Duela urtebete iragarri zuen Googlek bere Universal Analytics trafiko neurgailua itzaliko zuela aurtengo uztailean, bertsio berri bat jarriko zuelako abian: GA4. Euskarazko hedabideen webguneak ere, Argia aldizkariarena salbu, eraldaketa horretan murgilduta ibili dira azken hilabeteetan, Behategiak garatu duen BEHA egitasmoaren laguntzarekin. Ia bi urte igaro dira BEHA proiektua martxan jarri genuenetik, Euroeskualdearen babesa jaso eta berehala, 2021eko udazkenean. Denbora tarte honetan, euskarazko hedabideen webguneetako eta sare sozialetako trafikoaren eta neurgailuen inguruko azterketa eta ebaluazioa egin dugu, hedabideekin egindako bilkura eta diagnostikoetatik beharrak eta erronkak identifikatu ditugu eta hauei erantzuteko zenbait tresna eta baliabide landu ditugu. Hala nola, GA4 propietateak ezartzearekin bat, neurgailu honek eskaintzen duen oinarrizko informazioari zukua ateratzeko moduko panelak diseinatu ditugu, hedabide bakoitzari berea emanez eta, aldi berean, tresnaren ezagutzan sakontzeko formakuntza saioak antolatu ditugu, MU eta SPRIrekin lankidetzan, analitika digitalaren aukerak hobeto barneratzeko eta norbere hedabidearen zabalpen digitala hobeto gobernatzeko.
60 hedabide izan dira neurketa panel hauek jaso dituztenak eta oso harrera ona izan du haien artean, izan ere, oso modu bisual eta errazean iritsiko baitzaie haien webgunearen trafikoaren berri eta haien audientzia ezagutzeko beste tresna bat gehiago izango dute hemendik aurrera. Honi lotuta egin dugun formakuntza zikloak ere harrera ona izan du, 32 hedabidek hartu dute parte guztira, azken unean ere hurbiltzeko ahalegina egin dutenak barne; kontuan hartu behar baita hedabide askoren egoera, lantalde txikiegiak dituzte daukaten lan kargarako eta nekeza izaten zaie haien egunerokoaz besteko ekimenetan parte hartzea.
Urrats garrantzitsua eman badugu ere, BEHA egitasmoak aurrera jarraitzen du emankor eta, ondo bidean, aurtengo udazkenean egindako lanaren fruitu berriak aurkezteko parada izango dugu.