Iturria: Media Pluralism Monitor
Espainian “euskarrien arteko hedabide-jabetzan kontzentrazio nabarmena” dago, eta horrek “merkatuaren pluraltasunari” eragiten dio. Hala ondorioztatu du 2015eko Media Pluralism Monitor ikerketak, 2009tik Europar Batasuneko hainbat estatu kideetako hedabide-sistemak urtero aztertzen dituen Centre for Media Pluralism and Media Freedom zentroaren lanak, hain zuzen ere.
Izan ere, MPMk azaltzen duenez, “legeak zehazten du konpainia batek ezin duela akziorik izan telebista banatzaile batean baino gehiagotan”, baina, aldi berean, “ez dago euskarrien arteko jabetza-araurik”. Txostenak argitzen du hiru konpainiek kontrolatzen dutela merkatuaren %58, eta hori litzatekeela, hain zuzen ere, Espainiako hedabide-sistemaren arazorik larriena.Hala, komunikabideen jabetzaren erregistroek ez dute hedabideen, telekomunikazio enpresen eta bestelako korporazioen arteko harremanen berri ematen, eta, hortaz, jabego-gardentasunari lotutako arauak betearazteko arazoak identifikatzen ditu.
Adierazpen askatasunari mozala
Bestalde, Mozal Legea “prentsa askatasunari lotutako kezkarik nabarmenetako bat” ordezkatzen du MPMren irudiko. Halaber, aipatu legeak zigortzen dituen jokabideen inguruko erredakzioa “zehazgabea” dela adierazten du, eta, hortaz, “interpretaziorako tartea” uzten duela. Arlo digitalean ere adierazpen askatasunaren aurkako arriskuak gora egiten du txostenaren esanetan. Hala, webguneak blokeatzeko erabakia “prozedura adminitratiboetan eta ez judizialetan” oinarrituta dago, eta horren ondorioz “interneten bidez zabaltzen den informazioa mugatzeko ardura dutenen independentziaren inguruko kezka handitzen ari da”.
Kazetarien babes mekanismoen atalean, elkarte profesionalen eta sindikatuen eraginkortasun eza nabarmentzen du lanak. Langileen bi elkarte mota horiek kazetarien independentzia bermatzeko mekanismorik eta indarrik ez dutela zehazten da, presio editorialen inguruko salaketak ugariak direla gehituaz. Horrez gain, Espainiako irrati-telebista publikoaren zuzendaritza batzordea “konsumitzaileen zein kazetarien elkarteek eta sindikatuek emandako gomendioei garrantzi handirik eman gabe” lan egiten duela zehazten du lanak. Oro har, RTVEren zuzedaritza organoetako partaideak izendatzeko adostasun politikoa egotearen baldintza indargabetu dute aldaketa legalek, eta kontrol mekanismoak “eraginkortasunik gabeak” direla azaltzen du txostenak.
Halaber, itzaldura analogikoak hedabide komunitarioen gainbeheran eragina izan du, eta, ondorioz, irabazi asmorik gabeko komunikazio proiektu gehienek YouTube moduko plataformetan lan egiten hasteko erabakia hartu dute, emitzeko lizentzia lortzeko ezintasuna medio. Irratiaren kasuan, gizarte mugimendu berriei lotutako zenbait kate salbuespen gisa aurkezten dituen arren, irrati komunitarioek “audientzia mugatua” dutela gaineratzen du MPMren lanak. Horrez gain, ohartarazten du Espainian ez dagoela “hedabideen inguruko heziketa” lantzen duen departamenturik edo plangintza zehatzik.
Aldaketa proposamenak
Ondorioz, lege erreformak “beharrezkoak” dira txostenaren arabera: “lege argia eta eraginkorrak onartu beharko lirateke gardentasuna hobetzeko, batez ere euskarrien arteko hedabide-jabetzaren alorrean”.
Bestalde, merkatu digitalak “liberalizatu” beharko liratekeela uste dute egileek, “lehiakortasuna handitu eta banda zabalaren kostuak (Europako garestienak) murrizteko”. Aldi berean, estatuak “zerbitzu digital berrietara sarbide unibertsala bermatu beharko luke”.
Azkenik, MPMren iritziz politikariek hedabide publikoen kudeaketan eta ordezkaritzan “eragin handiegia” izan dute, eta aniztasuna bermatzeko “gizarte eragileen presentzia handitu behar dute”. Zehazki, profesionalak, kazetariak, unibertsitateak eta eduki ekoizleak erabakitze prozesuen parte bilakatzea “garrantzitsua” dela adierazten du txostenak.
Urtekaria osatzeko datuak 2015eko apiriletik urrira bildu ziren. Guztira, Europar Batasuneko 19 estatutan burutu da ikerketa; Ipar Euskal Herriko hedabideek bizi duten ekosistema, alegia, Frantziako komunikabide-sistemarena, ez du aztertu MPMk.