Eibarko ikastaroko ondorio nagusietako bat erabiltzaileak hobeto ezagutu beharra izan zen, horrekin estuki lotua da HEDABIL proiektua.
Gaur egungo audientzia mediatikoa ez da euskarri bakarrera mugatzen. Jendeak informazioa kontsumitzen du komunikabide baten webgune ofizialean ez ezik, sare sozialetan, podcast eta bideo plataformetan, newsletter-etan, edota euskarri tradizionaletan —papera, irratia, telebista—. Datuen estandarizazio faltaz gain, fragmentazio horrek erronka bihurtzen du audientziaren eskala erreala neurtzea, hau da, audientzia metatua (total reach) ezagutzea. Big Data-ren aro honetan, hedabideek inoiz baino datu gehiago dituzte eskura. Horrek erronka tekniko eta operatiboak ekarri ditu; tartean, gaitasun teknologikoagoen beharra. Kanal anitzeko errealitate konplexu bezain zailaren aurrean, hortaz, datu-iturri guztiak integratzen
asmatzen duenak lehiakortasun abantaila handia eskuratu lezake. Hizkuntza gutxituek zailago izan ohi dute aplikazio teknologiko berritzaileenetara iristea; horregatik, ikerketa-proiektu honek tresna berri bat
sortu nahi du; horren finantzaketan lagunduko du Euroeskualdeak.
HEDABIL proiektuak jauzi kualitatibo bat proposatzen du: euskarazko komunikazioaren inguruko datu-iturri guztiak bateratuko dituen datu biltegi integral eta operatiboa garatzea, Data Science ikuspegitik.
Datu egituraketa berritzaile bat galdegiten du garaiak; bai adimen artifizialeko (AA) algoritmoekin lan eginda, machine learning teknikak aplikatuta klusterizazio tekniken bidezko analisi sakonagoak egin ahal
izateko, bai teknika estatistikoen baitako statistical matching teknikak baliatuta datu-base ezberdinak fusionatuz adierazle aberastuekin lan egiteko. Ikerketa-proiektu honen bidez sortu nahi den biltegiak gaur egun sakabanatuta dauden iturriak (CIES, BEHA, Behategia Analytics, Kantar, Médiamétrie, EAS, Ikusiker, Inkesta Soziolinguistikoa, eta abar)
integratuko ditu, 360 graduko ikuspegia lortzeko.
Teknikoki, Data Warehouse, Data Lake eta Lakehouse arkitekturen aukerak esploratuko dira, euskarazko komunikazioaren datu-zientziarako egokiena hautatzeko. Uste dugu Lakehouse formakoa izan
daitekeela soluzio egokiena, baina hori zehazteko azterketa egingo da lehen fasean.
HEDABIL proiektua bost urratsetan lantzeko bide-orria prest dugu:
1. Datu-iturri anitzak integratzeko soluzio teknologiko onena identifikatzea.
2. Datu biltegi digital integrala diseinatzea eta sortzea.
3. Tresna hori erabiltzeko trebakuntza plan bat garatzea.
4. Biltegi horretan oinarritutako analisi-plan berria diseinatu eta eragileekin adostea.
5. Emaitzen sozializazioa eta ezagutzaren transferentzia gauzatzea.
Proiektuaren posterra hemen:
Lan honen bidez, euskarazko komunikazioaren datu-kultura sendotu nahi dugu, eta euskal hedabideen sektorea kanal anitzeko audientzia integratua neurtzeko prestatu.
Azken finean, HEDABILen bidez euskararen ekosistema komunikatiboaren ezagutza digitala egituratu nahi da: datuen bidez, hizkuntza gutxitu batean diharduten hedabideen lehiakortasuna eta
iraunkortasuna indartzeko analisirako oinarria ezarriz.
Euroeskualdearen bultzada lortuta, 2026an ekingo dio Behategiak lan honi.








