“Euroeskualdeko hiritartasuna” 2021ko proiektu deialdiaren ebazpena argitaratzeaz bat abiatu da Euskal Hedabideen Behategiaren BEHA ikerlerroa: “Euskal audientzia ezagutzeko mugaz gaindiko proposamena: euskarazko komunikazio espazioaren neurketa digitala eguneratzeko ariketa”.
BEHA proiektuak euskarazko hedabideen audientzia digitala neurtzeko sistema ebaluatzea bilatzen du, batetik; eta sistema hori eguneratzea, bestetik. Neurgailu berriak daude merkatuan (Google Analytics 4 esaterako) eta neurtzeko arau berriak datoz (cookie bidezko jarraipenean gertatzen ari diren aldaketek joko-arauak berridatziko baitituzte). Aldaketa horretarako euskal komunikabideak prestatu nahi dira. Proiektuaren lehen fasean zortzi komunikazio proiekturekin egingo da lan (izaeraren, motaren eta hedapen geografikoaren araberako adierazgarritasuna, oreka eta mugaz gaindikotasuna kontuan hartuta hautatua izan den lagina): Berria (nazionala, informazio orokorra), Hamaika TB (nazionala, telebista), Kanaldude (Ipar Euskal Herria, telebista), Euskalerria irratia (Nafarroa, irratia), Elhuyar (tematikoa, zientzia), Gaztezulo (tematikoa, gazteak), Anboto (tokikoa, Bizkaia) eta Alea (tokikoa, Araba).
“Euroeskualdeko hiritartasuna” proiektu deialdiari esker bideratuko da BEHA proiektua. Akitania Berriko, Nafarroako eta Euskadiko aktoreen lankidetza bultzatzeko asmoz sortu zen deialdia 2015ean eta honako sailak ditu ardatz: kultura, hezkuntza, gazteria, kirola eta eleaniztasuna. Aurten 49 hautagaitza aurkeztu dira eta 22 proiektu aukeratu dituzte, tartean BEHA.