Euskarazko komunikazioaren eta hedabideen alorrean 2024ak emandako ikerketa, analisi eta proiektu aipagarriak jasotzen ditu argitalpenak eta 2025era ere begira jarri da, urte garrantzitsua izango baita hau, besteren artean, EAEko hedabideen dirulaguntza deialdiaren eredu berria lantzen ari baitira administrazioa eta sektorea. Horretan sakontzen du Igor Astibia Hekimeneko zuzendariak bere aurtengo artikuluan, elkartearen jarduera nagusia hori izaten ari baita azken hilabeteetan. Teknologiaren arloan ere urte honek komunikabideei zer ekarriko dien laburtu du Behategiko kide den Hibai Castrok.
Nerea Azurmendi kazetariaren gogoeta dakar Sinadura atalak, urte luzez Deia eta Diario Vascon aritu ondoren, lanbidea agortu baina ofizioa utzi ez duenaren talaiatik.
Sektoreari irekitako leihoan, bost dira egitasmo emankor horien eskutik jasotako artikuluak. Hamaika Telebistaren lehen emisiotik 15 urte igaro berri diren honetan, aurrera begirako asmoak aletzen ditu lehenak; bigarrena, Primeran plataformaren lehen urtearen gainekoa da; Wikilarien elkartetik sustatutako Ikusgela azalpen-bideoen ingurukoa da hurrengoa; laugarrenak Ipar Euskal Herriko gazteentzako Bada hedabidea du mintzagai; eta azkenak Common Voice teknologiari euskara irakasteko auzolan digitalaren berri ematen digu.
Ikerketa lan luzeen fruitua diren idazlanen atala sei artikulu luzek eta labur batek osatzen dute.
EHUko NOR Ikerketa Taldeko eta Euskal Hedabideen Behategiko Ane Martinez Juez eta Josu Amezaga Albizuren <<Datuaren kultura euskal komunikabideetan: Hekimen elkarteko komunikabideen egoeraren analisi kuantitatibo eta kualitatibo bat>> artikuluak datuen kulturaren diagnosirako hurbilpen bat eskaintzen du, eta baita kultura hori lan-errutinetan integratzerakoan eragiten duten aldagaiak identifikatu ere.
Ainara Larrondo Ureta eta EHUko Gureiker Ikerketa Taldeko bere kideek aurkezten diguten <<Adimen artifizialaren erabilera euskal komunikabideetan>> lanak puri-purian dagoen beste gai bat aztertzen du: adimen artifizala deitu zaion garapen teknologikoaren esparru horren ezagutza eta erabilera zein neurritan dagoen hedatua kazetarien eta komunikabideetako profesionalen artean.
EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko Arantza Gutierrez Pazek <<Negozio-lerro berriak euskal podcastgintzan: berezko ekoizpenak eta branded content direlakoak>> artikuluan, podcastaren euskal industrian hedatzen ari diren praktika berri xamar hauek ditu aztergai.
Urteroko ezinbesteko horietarikoa den lana dugu euskarazko hedabideen webguneetako trafikoa neurtu eta aztertzen duen beste hau: <<Hekimen elkarteko webguneen audientziak 2024. urtean: inoiz baino hedabide gehiago neurtu dira>>. EHUko NOR Ikerketa Taldeko eta Euskal Hedabideen Behategiko Libe Mimenza Castillo eta Ane Martinez Juezek urteroko bilakaeraren analisia egin dute. Azpimarratzekoa da inoizko kopururik handiena den 60 hedabideren audientzia datuen neurketa egin dela eta, gainera, 40 milioi saioen langa berriro gainditu dela.
Amaitzeko, ikus-entzunezkoetan eta zineman ardaztutako hiruko multzoa osatu dugu azken urte honetan egin diren azterlanekin, batera irakurrita ikuspegi zabalagoa izaten lagunduko digulakoan ertz dexente dituen eremu honetan. Mondragon Unibertsitateko June Ansa Agirre eta bere taldekideen <<Euskarazko ikus-entzunezkoak gazteen begiradatik. Iritziak eta aurreiritziak>>, EHUko NOR Ikerketa Taldeko Josu Martinezen <<Zauriak ispiluan: Bizkarsoro filmaren zabalpenaren azterketa>> eta EHUko Ikusiker ikus-entzunezkoen behategiko Julen Ugartemendia Carcedo eta bere taldekideen <<Gazteak eta zinemara joateko ohitura>> artikuluek osatzen dute hirukoa.
Euskal Hedabideen Urtekaria 2024-2025 Hamaika Telebistan aurkeztu dugu zuzenean. Aurreko urteetan bezala, euskal hedabide baten baitan eman dugu argitalpenaren berri eta bertan egon gara Libe Mimenza Behategiko koordinatzaile eta argitalpenaren editorea, Hibai Castro Behategiko kide eta argitalpenaren editorea eta Igor Astibia Hekimen elkarteko zuzendaria.
Webgune honen “Argitalpenak” atalean dago eskuragai, baita automatikoki ingelesera itzulitako artikuluen bertsio bana ere bai (webgunearen ingelesezko atalean).