Irudian paperezko euskal hedabideen zabalpena
Euskal hedabideak ia Euskal Herri osoan zabaltzen dira, paperezkoak dira gehienak, eta tokikokak dira hirutik bi. Gehienak Hekimen Euskal Hedabideen Elkartean daude, eta ekoizpen tamaina esanguratsua dute: urtean 57 mila orrialdetik gora eta 30 mila telebista eta irrati emisio ordu sortzen dituzte. Papera, gehiena ordaindutako harpidetzen edo zuzeneko salmenten bidez banatzen da.
Hedabide gehienek ekoizpena handitu dute azken bost urteotan, eta, krisiak eta diru laguntzen beherakadak gogor jo duen arren, nabarmentzekoa da berrikuntza arloan egindako ahalegina, eta aurrera begira erakusten duten konpromisoa: lan prozesuaren eta produktuen gaineko berrikuntzak aurreikusten dituzte gehienek –aurreko urteen antzera, nahiz eta produktuetan berrikuntzak sartuko dituztenak gutxiago izan aurreko urteetan baino–. Banaketaren eta marketin eta sustapenaren gaineko hobekuntzak, aldiz, areagotu egingo dituztela azaldu dute hedabideek.
Datu hauek Euskal Hedabideen Behategiak eman ditu. Hekimen elkarteak, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak elkarlanean sorturiko erakundea da Behategia, eta bere helburuetako bat da euskaraz diharduten hedabideen datuak jaso eta interpretatzea. Datutegia, beraz, sektorea ikustarazteko eta haren etorkizuneko lan ildoak diseinatzeko ezinbesteko tresna da, hiru datu mota biltzen eta bilduko dituena: Euskal Herri osoko datu sozioekonomikoak —lurraldea, demografia, azpiegitura, administrazioa, ekonomia, heziketa eta hizkuntza—; euskal hedabideen sektorearen egiturazko datuak —ekoizpen-maila, banaketa eta merkaturatze sistema, sustapena eta marketina, enpresa egitura eta azpiegitura teknikoak, berrikuntza-maila, gastu eta aurrekontuak, diru iturriak eta finantzazioa—; eta Euskal Herriko administrazioen hainbat datu publiko —audientziak, diru laguntzak eta Europako beste hizkuntza gutxituen inguruko datuak—. Datutegia Gaindegiaren laguntza teknikoarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzarekin garatu da.
Orain arte inoiz egin gabeko datu bilketa handi honek garrantzi estrategikoa dauka euskal hedabideentzat, eta Datutegia eta Behategia bera sektorearen elkarlanerako apustuaren froga bikainak dira, Hekimeneko bazkideek datuak partekatu eta ikerlarien eta administrazioen esku jartzeko erakutsi duten borondatea dagoelako proiektuaren oinarri berean.
Zabalpen handia
Datuok euskal hedabideek lurralde osoan duten zabalpen handia nabarmentzen dute. Gipuzkoako ia udalerri guztietara iristen dira paperezko tokiko hedabideak, eta Bizkaian, berriz, euskaldunen erdia bizi den herrietan zabaltzen dira. Nafarroan, batez ere iparraldean zabaltzen da eskaintza, eta telebista emakiden ugaritzea eta Euskalerria irratia eta Xaloa Telebista komunikabide historikoen legeztatzea izan da azken urte honetako gertakaririk garrantzitsuena. Araban, lurralde osorako komunikabidea sortu berri da, Alea. Ipar Euskal Herrian, tokiko irratiek tradizio handiko ibilbideari eusten diote, federazio batean bilduta.
Araba %2, Nafarroa %17, Bizkaia %23, Gipuzkoa %58
Tokikoa %68,1, Tematikoa %22,7, Nazionala %7,4, Lurraldekoa %1,9
Paperezko argitalpena %41,7, Internet bidezko hedabidea %36,1, Uhin bidezko irratia %16,7, Telebista %5,6
Hedabide hauek, funtzio sozial garrantzitsua betetzeaz gain —legez aitortuta dagoen eskubidearen bermea, alegia euskaldunok euskaraz informatuak izateko eskubidearen bermea—, sektore ekonomikoa ere egituratzen dute. 530 zuzeneko lanpostu sortzen dituzte Hekimenen baitan dauden 57 elkarte edo enpresek. Hamar langiletik sei emakumeak dira, eta portzentaje hori handiagoa da tokiko hedabideetan. Enpresa egiturari dagokionez, enpresa gehienak oso txikiak dira, bost langiletik beherakoak, eta 25 langile edo gehiago dituzten hiru enpresa daude. 23,5 milioi euro inguruko aurrekontua kudeatzen dute denen artean. Zuzenean kontratatutako langileez gain, 600 kolaboratzaile-freelance inguru eta mila boluntariotik gora ari dira lanean sektorean. Trukean ordainik jaso gabe beharrean ari diren gizon-emakume hauen ekarpena funtsezkoa da sektorearentzat, eta ondo irudikatzen du euskal hedabideen sortzezko izaera: herri ekimenak sortuak eta herri ekimenetik gertukoak.
Ordaindutako harpidetzak dira, paperezko hedabideen kasuan, diru iturririk nagusienetako bat, baina nabarmentzekoa da doaneko harpidetzen kopuru altua: %47. Horrek irisgarritasuna ziurtatzen du, etxe askotara iristeko gaitasuna. Interneteko jarduna, berriz, gora ari da etengabe. 2014. urtean, 12.5 milioi sesio (bisita) izan ziren Hekimeneko webgune desberdinetan. Batez-beste, hileko milioi bat pasatxo beraz. 2011. urtetik 2014. urtera bitartean, %32an igo ziren bisitok, eta azken urtean goranzko joera indartu egin da. Lehen seihilekoak soilik kontuan hartuz gero, 2011. urtetik 2015. urtera %73.6 igo ziren bisitak. Joera horren erakusgarri, 2015. urteko maiatzean bildu zuten Hekimeneko webguneek inoizko bisita gehien: 1.784.677 hain zuzen ere. Euskal hedabideek osatutako Hekimen Analytics tresnari esker, Interneteko kontsumoen hileroko jarraipen estua egin dezakete hedabideek, bai norberaren datuena zein sektore osoarena, bai Hekimeneko gainerako hedabideena ere.
Publizitate instituzionala diru sarreren %10etik beherakoa izan zen 2014an, eta urte hori galerekin itxi zuten hamar hedabidetatik zortzik. Hedabide gehienek adierazi dute, hala ere, jarduerari eusteko konpromisoa, eta banaketan eta marketin eta sustapenean hobekuntzak egingo dituztela iragarri dute. Sektorearen autofinantzazioa %63,7 da, eta portzentaje hori %70era iristen da hedabide nazionalen kasuan. Diru laguntza publikoei dagokienez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (HPS) da iturri nagusia (ekarpen publikoaren %54 inguru), eta udalen ekarpena %25koa da.
Andoain, 2016ko urria.