Streaming plataformen Hego Euskal Herriko audientziak aztertu ditu Euskal Hedabideen Behategiak: zenbat herritar da ikus-entzunezko plataformaren bateko harpideduna? Zer plataforma dira zabalduenak? Zer eragin du adinak? Eta hizkuntzen ezagutzak?
Galdera horien erantzunak bilatzeko asmoz, komunikabideen audientzia neurtzen duen CIES enpresaren datuak arakatu dira, 2018tik 2021era bitarteko bilakaera hain zuzen —duela lau urte hasi baitziren streaming plataformen kontsumoaren inguruan galdezka—.
Hona titularrak, eta jarraian azterketa osoa biltzen duen zortzi pantailako aurkezpena:
- 14 urtetik gorako bi lagunetik bat da streaming plataformaren bateko harpideduna Hego Euskal Herrian (hamarretik sei dira 35-54 urte bitartean, hamarretik zazpi 25-34 urte bitartean, eta hamarretik ia zortzi 14-24 urte bitartean).
- 2021eko streaming plataformetako harpidetza datuak adinaren arabera aztertuta, harpide gehienak 35-55 urte bitartean kokatzen dira, eta azken lau urtetan 45 urtetik gorakoak joan dira apurka gehitzen.
-
Harpidetza gehien dituen plataforma Netflix da, bai 2021ean eta baita aurreko urtetan ere. Harpidetzaren bat dutenen artean (populazioaren erdia) % 85k du Netflix kontu bat (honek esan nahi du populazio osoaren % 42k duela plataforma horretarako sarbidea). Harpidedunen % 52k du Amazon Primerako sarbidea (populazioaren % 26) eta % 22k HBO (populazioaren % 11).
-
465.200 lagunek soilik Netflix plataformako harpidetza dute, hori baino ez (populazio osoaren % 19 dira edo, bestela esanda, harpidetzaren bat dutenen arteko % 37). Plataforma batzuk buruaskiak dira, beste batzuk osagarriak, eta joera handia dago behin plataformen mundura sartuta hainbatetan harpidetzeko.
-
Azken lau urtetako bilakaeran, Amazon Prime plataformaren hazkundea (2018ko % 1,7tik 2021eko % 26,2ra) eta Netflixen etengabeko igoera dira joera azpimarragarrienak.
-
Netflix, Amazon Prime eta HBO plataformen kasuan, 25 urtetik 54 urtera bitartekoa da harpideen gehiengoa; aldiz, alde ikaragarri handirik ez bada ere, apur bat gazteagoa da erabiltzailea Filmin edo Disney + plataformetan.
-
Hamar harpidedunetik zazpi moldatzen da euskaraz, populazioaren % 71. Hori bikoizketa eta azpidatzietarako publiko potentzial eta ehuneko esanguratsua da. Eta hori horrela da, harpidedunen lehen hizkuntza kasu gehienetan gaztelania izanda ere (% 73).
-
Zenbat eta euskara gehiago jakin, orduan eta harpidedun izateko joera handiagoa nabari da, eta euskaldun berriak dira streaming plataforma baterako harpidetza-maila handiena dutenak.
(Azterketaren aurkezpena pantaila osoan ikustea gomendatzen dugu; horretarako, eskuineko ertzeko hiru puntuak klikatu eta ondoren pantailaren ikurra)
Audientzia azterketak argitaratuko ditu aurrerantzean Euskal Hedabideen Behategiak lantzean behin: zure interesekoa den gairen bat proposatu nahiko bazenu idatzi iezaguzu helbide honetara: behategia@behategia.eus
Iruzkin 1