Ikasturtearen hasieran abiatu zen titulazio berri hau hiru Unibertsitateren, zortzi hedabideren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko elkarlanetik (ikus Urtekariko artikulua). Ipar Euskal Herriko komunikabideetan euskarak duen egoeraren diagnostikoa egin ostean, prozesua martxan jarri, tituluaren diseinua garatu, eragileen arteko hitzarmena egin eta 12 ikaslerentzako eskolak abiatu zituzten 2023ko irailean, Baionan. Hitzarmenean sartuta daude Bordeleko IJBA-UBM, Paueko UPPA eta EAEko UPV/EHU unibertsitateak eta Euskal Irratiak, Herria, Kanaldude, France 3, France Bleu, EITB, Mediabask eta Ipar Euskal Herriko Hitza hedabideak. Ikastaldiaren barruan astebeteko egonaldia egin dute Bilbon eta zenbait lan praktiko eta bisita egin dituzte hedabide eta erakunde desberdinetan. Behategia bertatik-bertara ezagutzeko aukera ere izan dute eta gure lanaren berri eta esku artean ditugun egitasmoen berri eman diegu.