotelako eta tokikoen eremuan ere, zenbait kasutan aurreko urtean baino nabarmen gutxiago esleitu dietelako (kasu batzuetan % 60 edota % 70 gutxiago). Esan bezala, egia da deialdi honetan aurrekoan baino euskarazko komunikabide gehiago diruztatu dituztela, baina, oro har, euskarazkoei esleitutako diru kopuruak behera egin du. Eta horrez gain, beste urte batez, tematikoak deialditik kanpo geratu dira. Beste urte batez, audientziak baloratzerakoan euskarazkoak erdal hedabideen audientzien arabera baloratu dituzte, alegia, euskaraz ez dakiten pertsonak euskarazko komunikabideen audientzia izan daitezkeela aurreikusiz. Jakina denez, hamarkadetako gutxiagotze prozesu sakonaren ondorioz, euskarazko komunikabideen audientzia potentziala erdal hedabideena baino nabarmen txikiagoa da, baina audientzia horren ehunekoak kalkulatzerakoan erdal hedabideen audientzia potentzialaren arabera neurtzen dituzte euskarazkoak ere. Euskarazko hedabideak beren audientzia potentzialaren arabera neurtuko balira, ehunekoak nabarmen handituko lirateke eta legokiokeen dirulaguntza ere proportzioan handituko litzateke, baina, esan bezala, beste urte batez erdal hedabideen kopuruak erabiliz neurtu dituzte eta horrek, berriro ere, jaso beharreko laguntzaren kopurua legokiekeena baino txikiagoa izatea ekarri du.
Gainerakoan, Vocento taldeari aurrekoan baino % 20 gehiago esleitu diote, baina lehen bi urteetan esleitutako kopuru izugarrietara iritsi gabe, eta Noticias taldeari ere oro har % 20 inguru gehiago, Noticias de Gipuzkoaren hazkundea % 14ren inguruan geratu delarik. Edozein kasutan, Noticias taldeak azken bi urteetan lehen bi urteetan baino nabarmen gehiago jaso du; lehen bi urteetan milioia gainditzen ez zuen bitartean, 2024an 1,49 milioi euro esleitu zitzaizkion talde horri eta 2025ean 1,76 milioi euro.
Aurrekoan bezala, 2025. urteko deialdian hobekuntzak egon diren arren, beste behin euskarazko hainbat komunikabide deialditik kanpo utzi dituzte; tematiko guztiak eta beste batzuk ere bai eta horrez gain, beste behin, hutsune nabarmen bera errepikatu da: laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko hain garrantzitsua den audientzia, audientzia orokorraren arabera neurtu da, ez norberaren audientzia potentzialen arabera eta, noski, horrek euskarazko komunikabideek laguntza txikiagoa jasotzea eragiten du.
Elkarteak ildo honetan ere eragiten jarraitu beharko du. Batetik, euskarazko komunikabide guztiek parte hartzeko eskubidea izan dezaten eta bestetik kalkuluak audientzia potentzialen arabera egin daitezen, baina baita komunikabideen garapenerako hain garrantzitsua den dirulaguntza deialdi berezi hau ohikoa bilaka dadin ere.
Euskarazko komunikabideen testuingurua
Aurrez aipatutakoak baliabideen eremuan kokatutako gertaera garrantzitsuenak izan dira, baina noski, hori ez da urteak euskarazko komunikabideen eremuan eman duen guztia. Asko eta anitzak dira beren jarduna errealitate berrira egokitzeko euskal hedabideek eman dituzten pausoak eta ezinezkoa da guztiak tarte honetan aipatzea, ondorioz prozesu orokor horren adibide batzuk baino ez ditugu aipatuko, euskarazko hedabideek bidea egiten jarraitzen dutela erakusteko besterik ez bada ere.
