Elhuyarrekin elkarlanean, euskal kulturgileek hedabideetan iaz izan zuten presentzia aztertuko dugu. Orain arte egin gabea den ikerketa hau, Kultur Sorkuntzaren Transmisio Taldearen ekimenez abiatu dugu eta emaitzak UEUk antolatutako Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldien III. edizioaren barruan aurkeztuko ditugu. Ikerketarako, Berria, Naiz, Goiena, Alea, Anboto, Argia, Kazeta, EITB, Diario Vasco, Noticias de Navarra eta El Correo hedabideen bertsio digitaletako kultura ataleko edukia bildu, sailkatu eta aztertuko da. Corpus horren analisi eta interpretazioaren ondorioz, hedabideetan euskarazko kulturgileen presentzia zenbatekoa den eta nolakoa den ezagutzeko informazio esanguratsua jarriko dugu denon eskura.
Euskarazko kulturgintzaren presentzia hedabideetan izeneko azterlan honen datu eta emaitzak urriaren 26an plazaratuko ditugu, Azpeitian egingo den saioan.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren babesa ere jaso du lanak.