Komunikabideek munduaren berri ematen digute, baina den bezala agertzen ote digute errealitatea? Hau da, emakumeek gizartearen erdia osatzen dute, baina neurri berean ote da hori ikusgarria hedabideetan? Non ageri dira emakumezko gehiago euskal prentsan? Politika gaietan, kultur orrietan, gizartearen gorabeherak jasotzen dituzten ataletan, kiroletan agian, edo iritzi foroetan? Galdera horiei erantzungo diete, besteak beste, EHUko Emakumeen ikusgaitasuna hedabideetan ikerketa taldeko Arantza Gutierrez Paz eta Itxaso Fernandez Astobizak, eta Elhuyar fundazioko Testu Meatzaritza zerbitzu-lerroko arduradun Xabier Saralegi Urizarrek, azaroaren 21ean, Martin Ugalde foroan.
Euskal Hedabideen Behategiaren azken Urtekarian argitaratutako bi ikerketa lan daude mahai inguru honen abiapuntuan: alde batetik, «Emakumeen presentzia eta ahotsa tokiko euskal prentsaren iritzi-foroetan: artikulu-motak, sinatzaileen soslaia eta gaiak» izeneko lana; eta, bestetik, «Euskal Herriko prentsa digitalean emakumezkoek zenbateko presentzia duten kuantifikatzen testuen meatzaritza baliatuta» azterlana. Hortaz, euskal kazetagintzan zenbat emakumezko aritzen diren azaltzeaz bat, bi begirada osagarri eta ikerketa mota berriak abiatzeko metodologia berrikuntza bat aurkeztuko dira.
Emakumezkoak Euskal Prentsan: zenbat gara?
Martin Ugalde foroa
Azaroaren 21ean, 19:00etan, kultur parkean
Iruzkin 1