Sarreran 2025. urtea Adimen Artifizialaren orokortze eta sakontze urtea izan dela aurreratu dugu eta eremu horretan azpimarratzekoak dira euskarazko hainbat hedabidek eman dituzten pausoak. Berriak esaterako Adimen Artifiziala noiz eta nola erabili daitekeen arautu du bere estilo liburuan eta jardunaldiak antolatu ditu adimen artifiziala kazetaritzan izaten ari den eraginaz hausnartzeko. Argiak, bestalde, bere artxibo historikoa eta argazkien bilduma digitalizatu ditu, bilaketetarako adimen artifiziala baliatzen duen bilaketa semantikoa ahalbidetuz. Jakin-ek ere azken urte hauetan euskal pentsalarien lanak digitalizatu ditu eta beren atariko Euskal pentsamendua - Idazlan guztiak atalean kokatu, besteak beste, kontzeptuetan oinarritutako bilaketa aurreratuak ahalbidetuz. Elhuyar aldizkariak ere Orai-rekin elkarlanean, testuen laburpen automatikoak eta audio-bertsioak (text-to-speech) txertatu ditu bere bertsio digitalean, zientzia-dibulgazioa formatu berrietara egokituz. NAIZ Irratiak ere pauso berriak eman ditu bere irratsaioak automatikoki transkribatzeko, edukiak bilatzaileetan hobeto indexatuz eta horrela eduki horien irisgarritasuna nabarmen hobetuz. Tokikom elkartean, bestalde, tokiko informazio kopuru handia kudeatzeko tresnak garatu dituzte, herriz herriko albisteak modu automatizatuagoan antolatzeko eta beren plataforma digital integratuen aldeko apustua ere indartu dute, herri txikietako hedabideek bilatzaile adimentsuak edota gomendio sistemak izan ditzaten.
Bestalde, elkartetik bertatik LAAguntzailea izeneko plataforma jarri dugu abian, Adimen Artifiziala baliatzen duten tresna desberdinak plataforma bakarrean bildu eta bazkideen esku jarriz. Tresna hauen azken helburua kazetariei lan errepikakor eta luzeak erraztea da, kazetariek beren benetako lanerako, kazetari lanerako, denbora gehiago izan dezaten. Era berean, nazioarteko eredu orokorren kasuan ez bezala, garrantzia berezia eman zaio tresna horiek baliatzen duten informazioaren jatorria kontrolpean izateari eta noski, baita tresna horien oinarri oinarrian gure hizkuntza eta gure kultura behar bezala landuak izateari ere.
Podcastgintzari dagokionez, 2025. urtea, nolabait, heldutasunaren urtea izan dela esan dezakegu. Jada podcastgintzaren loratzeaz ez ezik, eremu honetan sektorearen egituraketaz eta plataforma propioen sendotzeaz hitz egin daiteke. Argia edota Berria bezalako hedabideetan podcastak jada ez dira pieza isolatuak, proiektu transmedia handiagoen parte baizik. Berrian esaterako, podcastak ikus-entzunezko bihurtzeko apustua berretsi dute eta sare sozialetan (TikTok, Instagram) eduki horien zati esanguratsuenak hedatzeko estrategia indartu. Argian, bestalde, Beranduegi bezalako umorezko podcast batek 6. denboraldia borobildu du, audioa harpidetza-ereduaren eta komunitatearekiko loturaren ardatz gisa erabiliz. Tokikoen kasuan asko dira aipatzeko moduko adibideak baina bat aipatzearren, Antxeta Irratiak Irungo auzo patruilei buruz egindako lana aipatu behar, gurean hain eskasa den ikerketa kazetaritza egin dutelako eta Argia sarietan entzunezko lan onenaren saria eskuratu berri dutelako. Era berean, aipatzeko modukoa da ere Naiz Irratia eremu honetan egiten ari den ahalegina, memoria historikoarekin lotutako podcastekin edota Adi eta Ari bezalakoekin, non hizkuntza-estandarra edota euskalkiak lantzeko audio-pilula motzak (AAk lagundutako transkripzioekin) eskaintzen diren, euskara ikasi edota hobetu nahi dutenentzat. Hauek guztiak Podcast.eus euskarazko podcasten agregatzailean ere aurki ditzakegu, neurri batean panorama osoago baten erakusleiho lana egiten duena. Hainbatek ulertu dute plataforma handien aurrean, euskarazko edukiak babesteko gune propioak ere behar direla eta bertan aurki daitezke, besteak beste, Argia, Berria, Elhuyar, Hamaika, Naiz irratia edo Zuzeu bezalako euskarazko hedabideen podcastak.
Azkenik, sarreran aipatu dudan gai bat ekarri nahiko nuke berriro lerro hauetara: datuak eskuratzeko eta datu horiek negozioa egiteko baliatzen dituzten nazioarteko enpresa erraldoien eskuetan dauden sare sozialen erabilera. Jakina denez, euskarazko hedabide batzuek sare sozial jakin batzuk erabiltzeari uko egin diote eta beste batzuek erabiltzen jarraitzen dute, horien bidez urteetako lanaren ondorioz hartzaile profil jakin batekin lortu duten harremana eta ikusgarritasuna galdu nahi ez dutelako. Gaia ez da berria eta ez du irtenbide errazik, esan bezala, maiz urteetan egindako lana gal daitekeelako eta euskarazko hedabideek beren irisgarritasuna edota ikusgarritasuna handitzeko aukera guztiak baliatu behar dituztelako, baina bestalde erabat errespetagarria da kanal horiek erabiltzeari uko egin dietenen erabakia. Gazako genozidioa salatzeko kapital israeldarra duen Spotify plataforman beren abestiak ez kokatzeko hainbat euskal taldek hartu duten erabakiarekin ere antzera gertatzen da, norberaren printzipioei jarraiki erabat ulergarriak eta txalogarriak diren erabakiak hartzen dira, baina erabaki horiek, ezinbestean, jada oso mugatua den euskarazko sortzaileen lanen hedapena are gehiago mugatzea ere ekartzen du. Azken urte hauetan bazkideei eskaini dizkiegun formakuntza saio desberdinetara ekarri ditugun adituen artean ere, gaia ez dago batere argi. Batzuek ahalik eta plataforma eta kanal gehienetan egotea aholkatzen dute, ikusgarritasuna eta hedapena edo irismena handiagoa izan dadin, baina beste batzuek norberaren edukiak sare sozial guztietatik atera eta norberaren gunean, norberaren kontrolpeko plataforman, eskaintzearen alde egiten dute, printzipioekin lotutako arrazoiez harantzago, eduki horiek norberarenak direla argi gera dadin, marka eraiki eta indartzeko, hartzaileekin harreman zuzenagoa eraikitzeko eta azken finean komunitatea eraiki eta sendotzeko. Esan bezala, eztabaida honek ez du irtenbide errazik eta gu ez gara inor euskarazko hedabideek zer egin behar duten esateko, baina eztabaida horrek 2025. urtean ere irekita jarraitzen du eta horrexegatik ekarri nahi izan dugu hona, euskarazko hedabideek eztabaida edota kontraesan horien gainetik beren hartzaileengana ahalik eta eraginkortasun handienarekin eta kalitatez iristeko ahaleginean jarraitzen dutela erakusteko.
Izan ere, euskarazko komunikabideen sektoreak aurrera darrai, eta nola gainera. Euskarazko hedabideei buruz ari zela, lagun batek esaera zahar bat ustez oker formulatuz esan zuen bezala, euskarazko hedabideek aurrera darraite sasi guztien azpitik eta laino guztien gainetik, alegia, beren eskaintza eraginkortzeko ahaleginak eta bi egiten. Bada, horixe laburpena, euskarazko hedabideek sasi guztien azpitik eta laino guztien gainetik lanean darraite beren hartzaileei ahalik eta eskaintza txukunena egiteko eta ahal den heinean eskaintza hori hartzaile gehiagorengana zabaltzeko lanean. Ea euskal erakunde publikoak ere horretaz ohartzen diren eta inor atzean utzi gabe, euskarazko komunikabide guztiei egonkortasuna eta errealitate berrietara egokitzen joan ahal izateko bultzada nahikoa bermatzen dieten. Hekimen elkarteak helburu horrekin jarraituko du lanean, inor atzean utzi gabe, euskarazko hedabide guztiei gutxieneko baldintza duin batzuk bermatzeko elkarlanean.

